Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964

 

 

IV

 

      Gabiria baserria nahiz Lezoko partean egon, Errenteritik gertuago dago: mila eta bostehun metro ipar aldera. Terreno menditsu baten gain-gainean dago, toki zelaiean egina, eguzkiak eta haizeak ondo jotzen dutela. Entzun izan dedanez, Lezoko baserririk haundiena da.

      Papelera Espainola eta Papelera Oarsoren tartetik dago bertarako bidea, aldapatsua eta neke haundikoa garai hartan behintzat.

      Baserri hau etxe zahar zabal baju xamar bat zan, gaur berritu eta haundiago eginda dagoan arren.

      Etxe honek terreno asko zuan, eta bere inguruan golde-lur asko zituan zelaiak, artasoro, alpapa eta gainerako labore gauzak egiten ziranak; eta beste terreno batzuk, berriz, aldapatsuak. Belaze asko eta onak zituan; sagasti haundiak eta onak, gehienak eguzki aldetik; gerezi, udare, aran, intxaur eta horrelako fruta ere asko zuan.

      Ganadua ere asko edukitzen zuten: behi, txal, asto, oilo, koneju, uso eta abar. Etxe atarian han ibiltzen ziran ehiza txakur bi edo hiru, eta beste kate txakur bat edo bi ere bai, inor kanpokorik zetorrenean adierazteko.

      Etxean behar zan ura, Errenteriko Aiuntamentuaren tuberitik hartua zan, erreka urruti xamar zualako.

      Baserri hontan bizi ziran senar-emazteak lau seme eta alaba batekin. Seme zaharrena kanpoan ibiltzen zan lanean, egur almazen batean txofer kamioi batekin, eta gainerakoak etxean lanean.

      Etxeko nagusia gizon begi-txiki antzeko mozkote sendo bat zan, berrogeita hamabost urte zituana; Jose Agirre bere izena. Serio xamarra zan, broma gutxi zuana; oso langilea, beti lanarekin borrokan ibiltzen zana.

      Birigarrua zuan bere izengoitia, eta ni ere gaiztoa izan, eta gerezi denboran arbolara igotzen nintzan eta birigarroaren txistua jotzen nuan, eta gizarajoa hasarretu egiten zan, esanez:

      —Orain ere neri burlaka ari al haiz, kaskabeltz arraioa?

      Mezetara edo norabait joan behar zuanean, bere jazkera hau izaten zan: alkandora barratu bat, galtza urdinak, bota beltzak, eta blusa ere beltza; txapela teilatu gisa jartzen zuan, aurrean muturra luxe-luxea eta bi aldeetara iraulia.

      Esan bezela, ganadu asko izaten zan, eta bagenduan lana! Makina bat ernegazio pasata nago. Behi-kontu jartzen ninuten askotan eta han ibiltzen nintzan larri, korrika zazpi edo zortzi behien atzetik, okerrera joan ez zitezen.

      Etxean gelditzen ziran beste behi bat edo bi eta zortzi bat txahal, txerri, asto, oilo, koneju eta abar. Haientzat danentzat jatekoa ekartzen izaten genduan lanik asko, eta beste lan pranko ere izaten ginun egin beharrak. Artosail haundiak egiten ziran, eta belar eta zakar metak ere asko egiten ginun.

      Komunio haundia ere baserri hortan nintzala egin nuan, hamairu bat urte nituala. Eta neri kosta zitzaidan dotrina ikasten! Egunez ez nuan izaten denborarik, eta gauean jardun behar izaten nuan, gainerako lanak egindakoan, besteak ohera joaten ziranean.

      Etxe hartako neskak bazituan hogeita lau bat urte. Oso seria zan, eta harek erakusten zidan dotrina. Makina bat kaskarreko hartuta nago berak emanda. Goizean goiz jeikitzen ginan, eta oso nekaturik egoten nintzan eguna lanean pasata. Nik lo hartzen nuan nere dotrina eskuetan nuala, eta harek zapla! matrailean edo buruan, eta lezioa ikasi arte ez zidan uzten ohera joaten. Ez det uste nere amak ere hain gogor hartuko ninunik. Holakoetan gogoratzen da bat, zeinen gauza tristea dan gazterik guraso gabe gelditzea.

      Senideak alkarrekin biltzen ginanean, batez ere gure anai Kaximiro zanak, nola baitzan gu baino zaharragoa, asko bizkortzen ginun konseju onak emanez. Esaten zigun, urteetan aurrera goazen bezela, hasi behar genduala zerbait soldata irabazten, eta gu morroi geunden baserrian ez baziguten bere neurrian soldata ematen, beste baserri batera aldatu beharko genduala, eta baserri askotako nagusiak parra egiten zekitela gurasorik gabe gelditzen dan umearen bizkar, esanez: «Hik nere mendean bizi behar dek, nik agintzen ditena eginez».

      Eta neri nagusi harek ez zidan behinere txanpon bat ere ematen. Jai eta aste beti lanean; igandeetan meza entzun eta korrika etxera. Izaten zan zer egina eta beti lanean, Ameriketako artzaien moduan behinere jairik egin gabe; eta nik banituan hamasei edo hamazazpi bat urte, eta egun batez esan nion, ni ez nintzala beti debalde lanean ariko eta zerbait ordaindu beharko zidala.

      Eta beti esaten zidan:

      —Bai, motel, datorren hil hortatik hasiko gaituk zer edo zer ordaintzen.

      Bainan, hilabete asko pasa arren, nola ez zidan zentimorik ematen, nik pentsatu nuan etxe hartatik norabait alde egin behar nuala, eta halaxen atera nintzan.

 

Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964