Neronek tirako nizkin
VIII
Ni ez naiz oroitzen gauza hontaz, baina nere anai zaharragoek esan didatenez, gure aita zana ere bertsotan aritzen omen zan gaxotu baino lehenago, eta neri ere oso gazterik sortu zitzaidan bertso-zaletasuna. Mutil koxkorra nintzala, nere lana behiak larrean zaitzea izaten zan, eta gehienean poltxikoan izaten nuan bertso-paper zahar edo berriren bat, eta hantxen jarduten nintzan kantari, udaberrian txoriak baino alaiago; eta bertso on xamarrak edo nere gustokoak baldin baziran, azkar ikasten nituan memoriz. Garai hartan nik ezagutzen nuan bertsolaririk honentxoena, gure Txirrita haundia zan, eta berak plazan kantatzen zituan bertsoak eta paperean jartzen zituanak izaten ziran nere gogozkoak. Garai hartan ni igandeetan Errenterira joaten nintzan meza entzutera, eta, mezetatik ateratzen ginanerako, eleiz aurrean han egoten zan gizon bat bertso-paperak saltzen. Igandero ateratzen zan hiru orriko bertso-paper bat, Bertsolaria zeritzana, dana bertso zahar eta berriakin beteta, bere prezioa hamabost zentimo zuana. Nere kutizi guztia bertso-paper haiek erostea izaten zan, behi kontu nebilen garaiean kantatzeko edo ikasteko. Garai hartan ere, gure herrietan festak ziranean, izaten ziran bertsolariak, eta joateko modurik izaten baldin banuan, han joango nintzan nahiz urruti xamar izan, eta bai gustora asko entzun ere. Neroni gutxitan jardun izan naiz plazan bertsoak kantatzen. Naiago izan det paperean jarri, eta baditut bertso banaka batzuk gauza baten edo bestearen gainean jarriak, eta inprentatuak ere. Nik hamazazpi urte nituala, Donostiko Kursaalean egin zan bertsolari txapelketa bat. Hartarako lehendabizi Donosti inguruko herrietan aukeratzen zituzten bertsolaririk honentxoenak, beren bertso saioak egin ondoren. Txapelketa hartako zuzendariak egun batez Aieteko bailarara etorri ziran, eta, hemengo bertsolari zaharrak eta gazteak bildu eta alkar probatu ondoren, Kursaalera joateko gelditu ginan: zaharretatik Aranburuko Martin Etxeberria eta Beraberako Nikolas Sorozabal, eta gazteetatik Oriamendiko Jose Leon eta ni. Esan bezela, txapelketa egun hartan bildu ginan Kursaalera, eta hango zuzendariak esan zidan, Jose Leon etortzen bazan, guk biok kantatu behar genduala lehendabizi, baina, ez bazan etortzen, ezin kantatuko nuala bakarrik. Eta nola ez zan azaldu, ez nuan kantatu. Bainan esan zidaten, txapelketa bukatzen zanean, joateko beste bertsolariekin batera bazkaltzera, eta han joan ginan agintari, zuzendari eta bertsolari danak ostatu eder batera; han agindu zidaten neri ere kantatzeko, eta beste bertsolariai bezela eman zidaten saria; eta, egun zoragarri bat pasatu ondoren, eman zitzaion bukaera egun hartako bertsolari festari. Egun hartan Basarri gelditu zan txapeldun. Garai hartako bertsolari zaharrak bazuten Donostian txoko polit bat, oso maite izaten zutena: kale Eason —gaur Victor Pradera— Bar Manolo. Donosti aldera etortzen ziran bertsolariak, ostatu hontara biltzen ziran; Txirrita baitzan honera maiz xamar etortzen zana, eta nik uste det danak haren arrastoan ibiltzen zirala. Gainera, bertako nagusia Manuel ere bertsozale porrokatua baitzan. Egun hartan, guk bazkaldu genduan ostatuan, bertsolariak irtenda gero, inguratu zitzaidan nere lagun bat, Patxi Lazkano, Altzako Otxoki baserrikoa, eta bera ere bertsolaria, ni baino gaztexeagoa. Ez zekian nonbait ongi Donostiko berri eta neri galdetu zidan: —Aizak, hik bai al dakik bertsolariak non egiten duten bilera? —Jakingo ez diat ba? Ia, etorri hadi nerekin. Berehala erakutsiko diat. Hala, etorri ginan Manuelen ostatura, eta han zeuden bertsolari gehienak, Txirrita beren maixu haundiarekin, batzuk mahaiean eserita eta beste batzuk zutik. Gu sartu ginanean, ez zan inor ari bertsotan; danak isilik zeuden. Txirrita, berriz, bakar-bakarrik mahai txiki batean meriendatzen ari zan, kaxuelkada bat tripaki eta botila bat ardo bere aurrean zituala. Eta inola hortzik ez zeukan eta tripakiak ere zail xamarrak zeuden, ahoan ibili eta maipera botatzen zituan. Han bazebilen txakur txuri txiki bat eta harentzat ez zetozten gaizki. Hontan nere lagun Patxik esan zidan: —Bertso bat botako niokek bai oraintxen Txirritari! —Bota hakiok ba, motel! —Lotsatu egiten nak! —Hi lotsatu egiten baldin bahaiz, neronek botako zioat ba! Halaxen, aulki bat hartuta, jarri nintzan Txirritaren mahai hartan, eta esan nion: —Jainkoak gabon dizula, Txirrita. On egin dizula! —Igualmente, gazte; eskerrik asko. Eta hontan kantatu nion nik bertso bat; ez naiz hartaz ondo oroitzen, bainan holako zerbait zan:
Ederki kosta zaizu, Txirrita, kaxuelka hori jatea, tripaki puska pranko badezu mahaipe hontara botea, txakur honek gaur zure kontura egin duan banketea! Honentzat ez da gaizki etorri zuk hortzik ez izatea.
Hori aditu zuanean, bultza zion Txirritak kaxuelari —ordurako gehiena hustuta zeukan—, trago bat edan da berehala bertsotan hasi zan, holako zerbait kantatuaz:
Txakur txar honek antzeman dit nik hortzik ez daukatena, berehalaxen bilatutzen du neri sobratzen zaitena; kaxuelka bat tripaki banun eta berak jan dit gehiena, gero kontua pagatzeko ni, horrek ematen dit pena.
Orduan ekin zion beste bertsolari batek, esanaz parrandan gastatzen zituan diruekin ez zeukala hortza berriak jarri ezinik, eta orduan errezago jango zituala tripakiak txakurrari eman gabe. Kursaalean ederrak kantatu ziran, bainan han kantatu ziranak ez ziran batere txarragoak. Gu gauean, amarrak aldean, atera ginan etxe aldera, eta artean ere han gelditu ziran danak zeinek baino zeinek bertso ederragoak kantatuaz. Zeru txiki baten antza ematen nion nik Manuelen ostatuari egun hartan. Bazirudian aingeru talde bat ari zala kantari, triste zeudenak alaitu nahiean. Izan ere, horrelako egunak gogoangarriak izaten baitira Euskalerrian, batez ere euskal oitura onak maite ditugunentzat.
Neronek tirako nizkin |