Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964

 

 

VI

 

      Handik atera eta berehala jakindu nuan Donostiko Aiete bailarako Azken Portu izeneko baserrian morroia falta zala, eta haraxen joan nintzan.

      Baserri hau kamioaren ertzean dago, Francoren palazioa pasa eta berehala. Nahiz haunditu eta gaur kale-etxe bezela jarria dagoan arren, garai hartan etxe koxkor bat zan.

      Baserri hontan bizi ziran senar-emazteak ezkonberriak, Juan Mari eta Manuela; bi haur txiki zituzten, seme-alabak; gero izan zuten beste alabatxo bat.

      Etxe hontatik berrogei bat metrora, Donosti aldera, kamioaren eskubitik dago beste baserri-etxe bat, Mantulene izena duana, gaur Juan-Marienea, eta ukuilua eta ganaduak hemen idukitzen zituzten.

      Gau batez, gu lotan geundela, eudia erruz egiten zuan eta Azken Porturen teilatuaren erdia erori zan. Jaunari eskerrak, ez genduan inork ere minik hartu. Hain zuzen, inor ez zegoan alderdia erori zan. Hurrengo egunean, danok Mantulenera pasa behar izan genduan, gauza guztiak hartuta. Erori zan etxe honen nagusiak, orduan berritu eta jarri zuan kale-etxe moduan, eta bere terrenoak Mantuleneren izenean jarri ziran.

      Baserri honek terreno gutxi zuan eta aldapatsuak, mospelak eta itsaso aldera. Eguzkiak jotzen zuan, bainan arratsaldean. Ganadu gutxi idukitzen zuten. Baratza onak zituan, eta berdura asko egiten zan plazarako. Sagardoa ere egiten zuten, eta gero saldu.

      Nagusi harek hogeita zortzi bat urte zeuzkan. Garai hartan gizon kozkor bikaina zan. Pixatuko zituan larogeita zortzi bat kilo. Norabait joan behar zuanean, bere jazkera hau izaten zan: txapela, alkandora zuria, galtza urdinak, txaketa eta zapata beltzak.

      Etxe hontara etorri eta berehala, hasi ginan soldataren tratua erabakitzen. Nagusiak galdetu zidan:

      —Zenbat irabazteko asmoa dek?

      Eta nik erantzun nion:

      —Zortzi bat duro hilean.

      —Zortzi duro asko izango dek. Nik emango dizkiat sei. Konforme al haiz?

      Eta berriketan ez aritzeagatik, baietz esan nion.

      Eta, baserri hontan nola sagardoa saltzen baitzan, inguruko baserritarrak ere etortzen ziran sagardotegira, eta egun batez gure nagusi harek hor ikusten gaitu bolatokian Beraberako Balentin eta biok hizketan ari gerala, eta ilunabarrean, ukuiluko lanak egiten ari ginala, galdetu zidan:

      —Zer ziken Balentinek hirekin?

      —Balentinek? Ezer ez. Hor jardun gera biok hizketan kontu kontari.

      —Bai, horrek zerbait baziken hirekin. Zer esan dik? Nik baino soldata gehiago emango dikela?

      —Gizona, guk ez degu soldata konturik berritu ezertarako.

      —Bai, bai, zuek ez nazute ni engainatzen. Nik bazekiat hemen jendea zer dabilen. Hi bere etxera morroi eraman nahiean zebilek hori, eta hemendik aurrera hilean duro bat gehiago emango diat nik: lehenago sei bezela, hontaz aurrera zazpi duro.

      Eta, neronek batere uste gabe, nere soldata “puja-berritu” egin zan.

      Gero gure nagusi harek sagardo gutxiago egiten zuan, eta lan gutxiago baserrian; neroni ere gehienetan diru premian arkitzen nintzan, eta beti morrontzan ere aspertuta negoan, eta egun batez esan nion:

      —Aizu, Juan Mari, nik laister soldadu joan behar det, eta txanpon batzuk irabaztera norabait joan nahi nuke ba.

      Eta erantzun zidan:

      —Bai, motel, hemen gu biontzako lan gutxi zeukagu, eta nahi baldin badek, nunbait hasi hadi.

 

Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964