Neronek tirako nizkin
XIX
Arratsalde batez esan ziguten gure agintariek traste guztiak hartuta abiatu behar genduala. Ez dakit zein menditan geunden orduan. Ez ziguten esan nora joan behar genduan, bainan Gorbea Txiki izan zan gu joan ginan tokia. Arratsalde gehienean joan eta joan ibili ginan. Haizea, kazkabarra eta eudia galanki ari zuan eta ederki busti eta nekatu ginan. Gauean hamarrak alde hortan iritsi ginan, ezer ikusten ez genduala; iluna baitzegoan gogotik. GorbeaTxiki-n zegoan Navas izeneko batailoi bateko konpaini bat, eta berari erreleboa egitera igo ginan gu. Mendi honen gailurrera iritsi ginanean, Navas konpainiko soldaduak larri zeuden, eta haien agintariak ere beldurtu ziran, gu nabaitu ginuztenean; ez baitzekiten zein ginan. Berehala hots egin zigun Navasko kapitanak: —¡Alto! ¿Quién vive? Eta gureak: —¡España! Eta harek: —¿Qué consigna? Gureak esan zion bere konsigna, eta orduan bildu ziran bi agintariak alkarrengana, linterna batekin beren arpegiak ikusten zituztela. Eta hala esan zion Navasko kapitanak: —Pues no sabía si érais vosotros o eran los rojos, pues este es un sitio muy peligroso y no se puede uno fiar. Orduan esan zigun gure kapitanak: —Subid, muchachos, que son de los nuestros. Halaxen igo ginan gora, eta han ez zegoan txabolarik eta ezer ere. Navasko soldaduak, batzuk trintxeretan goardian eta beste batzuk txoko batean su pixka bat egin eta aren bueltan zeuden, txandan bizkarrak berotzen. Guri esan ziguten hurrengo egunean goizean egingo zala erreleboa, eta gau guztian hantxen egon ginan, Navasko soldaduen ondoan, euditan, hotzak, logaleak eta batere lorik egin gabe, estalpe bat ere ez zegoalako, eta goseak, zer janik ez gendualako. Noizbait iritsi zan hurrengo goiza. Goizeko zazpiak alde hortan egin zan erreleboa. Gu trintxeretara eta beste konpaini hura behera jetxi zan, berriz guri laguntzera azkar igo behar izan zuan baino. Gorbea Txiki inguru hau toki arlote xamarra zan; harkaitza, otea eta arbola kaxkar batzuk besterik ez zan ageri inguru hartan guztian. Mendi hontan bazeuden trintxera legera egindako lubaki txiki batzuk, eta haietan jartzeko agindu ziguten gure agintariak. Trintxera haietan ura zegoan, bainan, nahi ez genduala ere, lo hartzen genduan; lo premi haundia baigenduan. Gainera ez gendakigun kontrarioak hain gertu zeudenik. Goizeko zazpi eta erdiak inguru hortan, gure eskuadrako kaboak hor ikusten du sekulako jende pila zetorrela Gorbea Haundi izeneko menditik behera Gorbea Txiki aldera, gu geunden tokira, mendi guztia betean, oihu eta deadarka. Danak, edo gehienak behintzat, asturianoak izan behar zuten, gero berek adierazi zuten bezela. Isilik etorri izan baziran, gu danok prisionero egingo ginuzten noski, bainan guri mesede haundia egin ziguten builan etortzearekin; berek adierazi baitziguten nola zetozten. Nik entzun izan dedanez —ez det behinere edan eta— gerra denboran izaten omen da asalta-parapetos izeneko patarra, eta nonbait hartatik ondo xamar probatuta zetozten, sumatzen zituzten maldeziorik haundienak boteaz. Tiroka hasi baino lehenago, entzuten genduan nola esaten ziguten: —¡Viva Asturias! ¡Marcháos de ahí, hijos de...! Gero batak besteari esaten zioten: —¡Hala, valientes! ¡Animo, muchachos! ¡Vamos a por ellos que son pocos y los liquidamos en seguida! Eta danak korrika guregana. Gure kabo harek azkar joan da hots egin zien agintariai, esanez ea zer jende zan han goitik behera zetorrena. Agintariak berehala agindu zion, esanez haiek gure kontrarioak zirala eta segituan asteko tiroka. Halaxen hasi ginan danok, eta sekulako tiro soinua sortu genduan. Goizean zazpi eta erdiak aldean hasi eta eguerdiko amaika eta erdiak arte iraun zuan tiroteo horrek, bi alderdietatik jendea galanki hilda. Gu tiroka hasi ginanean, gure agintariak berehala mutil batekin abisua bialdu zion Navasko konpainiari, segituan igotzeko gora, artean gertu xamar baitziran, eta berehala igo ziran. Eskerrak horri. Borroka hau hasi eta berehala, hil ziran lau edo bost mutil gure lagunak, euskaldunak. Gehiago ere hilko ziran noski, nik ez banioten esan pare hartan ez jartzeko. Plateraren moduko harkaitz zabal bat zan, eta haren atzean jartzen ziran burua bakarrik agiri zutela; ziplanean jotzen zituan balak begiondo inguruan, eta ai! bat esan gabe, hilda gelditzen ziran. Bat bueltaka lurrera erori eta segituan beste bat jartzen zan haren tokian, eta hura ere berdin. Nik, ikusirik nere burua larri eta nere lagun maiteak hiltzen, hara zetoztenai esaten nien: —Mutilak, ez zaitezte jarri hor! Ez al dezute ikusten zer gertatzen dan? Hori toki txarra dek! Eta handik aurrera ez zan inor jarri han. Beste askoren artean ikusi genduan gure trintxera inguruan nola zetorren gizon bat galanta, fusilik gabe, esku-bonbak eta ezpata haundi bat bere eskuetan zituala. Harek bazirudian danok jan behar ginula, bainan beste asko bezela han gelditu zan hura ere oinak hoztuta. Goizean zortziak aldean laino izugarria sortu zan inguru hartan, eta ez zan ia ezer ikusten. Laino hau oso ongi etorri zan kontrarioentzat; bertaraino etorri arte ez baiginun guk ikusten. Orduan hil eta eritu asko egin zizkiguten: gure kaboa han gelditu zan trintxeran hilda; kapitana eritu zuten; tenientea eta bi alferez ere bai. Gure kontrarioak ez ziran gelditu gure trintxeran sartu ziran arte. Trintxera hori luzea zan, mendi guztia bueltan hartzen zuana, eta alderdi batetik sartu ziran zazpi edo zortzi kontrario, eta gure soldadu lagun batzuk utzi egin behar izan zuten trintxera hori, munizioak ahitu zitzaizkatelako. Beste batzuk berriz, gure agintari gehienak inola eritu baitziran, beren tokia uzten hasi ziran. Bainan Navasko konpainia orduan iritsi zan, eta haren agintariak pistolarekin danak behartu zituzten bakoitzak bere tokia zaitzera. Navaskoak etorri izan ez balira, kontrarioak egingo ziran Gorbea Txikiaren jabe. Orduan aguro aldegin behar izan zuten gure trintxeran sartu ziran kontrarioak. Itzuli abiatu ziranean, gehienak hil egin ziran. Borroka hau txoil bukatu baino lehentxeago, han ikusten genduan berrogeita hamar bat urteko gizon bat, gure kontrarioa, erituta zegoala gure trintxeraren aurrean, eta Navasko agintariak esan ziguten: —¡A ver ese hombre que está ahí herido, traédlo para aquí! Hartu eta ekarri genduan, eta han utzi genduan lurrean luze-luze. Penagarria zegoan gizarajoa. Nonbait zauri txarra zuan eta ezin hilik zegoan. Bere eskuekin puskatzen zituan soinean zeuzkan arropak. Kazkabarrak eta eudiak jotzen zuan arpegian, bainan hala ere lurruna botatzen zuan, heriotz-larritasunak ematen zion berotasunarekin. Gero, erasoa bukatu zanean, Bitorira eraman zuten. Hamaikak aldean hasi zuan lainoa kentzen, eta bizirik gelditu ziran gure kontrarioak, orduan abiatu ziran atzeraka, berriz ere lehenago etorri ziran tokira, Gorbea Haundira, eta amaika eta erdiak aldean isildu zan tiroteoa. Bainan artean ere gu ez geunden lasai, pentsaturik kontrarioren bat egongo zala baztarren batean gordeta. Eta halaxen zan. Gure soldadu gailego bat eta ni hantxen geunden isil-isilik trintxeran, eta gu geunden tokitik berrogei bat metrora, harkaitz baten atzean gordeta, han zeuden hiru kontrario, bat fusil-ametrailadorarekin eta beste biak fusilakin ederki armatuta. Ez haiek eta ez gu, ezin ginan geunden tokitik atera, eta hantxen jokatu behar izan genduan gure bizia, haiek edo gu erten nagusi. Gizon koxkorren fama dute gailegoek, baina hura oso balientea zan. Eskerrak hari, bestela ez dakit zer egin behar genduan. Ni behintzat, bata besteari tiroka ari ginala, fusila enkaskilatu eta tiroa tiratzen ez zuala gelditu nintzan. Handikan aurrera nere lagun gailegoak bakarrik tiratzen zuan gure aldetik. Bainan hori baino okerragoa zan munizioak ahitu zirala, eta artean hiru kontrario horiek bizirik eta guri tiroa tiratzen. Bagendakigun lehenago, presaka ari ginala, kartutxo batzuk eskuetatik erori eta gure trintxeran zegoan ura eta lokatz tartean bazirala, eta gailegoak esaten zidan: —¡Hala, Sebastian! Ya sabes que entre el barro hay algunos cartuchos. A ver si encuentras algunos, que si no aquí tendremos que morir. Nos tenemos que defender sea como sea, que esos cab... no se marchan de ahí... Nik, lokatzetan bilatzen nituan kartutxoak nere galtzatan garbi-garbi egin eta ematen nizkan, esanez: —¡Tira con cuidado, Antonio, que quedan pocos cartuchos ya! Eta halaxen hil zituan hirurak: lehenbizikoa bistan erori zan; beste bat joan zan hari heltzera, eta orduan berari tira eta bota zuan, eta gero hirugarrena ere noizbait hil zuan. Gero joan ginan gizon haiek ikustera, eta han zeuden hirurak hilda. Bat agintaria zan, tenientea edo zerbait horrelako. Harek zeukan buruko kaskoa berri-berria, izugarri ederra. Rusua izan behar zuan. Odolez pixka bat zikinduta zegoan, eta urez garbitu eta handikan aurrera kasko hura neronek ibili nuan, eritu ninuten arte. Orduan bukatu zan egun hartako tiroteoa. Gure agintariak agindu ziguten begiratzeko ondo inguru hartan danean eta beheko mendi zokoetan barrena, ea kontrarioren bat gordeta zegoan edo hilda zeuden haien tartean bizirik bai ote zegoan. Laister asko joan nintzan ni, ea gure Kaximiro han ikusten ote nuan, eta makina bat hildakori heldu eta buelta eman nion, bera zala irudituta. Han hilda arkitu ez nuanean, berriz ere nere modu hauxen esan nuan: —Hemen ere ez dek ba! Non ote dabil gizarajoa? Jende asko eta asko zegoan hilda nonahi lurrean, eta haben artean ia hilean zeuden eritu asko ere bai. Eritu habek hartu eta trintxeretara eramaten ginun, eta gero Bitorira ospitalera. Baziran erituak gehiago ¡Dadme un tiro! ¡Dadme un tiro!, tiro bat emateko deadarka esaten zutenak. Gauza penagarria benetan! Hurrengo egunean, gaueko hamabiak aldean, eraso ziguten berriz ere. Denbora puska batean jardun ginan tiroka, eta gero isildu egin ginan. Hurrengo goizean, eguna argitu zuanean, begiratu genduan kontrario asko ote zegoan hilda, bainan ez zegoan bakar batzuk besterik, eta gure aldetik ez zan inor ere hil edo eritu. Navasko konpainia eta gure konpainitik hil eta eritu gabe gelditu ginanak, danak han egon ginan alkarrekin bost edo sei egunean. Gorbea Haundira begiratu eta ikusten ginun kontrarioak nola zebiltzan beren trintxera gainetan haruntz eta honuntz. Ametrailadoretan zeuden gure soldaduak, agintarien agindua zuten ilunabarrero ametrailadorak probatzeko tiro batzuk eginda, eta, hasten ziranean ta-ta-ta-ta-ta!, han ikusten ginun kontrarioak korrika. Izaten ziran baldearekin ur bila zihoaztenak ere, eta laister jira eta sartzen ziran beren txabola zuloetan. Gero Navas bertan gelditu zan, eta gu behera jetxi ginan beste mendiren batera.
Neronek tirako nizkin |