Neronek tirako nizkin
XVI
Bitorin egun batzuk pasa eta ondorenean, gure batailoi honek izan zituan bajak berriro osatu eta orduantxen erten nintzan ni batailoi hontan, laugarren konpainian, nere lagunekin lehenengo aldiz frentera, Villarreal inguruko mendietara. Baziran hamabost edo hamasei autobus, soldaduak mendira eramatera etorri ziranak. Danak beteta abiatu ziranean, ematen zuan bihotzak bi parti egin behar zuala, Bitoriko kaleetako tristura ikusita. Leiho danetan zegoan jendea autobus habei begira. Gehienak emakumeak eta haurrak ziran, eta danak negarrez ikusten nituan ¡Pobres muchachos! esanez. Eta horrelaxen agurtu ginuzten painueluarekin emakume bihozbera haiek, negar samin galanki eginez. Esan bezela, Villarreal aldeko mendietara eraman ginuzten, eta, mendi alde aietan gebiltzala, tokatu zan Aste Santua ere. Oroitzen naiz Ostiral Santu egunez nola gure agintariak esan ziguten egun hartan fusilak behera begira ibiltzeko. Hala ibili ginun egun guztian, eta ez genduan tiro bat bakarrik ere inon entzun. Eta, uste detanez, Pazko egunean, mendi aietako batean bildu ginan batailoi osoa noski, eta gure agintariak esan ziguten: —Hoy se va a celebrar aquí Misa de Campaña y a ver si la oímos todos con devoción. Mendi gailur inguruan jarri zuten oso ederki aldare santua, eta han agertu zan apaiza, gure batailoiko kapeilaua, eta eman zuan Meza Santua. Ez zegoan esan beharrik debozioz entzuteko; jendea isil asko egon zan han, bakoitzak bere otoitzak eginez. Ez zan entzuten eztul txiki bat ere meza denbora guztian. Neroni ere gogoz jardun nintzan otoitzean, gerrate hartan Jaungoikoari suerte on bat eskatuaz, eta baita ere mendian hilda gelditzen ziran gure lagun maite haien animaren alde. Ura zan edertasuna! Eguraldia ere oso ederra zan. Laino bat ere ez zan inon ikusten, eta goiz-goizetik zetorren oso eguraldi ederra, eguzkiak ederki berotzen zuala. Eta mendi gailurrean ikusirik Meza Santua ari zala, gure apaiz jauna artzai umil baten moduan, eta gu berriz arkume talde haundi baten antzera, mendi hegal guztia soldaduz beteta, danok isil-isilik otoitzean, momentu hartan ez genduan pentsatzen ere gerran gebiltzanik. Hura zan hango ixiltasuna, pakea eta zoriona! Huraxen izandu zan bizitzea segundo batzuetan zeruan eta ordu askoan inpernuan.
Neronek tirako nizkin |