www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerki berrizte
Emeterio Arrese
1952

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Olerki berrizte, Emeterio Arrese. Itxaropena, 1952

 

aurrekoa hurrengoa

Ama!

 

Zorigaitzaren asgabe latza

leguntzen dute malkoak

lore zimel bat udan bezela

egun-sentiko lanbroak.

Argatik orain negar ta negar

ase nai luke kolkoak

t'argatik ere len baño geigo

maitatzen ditut bertsoak.

Auek gotiñar antzera zaizkit,

susnoz iñar kidekoak,

mara-mara gaur nere barmendik

ixuritako tantoak.

 

«¡Ama...» Itz au dan goraltzigarri,

ain xamur, aratz, kutuna!

Ama da leirik onenak beti

ernarazten dizkiguna,

Jainko'ren urren ama guk ordu

zalletan aipa deguna,

biotzetiko egimen eder

guziak berez dituna.

Ama zan gaxo negon aldiro

gau t'egun zaintzen niñuna,

ta amarik gabe larri, etsi-zail,

nekezko bizitz astuna...

 

Etorkizun on bat neukalarik

iritxi nayaz obea

euskal-erritik urrundu nintzan

amets-irudiz betea.

Une txar batez arturik ala

bear ez nuen bidea,

atsegiñ ordez arkitu ditut

arazo ta naigabea.

 

Beiñ eta berriz, geitu ta geitu,

ixuri bezait negarra,

beriot aunitz gogoratuta

il zaidan ama laztana,

irten-goizean egunargitzez

ixil-ixilik nigana

erdu ta musu betazaletan

biguinki eman zidana.

 

Etzait aztuko gero negarrez

nik ez ikusteagatik

luzaro nola egon zan bere

gela-txokoan bakarrik.

Maiz burura zait gaxoak neri

azkenekoz muin-egiñik

esandako au: «Seme, bazoaz

amaren aldamenetik...!

Betiko gabaz nere bizitza

estaliko da gaurtandik.

 

Itz oiek entzun t'alaz ere ni,

eskergabeko semea,

urrundu nitzan... Arrezkero beltz,

illuna nere bidea.

¿Zerk bururazi, zer aizek Euskal-

-erritik aldegitea?...

Leze bat emen, utzirik ango

babes ain goxo maitea!

 

Egunero itxas-ertzean nabil

ipar-alderuntz begira;

alditxar guzik erabat nigan

gañezka bildu baitira.

Luzapenaz miñ... Alik lasterren

itzul nai det sorterrira,

ama xar maite gaxoa nere

galdezka il zaidan tokira.

 

 

            * * *

 

Jauna'ren deyaz igo zera-ta

orain an oztin garbian

zure anima, ta korputza lur

gurutze baten azpian.

Illotzik zauden ama laztana,

sarri nik obitegian

nere miñ eta penak esango

dizkizut ixil arian

illak bakarrik entzuten duten

izkera maitagarrian.

 

                        Habana'n 1903'garren urtean

 

aurrekoa hurrengoa