www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (3)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

SAN PABLO APOSTOLUAREN
KARTA EFESOARRAI

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Pablo, Jaungoikoaren borondatez, Jesukristoren Apostoluak, Efeson dauden santu guztiai, eta Jesukristoren jarraitzalleai,

        2. Grazia eta pakea zuekin izan dedilla, gure Aita Jaungoiko eta Jesukristo Jaunagandik.

        3. Bedeikatua izan dedilla Jaungoikoa, Jesukristo gure Jaunaren Aita, zeñak bete gaituan gañez egin arteraño, Kristogan, zeruko espirituzko bedeikazio mota guziez.

        4. Nola berak autu ginduen, munduaren asiera baño lenagotik bere aurrean, karidadeagatik santuak eta mantxarik gabeak izan gindezen;

        5. Lendanaz izendatu ginduen ezkero, bere seme artutzat, Jesukristogatik, bere gloriarako, bere borondate onagatik,

        6. Zelebratu dedin bere graziako gloria, zeñaen bitartez bere begien gogokoak egin ginduen bere seme maiteagan,

        7. Zeñagan bere odolarekin iritxitzen degu erredenzioa, eta bekatuen barkazioa, bere graziaren ondasunakgatik,

        8. Zeñak ugaritasunarekin gure gañera isuri dituen, jakinduria, ta zentzu guziarekin betetzen gaituela.

        9. Ezagutu erazitzeko guri bere borondatearen ezkutapen ta misterioa, bere borondatean jarria, zeñgatik erabaki zuen

        10. Berriztzea Kristogan, kunpliturik denbora erabakiak, zeruetako ta lurreko gauza guztiak, berak biltzen zituela guztiak gorputz batean.

        11. Berak ots egin ere zigun, txoh eginda bezela, lendanaz autuak izanik, gauza guztiak bere borondatearen asmazioaren araura egiten dituenaren erabakiaren indarrez,

        12. Izan gaitezen Jesukristoren alabantzaen gloria, ta gaia, gu Juduok, aurrenak izan geranak beragan itxedotzen.

        13. Beragan itxedon dezute zuek Jentillak ere, egiaren itza entzunda bereala (zuen salbazioaren Ebanjelioa) eta zeñgan sinistzen ere zendutela, artu zenduten eskeñia zegoan Espiritu Santuaren Sillua,

        14. Zeñ dan gure herenziaren prenda zerukoa, osotoro askatua gelditu artean erria, zeñ Jaunak irabazi zuen bere gloriaren alabantzarako.

        15. Argatik nik ere zuen fede Jaun Jesusgan daukazutena, eta zuen karidadea santu guztiakganako,

        16. Jaungoikoari zuekgatik aspertu gabe eskerrak ematen diozkat, nere orazioetan zuekin oroitzen naizala.

        17. Jesukristo gure Jaunaren Aita Jaungoiko gloriaz beteak, eman dizazuten jakinduria, ta argitasuneko espiritua, bera ezagutu dezazuten.

        18. Zuen biotzetako begiak argitzen dituela, jakin dezazuten, zer itxedon bear dezuten, berak itxedotzen dizutelako; eta nolakoak bere herenziaren ondasunak eta gloria, santuentzat prestatua dagoana.

        19. Eta nolakoa arako bere eskubidearen anditasun goratua, daukana bere gañean, zeñ sinistzen degun bere bertute almentsuaren indar eragillearen araura,

        20. Zeñ egin duen Kristogan, illen artetik biztutzen duela, eta jartzen duela zeruetan bere eskuiean,

        21. Prinzipadu, eta potestade, eta bertute, eta dominazio guztien gañean, eta izen guztien gañean, danik otspatsuena izan arren, ez bakarrik gizaldi onetan, baita gerokoan ere.

        22. Bere oñen azpian gauza guztiak jarri ditu; eta eliza guztiaren buru eginik jarri du,

        23. Zeñ dan bere gorputza, eta zeñatan guztia guztiakgan osotzen duenak, betetasuna arkiten du.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Bera da zuei bizia eman zizutena, zuei, egonik, zeunden bezela, illak animaren aldamenetik, zuen obenak, eta bekatuakgatik,

        2. Zeñatan bizi ziñaten beste denbora batean, mundutar gizaldi onen oituraren araura, aize onen gañean, bere eskubidea daukan, eta obraetan jartzen duen prinzipearen mendean, zeñ dan bere konra jarri zaiozkan semeakgan, orain agintzen duen espiritua.

        3. Zeñaen artean egon giñan gu guziok ere beste denbora batean; gure aragizko gurai jarraitzen giñola, aragiaren, ta gura gaiztoen borondatea egiten genduela; eta gurez giñan aserrearen semeak, besteak bezela.

        4. Baña urrikaltasunean aberatsa dan Jaungoikoak, zigun amorio geiegiarekin mugiturik,

        5. Eta illak geundela bekatuakgatik, eta bere aserrearen gaiak giñanean, eman zigun bizia batean Kristogan, (zeñaen graziagatik zuek salbatuak izan zeraten)

        6. Eta biztu ginduen berarekin, eta zeruen gañean eserierazi zigun Jesukristogan,

        7. Erakusteko geroko gizaldietan, bere graziaren ondasun ugariak, gurekin iduki zuen ontasunagatik, Jesukristoren amorioaren bitartez.

        8. Zeren doan salbatuak izan zerate fedearen bitartez, eta au ez dator zuekgandik, izanik, dan bezela, Jaungoikoaren doai bat,

        9. Ez da zuen leengo obra onen bertutez ere, iñor ere gozatu ez dedin,

        10. Bere irudia geralako, Jesukristogan eginaz obra oietarako, Jaungoikoak prestatuak beratan ari gaitezen.

        11. Ala bada, oroitu zaitezte, beste denbora batean zuek ziñatela jentillak jatorriz, eta zirkunzidatu gabeak ots egiten zizuten, ots egiten zaienak zirkunzidatuak, beren aragian, gizonen eskuz egindako zirkunzisioagatik.

        12. Oroitu zaitezte, esan det, etziñatela zuek orduan ezertan ere partale Jesukristogan; zeundeten osotoro berezituak Israelko izketatik, elkartasunen gañean berriz arrotzak, eskeñtzaren itxedopen gabe, eta Jaungoikorik gabe mundu onetan.

        13. Baña orain, Jesukristogan sinistzen dezutenean, zuek, beste denbora batean Jaungoikoagandik, eta bere eskeñtzetatik urrutiratuak zeudenak, ondoan jarri zerate, Jesukristoren odolagatik.

        14. Zeren bera dan gure pakea, erri biakin, Judu eta Jentillakin, bat egin duena, urratzen duela bere aragiaren eskeñtzaren bitartez, berezituerako murrua, eta zeukaten aserrea kendurik.

        15. Utsean utzitzen zuela bere aginteakin, zirimonietako legea, egiteko beragan, gizon birekin berri bat, pakea eginik.

        16. Eta adiskidetzen zituela erri biak, gorputz bakar batean bilduak zeudenak Jaungoikoarekin gurutzearen bitartez, desegiten zuela beragan bere aserrea.

        17. Eta ala etorri zan mundura pakeko Ebanjelioa predikatzera zuei jentillai, Jaungoikoagandik urrutian zeundenetai, nola Juduai, zeñak aldean zeuden.

        18. Zeren beragatik da, zeñgatik batzuek eta besteak daukagun sarrera Aita betikoarekin Espiritu bat batean.

        19. Ala onezkero etzerate arrotzak, ez kanpotarrak, baizik santuen erritarrak, eta Jaungoikoaren etxekoak.

        20. Zeren eginak zaudeten Apostoluen eta Profetaen zimenduen gañean, eta Jesukristogan, zeñ dan arrikantoin nagusiena.

        21. Zeñgan egin dan, etxe guztia goratzen dan obra, Jaunaren etxe santu bat izateko.

        22. Beragatik sartzen zerate zuek Jentillak ere, etxe au egiteko partale izateko, Jaungoikoaren bizilekua izanik gelditzeko, Espiritu Santuaren bitartez.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Gauza augatik, ni Pablo, lotua nago Jesukristoren amorioagatik, zuek jentillak onen gaia zeratela.

        2. Zeren aditu edo bear izan dezute, nolako moduan eman zidan Jaungoikoak bere graziaren lantegia zuen artean.

        3. Neri agertu, eta gero ikusketa batean ezkutapen au, nola zuei ots egin zizuten; zeñaen gañean, laburrean bederik karta onetan itz egin dedan,

        4. Zeñ irakurtzeaz ezagutu ziñitzate nolako aditza daukadan nik Kristoren ezkutapen ta misterioan.

        5. Zeñ beste gizalditan etzan izan gizonen semeak ezagutua, orain agertua izan zaten moduan bere Apostolu santuai eta Profetai, Espiritu Santuaren bitartez?

        6. Au da, Jentillai ots egin zaiela Juduen beren herenziara, gorputz baten zatiak bezela, eta Jaungoikoaren eskeñtzaren partaleak Jesukristogan Ebanjelioaren bitartez?

        7. Zeñaen lanaria egina izan naizan ni, Jaungoikoaren graziaren doaiagatik, zeñ emana izan zitzadan, adiraztzeko erreñuetan bere eskubide eragillearen araura.

        8. Neri, santu guztien artean txikienari, grazia au izan zitzadan emana, zabaltzeko errietan Jesukristoren ondasun jakin ez litezkeanak.

        9. Eta argitutzeko gizon guztiak, agertzen zaiela, egiztatu zala ezkutapen bat, anbeste gizaldi iragota ere, Jaungoiko, gauza guztien Egigillearen ezkutatokian egon zana.

        10. Elizaren formazioan agertzeko zeruko prinzipadu ta potestadeai, Jaungoikoaren jakinduria, berak, onetarako artu zituen neurri desberdin eta miragarrietan,

        11. Bere betiko erabakiaren araura, zeñ Jesukristo gure Jaunaren bitartez egiztatu zan.

        12. Zeñgatik bere semearen bitartez, itxedopen ziertoa, eta bide laua Jaungoikoaganako daukagun.

        13. Argatik erregututzen dizugu, etzaiteztela desalaitu, ikusirik anbeste naigabe zuekgatik sufritzen dedala; bada naigabe oiek zuen onerako dirade, eta zuen gloriarako, eta nere Apostolutzaren ezagungarrirako.

        14. Argatik belaunikotuten naiz Jesukristo gure Jaunaren Aitaren aurrean,

        15. Zeñ dan zeruan ta lurraren gañean dagoan familia guzti onen asiera ta burua.

        16. Bere gloriako ondasunen araura, eman dizazuten bere Espirituaren bitartez, izan zaiteztela sendotuak bertutean, barrendiko gizonean.

        17. Eta Kristo bizi dedilla fedearen bitartez zuen biotzetan, egonik sustraituak, eta idukirik jarriak zimenduak karidadean.

        18. Konprenditu al dezakezuten santu guztiakin, zeñ dan zabalera, eta luzeera, eta altuera, eta zakontasuna,

        19. Eta ezagutu ere arako Kristoren amorioa, ezagera guztiez gañetikoa dana, izan zaitezte Jaungoikoaren doaiez osotoro beteak.

        20. Eta atzenean, arako Jaunari, zeñ dan almentsua egiteko neurri gabe geiago, guk eskatzen degun guztia, edo guk pensatzen degun guztia baño, gugan obratzen duen eskubidearen araura,

        21. Berari eman dakiola gloria Jesus Kristoren bitartez, Elizan gizaldi guztietan mendez mende. Amen.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. Nik bada, Jaunagatik kateen artean nagoan onek, txit gogotik erregututzen dizutet, deituak izan zeraten estaduaren diña dan era ta moduan bizi zaiteztela,

        2. Humiltasun ta biguntasun guztiarekin, pazienziarekin, elkar sufritzen dezutela karidadean,

        3. Arretatsuak zeratela, Espirituan bat izatean pakeko lokarriarekin.

        4. Izanik gorputz bat, eta Espiritu bat, izan ziñaten bezela ots eginak, zuen bokazioko itxedopen batera.

        5. Bat da Jauna, bat fedea, bat bataioa.

        6. Bat da Jaungoikoa, ta guztien Aita, zeñ dan guztien gañean, eta gauza guztiak zaitzen ditu, eta gugan guztiokgan bizi da.

        7. Eta gutatiko bakoitzari grazia emana izan zaio, Kristoren donazio, doan egindakoaren neurrian.

        8. Argatik Eskriturak esaten du: Goira igo zanean, berarekin eraman zituen gizaseme katibu mendeko asko, eta bere doaiak gizonen gañera isuri zituen.

        9. Baña, zergatik esaten da igo zala, baizik len jetxi zalako lurreko tokirik beeratuenetaraño?

        10. Jetxi zana, hura bera da, igo zana zeru guztien gañera, gauza guztiai betetasuna ematera.

        11. Eta ala berak, batzuek jarri ditu Apostolu, beste batzuek Profeta, eta beste batzuek Ebanjelari, eta beste batzuek animen Artzai, eta Erakusle,

        12. Lanean ari ditezten santuak onaosoz egiten bakoitza bere estaduari dagozkion gauzaetan, Jesukristoren gorputza egiteko bearretan,

        13. Aliketa allegatu gaitezen artean, guztiok fede bat bera idukitzera; eta Jaungoikoaren semearen ezaguera bat; gizon, egina dagoan baten estadura, Kristoren betetasuneko edadearen neurrira.

        14. Alako moduan, non, ez gaiteztela izan onezkero zalantzan dabiltzan aurrak bezelakoak, eta ez gaiteztela ere utzi, dotrinako aize guztiak eramanak izan gaiteztela batera ta bestera, gizonen gaiztakeriakgatik, zeñak astruziarekin engañatzen duten, gezurrezko erakutsiak zabaltzeko.

        15. Baizik jarraiturik Ebanjelioaren egiari karidadearekin, guztian joan gaitezen aziaz Kristogan, zeñ gure burua dan.

        16. Zeñgandik, egonik jarraitzallaen gorputz guztia berari itsatsia, eta loturik beren artean fede eta karidadearekin, artzen du zati, bakoitzari dagokion neurriaren araura, gorputza azitzeko bear dana, aliketa andi izatera allegatu artean karidadearen bitartez.

        17. Esaten dizutet bada, eta txit gogotik adiraztzen Jaunaren izenean, etzaiteztela onezkero bizi, oraindikan beste jentillak bizi diraden bezela, zeñak dabiltzaten, beren gogorazioen urgulleriaren araura.

        18. Idukirik adimena lausoturik, eta illuntasunez betea, Jaungoikoaren araurako bizitzatik urrutiratuak, beren ezjakiñagatik, zeñatan dauden, beren biotzeko itsutasunagatik.

        19. Zeñak, itxedopenik batere ez idukirik, zikinkeriaren mendean jartzen dirade, berotasun ase ezindado batekin, lujuria mota guzian murgilltzeko.

        20. Zuekgatik itz egiteko berriz, ez da ori Jesukristoren eskolan ikasi dezutena,

        21. Bada an, aditu dezute predikatzen, eta ikasi bere dotrina, egiaren araura.

        22. Billostzera gizon zarragandik, zeñaen araura bizitu izan zeraten, irago dan zuen bizitzan, zeñ usteltzen dan, gura gaiztoen obrai jarraiturik.

        23. Berriztatu zaitezte bada orain, zuen adimeneko espirituan.

        24. Eta jantzi zaitezte gizon berriz, zeñ, Jaungoikoaren irudiaren araura, justizian eta santutasun egiazkoan egina izan dan.

        25. Argatik, utzirik aldamen batera gezurra, bakoitzak bere projimoaren egia esan beza, gu, batzuek besteen gorputzetako zatiak geran ezkero.

        26. Aserretzen bazerate, ez ezazute bekaturik egin, eguzkia sartu ez dakizuten, zuen aserreak oraindik badirauala.

        27. Deabruari etzaiezute lekurik eman.

        28. Lapurretan egiten zuenak, ez beza onezkero lapurretarik egin, baizik lanean ari bedi, bere eskuakin gauza onen bat egiten duela, premian dagoanari zer eman iduki dezan.

        29. Zuen aotik izketa gaiztorik ez bedi irten, baizik onak diradenak, fedea zabaltzeko, eta aditzalleai grazia emateko.

        30. Eta etzaiezute tristetu Jaungoikoaren Espiritu Santua, zeñarekin erredenzioko egunerako sillutuak izan ziñaten.

        31. Samintasun guztia, aserrea, sumintasuna eta deadarkia, eta gaizki esatea, gaiztakeria guztiarekin kendu bedi zuen artetik.

        32. Eta izan zaitezte elkarrekin biguñak, urrikaltsuak, elkarri barkatzen diozkazutela, nola Jaungoikoak ere Jesukristogatik zuei barkatu dizuten.

 

BOSGARREN KAPITULUA

        1. Izan zaitezte bada Jaungoikoaren imitatzalleak, bere seme txit maiteak zeraten bezela.

        2. Eta ibilli zaitezte maitetasunean, Kristok ere maitatu ginduen bezela, eta bera Jaungoikoari eskeñi zizaion doañean, eta usai txit gozoko oparian.

        3. Fornikazioa berriz, eta lujuria mota guztia, edo zikoiztasuna, aitatu ere ez bedi zuen artean, santuai dagokiten bezela.

        4. Ezta ere itz dorpeak, ez farragarriak, ez trofoikeriarik; bada gaizki dirudian gauza da, baizik Jaungoikoari eman bear zaizka eskerrak.

        5. Zeren iduki ezazute au ongi adituta, ez fornikazioetan dabillanik, edo zikinkeriak egin oi dituenik; edo zikoitzik, zeñak datozten izatera idolatria bat, ez dirala izango kristoren, eta Jaungoikoaren erreñuko primuak.

        6. Etzaitzatela iñork engañatu itz alferrakin, zeren oiek bezelako gauzakgatik Jaungoikoaren aserrea sinisgogorreko semeen gañera etorri zan,

        7. Etzaitezte bada beren partale izan.

        8. Zeren egia bada ere, beste denbora batean, illuntasunak baizik etziñatela, baña orain Jaunaren argia zerate. Ala argiaren semeak bezela ibilli zaitezte.

        9. Argiaren frutua berriz dago, ibiltzean ontasun, eta justizia, eta egia guztiarekin.

        10. Begiratzen dala zer dan Jaungoikoaren gogokoa.

        11. Etzaitezte bada izan, illuntasuneko obra, frutu gabeen partale, baizik errierta egin zaiezute,

        12. Zeren esatea ere lotsagarria da, nolako gauzak egiten dituzten berak ezkutuan.

        13. Baña erriertaren diña dan guztia, argiak agertzen du, izanik argia, guztia begien aurrean ipintzen duena.

        14. Argatik Jaunak esaten du: Jaiki zaite zu lotan zaudena, eta biztu zaite illetatik, eta Kristok arkituko zaitu.

        15. Ala bada begiratu ezazute, nere anaiak, arreta andiarekin ibilli zaiteztela, ez zentzugabeak bezela,

        16. Baizik zentzu andikoak bezela, denbora erredimitzen dezutela, zeren egun gaiztoak diraden.

        17. Argatik etzaitezte ajolagabeak izan, baizik begiratuak, zeñ dan Jaungoikoaren borondatea.

        18. Eta etzaitezte moskortu ardoarekin, zeñatan dagoan lujuria: baizik Espiritu Santuz bete zaitezte.

        19. Itz egiten zuen artean salmoetan, eta himnoetan, eta animako kantaetan, kantatzen dezutela, eta alabatzen dezutela Jauna zuen biotzetan,

        20. Ematen diozkazutela beti eskerrak guztiagatik Aita Jaungoikoari, Jesukristo gure Jaunaren izenean,

        21. Zaudetela elkarren mendean Kristoren bildurrean.

        22. Andre ezkonduak egon bitez beren senarren mendean, Jaunaren mendean bezela.

        23. Zeren gizona andrearen burua dan, nola dan Kristo elizaren burua, zeñ dan bere gorputza. Zeñaen salbatzallea dan bera.

        24. Argatik nola eliza dagoan Kristoren mendean, ala emazteak gauza guztietan beren senarren mendean egongo dirade.

        25. Zuek senarrak, maitatu itzatzute zuen emazteak, Kristok bere eliza maitatu zuen bezela, eta beragatik bizia eman zuen.

        26. Bera santututzeko, garbitzen zuela urezko bataioan bizitzako itzarekin.

        27. Bere aurrean agertu erazitzeko gloriaz betea, mantxarikan gabe, ez zimurrikan ere etzeukala, ez aien antzeko gauzarik ere, baizik santa eta orbanikan gabea izanik.

        28. Ala senarrak ere beren emazteak maitatu bear dituzte, beren gorputzak bezela. Bere emaztea maitatzen duena, bera maitatzen da.

        29. Ziertoro iñork ere ez dio gorrotoz begiratu bere aragiari; baizik bazkatzen du, eta begiratzen dio Kristok Elizari bezela.

        30. Zeren gu bere gorputzaren zatiak gera, bere aragitik eta ezurretatik eginak.

        31. Argatik eskribitua dago: «Utziko ditu gizonak bere aita, eta bere ama, eta bere emaztearekin elkartuko da, eta biak aragi bat izango dirade.

        32. Sakramentu au andia da, baña nik itz egiten det, Kristori, eta Elizari begiraturik.

        33. Zuetatik bakoitzak bada maitatu beza bere emaztea, norbera bezela; emazteak berriz bere senarrari lotsa ta itzalez begiratu bizaio.

 

SEIGARREN KAPITULUA

        1. Nere semeak, obeditu zaiezute zuen gurasoai Jaunari begiraturik, zeren au gauza justoa dan.

        2. Onratu itzatzu zure aita eta zure ama, zeñ dan ordañak laguntzen dion lenbiziko agindua.

        3. Ongi joan dakizun, eta lurraren gañean bizitza luzea iduki dezazun.

        4. Eta zuek gurasoak, etzaiezute aserretu erazi zuen semeai gogortasun geiegirekin, baña aziera on bat eman zaiezute, zuzentzen dituzutela, eta erakutsiak ematen dieztezutela Jaunaren dotrinaren araura.

        5. Zuek mendean bizi zeratenak, obeditu zaiezute zuen Jaun aragizkoai beldur santu eta ikararekin, zuen biotzeko tolesgabetasunarekin, Kristori bezela,

        6. Ez dituzutela bakarrik serbitzen, zuen gañean begia jarria daukatenean; idukiko ez bazenezakete bezela beste gogoraziorik, gizonen gogoko gauzak egitea baizik. Ala gauzak egin bear dituzute Kristoren serbitzariak bezela, zeñak biotzez egiten duten Jaunaren borondatea, zeñak alako estaduan jarri dituen,

        7. Eta serbitu itzatzute amorioarekin, kontu egiten dezutela, serbitzen dezutela Jauna, ez gizonak.

        8. Jakinik zaudetela, bakoitzak, naiz izan mendekoa, naiz askatua, artuko duela Jaunagandik, egiten duen gauza onaren ordaña.

        9. Eta zuek nagusiak berakin anbat egin ezazute, keñada ta zemaietan ibilli gabe, jakinik aien eta zuen nagusia zeruetan dagoala; eta ez duela berak zeñ zeñ dan begiratzen.

        10. Gañerakoan berriz, nere anaiak, sendotu zaitezte Jaunagan, eta bere bertute almentsuan.

        11. Jantzi zaitezte gañetik, Jaungoikoaren armapilla guztiarekin deabruaren azelo guztiai aurkeztu dizaiekezuten.

        12. Zeren gure guda ez da bakarrik aragi, ta odolezko gizonen kontra, baizik Prinzipe ta Potestadeen kontra, munduko illuntasun oien zuzentzalleen kontra; espiritu gaizto, airean barreiatuen kontra.

        13. Argatik artu itzatzute Jaungoikoaren arma guztiak, egun samiñean aurkeztu al izateko, eta zutik egoteko guztirako prestatuak.

        14. Zaudete bada azkar, sendo, eta erruz, oñaz, zuen gerriak egiaren sokakin lotuak dauzkazutela, eta justiziako soiburniarekin armatuak.

        15. Eta oñetakoak oñetan ipiñita, jarraitzeko pakeko Ebanjelioari, eta bera predikatzeko.

        16. Etsaia arkitzen dezuten guztian, eltzen diozutela fedeko ezkutuari, zeñarekin itzali ditzakezuten etsai gaiztoaren dardo erazeki guztiak.

        17. Eta artu ezazute ere osasuneko burantza, eta espirituko ezpata, zeñ dan Jaungoikoaren itza,

        18. Egiten dituzutela denbora guztietan espiritu, ta berotasunarekin erregu ta eskariak, eta gauza onetarako beillak egiten dituzutela txit gogotik, eta santu guztiakgatik orazio egiten dezutela.

        19. Eta nigatik ere bai, emana izan dakidan, jakitzea nere aoko ezpañak idikitzen, itxedopenarekin predikatzeko, Ebanjeioko misterioa agertzen dedala:

        20. Zeñ adiraztzera bialdua naizan ni katean ere, alako moduan, non, azkar eta erruz itz egingo det bere gañean, itz egin bear dedan bezela.

        21. Nere gauzaen gañean berriz, eta egiten dedanaren gañean, guztia esango dizute, Tikiko gure anaia txit maite, eta Jaunagan serbitzari leialak.

        22. Bera bialdu dizutet orrara gauza onetarako, gure gauzak jakin ditzatzuten, eta zuen biotzak bozkariotu ditezen.

        23. Pakea anaiai, eta Karidadea, ta fedea, Aita Jaungoiko, eta Jesukristo gure Jaunaren izenean.

        24. Grazia izan bedi, Jesukristo gure Jauna, amorio garbi, eta usteldu ez ditekean batekin, maitatzen duten guztiakin. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa