Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964

 

 

XXIII

 

      Pinutegi hartan arkitu genduan kapeilau bat, eta harek egin zidan lehendabiziko sendaketa.

      Gero kamilan hartu eta goiko tontorrera igotzen hasi ninuten. Hala, pinutegi hartan behetikan gora ginjoazela, guri laguntzera zetorren beste konpaini bat topatu genduan.

      Kontrarioek, ordea, tira zuten kainonazo bat, eta soldadu asko zegoan tokira erori zan granada, eta soldadu asko hil zituan, mandoak ere bai. Gizonen puskak arbolen gainetan ikusten ziran, eta beste asko erituta karraxika. Ematen zuan azken juizioko eguna zala. Bazter guztiak erretzen ari ziran eta lurra berriz hilez eta erituz estalia.

      Gure konpainikoak gutxi izan ziran bizirik geldituak, gehienak hil egin ziran, eta bizirik gelditu ginanak ere erituta.

      Beste konpaini gehiago ere etorri ziran gure aldekoak, eta egun guztia tiroka jardun ondoren ilunabarrean isildu omen zan tiroteoa, eta hantxen egon ziran makina bat egunean isil-isilik, kontrarioak herrian eta gureak pinutegian. Gero, agintariek herri hori hartzea pentsatu zutenean, tiro bat ere egin gabe hartu zuten. Ez omen zegoan inor herri hortan. Danak alde eginak omen ziran.

      Goiko tontorrera iritsi ginan eta hemen zegoan Puesto de Sanidad deritzaiona, hemen zeuden medikuak eta danak.

      Mando mordo bat ere bazegoan, eta teniente mediku batek esan zuan, gutxieneko hiru edo lau ordu behar zirala beheko kamiora jeixteko, eta mando horietako baten gainean jarri eta jetxiko ninutela. Honelaxen esan zuan:

      — A éste que le bajen en un mulo.

      Eta nik erantzun nion mediku hari:

      —Perdone, mi teniente, todavía quiero vivir. He perdido mucha sangre y si me ponen en un mulo me quedaré sin nada.

      Alegia: barkatzeko mesedez, bainan oraindik bizi egin nahi nuala ahal bazan, eta ez nintzala mandoaren gainean jarriko; lehenago odol asko isuri nuala, bainan mandoaren gainean jartzen banintzan, dinbili-danbala ibiliko zala mandoa, eta gelditzen zitzaizkidan odol pizarrak zaurietatik berehala aterako zirala, eta neroni batere konturatu gabe hilda geldituko nintzala.

      Orduan jarri zizkidaten bi kamilero. Hartu ninuten kamilan eta gomarekin oso estu lotu zizkidaten oinak, zauriak baino goraxeagotik, odolik erten ez zedin.

      Bainan mendi horietan zehar neramatela aguantatu ezin ahalako mina ematen zidaten goma haiek. Nik pixka bat askatu edo lasaitu egiten nituan, eta orduan berriro hasten zan odola erteten.

      Kamileroak, hasarreturik, errietan eman eta lotu egiten zidaten, esanez:

      —Goma horiek askatzen badituk, hilda geldituko haiz odol dana galduta!

      Min ederra ematen zidaten, bainan ez nuan gehiago gomarik ikutu.

      Nik ez dakit egun hartan bero haundia egiten zualako edo nere zauriak ematen zidaten eriotz-larritasunagatik edo zergatik, baina nik egarri ikaragarria nuan.

      Mendi haietan nonahi zegoan ur ederra, eta nik beti nere kamileroai ura eskatzen nien. Ontzi bat bazuten kantinflora izenekoa, gerrian zintzilik ibiltzen zutena, eta hantxen ematen zidaten. Pozik asko edaten nuan!

      Mendibide haietan ginjoazela, gure kontrarioak tiratzen zituzten kainonazoak quince y medio izeneko kanoiarekin, eta baziran gure buruaren gainetik urruti gabe pasatzen ziran granadak. Halakoetan kamileroek plast! lurrera botatzen ninuten nere kamila eta guzti, eta berak ere gurdibidearen txokoan etzaten ziran, granadak jotzeko beldurrez.

      Gero berriz ere hartu eta segi egiten zuten, beheko kamiora iritsi ginan arte.

      Hemen egon ginan anbulantziko kotxe bat etorri arte. Kamio hontan bazegoan soldadu mordo bat, eta haben artean nere lagun oiartzuar bat, beste konpaini bateko arrantxeroa. Ni hala erituta ikusi ninunean, harriturik galdetu zidan:

      —Zer egin ditek, motel?

      —Oinak elbarritu zizkidatek eta zutik ezin nauk egon.

      Eta gizarajoak, nitzaz urrikaldurik, esan zidan:

      —Zerbait jateko gogoa bai al daukak? Bazeuzkat lukainka, urdaiazpiko, arrautzak, haragia, kafea, koinak eta danetik.

      Bainan nik beti gauza bat eskatzen nuan. Ura. Nere erantzuna hauxen izan zan:

      —Emaidak mesedez ura!

      Eta halaxen ekarri zidan botila batean ur fresko ederra eta gustora asko edan nuan; huraxen bakarra baitzan une hartan nere gorputzak eskatzen zuana.

 

Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964