Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964

 

 

XXI

 

      Ez dakit Dimatik nora eraman ginuzten, bainan, uste dedanez, handik atera eta ibili aldi izugarriak egin ginun, kontrarioak atzera eta gu aurrera.

      Gogoratzen naiz, egun batez ia arratsalde guztian korrika ibili ginala joan eta joan, eta tiro askorik egin gabe gainera; bainan tarteka gogor xamar egiten ziguten.

      Arboldegi haundi batera iritsi ginan eta hemen hortzak erakutsi zizkiguten. Berak arbolen atzetik guri tiroka, eta gu ere beste arbola batzuen atzetik. Gu beti, pixkabanaka, arbola baten paretik bestera aurrera joaten ginan, bainan berak ez ziran atzera joaten.

      Orduan gure agintariek esan ziguten, badaezpada ere baionetak jartzeko fusilari, halakorik gertatzen bazan baionetaz ari beharko zala eta. Esan bezela, jarri ginun baionetak fusilaren puntan eta, gu hala ikusirik, ihes egin zuten.

      Hala gabiltzala, gure soldadu batzuk eritu zituzten. Bati behintzat eskuko behatz bat moztu zioten tiroz, eta nere artean esan nuan:

      —Horrek behintzat zauri ona izan dik. Orain ospitalera joango dek eta gutxienez behintzat oraingoz bizia salbatu dik!

      Gero berriz haiek atzera eta gu aurrera. Halako batean, korrika goazela, mendi txoko batean arkitu genduan kontrario erdeldun bat, sasi tartean gordeta zegoala. Nonbait munizioak bukatu zitzaizkan eta bera ere oso nekatuta zegoan, eta, ikusi zuanean ezin zala gehiago ibili, bertan gorde zan. Hain zuzen gainera, gure tenienteak ikusi zuan nola zegoan gordeta, eta esan zion:

      —¿Que haces ahí, muchacho? ¡Salte de ahí!

      Hala, atera zan sasi tartetik, etorri zan tenientearengana, eta honek esan zion:

      —¡A ver como está ese fusil!

      Heldu zion fusilari, eta, ikusirik artean ere bere kanoia bero-bero zegoala, esan zion:

      —¡Ah, granuja! ¿Cuántos habrás matado?

      Eta hura izan zan guk egun hartan egin genduan prisionero bakarra.

      Horrelaxen kilometro asko pasatu ondoren, mendi batean gogor xamar jarri ziran gure kontrarioak, eta larri ginan danok ere. Tiro asko tiratzen zuten berek, eta gu ahal genduan lekuan ezkutatzen hasi ginan. Gure lagun asko trintxera moduko pendiza baten atzean jarri ziran.

      Ni ere han etzanda negoala, soldadu batek hantxen bota zuan bere burua nere oinetara. Zein ote zan eta nere lagun maite bat zan, Domingo Erkizia, Donostiko Antiguako bailaran dagoan Urrizti baserrikoa. Aspaldian alkar ikusi ez genduanak, hantxen besarkatu ginan, bi anai maite besarkatzen diran bezela. Nik esan nion:

      —Zer moduz, Domingo?

      —Hementxen, motel, larri! Gaur arratsalde guztian korri eta korri gabiltzak ia batere gelditu gabe, eta orain, hemen ikusten degunez, gure kontrario habek gogor jarri zaizkiguk, eta hemen dituk komeriak!

      Gu ginan Batallon de Montaña Sicilia n.° 8, eta Domingo, berriz, America 23, eta bi batailoietako soldaduak nahastuta genbiltzan.

      Gero berriz ere gure agintariek ordenatu zituzten beren mutilak, eta mendi hartan America 23 gelditu zan, eta guk eskubi aldera jarraitu genduan.

      Egun hartan hala gebiltzala, makina bat aldiz gure anai Kaximiroz oroitu nintzan, nere modu esanaz:

      —Gure Kaximiro ere hemen ibiliko dek ba nonbait! Hau ere marka izango dek! Beti hain alkar maiteak izan gaituk eta orain hemen alkarri okerren bat egin behar ote diogu?

      Ilunarekin batera iritsi ginan baserri zahar baten ingurura. Orduantxen alde eginak ziran gure kontrarioak. Etxe ondoan bazegoan zakar meta bat, eta orduantxen ari zan hura ere erretzen.

      Gure agintariek esan ziguten han gelditu behar genduala gaua pasatzen; zerbait jan eta baserri hartan lo egin behar genduala. Jateko ez genduan gogo haundirik, egarri galanta baizik.

      Batzuk jarri ginan kanpoan goardian eta gainontzekoak baserrian lo. Ez zegoan oherik eta ezertxo ere, bainan hala ere lurrean etzanda gustora lo egin genduan, fusilaren gainean burua jarrita. Ez zan tapatu behar haundirik ere. Kartutxerek ere min ematen ziguten, ez baigenduan kentzeko agindurik, bainan hala ere lo, batzuk ganbaran, beste batzuk gelatan, eta baziran gustora asko ukuiluan etzan ziranak ere; ez baitzegoan ganadurik, eta lotarako premia galanta berriz.

      Hurrengo goizean, bostak aldean, gure agintariek hots egin ziguten, esanaz berriro aurrera jo behar genduala. Joan ginan berriz ere bide puska batean batere tirorik egin gabe, eta halako batean ikusi genduan beste mendi hegal batean nola zeuden gure kontrarioak, eta agintariak esan ziguten:

      —Hemen gelditu behar degu.

      Eta bertan gelditu zan beste batailoi bat, eta gu han inguruko beste mendi batera joan ginan. Bigarren linean jarri ginuzten lasaitxeago egotearren.

      Hala geundela, goiz batean baginjoazen gure tokitik arrantxeriko txabolara kafea hartzeko asmoan, eta hor ikusten degu aideplano bat urrutira, baina guregana zetorrela zuzen-zuzen.

      Gu berari begira geundela, gure tenienteak begiratu zion katalejuakin eta ezagutu zuan kontrarioena zala. Berehala agindu zigun Cuerpo a tierra! esanaz, geren buruak botatzeko lurrera.

      Erori ginan segituan, eta gu hala ere berari begira. Halako batean hor ikusten ditugu goitikan behera bonbak zetoztela gure gainera. Zazpi bonba bertan bota zituan, bainan gure gainera ez zan erori bat bakarrik ere. Gu baino pixka bat aurreraxeago zegoan arrantxeriko txabola, eta hantxen sartu ziran bat edo bi, eta besteak urrutiago.

      Eskerrak arrantxeroak ere korrika alde egin zuala, bestela bertan txikituko zuan. Guretzako eginda zeukan kafea, bere ontzi eta guzti, aidean joan zan, eta lehenago ere behin baino gehiagotan egin izan genduan barau, eta goiz hartan ere bai. Inguru hartako oteek eta laharrek egin zuten gosari txikia gure partez, eta gaitz erdi bonba haiek ez zutela guretako inor jo.

      Toki hartan egun batzuk igaro eta gero, beste mendi batera pasatu ginan. Mendi horren beheko txokoan zabaldegi haundi bat zegoan, pago zuhaitz ederrez estalita, eta zuhaitz haben tartean zeukaten gure artileroek quince y medio-ko kanoi bat, beste mando mordo haundi bat ere bai, eta soldadu asko.

      Kontrarioek ez zituzten habek ikusten, bainan nonbait igarri zioten txoko hartan jendea egongo zala, eta morteroakin tira zuten kanonazo bat. Gure kanoiaren ondoan lehertu zan, eta zortzi edo bederatzi soldadu kristauaren itxurarik gabe puskatu eta zuhaitz gainetara bota zituan.

      Guk egin genduan eskapada latza; gu ere txoko hartara baginjoazen, eta gu iritsi baino lehentxeago gertatu zan hori. Guk entzun genduan kainonazoa, eta bagendakigun hantxen bertan sartu zala; eta, gu iritsi ginanean, orduantxen ari ziran hildakoen puskak kamiletan jartzen, zortzi edo bederatzi kamila errenkadan. Harek ematen zuan tristura!

      Guk aurrera segitu genduan mendi gailurreraino, eta han zegoan beste batailoi bati erreleboa egin genion. Hemen beste egun batzuk pasa ginun.

      Hemen gure kaboarena esango det. Gure eskuadrako lehenengo kaboa Jose Llorente zan, napar erdelduna, eta hau Gorbea Txikiko borrokan hil zan. Geroztik Alfredo Alegre Cedillo zan gure kabo egiten zuana, kazereinoa bere izatez. Oso mutil fina zan, eta, gerran gebiltzala, mendi batzuetan izaten ginun txabola koxkor batzuk lotarako, eta gure kabo hau ia gauero negarrez egoten zan.

      Goizean, esnatzen ginanean, nik esaten nion:

      —¿Qué te pasa, Alfredo, que toda la noche la pasas llorando?

      —¡Que me acuerdo mucho de mi familia, mi pare, mi mare y mi novia! ¡Estoy deseando marcharme a casa! ¡No sé cómo estará ya mi cortijo!

      Eta gero, ni Pamplonako ospitalean erituta negoala, zerbaitetara joan nintzan gure kuartelera, eta han ikusi nuan gure kabo Alegre hori sarjento eginda zegoala, ofizialen gelan. Han egon ginan hizketan eta nik esan nion:

      —¡Hombre! ¿Tu también por aquí, Alfredo?

      Eta erantzun zidan:

      —Sí; he ascendido a sargento y me va gustando cada vez más la vida militar y aquí estamos.

      Lehenago etxera joateko amorratzen zegoan, eta gero bertan «reengantxatu».

 

Neronek tirako nizkin
Sebastian Salaberria

Auspoa, 1964