Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964

 

 

IX

 

      1936garren urteko uztailaren 6an atera ginan Aietetik nere lagun Pedro eta ni bizikletan, arratsaldeko lauetan, Pamplonako San Fermin festetara.

      Aietetik erten eta lehenengo Tolosara joan ginan; hemen napar kamioa hartu genduan, eta Betelun barrena, Azpirozko aldapan gora. Kamio hontan gora goazela, badago baserri bat bide ertzean, eta haraino bizikletaren gainean joan ginan, eta handik gora bide puska batean oinez, ia aldapa bukatu arte; hemen jarri berriz ere gainean eta Lekunberriraino. Bero haundia nola baitzan, egarritu egin ginan, eta hantxen aritu ginan zerbait edari freskoa edaten.

      Tortilatxo bana ogiarekin eta zato txiki bat ere bagenduan edariz beteta biderako hartua, eta ez zan gaizki etorri. Gogoak ematen zigunean, eseritzen ginan kamio ertzean, eta txurrupa bana edo bina edan eta segi berriz ere.

      Lekunberrira bitarte kosta zitzaigun pixka bat, bainan handikan aurrera, nola baitzan zelai xamarra, oso ederki joan ginan.

      Pamplonara gauean, hamarrak alderako, iritsi ginan, eta, zerbait jan eta edan genduanean, ibili ginan kalean haruntz eta honuntz. Bainan aspertuta geunden, eta nonbait etzan behar genduala pentsatu genduan. Oherik ez genduan arkitu, eta etxeetako ateondo gehienetan ere jendea zegoan lotan, eta, nola gaugiro ederra zegoan, Paseo de la Taconera deritzaion tokira joan ginan. Beste asko bezelaxen, gu ere aulki baten gainean etzan ginan.

      Lotan geundela, goizeko laurak alde hortan, nabaitu ginun tiroak dik-dak! dik-dak! eta nik esan nion nere lagunari:

      —Nabaritu al dituk tiroak, Pedro?

      —Bai, bainan ez hadi ikaratu; lo egin zak. Karteristen bat edo zerbait horrelako ibiliko dek, eta hari tirako zioken guardiak.

      Bainan handik pixka batera, dik-dak! dik-dak! berriz ere tiroak. Eta orduan esan nion:

      —Motel, motel! Goazemak hemendik ostatura eta kafe pixka bat hartu dezagun.

      Oraingo gisa, orduan ere jende asko biltzen zan Pamplonan festa usaiean. Probintzi askotatik etortzen ziran gazte taldeak beren musika eta guzti, eta probintziari egokitzen zitzaizkan jazkerak eta lepoko painueluak ekartzen zituzten; eta, nola garai hartan oponio edo partidu asko zan, baita ere beren partiduari egokitzen zitzaizkanak ere, eta, ikusten danez, batzuk besteakin hasarretu egin ziran.

      Guk ez gendakigun Pamplonako berri, eta bertako jendeari entzuten genion nola esaten zuten:

      —Oraintxen laixter etorriko dira Rotxapeatik gora zezenak...

      Eta guk alkarri esan genion:

      —Hartu ditzagun sarrerak eta goazen plazara.

      Eta hala joan ginan, eta han ikusi genduan komeri polita. Iritsi ziran zezen hhoriek plazara; hau dana jendez beteta zegoan; zezen hhoriek ez zekiten zeini segitu ere; berehala idiki zituzten ukuiluko ateak, eta han sartu ziran tximista baino azkarrago.

      Ez dakit sei ala zortzi ziran, bainan habetako bat oso maltzurra zan, eta ez zan besteakin batera sartu. Harrapatzen zuana jo eta aidean botatzen hasi zan, eta garbitu zuan plaza ederki. Gero idi zahar batzuk atera zituzten; habei segika joaten zan ateondoraino, bainan berriz ere jira eta plazara. Gero torero moduko bat etorri zan zapi gorri batekin, eta hari segika sartu zan.

      Gero atera zituzten bi zezen koxkor batera, mendi-betizu horietakoak, eta haiek ere jarri zuten festa ederra. Beti korri egiten zuten, harrapatzen zutena aidean botata. Eskerrak ez zutela min haundirik emango noski.

      Dulzaineroak ere baziran ederki jotzen zutenak, eta beste gazte talde batzuek jota nabarrak kantatzen zituzten. Haiek ematen zioten festari bere garrantzia. Logale ginanak ere esnatzen ginuzten ederki, eta egun haietan ez zan izango bihotz tristerik haiek alaituko ez zutenik.

      Eta eguerdi arte ibili ginan zerbait ikusten. Ikusi genituan txarlatanak, ferianteak,  kinkileroak, eta musika edo soinua kalez kale.

      Gero, etxerakoan, hango zerbait ere ekarri behar genduala eta baratxuri korda haundi baina hartu genduan, korda bakoitza hiru pezeta pagatuta; eta hor etorri ginan, haiek geren lepotik zintzilik genituala. Ilunabarrean garaiz xamar iritsi ginan Donosti aldera, eta esan genduan:

      —Loiolara joan behar diagu, Txominen bilerara.

      Neskatxa asko joaten ziran hara dantzara, gure ezagunak, eta haientzat izan ziran gure baratxuri gehienak. Batek hazitarako behar zuala, eta besteak ere bai; eta batek buru bat kendu, eta beste batek beste bat edo bi, eta akabo gure baratxuriak. Etxerako ekarri ginun bai batzuk, baina gutxi.

      Orduantxen izan nintzan Pamplonan lehenengo aldiz. Orduan ez genduan jakin zergatik tira zituzten tiroak, bainan egun asko baino lehenago nabarmendu zan.

 

Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964