Neronek tirako nizkin
III
Errenteriko herritik zortzireun bat metrora, Papelera Espainolaren atzealdetik, trenbidearen ondoan, zegoan etxe bat bi bizitzakoa, toki mospel xamarrean, mendi baten beheko sakonean, eguzkiak gutxi jotzen zuala Bizitza horietan bizi ziran bi famili, eta etxe honen ondoan hamar bat metrora zegoan beste etxe zahar haundi bat, aspaldian hutsik zegoana, eta gure ama zanak etxe hartara joateko modua egin zuan, gaxo zeukan bere senarra eta familiarekin. Etxe habek, nahiz eta kaletik aparte xamar egon, ez zuten terrenorik. Etxe legorrak deritzaiotenak ziran. Etxeko mueble zahar, erreminta eta gainerako gauzak eramaten, auzoko baserritarrak, gure aitaren lagunak, ibili ziran idiak eta gurdiakin: Palazio baserriko Jose Inazio eta Gaztaino baserriko Periko. Joan-etorria pranko egin zuten, gauzik gutxiena dan baserrian ere tresna asko izaten baita: gurdi eta karro zaharrak, goldea, harria, segak, aitzurrak, kupelak, barrikak, eta nik bai al dakit zenbat tresna zahar. Beharbada balio haundikoak ez, baina baserrian zerbitzu ederra egiten dutenak behintzat. Behi bat ere eraman genduan, Arrio izena zuana, etxerako lain esne izatearren. Gure aita zana bost urte luzean ohean gaxo eta gehienean triste xamar egon bazan ere, ez genduan Papeleraren ondoko etxe zahar hartara aldatu ginanean, alaiago ikusten. Ni artean mutil koxkorra nintzan, bainan igartzen nion gure aita tristetzen ari zala, eta ez ziola onik egin baserritik kalera aldatzeak. Neroni ere triste arkitzen nintzan kale aldean, baserriko bizi modua gogoratuta. Oraindik ere oroitzen naiz gure ama zanak nola bialtzen ginun batzuek baratzara eta besteak ganbarara esanez: —Zuk ekarri azak eta porruak, perejil pixka bat ere bai; eta zuk ekarri ganbaratik babarruna, tipulak eta baratxuriak; sagar batzuek ere ekarri erretzeko. Aza-babarrunakin eltzekari ederra egosten zuan; urdai pusketa bat ere sartzen zion, eta harek ere asko gozatzen zuan. Ez zait ahaztuko bizi naizen arte, hamaika eta erdiak inguru hortan nola ematen zigun ogi puska bana eltzean bustita. Hura bai zala gauza gozoa! Sagardo ederra ere egoten zan kupelan, eta egarritzean txarroa hartu eta gustora joaten ginan eske. Kalean berriz baratzara eta ganbarara joaterik ez; gutxiago berriz txarroarekin kupelara egarritzean. Dena erosi egin behar, hori da gauza tristea! Alperrik da: osasuna izan ezkero, gu bezelakoarentzat baserria da honena bizitzeko. Gure aitak igarri zion bere buruari baserrijabeak heriotz-bidean jarri zuala baserritik bialtzearekin eta denbora gutxi barru hilko zala, eta inoiz hots egin eta eramanarazten ginun danok bere gelara, eta han jarduten zan guri konsejuak ematen, esanaz bera laster hilko zala noski, eta otoitz egiteko bere alde zerura joan zedin; amarekin gelditzen ginala eta bere esanak zintzo egiteko. Seme zaharrenari esaten zion, gu oraindik gazteak ginala eta guri bidea erakusteko, nondik eta inola bili behar genduan. Eta horrelaxen etorri zitzaion heriotza. Azkeneko orduan zentzua galdu zitzaion, eta arnas larri batzuen ondoren hil zan. Gero, aita ikusi genduanean kajan sartuta, lau gizonek bizkarrean zeramatela, ama berari begira negarrez, eta gu ere bai. Amak esaten zigun: —Umeak, ez zazute negarrik egin, aita zeruan dago eta. Bainan guk hala ere negar egiten genduan. Gero ama oso triste gelditu zan horrenbeste umerekin bakarrik. Gure osaba bat, amaren anaia, alargunduta zegoan bere emaztea hilda, eta, nola ez zuan haurrik eta familirik, hura ere bakardadean triste arkitzen zan. Eta gure etxera etortzea pentsatu zuan, eta hala etorri zan. Antonio zeritzaion eta urte askoan Errenteriko Lanera fabrikan aritu zan lanean. Oso gizon jatorra zan, eta guretzako ere ogi puska bezin ona. Guk asko maite genduan; berak ere bai gu. Makina bat aldiz lo egina nago berarekin. Bainan guregana etorri eta handikan laister gaxotu egin zan. Uste det urak zituala gorputzean, eta hartatik hila izan behar zuan, oso denbora gutxi ohean pasata. Gure aita hil eta handik urte bete ingurura hil zan, berrogeita hamaseiren bat urte zituala. Zeruan gerta dedila. Gure ama geroago eta tristeago jarri zan, lehenago senarra eta gero bere anaia hil zitzaizkanean, eta bera ere gaxotu egin zan. Haren gaxotasunik haundienak naigabea eta tristura izan ziran. Garai hartan ni Gabiria baserrira morroi joana nintzan, eta tarteka joaten nintzan bisitatzera. Gure anai zaharragoak esaten dutenez, gaxotu zanean berehala ekarri omen zuten medikua. Honek esan omen zuan ez zuala hain gaizki arkitzen, eta berriz ere etorriko zala handik egun batzuetara. Etorri omen zan, berriz ere begiratu omen zion ondo, eta ez omen zion gauza haundirik arkitzen. Hala, bere errezeta egin eta joan omen zan hurrena arte esanaz. Bainan geroago eta motelago gure ama hori, eta, gutxiena pentsatzen nuan garaiean, senideetakoren bat Gabiriara ama hil zala neri abisatzera joan zan. Han etorri ginan biok korrika, bide guztian negarrez. Etxera iritsi ginanean, sartu nintzan amaren gelan eta han zegoan ohean hilda. Hura hala ikusi nuanean eta gainerako senide guztiak ere bere inguruan negarrez, neronek ere gero eta gehiago negar egiten nuan. Han ari ziran esaten gure anai zaharragoek eta auzoko beste emakume batzuek, jantzi egin behar zala berehala Ama Birjinaren gisan; kaja ere ekarri behar zala segituan. Egin ziran gauza habek danak, eta oso ederki jantzi eta jarri zuten gure ama, kajan sartuta, ohearen gainean; bi kandela piztu zizkaten bere ondoan, eta hala egon zan hurrengo goiza arte. Gure anai zaharragoak eta auzoko beste batzuk egon ziran gauean berari laguntzen, beren otoitzak eginez. Hurrengo goizean etorri ziran Lezotik apaiz bat eta mutil koxkor bat bere gurutzearekin. Apaizak egin zuan bere errezua gure amaren aurrean, hartu zuten lau gizonek bizkarrean eta han eraman zuten gure ama gaxoa Lezoko kanposantura. Gure senide batzuk joan ziran bere ondoren, kanposanturaino lagundu eta eleizkizunetara, eta gu etxean gelditu ginan haiek etorri arte. Auzoko emakume haietako bat gelditu zan gurekin. Harek ere ala esaten zigun: —Ez zazute negarrik egin, umeak, ama zeruan dago eta. Bainan hala ere guk negar egiten genduan. Eta Gabirian behi kontu nebilela ere, makina bat aldiz egon nintzan negarrez gure aita eta ama gogoratuta, pentsaturik ez nituala gehiago ikusiko. Gu bizi ginan etxea nola baitzegoan Lezoko partean, aita, ama eta osaba Antonio zana Lezoko kanposantuan lur hartuak dira. Gure etxetik bide luzea zegoan kanposanturaino, bainan hala ere hildakoak bizkarrez eramaten zituzten. Aspertu ederra hartzen zuten eramantzaileak. Gero hamaiketakoa izaten zuten Lezoko Gure Borda ostatuan: ogia, gazta eta ardoa. Bi urte bete buruan hiru gorputz atera zituzten gure etxe hartatik. Tristura ederra utzi zuten. Anai-arrebak han gelditu ginan bakar-bakarrik, inoiz esaten dan bezela, ez zerurako eta ez lurrerako. Garai hartan gure arrebak amar bat urte zituan, eta, inola ez genduan beste emakumerik etxean, guk zerbait ere pentsatu behar, eta alkarren artean erabaki genduan anai batzuk ostatuz jarri eta lanean hasiko zirala fabrika edo beste lantegiren batean, eta beste anai batzuk berriz morroi joango ginala baserri batzuetara. Eta horixen egin genduan. Sagastitik ekarritako traste haiek danak, saldu egin ginun. Obeto esateko, erregalatu; balio zuten diruaren erdirik eta laurdenik ere ez baitzan hartu. Guri ere gerta zitzaigun Txirritak, bere bertso batean, esaten duana, nagusi batek bere baserritik bialdu zuan maizter baten gertaera:
Aziendaz eta lan-erremintaz bagendaukagun indarra, orain habekin ere ez degu oso alderdi ederra, zazpi balio luteken gauzak bostean eman beharra, hau pentsatzean etortzen zaigu begietara negarra.
Kaleko etxe hartan urte paren bat pasatu ginun, eta, gure gurasoak hilda handik atera ginanean, berriz ere hutsik gelditu zan. Etxe habek eta bere inguruko terrenoak Papelera Oarsoren nagusiak erosi zituan, eta etxeak bota, bete-lanak egin eta gaur terreno habetan Papelera Oarso dago. Familitik sakabanatu ginanean, noiz edo noiz alkarrengana biltzen ginan senideak. Igandeetan eta aste erdiko jaietan goizean mezetara joatean edo arratsaldean, eta han jarduten ginan danok hizketan, txoriak baino alaiago, batak besteari geuren pasadizoak esaten. Lehenengo alkarri esaten geniona auxen zan: —Gure guraso maiteak bizi izan baziran, gaur ez genduan horrela ibili beharrik. Negarrez ere egon izan ginan behin baino gehiagotan, gure aitak eta amak egiten zizkiguten maitasunezko zenbait mesede eta beren muxu gozoak gogoratuta, pentsaturik gehiago ez zigutela emango. Orain poliki bizi bagera ere, komeri ederrak ikusiak gera gazte denboran. Jaungoikoak lagun dezaiola gazterik gurasorik gabe gelditzen dan ume gaxoari.
Neronek tirako nizkin |