Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964

 

 

XVIII

 

      Uste det handik Otxandianora joan ginala. Hemen sartu ginanean, tristura ematen zuan. Bazirudian herri honek ez zuala bere bizilagunik. Bakardadean bezela arkitzen zan, oso jende gutxirekin behintzat. Nonbait bertako bizilagun gehienak Bilbao aldera joanak ziran.

      Herri polita da, eta haundi xamarra gainera. Mendi haundi batzuen beheko babesean dago.

      Bere kale batzuk puskatuta zeuzkan, noizbait aideplanoak edo artileriak botatako bonbaren batzuekin. Etxe batzuk ere bazeuden erdi erorita; habek ere bonbakin noski.

      Bertan pasa ginun hiru edo lau egun, eta han ibili ginan baztarrak ikusten.

      Gogoan daukat oraindik herri hontan sartu eta lehenengo zer egin nuan. Denda koxkor bat zabalik zegoala ikusi nuanean, bertan sartu nintzan. Neskatxa gazte bat zan mostradorez barrendik zegoana, eta berari esan nion:

      —Jostorratza eta haria bai al dituzu?

      Eta harek erantzun zidan:

      —No le entiendo.

      —¡Ah! ¿No entiende Vd. el vasco? Pues le pregunto a ver si tiene aguja e hilo.

      —¡Ah, sí! En seguida le daré. Tenga.

      —¿Cuánto vale?

      —Nada, a los soldados no cobramos.

      —Bueno, muchas gracias.

      Hala, hartu nituan jostorratza eta haria poltxikoan, eta lehenengo nere lagunekin herri guztia ikusi genduan, eta gero eleizako torrera igo. Han badago balkoi moduko toki bat, eta hara igo eta han egon ginan inguru haietako mendietara begira, “Gu harako mendi haietan barrena ibili gaituk” alkarri esanaz.

      Zaku hondar asko zegoan balkoi hontan, kontrarioak jarriak, beroien atzetik inguruko mendietara tiroka aritzeko.

      Handik behera jetxi ginanean, nere lagunai ezer esan gabe, berriro torrera igo nintzan bakar-bakarrik; soinean neuzkan soldadu galtzak puskatuta baineuzkan goitik hasi eta beheraino. Bonbatxo urdin zahar batzuk danen gainetik jantzi eta haiekin tapatzen nituan azpiko kontrabandoak. Eta hantxen jardun nintzan arratsalde guztian pazientzi ederrean nere galtza horiek josten.

      Ibilera txar asko egiten baigenduan mendian, korrika gora eta bera, erori eta altxa, eta arroparik gogorrenak ere puskatu egiten ziran han.

      Gero, ilunabarrean, nere lagunak harriturik galdetu zidaten:

      —Non ibili aiz, motel? Arratsalde guztian ez haiz azaldu ere!

      —Hor jardun nauk, torre hortara igota, galtzak konpontzen, danak puskatuta neuzkaken eta.

      —Ja, ja, ja!... Txukun asko konponduak izango dituk!

      —Ez ziok ajolarik! Lehen bezela ez dek haizerik sartzen behintzat orain. Edan dezagun baxoerdi baina.

      Gero tabernan ere par puska bat egin genduan nere galtza horien kontura, eta gero apaltzera.

      Horrelaxen berriz ere etorri zan aurrera segitzeko agindua, eta Urkiolara eraman ginuzten. Hemendik kontrarioak alde egin berriak ziran inguruko mendietara, eta hemen egon ginan egun batzuetan.

      Negar egiteko gogoa ematen zuan hango gauzak ikusita. Etxe danak beren ateak eta leihoak zabalik zituztela, eta horrenbeste balio zuten mueble, arropa, ontzi eta nik al dakit zenbat gauza, zilipurdika lurrera boteak.

      Eleizak ere bazeukan kainonazo bat alde batetik emana, eta gure konpainiko mandozaiak eleiza hontan sartzen zituzten mandoaren pentsuak eta beren apareju eta tresnak.

      Eleiza hontako Santu danak bertan zeuden, San Antonio erdi-erdian zala, eta han jarduten ginan ni eta nere lagun asko Santu habei otoitz egiten, gerra triste hartan suerte on bat izan dezagun. Batez ere San Antoniori eskatzen genion bere laguntza.

      Urkiolan geundela, etortzen ziran hemezortzi aideplano bonbarderoak, guretakoak. Hirunaka jartzen ziran eta inguru aietako mendi muturrak jartzen zituzten patata egiteko moduan gorrituta. Han izaten ziran soinuak, keak eta hautsak!

      Eta hegazti haundi haiek, beren zirina han botata, joaten ziran berriz Bitorira, berriz ere kargatu eta beste mendi batzuetan beren zirina botatzera.

      Beste kazako aideplano batzuek ere etortzen ziran, eta habek ia mendia jotzeraino jetxi eta beren ametrailadorakin ebakitzen zituzten, oker-oker eginda, trintxera zuloak ederki.

      Gu bitartean begira, eta hauxen esaten nuan nere artean:

      —Hor ez dek kristaurik bizirik geldituko tamaina hortaraino mendia puskatuta, eta, gure Kaximiro gizarajoa hor baldin bada, ez dik ederki ibili behar!

 

Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964