Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964

 

 

X

 

      Handik amar bat egunera sortu zan Espainiko gerra. Orduan jakin genduan Pamplonako tiroak zer ziran.

      Donostian lehendabizi militarrak altxatu ziran. Guk Azken Portutik entzuten ginun ederki Loiolako kuarteletan egiten ziran tiroteo beldurgarriak, militarrak barrendik eta gorriak kanpotik.

      Donosti barruan ere egin ziran tiroteo latzak, Gobierno Civilean, Casinoan, Hotel Maria Cristinan... Batzuk barrendik eta besteak kanpotik, bainan azkenean militarrak errenditu ziran, eta gorriak gelditu ziran nagusi, naparrak sartu ziran arte.

      Garai hartan, Donosti barruan egunero tiroka nola aritzen baitziran, baserritar gutxi joaten zan berdura eta esnearekin plazara, eta gure nagusi Juan Marik esaten zidan:

      —Autobusik ez zebilek, baina karretilan eraman leikek zerbait plazara eta txanpon ederrak hartu ere bai.

      Eta halaxen joaten nintzan bala tartean barrena nere karretila hartan letxu mordo bat eta beste patata puska batekin.

      Egun batez, Aldapeta barrenean nihoala, ikusi nituan bi emakume, bat baserritarra eta bestea kaletarra, bata besteari esnea ematen ari zirala eta kaletarrak bere marmita txikia esnez beteta eskutik zintzilik zeukala.

      Tira zuan norbaitek ere tiroa alde hartara, eta marmita txikia pasa zuan balak alde batetik bestera, eta han joan zan emakume gajo hura bere marmitatik esnea zeriola, eta baserritarra ere azkar asko sartu zan ateondo batean.

      Ni hala ere aurrera; Bretxako plazaraino joaten nintzan. Ernani kalean barrena nihoala, botika bat badago han etxe kantoi batean, eta nere karretilaren hotsa entzuten zuanean, hango botikarioak persiana pixka bat altxa eta hala esaten zidan:

      —Zer daramak hor, gazte?

      —Hemen letxua eta patata.

      —Patata? Ea ekatzak honera! Zenbat kilo dituk?

      —Hogei.

      —Ondo da, nik hartuko diat dana. Zenbat balio dik?

      Garai hartan kiloak erreal bat balioko zuan gehienaz ere, baina nik pezeta bat esaten nion, eta hantxen ematen zizkidan isil-isilik hogei pezeta. Gero hala esaten zidan:

      —Baldin badek, bihar ere ekarri.

      Hurrengo egunean ere laister entzuten zuan nere karretilaren hotsa. Ni pare hartara iristen nintzanean, azkar asko altxatzen zuan persiana. Horrelaxen ibili ginan egun batzuetan.

      Plazara joaten nintzan, eta letxuak, nahiz batzuk luzatuak izan, agertu ordurako eramaten zizkidaten eskuetatik; ez baitzan ia inor joaten berdurakin. Eta hamar zentimo balio ez zuten letxuak, pezeta bana saltzen nituan.

      Bainan gero, naparrak Irun aldera inguratu ziranean, hango tiroak entzuten hasi ginan. Ipar haizea zanean, behintzat, Aiete bailaratik ere ederki entzuten ziran fusil eta ametrailadorakin egiten zituzten tiroteo latzak.

      Nik banituan donostiarrak lagun bat baino gehiago ere Irun alde hortan gerran zebiltzanak. Hor ibiltzen ziran batean gerrara joan eta bestean etxera etorri, eta habei galdetzen nien nik:

      —Zer moduz dihoa ba gerra ori?

      Eta erantzuten zidaten:

      —Gerra hori? Ez zekiat zer gertatu behar duan! Errez menderatuko genituala uste genin, baina napar horiek gogor eusten ziotek beren aldetik. Egiten duten pixka, beti aurrera egiten ditek horiek.

      Hurrena, berriz, Andoain inguru eta Buruntza mendi aldetik ere tiroak entzuten hasi ginan. Gure auzoko gizon batek hala esaten zuan:

      —Hemen dituk naparrak Tolosa aldetik behera. Tiroak gero eta garbiago zetoztek.

      Eta arrazoi zuan: pixkabanaka beti aurrera zetozten, Donosti inguruko mendi eta herri danak hartuaz. Asko kosta omen zan, bainan berenganatu zuten Irun alde hori.

      Agorrilaren 12an etsi zuten gorriek eta bazihoazten danak Bilbao aldera.

      Garai hartan ni ikatz lanean ibiltzen nintzan Donostian, eta, larunbata nola baitzan, ilundu arte lanean jardun ginan. Gero kai aldera joan ginan asteko soldata kobratzeko asmoan, nagusia inguru hartan bizi baitzan.

      Bainan ez zegoan egun hartan kobratzerik. Hura zan ango ixkamila eta jendearen eromena! Danak, koltxoiak eta harrapatzen zituzten etxeko tresnak harturik, arrantzaleen baporeetan sartu eta ahal zuan guztia bazihoan Bilbao aldera.

      Txoperrak eta guk, mutilak, alkarri esan genion hobea izango zala etxe aldera joatea, eta orduantxen zetozten kamioan behera. Ernaz.

      Banetorren etxe aldera, Azken Portura, eta orduantxen zetozten kamioan behera, Hernani aldeko eta Oriamendiko gailurrean egon ziran gizonak, beren kainoiak eta gerrarako tresnak hartuta.

      Ikusi ninutenean haiek behera eta ni gora nethorrela, erderaz esan zidaten:

      —¿A donde vas tu?

      —Yo a casa.

      —¿Cómo que a casa? Vente con nosotros para abajo, que tenemos que ir a Bilbao.

      —Pero vengo de trabajar y tengo que mudarme esta ropa sucia.

      Ikatzetan arropa, arpegia eta dana zikin-zikin eginda bainetorren. Eta haiek esan zidaten:

      —¿Cómo que a mudarte? ¡Vente con nosotros!

      —¡Si vivo aquí mismo, en este caserío!...

      —Bueno, bueno, sigue y luego vienes.

      Baina ni laister salta nintzan kamiotik baratzara, eta beheko txokoan barrena joan nintzan etxera.

      Afaria atera zidaten, bainan ez neukan jateko gogorik. Nere barrena ez zegoan lasai naparrak nolako sarrera egiten zuten ikusi arte. Gau guztian gelako leihoan egon nintzan zeletan. Goizeko ordubata alde arte, gorriak pasa eta pasa aritu ziran Donosti aldera, gero hemendik Bilbao aldera jarraitzeko. Hasarraturik batak besteari esaten zioten erderaz:

      —¡Quién iba a pensar que teníamos que perder tan fácil estas posiciones!

      Eta besteak erantzuten zion:

      —Es que, por lo visto, los cab...  de ellos tienen mejor organización y más disciplina y no hay quien pueda con ellos. Lo mejor que podemos hacer es marcharnos para Bilbao.

      Eta horrelaxen joaten ziran.

      Hurrengo goizean garaiz gure nagusi Juan Marik esan zidan:

      —Lo egin al dek, motel?

      —Nik ez; gau guztian leihoan egon naiz.

      —Guk ere ez diagu lo askorik egin. Bainan aizak, bart arratsean ohera muturra garbitu gabe joan al haiz?

      —Hara ba, ez neukan gogo haundirik ere arpegia garbitzen hasteko.

      Eta orduan garbitu nuan sukaldera jetxita. Hurrena hala esan zidan:

      —Zer gerta ere, orain napar horiek etortzerako, ekarri behar diagu gurdi bat alpapa.

      Halaxen, gurdi janariarekin gatozela, hasi ziran napar agintari eta gainerako jendea automobiletan pasatzen, Tolosa aldetik Hernani aldean barrena Donostira zijoaztela, Aietetik pasatzen ziran kotxeak behintzat Naparroako periodikoak boteaz.

      Eta handik laister jakin nuan, gure hiru anai ere, Kaximiro, Joxe eta Antonio, Bilbao aldera joanak zirala.

 

Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964