Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964

 

 

XII

 

      Halako batean, bialdu zidaten Donostiko Aiuntamentutik soldaduskara joateko papera. Donostian ere bazan beraz beste ĞAlbertoğren bat. Gerrak beti eman izan dit beldurra, eta hala esan nuan etxean:

      —Oraintxen galdu naiz!

      Soldadu joan behar eta ez negoan seguru zein urtetan jaioa nintzan. Hala esan nuan:

      —Ea ni 37ko kintoa naizen, eta kinta hori soldadu joaterako gerra bukatzen dan!

      Eta halaxen igande arratsalde batean gure nagusi Juan Mari eta biok joan ginan Oiartzungo bikario jaunarengana, eta esan genion ea begiratuko zuan mesedez liburuan ni noiz jaioa nintzan. Begiratu zuan eta bost egunez 36ko kintak harrapatzen ninun. Eta papera zuzen bialdu zuten Aiuntamentutik.

      Halaxen etorri ginan triste asko Oiartzundik etxera. Ez nuan orduan pentsatzen, gero joango zirala 37, 38, 39koak eta beste asko ere.

      Donostiko Aiete bailaran bizi ginanak, bi lagun ginan kinta hartakoak: Erreka baserriko Simon Balerdi eta ni.

      Simon mutil mozkote xamarra zan, bainan gorputzez zabala, oso bizartsua —gorputz guztian zuan bizarra— eta indar asko zuana.

      Egun batez joan nintzan neroni bakarrik behiak eta gurdiarekin mendira egur bila. Aldapatxo batean kargatu nuan izugarrizko gurdikada egurra, eta ez nintzan piatzen bakarrik abiatzera, amilduko zan beldurrarekin. Neregandik gertu xamar ari ziran lanean Simon eta bere aita, eta, gu hain lagun maiteak izanik, nik hots egin nion esanaz:

      —Simon, etorriko al haiz mesedez pixka batean gurdi honi eltzera?

      —Bai, motel; etorriko ez nauk ba? Egon hadi pixka batean. Berehala hor nauk.

      Etorri zan; jarri zan gurdiaren azpiko aldetik kurpilaren parean eta esan zidan:

      —Hik segi behiakin!

      —Ez, Simon; hor oso leku txarrean jartzen haiz. Deskuiduan amiltzen bada, hortxen gelditu beharko dek azpian.

      —Ez, ez; hik segi zak lasai; ni hemen baldin banaiz, gurdi hau ez dek amilduko eta.

      Eta halaxen, berari eskerrak, atera genduan gurdikada egur galanta.

      Simonek indarra bazuan saltzeko ere. Segan eta aizkoran ere ederki egiten zuan. Eta indar asko zuan mutil bat izateko, haurtxo bat bezin umila zan.

      Eta halaxen atera ginan San Sebastian egunez biok Aietetik. Bere familian bizi zan gurasoak eta bi anai eta lau arrebakin, eta pena ederrarekin gelditu ziran danak negarrez etxean, gu frentera atera ginanean. Haren arrebak egin zizkiguten pasamontainak eta goanteak, mendian hoztu ez gintezen.

      Donostiko Kasinora, orain Aiuntamentua dagoan etxe hortara, bildu ginan kinto guziak, eta gero hemendik estaziora; hemen trenean sartu eta danok kantari eta builan Pamplonara, eta gehienak han gelditu ginan, instruzioa ikasten.

      Gero Simon beste lagun batzuekin Madrida bialdu zuten, eta, han, Somosierran edo, gerran zebiltzala, metraila puska batek saihetsean jo eta zulo haundi bat egin omen zion, eta berehala hil omen zan.

      Nik frentetik ere eskribitzen nien haren arrebai, eta habek esan zidaten inola hil zan.

      Pena ederra hartu nuan hori jakin nuanean, anaiak bezin alkar maiteak baiginan biok. Jainkoak berekin izan dezala.

 

Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964