Neronek tirako nizkin
XIV
Nere lagunetako bat Zumaiako baserri batekoa zan, mutil jatorra gainera. Bere pixua larogei bat kilo izango zan; bainan gizarajo xamarra eta lotsatia zan, eta gure konpainiko pesta guztiak honekin egiten ziran. Zerbait umore jarri behar zanean, haren kontura parra egiten zuten. Gau askotan, berandu xamar baldin bazetorren kuartelera, petaka deritzaion deabrukeri bat egiten zioten: bere oheko gaineko maindirea bi doble eginda jartzen zioten, eta, ohean sartzen hasten zanean, oinak ezin luzatu eta orduan danak parra egiten zuten. Inoiz bere soineko soldadu arropak ere gorde izan zizkioten gauean, bera lo zegoala, eta goizean, diana edo korneta jotzen zuanean jeikitzeko, bere arropak palta, eta mutila larri sarjentua etortzeko beldurrez eta galtzontzilo hutsik konpaini guztiko oheak miatzen. Noizbait arkitzen zituan bere arropa horiek, eta tximista baino azkarrago jantzi eta joaten zan lista pasatzera. Beste gau batzuetan beste deabrukeri bat egiten zioten: lista edo soka luze bat lotzen zioten bere ohearen hankari, eta pasatzen zuten beste salara, eta, gauean lo gozo-gozo zegoala, tiratzen zioten sokari eta danba! lurrera gure Zumaiatarra, eta orduan danak saihetsetako mina egin arte parrez, eta bera pazientzi guztiarekin berriro ohea antolatzen. Instruzioa ikasten ibili zan gurekin batera, bainan ez zion tankerik ematen nola ibili behar zan ere. Eta baziran gure Zumaiatarraren antzeko beste mutil xelebre batzuk ere. Horrelakoekin kaboa ernegaturik egoten zan. Hasten zan esanaz: —¡Un, dos! ¡Un, dos! ¡Hep, aro! ¡Media vuelta, ar! Eta baziran galdetzen zutenak: —Zer esan dik horrek? —Ez al dek entzun buelta erdia emateko guk bezela? Eta berriz ere: —¡Un, dos! ¡Un, dos! ¡Hep, aro! ¡De frente, cabeza variación izquierda, ar! —Arraioa! Edozeinek entenditzen dik hori! Zumaiatarrak oinak oso okerrak zituan eta asko kostatzen zitzaion ibiltzen. Botak ere berehala muturrak okertuta behetikan gora begira, eta hala esaten zion kaboak: —¡Cambia el paso tú, vasco antiaéreo, que no sabes ni andar siquiera! Geroztik antiaereo esaten zioten askok, eta gizarajoari penaren penaz negar-malkoak ateratzen zitzaizkan, berekin baitzeukan nahiko desgrazi. Eta alako batean kaboak: —¡Aaaaaaalto! Eta baziran gora begira gelditzen ziranak, aideplanoren bat ote zan pentsaturik. Honelako soldaduak apartatu egiten zituzten, eta peloton de los torpes izenarekin beste kabo batek ederki kostata erakusten zien instruzioa. Guk esaten genien gure lagun gizarajo habei: —Zertan ez dezute guk bezela egiten? Gauza erreza dek ba hau! Eta Zumaiatarrak esaten zigun: —Bai, nik ez diat behintzat entenditzen zer esaten duan ere, eta gainera hemen zertan gabiltzak haruntz eta honuntz bueltaka? Guk hemen egiten degunak ez dik ezertarako zerbitzen. Hobe genikek geuren etxeetan bageunde. Nere gurasoak behintzat hantxen ariko dituk lanak ezin eginik, eta ni hemen alper-alperrik bueltaka. Teorikan ere jarduten ginan egun batzuetan, eta, alferezak zerbait galdetzen zionean, berari begira-begira gelditzen zitzaion, eta orduan ere danak parra egin behar, baita alferezak ere, nahiz eta militarrak gizon serioak izan. Zumaiatar honek nerekin zuan bere konfiantza guztia; neri pena ematen baitzidan gizarajoak, eta nik ez bainuan besteak bezela haren bizkar parrik egiten. Nik eskola askorik ez nuan, bainan berak batere ez, eta berari egiten zizkioten kartak neri ematen zizkidan irakurtzeko, eta gero neroni esaten zidan eskribitzeko. Gure konpainiko karteroa etortzen zanean eta bere izena hots egiten zuala entzuten zuanean, karta hartu eskuan eta laisterka neregana etortzen zan, ume txiki bat karameloakin etorri ohi dan bezela, pozez txoraturik, eta esaten zidan irakurtzeko berak entzuteko moduan. Etxetik bere gurasoak egindako karta baldin bazan, esaten zioten inola ari ziran soro lanetan eta mendian garo biltzen, eta gizon-indar gutxi zeukatela, eta lanak atzera xamar zeudela. Orduan hala esaten zidan, dana kupiturik bere familiarentzat: —A! Ni banetxiok ba hemen ezer egin gabe! Mesede ederra egingo niotekek nik nere gurasoai etxean banego! Gure amak ahal duan guztia lagunduko ziok aitari, bainan ni han palta! Hala ere noizbait bizirik joango banitz, hutsa hukek! Eta andregaiaren karta etortzen zitzaionean, orduan izaten ziran komeri politak! Orduan ere laisterka neregana, esanez: —Hau neure neskiaren kartia izango dek! Hala, zabaltzen nuan karta hori, eta baita irakurri ere berak entzuteko moduan. Eta hantxen egoten zan, ahoa xabalduta, harriturik, berari jartzen zizkion gauzak entzuten. Gero karta honi ordaina egin behar eta berak ez zekien eskribitzen, eta neri esaten zidan: —Neure neskiari kartia egingo al diok? Eta nik erantzuten nion: —Herorrek egin hakiok! Eta pena ederrarekin erantzuten zidan: —Heuk badakik, motel, nik bezin ongi zer jarri behar zaion! Heuk egiten dekan bezela ondo zegok! Hala, egiten nuan ahal nuan modurik egokienean karta horren ordaina, eta berari irakurri ondoren ala esaten zidan: —Ederki zegok! Eskerrik asko, motel! Hik nola pentsatsen dituk gauza horiek danak? Neure neskia pozez txoratzen jarriko dek gauza habek entzuten dituanean! Hala, gero esango dedan bezela, ni gaxotu egin nintzan eta ospitalera eraman ninuten: eta, ni han negoala, kuarteleko nere lagun guztiak gerrara erten ziran, batzuk Bitori aldera, besteak Bizkai aldera, eta horrela. Eta esan zidaten, gure zumaiatar hau beste soldadu batzuekin kamioi batean Madrid aldera zihoala, kamioia amildu eta iztarra hausi zuala. Geroztik ez det haren berririk.
Neronek tirako nizkin |