Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964

 

 

XVII

 

      Gu joan baino lehenago, Villarrealko herrian eta bere inguruko mendietan borrokaldi haundiak izan ziran. Gero pasatu zuten denbora puska bat isiltasunean, tirorik egin gabe nahiz alde batetik eta nahiz bestetik.

      Bainan udaberri aldera ekin zioten gureek, berriro sua piztuta. Goizean hasi eta egun guztian iraun zuan erasoak. Tiroteo beldurgarri baten hotsa besterik ez zan entzuten. Hango kainoi, mortero, ametrailadora, mosketoi, fusil, tanke, automobil blindatu, esku-bonba eta abiazio!

      Gu gelditu ginan Villarrealko inguruko mendi txoko batean. Jarri ziran gure ondoan errenkadan siete y medio-ko zazpi edo zortzi kainoi. Agintariak agindua eman zuanean, goizeko hamarrak aldean, hasi ziran habek tiroka Albertia inguruko mendietara, bazter guztiak puskatzen.

      Gu, infanteriko soldaduak, geldirik egon ginan haiek jardun ziran arte.

      Kainoi bakoitzak sei bat artilero izaten zituan: bat tiratzeko; tiro bakoitzean kanoia atzera etortzen zan eta hura aurreratzeko bi soldadu kurpila banatan; tiroa tiratzean kanoiari trapua pasatzeko, beste soldadu bat; eta granadak batek pilatik hartu eta beste bati ematen, eta honek kanoiari sartu.

      Lan habek danak oso segundo gutxian egiten zituzten, eta horrelaxen jardun ziran denbora puska batean.

      Habek isildu ziranean, agintariak agindu zigun infanteriko soldaduai, inguru hartako mendietara zabaldu behar genduala eta, bazterrak ondo miatuaz, Albertia gainera igo behar zala.

      Guri mendiaren beheko hegal aldetik tokatu zitzaigun pasatzea Villarreal aldera. Beste batailoi bat izan zan Albertia gailurrera igo zana. Batailoi hontako soldaduak esan zutenez, han arkitu omen zuten etxe moduko txabola haundi bat, eta bere barrenean egosten zeuden garbantzuak, kainonazoak jota aidean boteak omen zeuden.

      Bai omen zegoan bertan neskatxa gazte bat hilda, eta beste bat berriz kainonazoak iztarra moztuta, bainan artean bizirik. Hartu anbulantziko kotxe batean eta Bitoriko ospitalera ekarri omen zuten.

      Horrelaxen, batere tirorik egin gabe, hartu ziran Albertia eta bere inguruko beste mendi asko.

      Villarrealko frente hontan borroka gogorrak izan ziran alde batetik eta bestetik gu hara heldu baino lehen, eta gizon asko galdu zan nola hilak hala zaurituak.

      Egunez ez omen zan izaten trintxeratik ateratzerik. Ezta pentsatu ere! Kontrarioak gertu xamar izaten baitziran, eta ikusten zuten guztia tira eta bota egiten zuten. Gauean ibili behar izaten zan.

      Erreleboa egiteko ere, isil-isilik batere hitzik egin gabe eta ahal zan hanka soinurik gutxiena ateratzen zala ibili behar omen zan. Ez zan izaten argia piztutzeko baimenik; ezta zigarroa erretzeko ere.

      Noizbait bukatu zan frente hontako sua, eta gureek Bizkai aldera jarraitu zuten. Gure konpainia, ordea, Villarrealen gelditu zan.

      Inguru hartan bazegoan lan puska bat lur gainean denbora luzean zeuden gizon pilak lur azpira sartzen. Danak gure kontrarioetakoak ziran.

      Gehienak trintxera moduko pendiza edo lubaki luze baten txokonean zeuden. Bainan handik kanpora ere baziran, eta larrean ere bazeuden han eta hemen tarteka nahikoak.

      Ematen zuan fusilakin edo ametrailadorakin jota boteak zirala; ez baitzeuden puskatuak, oso-osorik baizik.

     Gure agintariek esan ziguten gorputz habei danai lurra eman behar zitzaiela, eta han hasi ginan al genduan modurik onenean hildako habek estaltzen. Beren azpiko aldean egiten genduan zulo bat, eta aitzurrarekin heldu eta buelta ematen genioten, eta gero lur pixka batekin doi-doi estali.

      Baziran beren oinak ondo tapatu gabe bistan gelditzen zitzaizkiotenak ere; hainbeste eta hainbeste izanik ez baitzegoan danak ondo tapatzeko denborarik, guk ere aurrera Bizkai aldera jarraitu behar genduan eta.

      Egia esan, lantegi nazkagarria zan benetan hura. Egun asko ziran gizon haiek lurrean hilda zeudela, eta usai gaiztoa botatzen zuten, batez ere beren ondoan zulo puska bat egin eta aitzurrarekin buelta ematean.

      Egunero txandan jarduten ginan lan hontan. Bainan baziran gure lagunetan etxe oneko mutilak, diruz ondo arkitzen ziranak. eta habek, hildakoai lur emateko beren txanda etortzen zitzaiotenean, dirua ematen zuten lan hontan ez jardutzeagatik.

      Guk ez genduan dirurik izaten, eta hantxen jardun ginan makina bat egunetan hildako danai lurra eman arte.

      Lan hartan ari ginala, makina bati begiratu nion ea nere anaia ote zan. Gertatzen ginan leku guztietan egiten nuan hori. Gure kontrarioren bat ikusten banuan hilda lurrean zegoala, joaten nintzan bere ondora, nere modu esanaz:

      —Horretxek gure Kaximiroren antza badik! Bera ote dek?

      Eta ahuspez baldin bazegoan, heldu eta buelta ematen nion; eta ikusirik bera ez zala, beste batengana joaten nintzan, eta nere modu esaten nuan:

      —Hau ere ez dek ba!

      Horrelaxen makina bat hildakoari buelta eman nien. Gero jakin nuanez, gure anaia ere horrelaxen ibili omen zan, pentsaturik gu ere soldadu izango ginala noski beste aldetik.

      Nere lagunak galdetzen zidaten:

      —Bainan, zer ari haiz horrela?

      Eta nik erantzuten nien:

      —Nik badiat anai bat euzkotar horiekin dabilena, eta begiratzen diat ea hilda dauden horietakoren bat ote dan. Ez diat behintzat oraindik arkitu. Jaungoikoak ez dezala nahi, bainan ez hukek harritzekoa izango holakorik gertatuko balitz ere, gu gabiltzan bezela gerra bizian ibilita. Hauxen izango hukek munduan izan leiken gauzarik tristeena, sekulan ezer izan ez degun anaiak alkarri tiroka batak bestea hiltzea!

      Gero, gure konpaini honek ere, herri hontako lanak egin ziranean, Bizkai aldera jarraitu zuan.

 

Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964