Neronek tirako nizkin
XV
Goardiak ere egiten ginun txandaka Ciudadela deritzaion toki batean. Bertan zegoan kartzela bat, eta hemen ere goardia egin izan nuan behin baino gehiagotan, eta kartzela hontan bazeuden militar agintari gizon ospetsu batzuk preso. Habetako bat jenerala zan. Preso zeuden gizon habek egunero ateratzen zituzten, banaka-banaka txandan, kartzelak bere inguruan zeukan plaza batera. Hemen ibiltzen ziran ordu laurden batean haruntz eta honuntz, eta jeneral ura ere bai, bere txanda zanean. Ateratzen zanean, beti ekartzen zuan poltxikoan ogi pusketa bat, eta txoriak zituan bere gogozko lagunak, eta habei ogi apurrak emanez pasatzen zuan denborarik gehiena. Plaza irekia inola baitzan, honek zeukan jira guztian, zezen plazaren gisan, itxitura bat harriakin egina, lurretik oin bete ingurukoa. Gure agintari militarrak esaten ziguten, preso habetako bat ateratzen bazan itxitura hontatik kanpora, azkar esateko hiru bider sartzeko barrura, eta, ez baziran sartzen, tiroa tira eta bertan hiltzeko. Baziran ateratzen ziranak, eta guk, guardian geundenak, esaten genien: —¡Haga Vd. el favor de entrar al centro! Eta azkar sartzen ziran. Jeneral hura ere ateratzen zan, eta, guk esatean, azkar sartzen zan, eta nik orduan pentsatzen nuan nere modu esanez: —Hementxen zegok etxe askotan gertatu izan ohi dana! Zenbait etxetan aita semearen agindupean bezela, jeneral agintari hura, gizon ospetsua izan arren, soldaduen mendean baitzegoan. Gauza penagarria benetan! Eta kartzela hontan gau batez goardian negoala, gaxotu egin nintzan. Paperak izeneko gaitza izan nuan, eta Alfonso Carlos zeritzaion ospitalera eraman ninuten. Ospital hontan zeuden gerran eritutako soldaduak. Egun batez zerbait festa bazan, eta Donostiko Orfeoia eraman zuten, eta ospital hontako monja batek esan zidan, ohean negoan tokira etorrita: —¡Hala, soldadito! ¡Levantate que ha venido el Orfeon Donostiarra! ¡Vamos a escucharle! Nik min asko hartzen nuan eta erantzun nion: —No puedo, hermana; tengo mucho dolor. —¡Animate, muchacho! ¡Levantate, que van a cantar también el Gernikako Arbola! Bainan ni, nola ezin nintzan atera ohetik, pena ederrarekin gelditu nintzan gure Donostiko Orfeoi hori entzun gabe. Ospitalean hogei bat egun igaro ondoren, sendatu eta medikuak alta eman zidanean, berriro kuartelera joan nintzan eta nere kintolagun danak gerrara ertenak ziran. Orduantxen etorri berriak ziran 37ko kintoak, eta habei instruzioa erakusten ibili nintzan kabo bezela. Ia egunero joaten ginan La vuelta del Castilo deritzaion tokira, eta han jarduten nintzan gazte habei zerbait erakusten. Gero, kinto habek instruzioa ikasi eta frenterako moduan jarri ziranean, agindua etorri zan konpaini batek joan behar zuala Bitorira. Hala, formatuta jarri ginan danok geren fusil, kartutxera, kapotea, manta, platera, kutxarea, kantinflora eta maletarekin. Motxila gero eman ziguten. Kamileroak ere bai beren kamilak eta tresnak hartuta. Haiek ere ematen zuten tristura ederra! Kapitan Fernandez zan gure konpainiko buru gurekin atera zana. Lehen esan dedan bezela, formatuta geundela, gure lagunetako bati —Goierri aldekoa zan— telegrama bat etorri zitzaion, esanaz bere ama oso gaizki zegoala, azkenetan bezela, eta joateko azkar etxera. Eta guri esan zigun: —Zer egin behar dit nik orain? Guk esan genion: —Hor ziok Kapitan del Pino. Joan hadi beregana eta esaiok. Joan zan eta adierazi zion ahal zuan moduan, eta hala erantzun zion kapitainak, berari bizkarretik helduta: —Lo siento mucho y te doy un abrazo en nombre de toda esta compañía, pero en el frente se os necesita a todos. Mutil gizarajoa negar-malkoa zeriola bueltatu zan bere tokira. Halaxen, elurra galanki ari zuala, martxoaren 4an atera ginan Pamplonatik Bitorira. Trenean danok kantari eta builan, nahiz barrendik triste egon. Gero ahaztu ziran kantuak ederki. Frentera joan ginanean, jendea serio ikusten zan han. Txorakeriak ahaztutzen dira ederki, tiroak hasten diranean. Neri egokitu zitzaidan batailoia, Batallon de Montaña Sicilia n.° 8 Pamplona zeritzaion, eta batailoi hau zebilen gerran Bitori aldeko mendietan. Bitorian ere kuartel danak soldaduz beteta zeuden; nonbait ere sartu behar eta Ali izeneko eskola haundi bat zegoan kuartel modura jarria, eta han zegoan nere konpainia. Han arkitu nituan nere lagunak, mendian beste konpainiak erreleboa egin eta egun batzuk pasatzen zeudenak, beren anaiak bezin maite zituzten zenbait lagun mendian hilda utzirik. Ez naiz ongi oroitzen zein tokitan hartu nuan karta, bainan, Pamplonan edo Bitorian nintzala, bateonbatek eskribitu zidan. Joxe eta Antonio nere anaiak Frantziara joanak izan behar zutela. Donostia utzi zutenean, Mutrikuraino iritsi ziran, eta hemen hala esan omen zioten alkarri: —Guk ez degu gerrarik behar! Eta bapore batean sartu eta Frantziara joan omen ziran, eta anai Saturninoren etxean egon ziran denbora puska batean morroi bezela, gero berriz handik Espainiara etortzeko gerra bukatu zanean. Bainan, kartan esaten zidatenez, Kaximiro euzkotarrekin Bizkai aldera joana zan. Harrezkeroztik, beti kezka horrekin ibili nintzan nere gerra denbora guztian: ea nere anai hori nunbait arkitzen ote nuan hilda, erituta edo prisionero eginda.
Neronek tirako nizkin |