Neronek tirako nizkin
XXII
Gure agintariek esan ziguten bazegoala beste herri bat Yurre izena zuana, gure kontrarioen mende zegoana, eta huraxen hartu behar genduala. Agintariek erabaki zuten gure konpainia zala herri hori hartu behar zuana. Eta hala erten ginan gu Yurre aldera. Pinutegi haundi batzuetan barrena ginjoazen. Orta, gure kantore bikain hura, bidean kantari zihoan gizarajoa, eta kapitanak esan zion: —Oye, Orta, está bien que vayamos de buen humor, y lo mismo que a tus compañeros me encantan también a mí tus canciones, pero por si acaso más vale que vayamos callandito sin que nos sienta el enemigo. Eta horrelaxen isildu zan betiko. Kapitanarekin gu hamabost edo hogei bat euskaldun ginan aurren xamar ginjoazenak Maiatzaren hogeita laua zan, eta bero ikaragarria gainera. Bide erdian bezela, arkitu genduan hirurogeita zortzi edo hamar bat urte zituan gizon zahar bat, euskaldun bizkaitarra, handikan honera bidez bide zetorrena. Kapitanak zenbat eta zer jende zegoan jakin nahi zuan, eta hasi zitzaion zer edo zer galdetzen. Bainan aitona zahar harek ez zekien erderaz mintzatzen, eta gure kapitanak ere ez euskeraz, eta hola esan zigun orduan: —¡A éste no se le entiende nada! ¡A ver si hay algún vasco que pueda hablar con este señor! Orduan guk galdetu genion: —Zer degu, aitona? Nora zoaz? Eta erantzun zigun: —Honera, zuengana! Hor ez dago bizitzerik! Hor ez dago bizitzerik! —Zer ba? —Zer ba? Beste askori bezela, neri ere ostu dizkidate etxean nituan behiak, txahalak, oiloak eta gauza guztiak! Aspertu naiz jende horrekin bizitzen eta zuengana nator! Kapitanak esan zigun galdetzeko ia Yurre herri hartan jende asko zegoan, eta gizon zahar harek erantzun zigun: —Ez dago inor herri hortan! Alde egin dute danek, beren kainoi eta gerrarako tresna guztiak hartuta beste mendiaren atzera! Pake ederra utzi dute! Aitona zahar harek ernegatuta bezela erantzuten zuan, bainan hala ere gure kapitanak ez zituan sinisten harek esandako gauza guztiak, eta ez zuan arrazoiaren paltarik. Guri esan zigun gerra denboran tranpa asko izaten zala, eta galdetzeko berriro: —Hay que preguntarle de nuevo. Hala, berriz aiton horri galdetu genion: —Aizu, aitona, ea egia dan zuk esaten dezuna, hor ez dagoala inor herri hortan. —Horixe! Ez zerate piatzen? Ez zerate piatzen? Neu joango naz aurretik! Ez bazerate piatzen nik esandakoakin eta herri hortara bazoazte, neroni jarriko naz zuen aurretik, eta erakutsi eta lagunduko dizuet! Kapitanari esan genion, eta harek: —¡Muy bien! ¡Que se ponga! Ez zitzaion gaizki iruditu gizon hori gure aurretik jartzea. Esan zigun horrelaxen joango ginala ederki, gizon harek jakingo zuala hango berri, eta beti ere mesede egingo zigula. Horrelaxen joan ginan bide guztian: gizon zahar hori gu baino hamar bat metro aurrerago zala, eta gu fusila bizkarrean konfiantza osoan. Bainan baserri bat zegoan herrira iritsi baino pixka bat lehentxeago. Hemen nabaritu genduan ehiza zakur bat zaunkaz ari zala. Ateak eta leihoak itxita zeuden, eta nik esan nien nere lagunai: —Mutilak, sinale txarra dek hau! Hemen ez dagoala inor, e? Zakur honen nagusia etxe hontatik joan izan balitz, ehiztariak hain maite izaten duan bere txakurra, ez zuan etxe barruan ahaztuta utziko! Herri guzia isil-isilik zegoan, eta, herrian sartzen hasi ginan momentuan, aiton hori rau!, ezkutatu egin zitzaigun herriaren barreran zegoan etxe batean. Eta hura ezkutatu zanean, zabaldu ziran herri guztiko leiho zuloak, eta danak fusilakin eta ametrailadorakin ikusi genituan. «Oraintxe egin diagu lan ederra!», esan genduan. Ekin zioten alde guztietatik gure kontra tiroka. Balazoak kazkabarra bezela zetozten. Gu danak bistan ginan, eta bakoitzak ahal zuan tokira ezkutatzen hasi ginan. Maiatzaren bukaera zan eta herri honek bazeukan bere inguruan gari sal haundi bat, eta gure soldadu lagun asko eta asko gari tarte hontara sartu ziran, kontrarioak ez ikustearren. Bainan habek ederki ikusten zuten gari sail hura nola ari zan jendez betetzen, eta halako batean hasi ziran ametrailadorakin tiroka. Gari guztia segarekin bezelaxen moztu zuten. Eta hantxen gelditu ziran nere lagun asko hilda. Bertan egon behar izan zuten hogeita bi egunean, ez gure aldekoak eta ez bestekoak hartzerik izan ez zalako. Batzuk herri inguruan zabaldu ziran, eta beste batzuk berriz etxe baten atzean gorde ginan. Batzuek esaten zuten: —Hemen gaizki gaudek, eta atera egin behar diagu hemendik! Bainan behin handik atera ezkero, ez zegoan ezeren babesik, dana garbi baitzegoan; eta ateratzen ziran danak, han hil edo eritzen ziran. Eta jakina: haiek ala ikusi eta besteak bertan gelditu ginan. Bainan gure sarjentua ere han zegoan, eta hala esan zigun bere pistola haundia erakutsiaz: —¡Hala, muchachos! ¡Hay que salir de aquí en seguida a luchar! Hala, pentsaturik hantxen izango zala nere azken ordua, Jaungoikoari otoitz egiten hasi nintzan: —Jesus, Jesus! Lagun zaiguzu ordu larri hontan! Hori esanaz atera nintzan ni handik. Ikusi nuan etxetik hamabost bat metrora nola zegoan aran arbol zahar bat, eta harentxen ipurdian gorde nuan nere burua. Burua maite, noski! Nik tiro bat tira nuan, ez dakit nora, bainan oinak nonbait bistan gelditu ziran, eta berehalaxen eman zidaten tak! oin batean. Begira jarri nintzan, eta tak! bestean. Tiro batekin, nola baitzan bala explosiva izenekoa, ezkerreko oinaren erdia puskatu eta zintzilik utzi zidaten: beste tiroarekin eskubiko zankoan ebaki edo zauri luze bat egin zidaten. Segituan abiatu nintzan ipurdiaren gainean, arrastaka-arrastaka eta fusilaren arrimuan, odol arrasto haundia lurrean egiten nuala. Ez dakit bitartean zenbat bala sartuko zan nere inguruan. Arropa guztiak lurrez bete zizkidaten behintzat. Milagrua dala dirudi, bainan nonbait Jaungoikoak ez nahi, eta ez ninuten gehiago jo. Eta deadarra egiten nuan esanaz: —Ez al dago inor ni hemendik aterako naunik? Ez al dago inor ni hemendik aterako naunik? Deadarra euskeraz egiten nuan. Orduan ez nintzan oroitzen erdera zanik ere, eta kapitanak oju haundi bat egin zien kamileroai, esanaz: —¡A ver, ese muchacho está muy mal y llevadlo ahí arriba! Etorri ziran korrika Orla kantorea eta Agorreta zeritzaion beste bat. Hartu eta jarri ninuten kamilan. Bainan altxatzen hasi ziranean, haietako bat, Orta, jo zuan bala batek kopetean eta bertan gelditu zan hilda, ai! bat ere esan gabe. Agorretak, hori ikusi zuanean, azkar alde egin zuan korrika ahal zuan tokira, ni bertan utzita. Neri beldurrik haundiena ematen zidan kontrarioak ari zirala etxeetatik ateratzen, eta pentsatzen nuan habek harrapatzen baninuten bizia ere kenduko zidatela. Berriro ere deadar egiten nuan: —Ez al zerate hor inor ni aterako nazutenik? Hontan etorri zan korrika sarjentu bat, ondarrutarra, mutil haundi bat, eta esan zidan: —Zer egin ditek, Salaberria? —Ez naizela gauza ibiltzeko eta hemen dirala! —Nik eramango haut! Hartu ninun bizkarrean eta abiatu zan. Pinutegira iritsi bitartean, atzetik tira eta tira aritu zitzaizkiguten, bainan ez ginuzten jo. Nik odol isuri haundia neukan nere zaurietatik eta bere arropak nere odolarekin zikindu nizkion, bainan ez zan hasarretzen, eta berari zor diot bizia.
Neronek tirako nizkin |