Neronek tirako nizkin
XXVI
Pamplonara etorri eta handik denbora puska batera, egun batez pozez txoraturik zebiltzala ikusten ginun ospitaleko medikuak, pratikanteak, monjak eta gainerako danak. Nik galdetu nion salako monjari: —¿Qué pasa, hermana? Veo que estan todos muy contentos. —¿No te has enterado aun, soldadito? Pues estamos de enhorabuena. Las tropas nacionales han tomado ya Bilbao. Lehendik ere bagendakigun, radioak esanaz, Bilbao inguruan zebiltzala gure soldaduak. bainan nere barrenak eman zidan buelta ederra hori entzun nuanean. Radioak eta periodikoak esaten zuten prisionero asko egin zutela Bilbao-n sartu ziranean, eta pentsatzen nuan gure Kaximiro hantxen harrapatuko zutela, eta beharbada hil ere egingo zutela, eta beti gauza horrekin pentsatzen egoten nintzan. Eta egun batez, gutxiena pentsatzen nuan garaiean, nere ohearen gainean exerita zerbait irakurtzen negoala, han ikusten det atean gizaseme bat sartzen dala. Jartzen naiz berari begira, eta zein izango, eta Kaximiro!... Berak ere berehala ezagutu ninun, eta etorri eta heldu zidan lepotik. Hasi ginan biok negarrez, eta alkarri zer esan asmatu ezin genduala egon ginan pixka batean, arpegiak pareta baino zuriago eginda pozaren pozez. Gero noizbait hasi ginan hizketan, eta galdetu zidan: —Ze erida klase dituk? —Ara, motel, gerrak zer aurrerapen ditun. Tiro batekin eskubiko zankoan zauri luze bat egin zidateken, eta beste tiroakin berriz ezkerreko oina puskatu eta zintzilik utzi, eta orain moztuta zeukat. Berriro galdetu zidan: —Nun eritu inuten? Eta nik erantzun nion: —Yurre izena duan herri batean. —Yurren? Zein egunetan? —Maiatzaren 24an eguerdiko ordubata inguruan. Eta gizarajoak, negar samina eginez, bizkarretik heldu eta erantzun zidan: —Orduan hire oin horiek jo zituzten balak neronek tireak izango dituk! —Herorrek tireak? Zer ba? —Bai, neronek tireak! Atake hartan ni ere han ninuan! Eta, lepotik helduta, bere begietako malko saminarekin nere arpegia bustitzen zuan. Nik esaten nion: —Zer egingo diagu ba, motel? Jaungoikoak hala nahi eta honek holaxen beharko ziken. Ez zak pentsa gauza honengatik nik hireganako gorrotorik daukatenik. Badakik gu beti alkar maiteak izan gerala eta gaur ez lehen baino gutxiago. Bainan harek berriz ere esaten zuan: —Bai, bainan neronek tireak izango dituk! Eta nik: —Ez zak negarrik egin, motel! Nik ez zeukat hiretzako eta inorentzako inkurriorik! Bazekiagu gorrotoagatik ez gerala ibili alkarren kontra! Harek, ordea, beti gauza bera esaten zuan: —Neronek tireak izango dituk! Eta nik esaten nion: —Zer egitea nahi dek ba? Hau hola etorri dek! Hau hola etorri dek eta hola hartu behar! Hola jardun ginan denbora puska batean. Gero esan nion: —Poz haundia hartzen diat hi nere aurrean ikusita. Hila izango haizela ere pentsatu baitiat behin baino gehiagotan, eta ez hukek pentsatuko nere bihotzak zer lasaitasun daukan hi bizirik hemen ikustearekin. Mendi alde horietan gerran ibili geranean ere, borrokaldia bukatzen zanean, makina bat gudari hilda lurrean etzanda zeudenai heldu eta buelta eman izan diot, hi haizela irudituta. Eta esan zidan: —Bai, neronek ere hori bera egin izan diat makina bat aldiz, zuetako bat ote zan beldurrarekin. Gero galdetu nion: —Eta hi, non barrena ibili haiz gerra denbora hortan? —Neri, naparrak Donosti hartu zutenean, nere lagun batzuek esan zidateken euzkotarrekin joan behar genduala Bilbao aldera, eta halaxen joan ginun. Geroztik hor ibili gaituk Bizkai alde hortan. Borrokaldi gogorrak jo dizkiagu, bainan beti gu atzera, harik eta Bilbao galdu genduan arte. Eta beste asko bezelaxen, ni ere hantxen prisionero egin netxioteken, eta handik, prisionero talde haundi bat hartu eta danok Zaragozako campo de concentracion batera eraman ginuzteken. Ni hara joanda, berehala pentsatu niken: «Nire lantegiko nagusiari, D. Antonio Mendizabali, eskribitu behar zioat karta bat, esanaz nola preso arkitzen naizen Zaragozan, eta ea berak zerbait egingo luken neregatik». Egin netxioken karta hori, eta berehalaxen bere kotxearekin joan huan Zaragozara, eta ekarri netxioken etxera Donostira. Eta jakin dedanean hi erituta Pamplonako ospitalean hagoela, berehalaxen etorri nauk hi bisitatzera. Eta, zer moduz hago orain? Minik bai al daukak? —Orain ez; operatu berrian bai, izan nizkian oinaze galantak, bainan orain ez zeukat behintzat minik. Oina falta detala, horixe. —Bai, hori ni naizela merio moztua izango dek hik! Eta berriz ere negar egiten zuan, eta nik esaten nion gauza hori burutik kentzearren: —Zer egingo diagu ba, motel? Bizi gaituk behintzat oraindik, eta makina bat badituk betiko beren oinak hoztuta gelditu diranak mendi alde horietan. Gu ere keja gaituk, bainan haien etxeetan ere zerbait esango ditek. Makina bat guraso egongo dituk baztarretan negarrez, «Hortarako hazi al ditugu gure haurrak, beren sasoirik ederrenean hiltzeko?» esanaz. Bainan ondo pentsatzen jartzen bagera, konformatu beharra zeukagu, gerrak holakoxe nahigabeak eta ezbeharrak ekartzen baitizkik familietara. Jaungoikoak ez dezala ni bizi naizen arte gehiago gerrik sortu, eta gero ere ez nere partetik! Horrelaxen, itzaldi luze bat alkarrekin egin ondoren, agurtu zan bere begiak painueluarekin lehortuaz, eta etorri zan Pamplonatik etxera Donostira.
Neronek tirako nizkin |