Neronek tirako nizkin
XI
Gorriak Ormaiztegin trenaren zubia puskatu egin zuten, eta handik aurrera Donostirako behar ziran gauzak, kamioz ekarri behar izan ziran, berriz zubi hau egin zuten arte. Erdozia jaunak, gure nagusiak, bazeuzkan bere txoferrak, bainan Lizeaga zeritzaion beste transportista batek bazeukan txofer bat ona eta oso trebea, Migel Anza izena zuana, eta Erdoziak esan zion Lizeagari, ea txofer hori prestatuko zion Ormaiztegiko zubia egin arte, eta baiezkoa erantzun zion. Eta hala etorri zan Migel astelehen goiz batean, gu danok garajean geundela, eta Erdoziak esan zion: —Etorri al haiz, Migel? —Bai, onera etortzeko agindua eman dit nere nagusiak. —Hara ba hemen kamioi berria, hik estrainatu behar dekana, marca internacional. Hemen zeudek nere mutil guztiak, eta habetatik hartu itzik bi, herorrek nahi ditukenak, hire laguntzaile izateko. Donostitik Zumarragara hasi behar dek gauzak eramaten eta ekartzen. Migelek ongi ezagutzen zituan Erdoziaren mutilak, eta bazekien langile bizkorrak behar zirala kamioia azkar betetzeko eta hustutzeko, eta hau erantzun zion: —Ba, nik behar ditudan mutilak, habek dira: Manuel Gorra eta Sebastian. Eta halaxen hasi ginan lan hartan. Egunean hiru jornara egiten genituan Donostitik Zumarragara. Joaterakoan gehienean jaboia eramaten genduan Lizarriturriren fabrikatik, eta etortzerakoan berriz gauza guztietatik ekartzen genduan: ikatza, arrautza, platanoa, edo egokitzen zana. Manuel Gorra Herreran bizi zan eta ni berriz Aieten, eta goizeko lauetarako Donostiko Autonomia kalean egon behar izaten genduan. Han zegoan Erdoziaren garajea, eta hara biltzen ginan txoferra eta bi mutilak. Automobilean asko ibiltzen ginan, baina bai oinez ere; gauean guk lanari uzterako izaten baitziran hamaika eta erdiak edo hamabiak, ahan zanik azkarren ibilita gainera, eta berriz ere oinez etxera danba-danba. Patrikatik jan eta horrenbeste ordu laneau pasa, eta hamar pezeta eguneko soldata. Nagusi harek ere, beste askoren moduan, altzairua baino gogorragoko bihotza baitzuan. Guk esaten genion: —Patxi, guri otorduak pagatu behar dizkiguzu ba... Ezin ibiliko gera geuren patrikatik pagatzen degula. —Nik otorduak pagatu zuei? Ez bazerate konforme, segi etxera! Oso ordu gutxi izaten genduan gauean lotarako, eta Manuel Gorrak eta nik berehala lo hartzen genduan txoferraren ondoan motorraren berotasunarekin. Gu lotan ginala, txoferra aspertuta joaten zan, isil-isilik horrenbeste bidean. Bainan Ezkioga ingurura iristen ginanean, biok astintzen ginun esanaz: —Begira, begira Ama Birjina txuri-txuri! Eta guk sinisturik: —Non? Non? —Hara, hara non dagoan haritz arbolaren puntan! Eta gezurra: urte batzuk lehenago jendea erruz ibili zan inguru haietan Ama Birjina ikusten zutela esanaz, baina dana kontua. Autobusak eta taxistak egin zuten orduan itsasora gabeko Ameriketa. Izandu ziran Ama Birjina ikustera hutsik joan ziran neskatxa gazteak eta «maletarekin» etorri ziranak; gero jendeak esaten zuan, Ama Birjinaren milagroa zala. Lehenbizitik sinisten genion txoferrari, bainan gero ez genion kasurik egiten; harek gu esnatzeagatik eta toreatzeagatik esaten baitzigun. Oroitzen naiz, Zumarragara joaten ginanean, trenean nola joaten ziran soldaduak Beasain alderaino, eta gero hemendik automobiletan frentera. Eta kanoiak eta gerrarako beste tresna asko ere horrelaxen eramaten zituzten. Egun batez, gu han lanean ari ginala, etorri zan gorrietako aideplano bat. Han ibili zan herriaren gainean bueltaka, bainan ez zuan bonbarik bota; eta gu han egon ginan bagoi baten azpian gordeta, alde egin zuan arte. Ikatzetan lanean gebilzala, Altsasura ere joaten ginan ikatz bila, eta Eguberri egun batean ikusi genduan komeri polita. Kamioikada bat ikatzarekin bagetozen eguerdiko ordu bata alde hortan Donosti aldera, eta Tolosako Papelera parean hor ikusten ditugu gizon baserritar batzuk, eskuak gora jaso eta «Gelditu! Gelditu!» esaten zutela. Eta gure txoferrak hala dio: —Aiton habek ere umore onean zetoztek ba, hamaiketakoaren indarrarekin muturrak bero-bero eginda. Bainan berehalaxen beste batzuk, eta haiek ere berdin: eskuak gora jaso eta gelditzeko. Gure txoferra bolanteari alde batera eta bestera ematen hasi zitzaion, bainan automobila, berak nahi zuan tokira; direzioko barra arrastaka baitzetorren, eta baserritar haiek huraxen adierazi nahi guri. Ibai-baztarreko petrilaren kontra gelditu ginan juxtu xamar putzura erori gabe; eta, egun haietan nola elurra eta eudi asko egin zuan, ibaia puntaraino betea zetorren. Beasainen hartu genduan Tolosara zetorren gizon bat, ikatz gainean exerita ekarri genduan, eta hala esan zigun: —Nik egin det eskapada latza! Kamioia amildu izan bazan, ni joango nintzan lehendabizi uretara. Harek ez zuan kontuan hartzen gu ere han joango ginala, ez bera bakarrik. Eta horrela ibili nintzan nere kinta deitu zuten arte.
Neronek tirako nizkin |