Neronek tirako nizkin
XXIV
Etorri zan noizbait anbulantziko kotxea, eta nere moduko beste bost edo sei eritu sartu eta eraman ginun Bitorira. Hemen bazegoan Primer Hospital de Sangre izenarekin etxe berri haundi bat, berez apaizgaientzat egina, eta hara eraman ginun. Mahaiean operatzeko jarri ninutenean, galdera habek egin zizkidan medikuak: —Nungoa haiz, gazte? —Ni Donostikoa. —Donostikoa? Ni ere hangoa nauk ba, hemen natxiok zerbizioz baina. Donostiko don Inazio Urbina izena zuan mediku ospetsua zan. Gero galdetu zidan: —Zer egin ditek mendi alde horietan? Eta nik erantzun nion: —Ez dakit ba, jauna, ondo esateko; baina oinak ditut elbarrituak. Eta ezkerreko oina, nola baitzegon puskatu eta zintzilik, berari eskuarekin helduaz galdetzen zidan: —Eta honi zer egin behar diogu? Eta nik erantzun nion: —Horri zer egingo dio? Moztu!... Eta berak: —Motel, motel! Zer esaten didak? Makina bat operazio egin dizkiat nere denboran, bainan oraindik ez zidak inork esan moztutzeko konturik, prueba egin behar dala baizik. Eta nik erantzun nion: —Prueba egiten zertan hasi behar degu, dana puskatua dago eta? Halaxen, ezkerreko oina moztu eta eskubiko zankoa hamairu punturekin josi zidan. Operatzeko nola kloroformoa eman zidaten, ohera eraman ninutenean, ni ez nintzan konturatzen non negoan, ezta operatu bazidaten ere. Neri iruditzen zitzaidan oina moztu egin zidatela, goata eta trapu asko baineukan eta ez bainion antzematen. Eskua pasatzen nuan eta nere modu esaten nuan: “Neri oina moztu egin zidatek!”, eta negar egiten nuan. Don Inazio Urbina mediku jaun hau oso gizon jatorra eta atsegina zan. Noiznahi etortzen zitzaidan bisita egitera ohean negoan tokira. Hantxen egoten zan ohearen gainean exerita, kontu kontari, zerbait falta al nuan esanaz. Nik eskatu nion painuelo bat ea mesedez ekarriko zidan, eta bi ekarri zizkidan berri-berriak; eta eskerrik asko esanaz, nik galdetu nion: —Nik oina moztua al daukat? Eta erantzun zidan: —Qué va! Nola izango dek ba oina moztua? Behatzak eta danak hor dauzkak! Hala, isilik gelditzen nintzan; bainan berriz ere ez negoan lasai, eta, etortzen zanean, galdetu egiten nion, nik jakin nahi nuala oina nola neukan, eta esateko mesedez egia. Orduan esan zidan: —Begira... Batzuek ez ditek nahi izaten esatea; baina hik desio hori baldin badek, esango diat: oina moztuta daukak; neronek moztu nikan, eta oso ederki jarrita daukak, eta hori azkar sendatuko dek. Egon hadi lasai! Bainan harek hura esan zuanean, ni berriz ere negarrez. Egun batez ospital hontara etorri zan gizon agintari jaun bat, eta galdetu zizkidan izen-apelliduak eta nongoa nintzan. Esan nizkion, eta hala joan zan. Ospital hontan egun batzuk igarota, ni negoan salako monjak esan zigun eritu danoi, agindua zala ohetik jaikitzeko gauza ginan guztiak Pamplonara joan behar genduala, frentetik eritu asko zetorrela eta haientzat lekua izan zedin. Ni operatzeko mahaiean jarri ninutenean, guraizearekin soinean neuzkan arropa danak goitik hasi eta beheraino moztu egin zizkidaten, eta ez nuan gehiago nere arroparik ikusi. Galdetu nien behin baino gehiagotan ere, baina ez omen zituzten arkitzen. Monjak esan zidanean Pamplonara joan behar genduala, nik erantzun nion nere amak mundura ekarrita bezela negoala, eta zerbait beharko nuala jazteko. Orduan erantzun zidan, «Gizarajoa!» esanez, gure sala hartan bazala falanjista bat gauean hila, eta hari kenduko ziola buzoa, eta harekin jantziko nintzala. Hantxen egin genduan, erderazko esaera batek dion bezela, desnudar a un santo para vestir a otro, eta buzo hori jantzita aldatu nintzan, beste eritu askorekin, guretzat jarritako tren berezi batean, Bitoritik Pamplonara, Hospital Militarrera. Lehen esan dedan agintari jaun harek, ez dakit nola, baina abisu txarra bialdu zuan gure etxera, esanaz alegia bi oinak gerran moztuak nituala eta oso gaizki negoala, eta bizirik ikusi nahi baninuten, azkar joateko. Abisu hori hartu eta hurrengo egunean, goizeko trenean sartu eta joan ziran Bitorira nere bi anai, Rikardo eta Polikarpo. Iritsi omen ziran noizbait herri hontara, eta joan omen ziran ni negoan ospital hartara. Ni negoan salak Nuestra Señora del Pilar zuan izena. Sartu eta «lehenengo ohea», horrela nere galdera egin omen zioten sala hartako monjari, eta erantzun omen zien bere eskuko behatza luzaturik: —Hori da sala hontako lehenengo ohea, eta hortxen daukazute zuek behar dezuten soldadu eritua. Eta nere anaiek erantzun omen zioten: —Hori ez da gure anaia. Eta monjak: —Ez dakit ba nik nor izango dan zuen anaia. Sala hontan lehenengo ohean baldin bazan, honek izan behar du; edo bestela, hainbeste hiltzen da hemen egunaren buruan eta hila izango da. Ospital guztia jira omen zuten behetik hasi eta goraino, eta, arkitu ez ninutenean, berriz ere hain triste nere bi anaiak etxera. Ni berriz bezperan Pamplonara etorria nintzan. Bitoriko ospital hartan nola erotzeko hainbat lan zegoan horrenbeste jende eriturekin, monja hura ez zan konturatu egiten Pamplonara bialdu baginuzten ere. Nik, Pamplonara iritsi bezin laister, egin nituan bi letra etxera, nere anaiai esanez non eta nola arkitzen nintzan. Berehalaxen etorri ziran nere bi anaiak, eta ohearen ondoan negar eginez esaten zidaten: —Bizi al haiz, motel? Eta nik erantzun nien: —Bai, mutilak, ikusi dizkiat komeri ederrak, baina oraindik ere bizi nauk. Eta Rikardok esaten zidan: —Bai, motel, Bitorian izan ginuan lengo egun batean, eta ospitaleko monjak esan ziguken seguru asko hila izango hintzala, eta pena ederrarekin joan ginuan berriz etxera. Eta berriro lepotik heldu eta negar eginez esaten zidan: —Pozaren pozez txoratzen gaudek, motel, hi bizirik ikustearekin. Gure Jaungoikoak nahi dezala lehenbailehen sendatu eta etxera joatea. Eta hala joan ziran berak etxera.
Neronek tirako nizkin |