www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerki berrizte
Emeterio Arrese
1952

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Olerki berrizte, Emeterio Arrese. Itxaropena, 1952

 

aurrekoa hurrengoa

Txantxangorriya

 

Osto geyenak ezetasunik

gabe zimil daudenean

ta batez ere mitxirrika illen

antzera darortzenean

begiyak xabal-xabalik adar

billuzi baten gañean

egoten zera, txantxangorriya,

negarrez udazkenean.

 

Ain bakar, txukun eta geldiro

jardun oi zera kantuan

non beti ernai zu'ri begira

egon arren bat orduan

atsekabe ta miñeriturik

kantari zauden orduan

ari zeranik iñoiz ez dizu

antzik emango mokuan.

 

Papar txiki ta gorrixta bor-boil

ler egiteko zorian

jardungai oso kupigarriaz

beterik daukazunean

ainbeste negar, eresi xamur,

axanpa guzik batean

ez dakit nola kabitzen diran

zure kolko pollitean.

 

Aldizka furruxt, ega motxean,

uste gutxinez aurrera

azaldurik an laister-bidetik

malda-gora goazela

gidari zintzo gertu bat izan

nai bazenduke bezela

gure antziñan zabiltza beti

txoriño maiten-maitena.

 

Maite zaitugun ezkero nunbait

ordañak aurrez ematen

ote zabiltzan esan liteke

negua sartu baño len.

Ez bildur izan! Elurte gaizto

aundienak izan arren

gure ondoan arkituko da

zuretzako ainbat lurmen.

 

¡O, txori gaxo, sotil, polita

biotz erien laguna,

txirulioka negar ugari

eztiro dariyozuna:

Zu zera beti, txantxangorriya,

zu zera txantxan-iztuna

alakoxe gaux maitagarri bat

erakusten diguzuna!

 

aurrekoa hurrengoa