Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964

 

 

VII

 

      Halaxen, egun batez Donostiko Patxi Erdozia jaunarengana joan nintzan. Jaun hau transportista zan, eta Donostiko gas fabrikako ikatzak kaiean baporetik hartu eta bere kamioiakin ekartzen zituan. Nik galdetu nion:

      —Neretzako lanik bal al daukazu, nagusi?

      Eta erantzun zidan:

      —Bai, motel; lana bazeukagu. Etorri nahi dekenean.

      Gaseko fabrika Donostiko Morlans bailararen sarreran dago. Gasa ikatzarekin egiten dute, eta hantxen hasi nintzan lehenengo palaketan ikatzarekin, etortzen ziran kamioiak hustutzen.

      Garai hartan Hernani baporea zan fabrika hontarako Asturiastik ikatza ekartzen zuana. Hamabostean behin edo hola etortzen zan, eta hura hustutzen lau bat eguneko lana izaten genduan. Gainerako egunetan etxean baserrian jarduten nintzan nagusiari laguntzen.

      Bapore hori zetorrenean, gure nagusi Patxi Erdozia bera etortzen zan kotxearekin guri abisatzera; berekin lanean aritzen ginanak kamio ertzean bizi baiginan. Ni Azken Portutik oinez joaten nintzan; goizean bost eta erdietan jeiki, ganaduak gobernatu, gosaria hartu eta zazpi eta erdiak alderako lanera. Baziran ni baino urrutiago bizi ziranak ere, bainan haiek ere oinez ibiltzen ziran; ez baitzan gaur bezela autobusik.

      Gero Hernani baporea desegin zuten zaharra zalako, eta handik aurrera ni egunero ibili nintzan Erdoziarekin, gerrara joan nintzan arte.

      Amar pezta irabazten genduan eguneko soldata, eta etxean astean hogei pezta pagatzen nuan, eta goiz-ilunabarretan etxeko lanetan lagundu.

      Uralde baserriko Kalisto Dendategi genduan enkargatua, eta berarekin lanean jarduten ginan hamalau edo hamabost mutil: Malmiztegiko Antonio zana, Errotatxoko Juan Kruz zana, Ortatxikiko Luis zana, Miramonzarreko Joxe zana, Errondoko Antonio, Txabolako Manuel, Errerako Manuel Gorra, Pakeako Bernardo, Beasaingo Joxe eta Lesakako Joxe Mari. Amara aldeko beste erdeldun batzuk ere izaten ziran tarteka.

      Garai hartan Loiolan Txominenean bilera egiten zan. Eskusoinua jotzen zuten, eta han ibiltzen ziran neska eta mutil dantzan, eta ni ere igandeetan haraxen joaten nintzan nere lagunekin. Orduko nere lagunak ziran Gure Pakeako Rafaeltxo, gaxotu eta Andazarratera eraman eta bertan hil zana, Uraldeko Xanti, Juanindegiko Modesto, Ugaldeko Pedro, eta baita ere Errekako Simon zana eta Etxetxikiko Joxe zana, gerran, bata Madrid aldean eta bestea Teruel edo Belchite alde hortan, hil ziranak.

      Han puska batean ibili eta gero Ernaniko tranbean Donostira; eta hemendik Aieteko Munto baserrira. Hemen sagardoa saltzen zuten, gaur ere saltzen duten bezelaxe, eta merienda pixka bat egin eta etxera danok zintzo, hurrengo goizean ere lanera joan behar baitzan.

      Holaxe izan zan nere gazte denbora.

 

Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964