Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964

 

 

XIII

 

      Pamplonan izan nituan soldadu-lagun jator asko, euskaldunak, eta erdeldunak ere bai. Euskaldunetan baziran Donosti, Andoain, Tolosa, Beasain, Zumaia, Bidania eta Eskoriazakoak.

      Askotan ibiltzen ginan danok alkarrekin, anaiak bagina bezela. Pamplonan ardo onak izaten ziran, eta, baxoerdi batzuk edanez, alkarri esaten genion:

      —Orain hemen ederki gabiltzak, baina aurki joan beharko diagu guk ere gerrara, beste asko joan diran bezela, eta orduan ahaztuko dituk Pamplonako baxoerdiak eta hemen alkarrekin pasatzen ditugun ordu atsegin habek.

      Batek esaten zuan:

      —Zer ikusi behar ote degu? Mutilak, gerra gauza tristea izango dek!

      Eta besteak:

      —Sasoirik onenean hil behar ote degu ba?

      Eta beste batek:

      —Gure familia gogoratzen zaidak. Gure aita eta ama han egongo dituk negarrez, ni nola ote nabilen pentsaturik.

      Eta beste batek berriz:

      —Nere andregaia ere triste egongo dek, gajoa! Soldadu etorri nintzanean, alkarri musu bana emanda agurtu ginan, eta han gelditu ukan negarrez, Ģikusi arteģ esanaz.

      Nik esaten nien:

      —Jaungoikoak nahi duana izan dedila. Bizirik etxera etortzeko modua egin dezagula behintzat, komeni bada.

      Frentean ere izan nituan lagun jatorrak, bainan gehienean erdeldunekin ibiltzen nintzan. Gure eskuadran ere ni bakarrik nintzan euskalduna: napar-erdeldunak, cacereinoak, gailegoak eta horrelakoak nituan.

      Kuarteleko lagun gehienak beste konpainietara tokatu ziran, eta noizik behin alkar ikusten genduan, bainan gutxitan; eta, ikusten ginanean, alkarri esaten genion:

      —Oraindik ere, Jaungoikoari eskerrak, bizi gaituk, mutilak!

      —Bai, hilak ere badituk ba makina bat! Guk behintzat bizirik etxera joateko modua izango bagendu!...

      —Ez zekit ba, moteil! Beldur nauk, hemen gizonak errez hiltzen dituk, eta gerra honek ez zeukak bukatzeko itxurarik.

      —Zer egingo diagu ba? Aingeru Guardakoak zaitu gaitzala ordu guzietan!

 

Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964