Neronek tirako nizkin
XX
Gero Dimako herrira bialdu ginuzten. Lehendik gureak hartuta zeukaten herri hau, eta hemen beste konpaini bat eta gurea gelditu ginan egun batzuetan. Dima herri koxkor txiki bat da, mendi batzuen beheko babes goxoan dagoana, nahiz bere ingurua menditsua izan. Herria bera toki alaiean egina dago. Baditu bere inguruan zabaltoki ederrak, artasoro eta belaze leku onak, eta baserri politak ere bai. Maiatzaren hasieran iritsi ginan gu herri hontara, eta hain zuzen urteko festak Maiatzeko Santa Kruzetan izaten dira herri hontan. Pentsatu genduan festa onak egin behar zirala, eta bai ederki antolatu ere. Herri hontara etorri ginan bi konpainiak, gure batailoiko lehenengoa eta laugarrena ginan, eta gure agintariek pentsatu zuten, festak garrantzi gehiago izan zezaten, konpaini bateko «atletak» jarri behar zirala beste konpainikoen kontra. Gure konpainian gipuzkoarrak asko ginan, eta beste konpainian berriz naparrak ziran asko. Zortzi bat egunean iraun zuten festek, eta izan genduan zer ikusia franko: aizkolari, harrijasotzaile, pelotari, futbolista, eskusoinujole, pianista, dantzari, kantore, bertsolari, korrikalari, asto karrera, eta baita gizonak ere zakuan sartuta korrika. Apustu gehienetan gipuzkoarrak atera ziran nagusi. Gauean inoiz egiten dan amets gozo bat bezela iruditu zitzaizkidan herri hartan pasa ginun egunak. Lehentxeago mendian gebiltzan kainonazo eta tiro tartean, lurra hildako gizonez estalirik, bazter guzietan odolezko errekak eginik, eta mutil asko eta asko zaurituak minaren minez antsika eta negarrez urruti arkitzen zan bere amari hoska, herriak, baserriak, mendiak eta bazter guztiak sutan erretzen eta kixkaltzen. Hain herri paketsu eta atsegin batean sartuta, eta gainera bertan antolatu zituzten festak hain paketsu eta alaiak ikusita, bazirudian inpernutik atera eta zeruan sartu ginala. Mundu hontan ikusten dira gauza xelebreak, eta hantxen ere ikusi ginun apustu politak. Baserri batetik ekarri zuten asto bat, eta harekin egin ziran egundoko festak. Asto karrera jokatu behar zala eta bi konpainietako soldaduak, bata bestearen kontra, jokatu zuten. Kilometro bateko bidea neurtu zuten. Jarri zan konpaini bateko soldadu bat asto gainean, eta, agintariak beren erlojuak eskuetan zituztela, txalo jo zuan sarjento batek, eta korri, astoari arre! arre! esanaz. Honek joan eta etorri egin zuanean, gero beste soldadua. Lehenengo joan-etorria gipuzkoarrak egin zuan, eta errez irabazi gainera; bigarren buelta egin zuanerako astoa oso nekatua baitzan. Gero ehun bat metroko bidea neurtu zuten, eta erabaki zan asto gainean zihoanak atzera begira joan behar zuala. Hura zan polita! Astoa batera eta bestera, eta asto gainean zihoana larri. Soka bat bazuan muturretik lotuta, atzera tiran soldaduak bere eskutik zeukana, eta harekin zuzentzen zuan okertzen zanean. Karrera hontan naparrak jokatu zuan lehendabizi. Eginahalak egin zituan makilarekin astoa joka aguro joan zedin, eta azkar egin zuan joan-etorria. Gero gipuzkoarrak jokatu zuan. Honek ere astoari jotzen zion gogotik, bainan astoa lehen baino mantxoago, nekatuta baitzegoan. Hala, ikusirik apustua galduko zuala, eskuan zeukan makila isatsaren azpitik sartzen hasi zan, eta orduan asto gaxoa tximista baino azkarrago joan zan eta berriz ere gipuzkoarrak irabazi zuan. Saihetsetako mina egiteraino egon ginan gu parrez haiei begira. Beste apustu hau ere polita izan zan. Zaku banatan sartu, gerrian lotu, eta bi konpainietako soldadu bi, hogei bat metroko bidean joan eta etorri zeinek lehenago egin. Ez zuten berehala bukatu bere lana. Saltoka-saltoka joaten ziran eta maiz erortzen baitziran lurrera. Gipuzkoarra lehertzeko zorian jartzen zan parrez, eta naparrak irabazi zuan. Harrijasotzaileak ere baziran naparrak eta gipuzkoarrak. Gipuzkoarra Azkoitiko Mendizabal izan zan, mutil jator askoa, zezenak hainbat indar zuana, bainan oso umila. Pamplonan kuartelean egon ginanean ere, bera eta beste erdeldun bat ziran gure arrantxeroak, eta guk joan behar izaten genduan hiru edo lau soldadu egunero txandan habei patata txuritzen laguntzera, eta ez ginan gaizki izaten. Mendizabal honek beti ematen zigun eguerdian, amaika eta erdiak alde hortan, haragi xerra bana ogiaren tartean, eta beste baso bana edo bina ardo, eta gustora joaten ginan habei laguntzera. Orduan ere han ibiltzen zan, almazenean zeuden zaku patatak, zaku arrozak, garbantzuak eta harrapatzen zituan gauza guztiak bizkarrera jasotzen, bi eskuekin, batekin, eta alde guztietara bere indarrak probatzen. Guk esaten genion: —Ai, Mendizabal! Hi ederki moldatzen haiz hemen nahiko haragia janez! Berriz ere jasoko dituk hik errez hemengo zakuak! Eta honela erantzuten zigun: —Haragia jan gabe ere, jasoko dizkiat bai nik hemengo zaku habek! Hau dek sasoia, hau! Eta berriro, rau! heldu eta altxatzen zuan zakua. Eta harria jasotzen errez nagusitu zan gure Mendizabal. Besteak bi eskuekin bezin errez jasotzen zuan harek esku batekin, nahiz harri traketsa izan. Hari begira gustora egoten nintzan ni. Jaten baino nahiago izaten zuan harek harriarekin borrokan ibili. Aizkora apustua izan zan gogor xamarra. Gure konpainiko mutila Bidanikoa zan, Jose Iraola, lehenago apustu bat jokatua gerra baino lehenago, mutil haundia eta indartsua gainera. Bainan egun batzuk bazeramaizkian gaxo eta makal xamar. Berak ez zuan atera nahi plazara, bainan agintariek esan zioten mesedez ateratzeko, ez zegoala beste aizkolaririk eta. Hala, atera zan kolore txuri-txuriarekin. Nik ez det ikusi inon han bezela dirua jokatzen. Soldaduak ere poliki, bainan bi konpainietako agintariak, batak bestearen kontra, Tolosako zezen-plazan baserritarrak baino beroago eginda. Bainan danak pakean, anaiak bezela, beste festetara alaitsu eta paketsu jarraituaz. Jokatzen hasi baino lehenago, gure batailoiko komandante Ollok esan zuan, ez zala libre aizkolariai laguntzea inolako moduz, berek bakarrik jardun behar zutela. Gainerakoan oso gizon jatorra zan komandante Ollo hau. Baserritar baten antza ematen nion nik. Bera gizon moztaka zabal bat zan, bota horiak, traje panazkoa lepoko painueloa eta bere txapel haundiarekin. Soidaduakin hitz egiteko ere, edozein kabok baino inportantzi gutxiago ematen zion bere buruari. Bainan jokatzen hasi ziranean, bera zan okerrena. Berehala hasi zan makila batekin ezpalak kentzen naparrari; Ollo hau bera ere naparra baitzan. Eta botilarekin botatzen zion patarra ere lepotik behera, mesede egitearren. Bidanikoak egin zituan ahaleginak, bainan erdi gaxo eta bakar-bakarrik aritu zan eta oso gutxiz naparrak irabazi zuan. Bertsolariak ere izan ziran. Poliki xamar kantatzen zutenak baziran. Ez naiz gogoratzen han zer bertso kantatu ziran eta bertsolariak zein herritakoak ziran, bainan badakit gipuzkoarrak zirala. Neroni ere jarduten nintzan zerbait kantatzen, eta umore ederra pasatzen genduan. Baziran bertsolaritza gustatzen zitzaien napar-euskaldunak ere. Ondo xamar kantatu ezkero behintzat, gauza atsegina baita saio eder bat entzutea. Kantoreek zortzi edo hamar laguneko taldea egin zuten, eta orfeoi moduan antolatzen zituzten beren kantuak. Kantore talde hau bi konpainietako soldaduek osatzen zuten, eta bai ederki kantatu ere, nahiz eleizako kantuak eta nahiz beste edozein ere. Gu behintzat gustora asko egon ginan habei entzuten. Baziran solistak edo bakarka kantatzen zutenak ere, bainan han ez zan gure kamilero Orta baino ederragorik. Mutil bikaina zan, napar-erdalduna, larogei bat kilotik gora pisatzen zituana, rubio antzekoa. Kanturako gogoa eta abildade aparta zuan. Bere eztarriak organoa zirudian. Guk zenbait garaitan izaten genduan pixka bat alaitzeko premia, eta bagenduan haren beharra. Hura kantuan hasten zanean, gure bihotzak pixka bat xuxpertzen ziran. Izan ere halakoa zan hura! Beti arpegi alaia ikusten genion. Urrutira ere ezagutzen genduan kantari ari bazan. Inoiz, agintariai baimena eskatuta, joan izan zan mendi batetik bestera, beste batailoi batean zebiltzan bere napar lagunetara, eta, handik zetorrenean, nabaritzen genduan ederki. Baita kontrarioak ere, nabarituko zuten noski, bere kantu alaiak kantatuaz nola zetorren. Oso gogozkoak zituan jota aragonesak, bainan, bera nola baitzan naparra, jota nabarrak kantatzen zituan asko. Behin hasi ezkero, bukaerarik ez zuan. Quisiera volverme hiedra, Pamplona tiene cadenas, A las orillas del Arga eta horiek danak kantatzen zituan. Beste hauxe zan askotan kantatzen zuana:
Segadora, segadora, ˇque aborrecida te ves!; todo el dia en el rastrojo, agua no puedes beber.
Dimako festetan ere, beste kantore talde batekin kantatu zuan, baina haren eztarria besteengandik nabarmena zan. Hura zan gure penak ahaztu eta gu alaitzen ginuna, eta horrelako gizonak ez luteke behinere hil behar! Herri hontako jendearekin oso lagun egin ginan guztiok. Izan ere hain leialak ziran. Berak jan behar zuten ogia, besteri emango zioten. Halakoak danak. Arropak ere emakumeak garbitzen zizkiguten. Danak famili batekoak bagina bezela bizitu ginan han egon ginan denboran, eta baziran negar egiten zutenak guk handik alde egin genduanean. Herri hontan etxe asko zegoan hutsik, eta habetan lo egiten genduan. Pena gauza batek ematen zidan neri: ez genduala ikusten herri hontan gure kideko mutilik. Nonbait gure kontrarioekin joanak ziran, eta bertan zegoan jendea, umeak, zahar xamarrak eta emakumeak ziran. Pesta haietan gebiltzala, beste amets trakets eta beldurgarri bat zetorren nere burura: laister joan beharko genduala, alegia, berriro zerutik inpernura. Bukatu zan gure deskantsua, eta nere amets maltzur hura egitazko bihurtu zan.
Neronek tirako nizkin |