Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964

 

 

XXVII

 

      Gero etorri zan agindua ospital hontako eritu mordo bat Tudelako ospitalera eraman behar zala, eta halaxen autobus batzuetan sartu eta eraman ginuzten.

      Herri honen inguruan mahasti haundiak dira, eta, gu joan ginanean, orduan ari ziran emakume talde haundi bat gizonezko batzuekin mahatsa bildu eta bildu. Gure autobus danak gelditu erazi egin zituzten, eta han ginan eritu guztiai nahiko mahatsa eman ziguten. Eta halaxen, mahatsa janez, jarraitu genduan Tudelako herrira iritsi arte.

      Sartu ginan herri hontako ospitalera, medikuak eta monjak egin ziguten ongi etorria, begiratu ziguten danoi zaurietara, eta han ibili ginan hogei bat egunean.

      Askotan gaua izaten zan tristea, gure kontrarioen aideplanoak etortzen baitziran. Herri honek bazeukan bere azpian tunel haundi bat, eta, sirena jotzen zutenean, ibiltzeko gauza ginanak hemen sartzen ginan; eta ibiltzeko gauza ez ziranai, oheean zeuden tokian lau edo bost koltxoi botatzen zizkioten gainera, bonba erortzen bazan min gutxiago egitearren. Aideplanoek alde egiten zutenean, berriz era danok ospitalera. Horrelaxen ibiltzen ginan.

      Herri ontako baserritar jendea ez zan beti nahiko loa eginda bizi. Goizean laurak baino lehenago erteten ziran etxetik, gizonezko eta emakumezko, beren mando eta karro zaharrak hartuta.

      Herriari ematen zioten hutsaldi ederra, jende asko ateratzen baitzan, bakoitza bere tokira lanera.

      Gero, ilunabarrean, prozesioa ematen zuan. Mando errenkada izugarriak etortzen ziran, bata bestearen atzetik, batzuek mahatsa, besteek patata, tipula, tomatea edo piperra zekartela. Pipermorroakin zetoztenak ematen zuten ederki, danak ileran gorri-gorri.

      Ni gustora egoten nintzan haiei begira.

      Ez zuten ekartzen jostatzeko gogo haundirik; gizarajoak ederki nekatuta etortzen ziran.

      Hurrengo agindua etorri zan, berriro Pamplonara joan behar genduala. Sartu ginan trenean, eta Pamplonako estazioaraino. Hemendik ambulantziko kotxeetan sartuta, berriz ere Hospital Militarrera. Neri berriz ere lehenago egon nintzan salan eta ohe hartan bertan suertatu zitzaidan sartzea.

      Eta ez nintzan hasarre, lehenago ere han egon bainintzan ederki, eta berriz ere ondo zaitu ninuten lehengo medikuek, monjek, bi neskatxak eta beren ama borondate honekoak.

      Lehenago bezelaxen berriro ere hasi nintzan bizitzen, nere zauriak sendatu ziran arte.

      Sendatu nintzanean, medikuen aurrera eraman ninuten. Habek nere zauriai begiratu zieten, eta esan zidaten ez nintzala gehiago gerrarako gauza, eta orduan eman zidaten alta —baina nik oina palta.

      Etxera abiatutzerakoan, agurtu nituan nere mediku, monja, enfermero eta han gelditzen ziran nere lagun erituak, eta ni egondu nintzan ohearen madrina agurtzera bere etxera joan nintzan.

      Hantxen agurtu nuan, esker beroak emanez egin zizkidaten mesede on guztiak gatik, eta famili guztiari esku emanda atera nintzan

      Eman zizkidaten zigarro puro eder batzuk eta eskupekoa ere bai, eta esan zidaten berriz ere inoiz Pamplonara joaten banintzan, ez gelditzeko beren etxera sartu gabe.

      Nere eginkizun batzuk zirala eta, joan behar izaten nuan tarteka, eta berriz ere hantxen joaten nintzan famili bihotz oneko hura bisitatzera. Nola ez nintzan ba joango?

 

Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964