Neronek tirako nizkin
XXVIII
Gure anai Kaximirok ni etxera etorria nintzala jakin zuanean, laister etorri zan bera ere Azken Portura, zer moduz etorri ote nintzan galdetzera. Eta Juan Mariren familia eta danok, merienda pixka bat eginez, kontua pranko esan genduan gure gerrako ibilerak berrituaz. Gero Azken Portun, sagardoa nola saltzen baigenduan, igandeetan noiznahi etortzen zan bere andregaiarekin, eta nik toreatu egiten nuan, esanaz: —Zer? Ez al dezute ezkontzerik pentsatzen, edo beti horrela ibili behar al dezute? —Bai, laister zerbait egin beharko diagu, beti horrela ibili gabe. Padrinotza egingo al diguk? —Bai, motel, egingo ez diat ba? Pozik gainera! Alkarrekin egun bat ederra pasa behar diagu lehengo penak ahaztutzeko. Eta halaxen ezkondu ziran bere andregai Martina eta biak. Egun ederra pasatu genduan. Ez zuten familirik izan. Gero, handik urte batzuetara, bere emazte Martina gaxotu eta hil egin zan. Handik urte pare batera, berriro ezkondu zan Astigarragako emakume batekin, bainan handik beste urte pare batera bera ere gaxotu eta, pleurarekin oso gaizki zegoala, eraman zuten klinikara operatzera. Operatu zuten, bainan medikuak, hain gaizki zegoala ikusirik, etxera eramatea hobea izango zala esan zuten. Halaxen, etxera ekarri eta berehala hil zan. Arkaitza baino gogorragoko gizona egun batetik bestera joan zitzaigun, esate baterako. Pena ederra hartu nuan nik behintzat, eta bere emazteak eta gure senideak ere bai noski. Han aritu ginan gorputzaren jiran danok negarrez errezatzen. Nik esaten nien beste senideai: —Horrenbeste denboran han ibili zan gizarajoa frentean bala tartean, eta, Jaungoikoak dakian bezela, noizbait bizirik etorri etxera; eta oraintxen urte batzuk pakean pasa behar mundu hontan, eta, usterik gutxienean, ziplo! hara zer geran gu! Zerbait bagerala uste, eta ezer izan ez! Garagarrilaren 12an, igandearekin tokatu zan bere gorputza kanposantura eramatea, eta egundoko jende pila zan. Hurrengo egunean, San Antonio egunez, egin ziran bere eleizkizunak Donostiko San Inazioko eleizan, eta hantxen ere bazan jendea ugari; ezagun asko baitzuan gure Kaximiro gizarajoak. Jaungoikoak berekin dezala.
Neronek tirako nizkin |