Neronek tirako nizkin
XXV
Pamplonan pasatu nituan lau bat hilabete, nere zauriak sendatu ziran arte. Hemen suerte ona izan nuan. Baziran oheak madrina de guerra izeneko emakumeak beren kontura hartzen zituztenak, eta ni negoan ohearen madrina, Naparroako Diputazioko Presidente jaunaren emaztea zan. Horregatik, han egon nintzan bitartean, neri ez zitzaidan ezertxo ere palta izan, nola jateko, edateko eta jazteko. Andre honek bazeuzkan ospital hontan, ni negoan salan bertan, bi alaba bere borondatez gaxozai zerbitzen zebiltzanak, eta, ni ospital hartara etorri eta hurrengo goizean, ni negoan ohea antolatzera etorri ziranean, bi neskatxa habek esan zidaten mesedez jeikitzeko pixka bat ohea egin arte. Nik, ordea, Bitoritik ekarri nuan buzoa oherakoan kendu egiten nuan, eta berriro ere nere amak mundura ekarrita bezela arkitzen nintzan, eta lotsaturik esaten nien ea ezin al zuten antolatu ohe hura neroni bertan negoala, eta esaten zidaten: —Zer ba? Min haundia al daukazu? Eta nik orduan esan egin behar nola arkitzen nintzan, eta esan zidaten oso kupiturik: —Gaur etxera joaten geranean, esango diogu gure amari zu nola arkitzen zeran. Hurrengo goizean, ohea antolatzera etorri ziranean, esan zidaten beren amak esan ziotela galdetzeko neri zer behar nuan. Ni berriz lotsatu egiten nintzan ezer eskatzea, eta, aditu zutenean ezer ez neukala soinean jazteko, han ekarri zizkidaten sekulako gauzak: bi galtza pare, bi alkandora, barrengo arropa zuriak, galtzerdiak... Zapatarik ez zidaten ekarri jantzi ezin nualako, baina bai bastoi eder bat, tinta, pluma, paperak eta sobreak kartak eskribitzeko. Gero neskatxa habei esan zien beren amak, koltxoi baten gainean baino hobeto egongo nintzala biren gainean, eta jartzeko bigarren koltxoia neri. Hala jarri zidaten, eta markes bat bezin ongi zaitzen ninuten ospital hontan. Andre hura bera, berriz, jaiero etortzen zitzaidan bisita egitera, eta gehienean bazkalorduan etortzen zan. Beti ekartzen zizkidan dozena erdi bat pastela kremazkoak, boteila bat edari on eta puro eder bat, eta, nik bazkaltzen nuan arte, hantxen egoten zan ohearen ondoan exerita. Neri gerrako kontuak galdetzen zizkidan, nik esaten nizkion, eta biok hantxen, ama-semeak izan bagina bezela, kontu kontari jarduten ginan. Ospital hontan poliki jaten genduan, baina andre oni janari ahul xamarra iruditzen zitzaion neretzat, eta bertako buru egiten zuan mediku jaunari hots egin eta esan zion nik odol asko isuri nuala nere zaurietatik eta argal negoala, eta emateko neri egun batean haragia eta bestean oilaskoa indartu nedin. Horrelaxen pasatu nituan egun ederra pranko, andre on hura eta bere alabak zirala merio. Diru askorik ez nuan izaten, bainan bai jan eta jantzi bapo. Gure libersioa pelota partidoak ikustea izaten zan. Egunero, bazkalorduan, etortzen zan teniente medikua sala guztietara zinerako eta frontoirako sarrerakin. Neri beti zinea baino gehiago gustatu izan zait pelota, eta frontoirako sarrera hartzen nuan. Joaten nintzan Euskal Jai izeneko frontoira, eta hantxen ikusten nituan hiru partido, eta arratsalde ederra pasa eta berriz ere ospitalera ilunabarrean. Garaiz xamar afaltzen genduan, eta gero kartetan edo jokoan jarduten ginan, beste batzuetan radioa entzuten, eta gero lotara.
Neronek tirako nizkin |