www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (3)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

SAN JUAN APOSTOLUAREN
LENBIZIKO KARTA

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Asieratik izan zana, aditu genduena, gure begiakin ikusi genduena, eta begira egon giñan, eta gure eskuak ukitu ziena bizitzako berbeari zegokiona.

        2. Bizitza bat agertu zana, eta ala ikusi genduen, eta bere testigantza ematen degu, eta adiraztzen dizugu betiko bizitza, zeñ Aitagan zegoan, eta guri agertu zitzagun.

        3. Ikusi eta aditu genduan au, da adiraztzen dizuguna, zuek ere gurekin elkartasuna iduki dezazuten, eta gure guzioen elkartasuna Aitarekin eta bere seme Jesukristorekin izan dedin.

        4. Eta eskribitzen dizugu gozatu zaitezten, eta zuen gozotasuna osoa izan dedin.

        5. Eta Jesukristori aditu giñon, eta zuei adiraztzen dizugun berria da, Jaungoikoa argia dala, eta illuntasunik batere beragan ez dagoala.

        6. Esaten badegu berarekin elkartasuna daukagula, eta bekatuaren illuntasunetan bagabiltza, gezurra esaten degu, eta ez degu egia tratatzen.

        7. Baña argitan bagabiltza, nola bera ere argitan dagoan, guziok elkartasuna daukagu, eta Jesukristo bere semearen odolak bekatu guzitik garbitzen gaitu.

        8. Bekaturik ez daukagula esaten badegu, gu gerok engañatzen gera, eta egiarik gugan ez dago.

        9. Baña bekatuak konfesatzen baditugu, leiala ta justoa da bera, guri bekatuak barkatzeko, eta gaiztakeria guzitik gu garbitzeko.

        10. Esaten badegu ez degula bekaturik egin, bera gezurti egiten degu, eta bere itza gugan ez dago.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Nere semetxoak, gauza oiek eskribitzen dizkizutet bekaturik egin ez dezazuten. Baña baldin norbaitek zorigaiztoan bekatu egingo balu, bitartekotzat daukagu Aitaganako Jesukristo justoa.

        2. Eta bera da gure bekatuen ordañean eskeñtzen dana, eta ez bakarrik gureen ordañean, baita mundu guztikoen ordañean ere.

        3. Eta baldin bere aginteak gordetzen baditugu, orrekin dakigu, egiaz ezagutu degula.

        4. Esaten duena ezagutzen duela, eta bere aginteak gordetzen ez dituena, gezurti bat da, eta egiarik beragan ez dago.

        5. Baña norbaitek bere aginteak gordetzen baditu, orregan egiaz Jaungoikoaren karidadea osoa da.

        6. Beragan dagoala esaten duenak, berak jarraitu bideari, berak jarraitu bear dio.

        7. Nere txit maiteak, ez noa zuei eskribitzera aginte berririk, baizik anziñako aginte bat, zeñ asieratik artu zenduten. Anziñako agintea, aditu zenduten Jaungoikoaren itza da.

        8. Eta alaere nik esaten dizutet, nik esaten dizutedan agintea, zeñ dan karidadea, aginte berri bat dala, zeñ dan egiazkoa bera beragan, eta zuekgan, zeren illuntasunak iges egin zuten, eta argi egiazkoa da onezkero, argi egiten duena.

        9. Esaten duena argitan dagoala, bere anaia gorrotatzen duela, oraindikan illuntasunean dago.

        10. Bere anaia maitatzen duena, argitan bizi da, eta beragan eskandalurik ez dago.

        11. Baña bere anaia gorrotatzen duena, illuntasunetan dago, eta illuntasunetan dabil, eta nora dijoan ez daki, zeren illuntasunak begiak itsutu diozkate.

        12. Zuei eskribitzen dizutet, nere semetxoak, zuen bekatuak Jesusen izenagatik barkatuak daudelako.

        13. Zuei eskribatzen dizutet, familiako gurasoak, asieratik izatea zeunkatela ezagutu dezutelako. Zuei mutil gazteak eskribatzen dizutet, espiritu gaiztoa garaitu dezutelako.

        14. Zuei aurrak eskribitzen dizutet, Aita ezagutu dezutelako. Zuei, gazteak, eskribitzen dizutet, azkarrak eta bizkorrak zeratelako, eta Jaungoikoaren itzak zuekgan irautzen duelako, eta espiritu gaiztoa garaitu zendutelako.

        15. Ez ezazute maitatu mundua, ez munduko gauzak. Iñork ere mundua maitatzen badu, Aitaren karidadea argan ez dago,

        16. Zeren munduan dagoan guztia, aragiaren gurak, begien gurak, eta bizitzako urgulleria, au ez dator Aitagandik, mundutik baizik.

        17. Mundua iragotzen da, baita bere emakaiak ere. Baña Jaungoikoaren borondatea egiten duenak, beti irautzen du.

        18. Nere semetxoak, au atzeneko ordua da; eta nola aditu dezuten Antekristoa badatorrela, ala orain asko Antekristo egin dira, nondik ikusten degun, onezkero atzeneko ordua dala.

        19. Gure artetik irten dira; baña gutatikoak etziraden, bada gutatikoak izan balirade, noaski gurekin iraungo zuten, baña berak alde egin zuten, argiro ikusi dedin, guztiak gutatikoak ez diradela.

        20. Baña zuek Espiritu Santuaren unzioa artu dezute, eta guztia ikasiak zaudete.

        21. Ez dizutet eskribitu, egia ez dakitenai bezela, baizik dakitenai bezela, zeren egiatik ez da irtetzen gezurrik batere.

        22. Zeñ da gezurtia, Jesus Kristoa dala ukatzen duena baizik? Onelakoa Antekristo bat da, Aita eta semea ukatzen dituena.

        23. Semea ukatzen duenak, ez du Aita ere ezagutzen; semea aitortzen duenak, Aita ere aitortzen du.

        24. Zuek sendo zuadete, asieratik aditu dezuten dotrinan. Asieran aditu dezutenean irautzen badezute, semeagan eta Aitagan ere iraungo dezute.

        25. Eta au da, berak egin zigun eskeñtza, betiko bizitza.

        26. Oiek eskribitu dizkizutet, zuek engañatzen zaituztenakgatik.

        27. Iraunerazi zaiozute zuekgan beragandik artu zenduten unzioari. Orrekin, iñork erakutsiaren premiarik ez daukazute, baizik Jaunaren unzioak gauza guzietan erakusten dizutena, ala egia da, ta ez gezurra. Argatik sendo zaudete, erakutsi dizkizuten gauzaetan.

        28. Orain bada, nere semetxoak, beragan iraun ezazute, datorrenean, itxedopenarekin egon gaitezen, eta berak bere etorreran lotsatuta egon ez gaitezen.

        29. Badakizute justoa dala, jakin ezazute, justizia egiten duen guztia ere, beragandik jaioa dala.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Begiratu ezazute, nolako amorioa guganako iduki duen Aitak, nai duela, iduki dezagula Jaungoikoaren semeen izena eta izana. Argatik munduak ez gaitu ezagutzen, zeren bera ere ezagutzen ez duen.

        2. Nere txit maiteak, orain Jaungoikoaren semeak gera. Egunen batean zer izango geran, ez da oraindikan agertzen. Badakigu, bai, Jesukristo argiro agertzen danean, bere antzekoak izango gerala: zeren bera, dan moduan ikusiko degu.

        3. Bitartean beragan alako itxedopena daukana, bera santututzen da, hura ere santua dan bezela.

        4. Bekatu egiten duen edozeñek, gaiztakeria bat egiten du, zeren gaiztakeria dan bekatua.

        5. Badakizute bera gure bekatua kentzera etorri zala, eta beragan bekaturik ez dago.

        6. Beragan irautzen duen guztiak, ez du bekaturik egiten, eta bekatu egiten duenak, ez du ikusi, eta ezagutu ere ez du.

        7. Nere semetxoak, etzaitzatela iñork ere engañatu. Justizia egiten ari dana, justoa da, ala Jesukristo ere nola dan.

        8. Bekatu egiten duena, deabruarena da, zeren deabrua erori zan denboratik, bekatugiñan ari da. Argatik etorri zan Jaungoikoaren semea, deabruaren obrak desegitzera.

        9. Jaungoikoagandik jaio zanek, ez du bekaturik egiten, zeren Jaungoikoaren azia beragan dagoan, eta bekaturik ez dezake egin Jaungoikoaren semea dalako.

        10. Emendik ezagutzen dira Jaungoikoaren semeak, deabruaren semeetatik. Justiziako obrak egiten ari ez dana, ez da Jaungoikoaren semea, ala ez da ere, bere anaia maitatzen ez duena.

        11. Egiaz, asieratik ikasi zenduten dotrina, au da, elkar maitatu dezazutela.

        12. Ez Kainek bezela, zeñ zan espiritu gaiztoaren semea, eta bere anaia il zuen. Eta, zergatik il zuen? Bere obrak gaiztoak ziradelako, eta bere anaiarenak justoak.

        13. Etzaitezte miretsi, nere anaiak, munduak gorrotatzen bazaituzte.

        14. Guk ezagutzen degu, eramanak izan gerala eriotzatik bizitzara, zeñean anaiak maitatzen ditugun. Maitatzen ez dituena, eriotzan gelditzen da.

        15. Bere anaiari gorroto dion guztia, eralla bat da. Eta badakizute, eralla baten ere, betiko bizitzak ez daukala bere egolekurik.

        16. Onetan ezagutu degu Jaungoikoaren karidadea, Jaunak bere bizia gugatik ematean, eta ala guk ere gertutuak egon bear degu, gure anaien salbazioagatik bizia emateko.

        17. Munduko ondasunak dauzkanak, eta bere anaia premian ikusirik, erraiak utzitzen badiozka, berarekin ez urrikaltzeagatik, Jaungoikoaren karidadea, nola beragan egon diteke?

        18. Nere semetxoak, ez dezagun maitatu itzez, eta mingañaz bakarrik, baizik obraz eta egiaz.

        19. Onetan ikusten degu egiarekin gabiltzala, eta ala alaituko ditugu gure biotzak Jaungoikoaren aurrean.

        20. Zeren gure biotzak erriertan egingo baligu: Jaungoikoa gure biotza baño andiagoa da, eta guztia daki.

        21. Nere anaia txit maiteak, gure biotzak erriertarik egiten ez badigu, itxedopenarekin Jaungoikoagana alderatu gintezke.

        22. Eta ziertotzat egon, eskatzen diogun guztia, beragandik artuko degula, zeren bere aginteak gordetzen ditugun, eta bere aurrean bere gogokoak diran gauzak egiten digutun,

        23. Itz batean, au da bere agintea: Bere seme Jesukristoren izenean sinistu dezagula, eta elkar maitatu dezagula agindua zagun bezela.

        24. Eta bere aginteak gordetzen dituena, Jaungoikoagan dago, eta Jaungoikoa beragan, eta argatik ezagutzen degu, bera gugan dagoalako, eman digun Espirituagatik.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. Nere maiteak, espiritu guztiari etzaiozute sinistu; baizik esaminatu itzatzute espirituak Jaungoikoarenak ote diran, zeren mundura asko profeta gezurrezko agertu diran.

        2. Onetan ezagutzen da Jaungoikoaren espiritua. Jesukristo aragiz jantzita mundura etorri zala aitortzen duen espiritu guztia, Jaungoikoagandikoa da.

        3. Eta Jesus berezitzen duen espiritua, ez da Jaungoikoarena; baizik au da Antekristoarena, zeñgatik aditua daukazute, badatorrela, eta oraindandik dago munduan.

        4. Zuek, nere semetxoak, Jaungoikoarenak zerate, eta hura garaitu dezute; zeren zuekin dagoana, munduan dagoana baño andiagoa dan.

        5. Berak mundukoak dirade, argatik munduko gauzaen gañean itz egiten dute, eta munduak aditzen ditu.

        6. Gu Jaungoikoarenak gera, Jaungoikoa ezagutzen duenak gu aditzen gaitu; Jaungoikoarena ez danak, ez gaitu aditzen: onetan ezagutzen ditugu egiaren espiritua ta gezurraren espiritua.

        7. Nere txit maiteak, elkar maitatu dezagun, zeren karidadea Jaungoikoagandik datorren. Eta ala maitatzen duen guztia, Jaungoikoaren semea da, eta Jaungoikoa ezagutzen du.

        8. Amorio au ez daukanak, ez du Jaungoikoa ezagutzen, Jaungoikoa guztia karidadea dan ezkero.

        9. Onetan agertu zan Jaungoikoaren karidadea guganako; Jaungoikoak bere seme bakarra mundura bialtzean, beragatik bizia iduki dezagun.

        10. Eta bere karidadea onetan dago, ez da Jaungoikoa maitatu degulako, baizik berak gu lenago maitatu ginduen, eta bere semea bialdu zuen gure bekatuen eskeñtza izateko.

        11. Nere maiteak, Jaungoikoak ala maitatu baginduen, guk ere elkar maitatu bear degu.

        12. Beñere ez du iñork Jaungoikoa ikusi. Baña elkar maitatzen badegu, Jaungoikoa gugan bizi da, eta bere karidadea osoa da gugan.

        13. Onetan ezagutzen degu, beragan bizi gerala, eta bera gugan, zeren bere Espiritua eman digun.

        14. Eta guk ikusi genduen, eta testigantza ematen degu, nola Aitak bere Semea bialdu zuen munduaren Salbatzallea izatera.

        15. Edozeñek aitortzen badu Jesus Jaungoikoaren semea dala, Jaungoikoa beragan dago, eta bera Jaungoikoagan.

        16. Ala guk ere ezagutu eta sinistu degu, Jaungoikoak digun amorioa. Jaungoikoa karidadea da: eta karidadean dagoana, Jaungoikoagan dago, eta Jaungoikoa beragan.

        17. Jaungoikoaren guganako karidadea, onetan dago; juizioko egunerako guri itxedopena ematean, bada bera dan bezela, ala gera gu mundu onetan.

        18. Karidadean ez dago beldurrik, baizik karidade osoak beldurra kanpora botatzen du, zeren beldurrak pena dauka; eta ala beldur dana, karidadean ez dago osotua.

        19. Maitatu dezagun bada Jaungoikoa, Jaungoikoak gu lendanaz maitatu ginduen ezkero.

        20. Iñork esaten badu: Bai, nik Jaungoikoa maitatzen det; eta bere anaia gorrotatzen badu, gezurti bat da. Bada bere anaia, ikusten duena, maitatzen ez badu, nola maitatuko du Jaungoikoa, zeñ ikusten ez duen?

        21. Eta dana dala, Jaungoikoagandik agite au daukagu: Jaungoikoa maitatzen duenak, ala bere anaia ere maitatu dezala.

 

BOSGARREN KAPITULUA

        1. Jesus, Kristo dala sinistzen duen guztia, Jaungoikoaren semea da. Eta Aita maitatzen duenak, bere semea ere maitatzen du.

        2. Onetan ezagutzen degu Jaungoikoaren semeak maitatzen ditugula, Jaungoikoa maitatzen degunean, eta gordetzen ditugunean bere aginteak.

        3. Zeren Jaungoikoaren karidadea au da: bere aginteak zaitu ditzagula, eta bere aginteak pisuak ez dira.

        4. Eta ala Jaungoikoaren seme guztiak, mundua garaitzen du, eta munduari garaipena irabazi erazitzen diguna, gure fedea da.

        5. Zeñ da mundua garaitzen duena, Jesus Jaungoikoaren semea dala sinistzen duena baizik?

        6. Jesukristo da urarekin eta odolarekin etorri zana. Etzan etorri urarekin bakarrik, baizik urarekin eta odolarekin. Eta Espiritua da testigantza ematen duena, Kristo egia bera dala.

        7. Zeren zeruan testigantza ematen dutenak iru dirade: Aita, Semea, eta Espiritu Santua. Eta iru oiek gauza bat bata dira.

        8. Eta lurrean testigantza ematen dutenak, iru dira: espiritua, ura, eta odola; eta iru testigu oiek, gauza bat bata sendotzeko dirade.

        9. Gizonen testigantza artzen badegu, Jaungoikoaren testigantza andiagoa da. Orain bada Jaungoikoa bera, zeñaen testigantza andiena dan, da bere semeagatik, testigantza andi au eman duena.

        10. Jaungoikoaren semeagan bada sinistzen duenak, berarekin Jaungoikoaren testigantza dauka. Semeari sinistzen ez dionak, bera gezurti egiten du, zeren Jaungoikoak bere semeagatik ematen duen testigantzari ez dio sinistzen.

        11. Eta testigantza onek erakusten digu, Jaungoikoak betiko bizitza eman zigula. Eta bizitza au, bere seme Jesukristogan dago.

        12. Semea daukanak, bizitza dauka; semerik ez daukanak, bizitzarik ez dauka.

        13. Gauza oiek eskribitzen dizkizutet, jakin dezazuten Jaungoikoaren semearen izenean sinistzen dezutenak, betiko bizia daukazutela.

        14. Eta au da, beragan daukagun itxedopena. Bere borondatearen araura eskatzen diogun edozeñere gauza, emango digula.

        15. Eta badakigu ematen digula, eskatzen diogun guztia, ikusirik iritxitzen degula, eskatzen diogun guztia.

        16. Dakianak bere anaiak egin duela, ta egiten duela, iltzallea ez dan bekatu bat, beragatik erregutu beza, eta Jaungoikoak emango dio bizia, eriozkoa ez dan bekatua egin duenari. Baña badago bekatu ilgille bat, ez det onelako bekatuaren gañean itz egiten, orain esaten dedanean, beragatik erregutu dezazutela.

        17. Gaiztakeria guztia, bekatu da. Baña bada bekatu bat, eriotza dakarrena.

        18. Badakigu Jaungoikoaren semea dan guztiak ez duela bekaturik egiten; baizik Jaungoikoagandik daukan jaiotzak graziaren bitartez, zaitzen du, eta espiritu gaiztoak ez dio ukiturik egiten.

        19. Badakigu Jaungoikoarenak gerala; berriz espiritu gaiztoa mundu guziarekin jabetua dago.

        20. Badakigu ere, Jaungoikoaren semea etorri zala; eta eman digu zentzua, Jaungoiko egiazkoa ezagutzeko; eta bere seme egiazkoan egoteko. Au Jaungoiko egiazkoa, eta betiko bizitza da.

        21. Nere semetxoak, idoloetatik iges egin ezazute. Ala izan dedilla.

 

aurrekoa hurrengoa