Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964

 

 

XXIX

 

      Ni etxera etorri eta handikan laister, etorri zitzaidan bere kotxearekin berriz ere gure lantegiko nagusia Erdozia jauna, eta galdetu zidan:

      —Lanera etortzeko moduan al haiz, edo nola haiz?

      —Lanera? Nahiago nuke ba lanerako moduan banego. Borondatea badaukat, baino abildaderik ez. Gerran oina moztuta etorria nago etxera.

      —Oina moztu al ditek?

      —Bai, jauna, bai; hauxen da handik ekarri degun propina.

      —Marka ederra dek! Bainan nik gauza bat esango diat: hik inork baino hobeto dakik zer lan egin behar dan Gasean. Enkargatua gaxo zeukat, eta koadrilan ere jende berria gehiena. Enkargatua sendatu arte bere tokian jarriko haiz, eta ea jende horri erakusten dioken lana nola egin behar dan.

      Halaxen joan nintzan berriz ere Gasera lanera. Hilabete batzuk pasa nituan enkargatu, bainan gero, enkargatua sendatu eta lanera etorri zanean, ni berriz ere zerbait lanean hasi nintzan.

      Koadrila hontan baginan palak nork bereak ginunak, eta nik, soldadu joan nintzanean, etxera ekarri, garbi-garbi egin, olioa eman, eta jaso egin nuan. Enkargatua sendatuta etorri zanean, ni nere pala horrekin lanean hasi nintzan, eta Kalisto enkargatua begira-begira jarri eta auxen esan zidan:

      —Sebastian, lehenago ere pala horrek lanean ederki zekian.

      Bainan palaketako lana nola baitan astuna eta gogorra, moztutako oinak ez zidan behar bezela laguntzen, eta pentsatu nuan ez neukala nik lantegi hartan jarraitzerik. Hala, Donostiko Aiuntamentura joan nintzan, eta bertako agintariai galdetu nien:

      —Neretzako lantoki polit bat bai al daukate?

      —Lantegi polita? Bai, gizona; bat baino gehiago ere badauzkagu. Jende guztia gerrara joan zaigu, eta lanerako inor ez. Etorri zaitez datorren astelehenean, eta enkargatuak erakutsiko dizu lantegia.

      Hala joan nintzan, esan bezela, hurrengo astelehenean goizeko zortziretarako, eta enkargatuak eraman ninun Amarako Parque de Niņos izeneko tokira, eta esan zidan:

      —Hauxen da zure lantegia. Hemen ikusten dituzu nola dauden loreak eta beste landare klase asko aldatuak, eta haben begiratu behar diezu, umeek hondatu ez ditzaten.

      Eta bastoi bat eskuan nuala, hantxen ibiltzen nintzan jira eta buelta. Haur asko joaten zan, batzuk beren gurasoekin eta beste asko berriz neskameekin. Behin baino gehiagotan esan nion nik nere buruari:

      —Hementxen zeukat nik aukera ederra andregai bat egiteko.

      Neskatxa euskaldun asko joaten zan eta gehienekin hitz egiten nuan, bainan ez nuan andregairik egin; ez baiginan asmo berdinekoak neskatxa habek eta ni: berai kale aldeko bizi-modua gustatzen zitzaien, eta neri berriz baserri edo mendi aldekoa.

      Ez zan lantegi txarra, bainan ni iluntzerako nekatu egiten nintzan; egun guztian oinaren gainean ibili behar baitzan, eta nik zimendu txarrak izan.

      Egun batez nere agintariai esan nien ia beste lantegi bat bai al zeukaten neretzat, neke gutxiago zuana. Erantzun zidaten baietz. Eta ala eman zidaten.

      Geroztik beti Donostiko Aiuntamentuaren zerbitzari izan naiz, orain aspaldi hontan nere eginkizuna Oriamendiko uraren depositua zaitzea dala.

      Lantegi hau eskeini zidatenean, Donostiko kale batean porteri bat ere banuan nere izenean, nahi nuanean ezkondu eta bertan bizitzeko, eta orduan, orain emazte dedan honi, esan nion:

      —Pilar, laister ezkondu egin behar degu, eta nik badauzkat bi etxe nere izenean, bat kalean eta bestea mendi aldean. Orain zuk esango dezu non bizi nahi dezun.

      Eta, bera ere nola baitan baserrian jaioa, hauxen erantzun zidan:

      —Nik ez det kalean nahi; nik nahiago det mendi aldean bizi.

      Hala, ezkondu ezkeroztik mendi aldean bizi gera, seme bat eta bi alabakin. Gure etxe hau oso leku paketsu eta alaiean egina dago, Aiete bailarako Oriamendi inguruan. Hemendik ikusten dira ederki Donosti eta bere inguruko bailara gehienak, bai Gipuzkoako mendi gehienak eta Naparroakoak ere. Isiltasun atseginean bizi gera fabriketako eta gainerako soinurik entzun gabe. Pakea nahi duana betor mendira. Hemen dago pakea, zoriona eta alaitasuna.

      Bainan nik, nere paketoki hontatik ere, askotan oroitzen naiz nere gerra denboraz. Eta egun batez, hala gogoak emanda, bertso habek jarri nituan:

 

            Mila beatzirehun gainera hogeita

            hamaseigarren urtean,

            gerra triste bat sortu zitzaigun

            Espainiako partean;

            esan beharrik ez dago zala

            soldaduentzat kaltean,

            ni ere kintak harrapatuta

            hor ibili naiz tartean,

            hamaika amaren seme sartu da

            urte habetan lurpean.

 

            Bizkaian Yurre izena duan

            herri batean sartuta,

            bizirik juxtu atera nintzan

            sari ederra hartuta;

            Maiatzak hogeita lau zituan

            egunean erituta,

            kamileroek jaso ninuten

            gehiena odolustuta,

            ospitalera ekarri naute

            tiroek hanka moztuta.

 

            Han bi anaiak alkarren kontra

            ginala guk ez genekin,

            inkurriorik gabe alkarri

            tiroka fusilarekin;

            hurrena berriz ospitalean

            bildu ginan alkarrekin,

            negar eginaz berak esana

            ordun pena ederrarekin:

            Hire oin horiek jotako balak

            NERONEK TIRAKO NIZKIN!

 

Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964