Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964

 

 

V

 

      Handik Donostiko Antiguako partean dagoan Artola izeneko baserrira joan nintzan morroi. Fundacion Goienecheren inguruan dago; bi bizitzako etxea da. Batean bizi ziran senar-emazteak beren familiarekin, eta, ni morroi egon nintzan bizitzan, senar-emazteak bizi ziran, Martin eta Anttoni; habek ez zuten haurrik.

      Baserri hau terreno aldapatsu batzuen gain-gainean egina dago, eguzkiak eta haizeak ederki jotzen dutela. Etxea bera aspaldikoa da, zaharra.

      Lur gutxi zuan; maizter batentzat poliki, bainan bi bizitzen ziran. Lurrak, gehienak eguzki aldetik zituan; baratza edo labore-toki on xamarrak bazituan; belazeak eta sagastiak toki aldapatsuan; ganaduaren azpitarako zakarrik ez zuten, eta baso edo txarik ere ez. Ganadua ere gutxi idukitzen zuten, eta kaxkarrak; pentsurik gabe belar hutsarekin bizitzen ziran.

      Etxe-ondoan bazuan zumar arbol haundi bat; eta muxika arbolak, aranak, udareak, gereziak eta brinoiak ere bazituan.

      Etxe inguruan bazuan putzu txiki xamar bat, eta, eudia egiten zuanean, betetzen zan, eta bertan edaten zuten ganaduek behar zuten ura. Etxeak berak bazuan bozaera deritzaion ormigoizko ontzi haundi bat, eta teilatuko urak bertara biltzen ziran, eta etxean behar zana handik hartzen genduan.

      Ni morroi egon nintzan etxeak, bazuan beheko txoko batean Ama-Birjin iturri eder bat, eta handik ere ekartzen genduan.

      Sarrerako atearen barrendik lotuta egoten zan txakur koxkor bat. Bera beltza zan kolorez, bainan hortzak zuriak erakusten zituan, inor kanpokorik joaten zanean. Ez zan izaten giro harrekin. Etxe inguru artara ez zan elbirik ere inguratuko berak nabaritu gabe. Horrelako txakurrak ez dira diruarekin ere pagatzen.

      Sagar denboran etortzen ziran kaleko mutil koxkorrak sagarrak ostutzera, eta gure nagusiak ikusten zituanean txakurra askatuta bialtzen zuan, eta han ibiltzen ziran larri.

      Egun batez, bazkalondo batean, ikusi zituan lau edo bost mutil koxkor sagastian zebiltzala, eta han bialdu zuan gure txakur beltza tximista baino azkarrago. Mutil koxkor batzuk alde egin zuten korrika, bainan bat bazan denborarik ez zuana alde egiteko, eta sagar arbolaren gainera igo behar izan zuan txakurrak txikituko ez bazuan. Gizarajoak hantxen egon behar izan zuan arratsalde guztian sagar arbolaren gainean negarrez eta gure txakur beltxa arbolaren azpian bere hortz zuriak agertuaz, mutil koxkor ari zaunkaz.

      Gero nagusiak esan zidan:

      —Sebastian, joan hadi sagastira eta ekar zak txakur hura etxera.

      Eta hala joan nintzan, eta, nik txakurrari heldu nionean, jetxi zan mutil koxkorra arbolatik behera, eta pena ematen zidan gixarajoak. Begi biak haunditurik zeuzkan negarrez, eta galtzak ere pixez bustita. Gero, nik zerbait egingo nion beldurra ere bazuan, baina, zer egingo nion, mutila postura hartan ikusita? Urrikaldu egiten nintzan neroni, eta esan nion joateko agudo handik eta ez etortzeko gehiago sagarrak ostutzera; bainan ez zegon esan beharrik: ez zan azaldu gehiago mutil koxkor hura, eta ez bere lagunak ere.

      Etxe hartako nagusia, Martin, gizon haundi bat zan, berrogeita zortzi bat urte zituana, nahiz eta bere emazteak hirurogei izan. Gizon serioa, bere boxeadorearen arpegiarekin, sudurra motz xamarra eta lepoa lodia. Bizarra igandeetan moztutzen zuan, batean pasako zituan hiru edo lau hilabete buruko ilerik moztu gabe, eta, hala zegoanean, ikara ere ematen zuan.

      Emaztea ere oso bizartsua zan, eta honi ere senarrak moztutzen zion igandeetan, eta etxekoandre harek orduan ematen zuan hamar bat urte gazteagoa.

      Gizon haren jazkera, inora joan behar zuanean, izaten zan: txapela, alkandora barratu bat, galtza urdinak, blusa beltza, eta oinetakoak gehienean alpargata beltzak.

      Nagusi ari gustatzen zitzaion ia jai-arratsaldero paseatzera joatea. Eta bere amets guztia izaten zan ardo puska bat edan eta gero mutur joka ibiltzea. Inoiz etorri izan zan etxera arpegia markatuta, bainan oso gustora gizona. Astelehenean jarduten zan neri esaten igandeko gorabeherak, eta beti pantesi hori izaten zuan, esanaz:

      —Atzo eman zizkat halakori ederrak, neronek ere hartu nizkian baina!...

      Eta berriz ere igandea etortzeko pozez egoten zan, mutil gazte baten moduan, beste kontrario batekin bere indarrak probatzeko. Neri soldata ordaintzeko ez zuan izaten dirurik, baina parrandan ibiltzeko sortzen zuan nondik edo handik. Bere gustoko bailara Igeldo ingurua izaten zuan. Gustatzen zitzaion kontrario gogor xamarrarekin borrokan ibiltzea.

      Ni hara joan eta berehala, soldataren kontua egiten hasi ginanean, nik hilean kobratzeko egin nahi nuan, bainan nagusiak esan zidan urtean ordainduko zidala, eta hala egin genduan tratua berrogeita hamar duro ordaintzekotan. Pasatu zan urtea eta ez zidan dirurik ematen, eta nik esan nion nagusiari:

      —Aizu, Martin, urtea pasea da ni hemen lanean hasi nintzala, eta ez al degu soldatarik?

      Eta erantzun zidan:

      —Bai, emango diat; laister txekorra salduko diat eta egingo dizkiagu kontuak.

      Txekorra saldu eta handikan puska batera ordaindu zidaten noizbait, eta nik orduan esan nion:

      —Begira, Martin, nik hilean kobratu nahi det nere soldata, ahal bada.

      —Hilean ez dek errez izango, motel; nik urtean behin ateratzen diat txekor bat eta orduan izaten diat dirua.

      —Ba, nik hilean kobratu nahi det, eta gainera hilean behar ditut gutxieneko zortzi duro.

      —Zortzi duro?

      —Bai, bai, zortzi duro.

      —Emango diat ba hilero, bainan ez zortzi duro; hileko askoz gutxiago.

      —Ba, ez badidazu ordaintzen nik esandakoa, ni banoa etxe hontatik.

      Eta, ura esan nionean, erantzun zidan:

      —Guk ere norbait behar diagu laguntzeko eta emango diat ba eskatzen dekana.

      Bainan pasa hilabete, bi, hiru eta lau ere, eta dirurik ez, eta nik esan nion:

      —Zer degu, nagusi? Habek ez dira guk esandako hitzak. Ez al degu dirurik edo zer gertatzen da? Lana bai eta soldatarik ez? Hau ez da segira ederra!

      Eta erantzun zidan:

      —Nik ez zeukat ba orain dirurik, motel, eta noizbait egingo dizkiagu kontuak.

      —Lehenago ere kontua gehiago dabil hemen dirua baino!

      Eta inola ez nuan behinere soldataren usairik ere nabaritzen, egun batez esan nion:

      —Aizu, Martin, hemengoa ikusia dago; ni ez neike lanean aurrera hola jardun eta banoa hemendik.

      Eta erantzun zidan:

      —Zer egingo diagu ba, motel! Berriz ere bateonbat etorriko ahal dek noski!

      Eta halaxen alde egin nuan baserri hartatik, txakurtxiki bat ere hartu gabe. Ni atera eta handik urte pare batera gaxotu eta hil egin zan nagusia, eta bere emaztea ere, bera hil eta handik bi edo hiru bat urtera, hil zan.

 

Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964