Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964

 

 

II

 

      Errenteritik Irun aldera goazela, herritik kilometro bat bezela dago La Fanderia izeneko pentsu fabrika, eta hemendik kilometro eta erdi bezela eskubi aldera, Astigarragako bentetara hartuta, dago Sagasti baserria.

      Etxe haundi xamarra zan, leku zelaiean egina, eguzkiak eta haize sanoak ederki maitatzen dutela.

      Terrenoa ere dexente zuan, gehienak zelai xamarrak, malda edo aldapatsuak ere bai. Garai hartan sagasti ederrak eta hhaundiak zituan; artasoro, belaze eta zakardegiak ere onak; lau edo bost behi, hiru edo lau txahal, idi parea, astoa, txerria eta oilo mordo bat ere bai. Etxe inguruan bazituan intxaur arbol, gerezi, udare, melokotoi eta aranak.

      Ateondoan txabolatxo bat, eta bertan bizitzen zan txakur txiki bat Potxo izena zuana, kolorez txuri-beltza. Bere hortz zuriak erakutsi zizkion makina bat ijito mutur-beltzi eta eskean zebiltzan aitona zahar gizarajoai. Eskerrak katean lotuta egoten zala, bestela komeri ederrak ikusteko zeuden etxe inguru artako ijituak eta eskale zaharrak.

      Bainan azkenean erremate txarra eraman zuan gure txakur atezai harek. Sagasti baserritik atera ginanean, bazituan hamahiru edo hamalau urte, eta, kaleko etxean bizi ginala, marmola fabrikako zakur haundi bat etortzen zan berarekin jostatzera, eta gau batez gure anai Kaximiro zanak pala batekin tira zion kolpe zakur haundiari, eta gure Potxo gixarajoa jo zuan buruaren erdian, eta ebaki luze bat egin zion. Gure anai zarrenak, Ferminek, berehala egin zion sendatzeko ahalegina, oxijenada urez garbi-garbi eginda eta gero tintura iodoz igurtzi eta zapi batekin lotuta, baina handik egun gutxira hil zan eta pena ederra eman zigun gure Potxo gaxoak.

      Etxetik hirurehun metrora bezela zegoan erreka arropak garbitzeko eta ganaduak edateko, eta erreka honen inguruan Ama-Birjin iturri bat zegoan, oso ur ederra zuana, eta hemendik hartzen genduan etxerako behar zana.

      Ama-Birjin iturri habek ez dira nonahi izaten, leku-lekutan baizik, eta badute gauza aparteko bat, beste iturriek ez dutena: nahiz eta Ama-Birjin iturri hau erreka baten inguruan egon, ez du zer ikusirik erreka honekin; erreka baino goragotik mendi hegaletik ateratzen da ura; beste leku batzuetan berriz errekatik bostehun metrora berdin egon leike iturri hau. gehienetan leku menditsu baten beheko txoko inguruetan izan ohi dira. Nahiz izan urte euditsua eta nahiz legortea, iturri habetatik urte guztian ur berdintsua ateratzen da. Iduritzen da neguan udaran baino epelago ote dagoan, baina hau izaten da gainerako urak neguan udaran baino askozaz hotzago daudelako.

      Gure familian izan gera zortzi anai eta bi arreba. Arreba horietako bat jaio eta berehala hil omen zan, eta halaxen Sagastin bederatzi senide bizitu ginan gurasoekin: Fermin, Saturnino, Kaximiro, Jose, Antonio, Rikardo, Ramoni, ni eta Polikarpo. Gaurko egunean Kaximiro ez beste danak bizi gera.

      Gure Saturnino, soldaduzkako urteak nola baitzituan, sorteoan Afrikarako tokatua izan behar zuan, bainan gerra bizia omen zebilen orduan Afrikan, eta berari hauxe gogoratu omen zitzaion:

      —Ez naute uste bezin errez arrapatuko hango tiroek!

      Eta bere asmoa Errenteriko lagun bati bakarrik esan omen zion.

      Halaxen, atera omen zan goiz batean etxetik. Irunen ba omen zuan famili ezagun bat, eta haien etxera joan omen zan bazkaltzera. Han galdetu omen zioten ea zer zebilen, eta erantzun omen zien laixter soldadu joan behar zuala eta bisita bat egitera joan zala.

      Bainan bazkaldu zuanean, handik atera eta segituan mendiz jo omen zuan Frantziako muga aldera. Bero ikaragarria omen zan eta pasa omen zituan egarri ederrak. Lehendik ba omen zekien nontxo egoten ziran karabineroak eta ba omen zihoan ixil-ixilik.

      Nabaritu omen zuan hizketa soinua; iratze haundia omen zegoan eta aren tartetik jarri omen zan begira. Arbola baten azpian itzalean han ari omen ziran bi karabinero kartetan jokoan, eta ixil-ixilik iratze tartean barrena pasa omen zan inguru hartan. Gero ibaia pasa eta joan omen zan mugaz haruntz Frantzia aldera, eta han baserri batean jarri omen zan morroi. Gaur ere Frantzian bizi da baserri batean, hamairu seme-alaba —hamar bizirik— izanda.

      Aiuntamentuan enplegatzen zan gizon bat Alberto izena zuana, eta nere anaiai eta soldadu joan behar zuten mutil guztiai honek bialtzen zien etxeetara papera, eta nik ere etxean entzungo nuan noski nola esaten zuten:

      —Albertok bialdu ziok halako etxetako mutilari soldadu joateko papera.

      Ni mutil koxkorra nintzan, eta gizon hori ezagutzen nuan eta gorroto haundia nion. Oraindik ere oroitzen naiz nola esaten nuan:

      —Ez ote da hilko Alberto ni soldadu joaterako?

      Badira berrogei eta gehiago urte nik gauza hori esaten nuala, eta oraindik ere bizi dala uste det Alberto. Hil danik ez det behintzat entzun. Ez zuan asko balio izan —hala hobea ere ta— nere maldizioak. Uste nuan Alberto hilda besteren bat izango ez zala soldaduzkako paperak bialtzeko; berriz ere horrelako paperak etxeetara bialtzeko izango dira bai gizonak, ezinean dabilenari laguntzeko baino seguruago.

      Gure aita arotza zan, eta, familia haundia eta danak gazteak nola baiginan, baserrian gure amak eta bi edo hiru anai zaharrenek egiten zuten lana, eta aita irabazira joaten zan.

      Errenteriko Papeleran egiten zuan lana, eta egun batez andamiotik behera erori zan, eta behean tabloi bat zegoan eztenga haundi bat muturrez gora zuala, eta uraxen sartu zuan iztarretik hezurra jotzeraino.

      Makina bat mediku eta botika ibili zan gure etxean, bai dirua galanki gastatu ere; bainan danak alperrik izan ziran. Noiznahi etortzen ziran beregana mediku bat eta inoiz bi ere bai, eta habei beren hartzekoa ordaintzeko ukuilutik atera behar izaten zan txahal bat edo behi bat, eta pixkabanaka horrelaxen joan ziran gure ganadu gehienak, medikuaren bixitak eta botikak ordaintzeko.

      Baserria errentan ibiltzen genduan, eta, gure aitak lau bat urte ohean gaxo zeramaizkiela, nagusiak baserria saltzea pentsatu zuan. Garai hartan ez zan orain bezelako legerik, eta etxe-nagusiak nahi zuana egiten zuan bere baserriarekin; eta egun batez etorri eta gure gurasoai esan zien:

      —Baserri hau saltzea pentsatzen det, eta lehenbailehen atera beharko dezute.

      Eta gure amak erantzun zion:

      —Bainan, gizona! Ez al dezu ikusten nere senarra nola dagoan? Eta famili honekin, danak saski batean sartzeko modukoak esate baterako, nora joan behar det nik?

      —Nahi dezun tokira zoaz; baina nik hauxen bakarrik esaten dizut: libratzeko azkar nere baserria.

      Halaxen, saldu zion Pello izeneko gizon haundi bati, naparra berez, eta Pello hau, baserria erosi zuanean, etorri zan gure gurasoengana eta hala esan zien:

      —Begira, baserri hau nik erosi det eta hemendik atera egin beharko dezute.

      Eta gure amak adierazi zizkan familiko gorabeherak, bainan baserria saldu zuanaren moduko bihotza zuan erosi zuanak ere.

      —Etxekoandre, obran hasi behar det etxe hontan, eta libratu zaidazute azkar.

      Eta gure amak erantzun zion:

      —Obran hasi behar badezu, hasi zaitez bazter batetik, eta ni saiatuko naiz beste etxe bat bilatzen.

      —Ez dago gaizki esana, etxekoandre, baina etxea puska bat altxatu egin nahi det eta teilatua kendu nahi diot.

      —Tira ba, hasi zaitez ba ixkinh ortatik.

      —Ez, zure senarra dagoan gela horren paretik hasi behar degu teila kentzen.

      Eta halaxen gelditu zan gure ama, bere begiak bi iturri ziruditela, negar galanki eginez.

 

Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964