Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964

 

 

I

 

      Ni mundu hontara sortu nintzan Abenduaren 26an, 1915garren urtean, gaueko hamabietan, Oiartzungo partean dagoan Elbitxuri izena duan baserrian.

      Baserri hau kaletik oso urruti dago, Oiartzungo partean jaio nintzala juxtu-juxtu esateko moduan, bainan inola lur hartan sortu nintzan, eta bertara eraman behar bataiatzera.

      Nere amandre izeba Antoni zanari, hamaika bider entzun izan diot gauza hau: ni ez nintzan izugarria izango, bainan txandan eramaten omen ninuten lau edo bost lagunen artean. Eguraldia oso txarra omen zegoan, eta beldurgarrizko lokatzetan barrena joan omen ginan; bideak noski kristaua hutsik ere ibili ezin zan modukoak.

      Iritsi omen ginan noizbait eleizara, eta bikario jaunak, ni bataiatzen ari zala, makina bat bider esan omen zuan:

      —Gixarajoa! Egualdi ederrarekin etorri zera!

      Elbitxuri, Errenteritik kanposantuko kamioan gora Astigarragako bentetara aldera goazela, herritik hiru bat kilometrora eta kamiotik ezkerretara larehun bat metrora dago. Etxe kaxkar bat zan, bi bizitzakoa, oso zaharra, mendi hegal mospel batean egina, eguzkiak gutxi jotzen zuala. Terreno gutxi, txarrak, arloteak eta itsasaldetik zituan.

      Etxe inguruan ba omen zituan bost edo sei sagar arbol, eta gainerako fruta oso gutxi; belaze eta sagasti kaxkarrak; txararik edo basorik ere ez; erreka edo urik ere ez zuan bere terrenoan, eta Paistire izeneko  baserriaren erreka edo iturritik hartzen omen genduan behar zan hura.

      Etxe honen jabea emakume xahar bat omen zan. Bera bakarrik bizitzen zan bizitza batean, eta beste bizitzan berriz gure familia. Emakume xahar harek urte asko nola baitzituan, Oiartzungo mixerikordira eraman omen zuten, eta gero Elbitxuriko bera bizi zan alderdia erori egin zan, eta gu ere orduan aldatu ginan Errenteriko Sagasti baserrira. Gure anai zaharragoek esaten didatenez, Elbitxuritik Sagastira aldatu ginanean, nik zortziren bat hilabete omen nituan.

      Sagasti baserriak bazuan etxetik aparte mendi bat, zakarra ebakitzen genduana. Praiskularre esaten genion. hara joatean ikusten genduan Elbitxuri baserria, eta gure anaiak ala esaten zidaten:

      —Hara hor Elbitxuri, hire jaiotetxea!

      Eta nik:

      —Hor jaio al nintzan ni?

      —Bai, hortxen jaio hintzan hi.

      Eta ez zait gogoratzen geroztik etxe artara inguratu naizenik.

 

Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964