www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (3)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

SAN PABLO APOSTOLUAREN
KARTA HEBREOTARRAI

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Jaungoikoak, zeñak beste denbora batean itz egin zien gure asabai era askotara, eta modu askotara profetaen bitartez,

        2. Atzenean itz egin digu egun oietan bere semeagan, zeñ jarri zuen gauza guztien primu, zeñaen bitartez gizaldiak ere egin zituen;

        3. Zeñ izanik, dan bezela, bere gloriako argitasuna, eta bere izatearen irudia, eta iraun erazirik guztiari, eta zuzendurik guztia bere itz almentsu bakarrarekin, gu gure bekatuetatik garbituta gero, Jaungoiko guzialdunaren eskuiean dago:

        4. Aingeruak baño obeago eginik, zenbat andiagoa dan primuz eta izatez artu zuen izena.

        5. Zergatik eze, Aingeruetatik zeñi, beñere esan zion: zu nere semea zera, zu nik gaur sortu zaitut? Eta berriz ere: Ni bere Aita izango naiz, eta bera nere semea izango da?

        6. Eta berriz ere, lenbizi sortua munduan sartzean esaten du: Jaungoikoaren Aigeru guztiak adoratu bezate.

        7. Baitaere Aingeruak esaten die Eskrituran: Bere Aingeruak Espirituak egiten dituenak, eta bere ministroak gar erazekia bezelakoak.

        8. Semeari berriz esaten dio: Zure tronuak, o Jaungoikoa, mendez mende iraungo du. Zure erreiñuko zetroa, zuzentasuneko zetroa da.

        9. Justizia maitatu zenduen, eta gaiztakeriari gorrotoz begiratu ziñion. Argatik, o Jaungoikoa, zure Jaungoiko eta aitak igortzi zinduen bozkariozko olioarekin zure lagunak baño asko geiagoan.

        10. Eta beste toki batean: Zu zera, o Jauna, asieran lurra fundatu zenduena, eta zeruak zure eskuen lanak dirade.

        11. Berak galduko dirade, zuk berriz iraungo dezu, eta guztiak, soñekoak bezela, zartuko dirade,

        12. Eta soñeko bat bezela aldatuko dituzu, eta aldatuak geldituko dira; zu berriz, hura bera zera betiko, eta zure urteak ez dirade beñere aituko.

        13. Aingeruetatik zeñi berriz, beñere esan dio: Eseri zaite nere eskuiean, zure etsaiak zure oñaen azpiko aulki eginik jarri ditzadan artean?

        14. Berak guziak ez al dira zenbait espiritu, serbitzarien lana egiten dutenak Jaungoikoak bialduak, beren lanak egiteko, salbazioko primuak izan bear duten aien onean?

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Argatik zaitu bear ditugu gogo andiagoarekin bere aotik aditu ditugun gauzak, zorigaiztoan utsik, eta ezerere gabe gelditu ez gaitezen.

        2. Bada baldin Aingeruen bitartez emandako legea sendoa ta indartsua izan bazan, eta bera ausitzeak, eta berari egiten zaion desobedienzia guztiak, artu bazuen, diña zan kastigua;

        3. Nola iges egingo diogu guk, mezpreziatzen badegu, osasun ain andiko Ebanjelioa? Zeñ asirik Jauna predikatzen, sendotua izan da gero guganaraño, aditu zutenen bitartez,

        4. Jaungoikoak testigantza ematen ziola siñaleakin, eta gauza arrigarriakin, eta asko eratako mirariakin, eta Espiritu Santuaren doaiakin, zeñak eman dituen bere borondatearen araura.

        5. Zeren etzuen Jaungoikoak jarri Aingeruen mendean geroko mundua, zeñaen gañean itz egiten degun.

        6. Baizik toki batean batek eman zuen testigantza, esaten zuela: Zeñ da gizona, zeñarekin ala oroitzen zeran; edo gizonaren semea, alako begirakune ona egin dizaiozun?

        7. Egin dezu Aingeruak baño piska bat beeratuagoa; gloriaz eta onraz koroatu dezu, eta zure eskuetako obraen gañean jarri dezu.

        8. Gauza guztiak bere oñaen azpian jarri dituzu. Beraz Jaungoikoak gauza guztiak bere mendean jarri baditu, ez du bat ere utzi, bere agindupean jarri gabe. Orain berriz ez degu ikusten, gauza guztiak bere mendean daudela.

        9. Baña ikusten degu hura bera, zeñ denbora labur batean egina izandu zan Aingeruak baño beeratuagoa, onezkero gloriaz eta onraz koroatua, irago zuen eriotzagatik, nai izanik Jaungoikoak, grazia utsez gizon guztiakgatik il zedilla.

        10. Zeren gauza diña zan, arako Jaungoikoa, zeñaentzat, eta zeñgatik gauza guztiak diran, zuzenduko zituen ezkero asko seme gloriara, bukatu zezala pasioaren bitartez, beren salbazioaren egillea.

        11. Zeren santututzen dituena, eta santutuak diradenak, beren jatorria guztiak batgandik dakarte. Argatik ez da lotsatzen, anaiaen izena ematen, esaten duela:

        12. Adiraziko diet zure izena nere anaiai. Elizaren erdian zure alabantzak kantatuko ditut.

        13. Eta beste toki batean: Nik beragan nere itxedopena jarriko det. Baita ere: Ona emen ni, eta nere seme, Jaungoikoak eman dizkidanak.

        14. Eta nola semeak odol bat, eta aragi bat daukaten, bera ere, gauza oien beren partale egin zan, bere eriotzaren bitartez desegitzeko eriotzaren agintaritza zeukana, au da, deabrua,

        15. Eta libratu, eriotzaren beldurragatik bizitza guztian menpetasunak zematuten zituela zeudenak.

        16. Zeren etzuen artu beñere Aingeruen izatea, baizik Abrahamen odola artu zuen.

        17. Argatik artu bear zuen gauza guztietan bere anaien irudia, izan zedin Apaizburu urrikaltsu, ta leial bat Jaungoikoaganako, erriaren bekatuen zorra pagatzeko.

        18. Eta berak padezitu zuen ezkero, eta tentatua izan zan ezkero, berak ere eman lizaieke eskua tentatuak diradenai.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Argatik zuek, nere anaia santuak, zeruko bokazioaren partale zeratenok, jarri itzatzute, Jesus gure profesioko Apostolu, eta Apaiz nagusiagan:

        2. Zeñ zaion leiala, egin zuenari, nola Moises ere bere etxe guzian izan zan.

        3. Begiratu ezazute bada, gloriaren diña izan zala, Moisesena baño anbat andiagoa, zenbat diñade andiagoa daukan etxeak baño, etxea egin zuenak.

        4. Zeren etxe guztia norbaitek egina dan; gauza guztiak egin zituena berriz, Jaungoikoa da.

        5. Eta Moises egiaz leiala zan bere etxe guztian, serbitzari bat bezela, Jaungoikoak bialdua, adiraztzeko erriari, esateko zeukan guztia.

        6. Baña Kristo ikusten utzi da, semea bere etxean bezela: etxe au gu gera; baldin atzeneraño ustebete sendo bat beragan eta gloriaren itxedopena badauzkagu.

        7. Argatik Espiritu Santuak esaten duen bezela: Gaur bere boza adituko bazenezate,

        8. Ez itzatzute gogortu zuen biotzak, gertatu zan bezela erria zegoanean eremuan, kontradikzioa eta murmurazioa deitzen zaion tokian;

        9. Non zuen gurasoak tentatu ninduten: nere eskubidea probatu nai zutela; eta non, nik egin nituen obra andiak ikusi zituzten.

        10. Nik erabilli nuen erri hura pena eta atsekabeetan berrogei urtean, eta nere artean esan nuen: Erri onek bere biotzeko errakuntzai beti jarraitzen die. Berak ez ditu nere bideak ezagutzen,

        11. Eta ala, aserretuta, juramentu egin det, nere atsedeneko tokian beñere ez diradela sartuko.

        12. Begiratu ezazute bada, nere anaiak, ez dedilla egon zuetatikoren bategan ere biotzik sinisgogortasunarekin gaiztoturik, Jaungoiko bizia utzitzeraño:

        13. Baizik elkar kontuan jarri ezazute egun guztietan, gaur izena duen egunak irautzen duen artean, zuetatikoren batere allegatu ez dedin gogortzera, bekatuaren ziri engañakorrarekin.

        14. Gatozan ezkero Kristoren partale izatera, iraun erazitzen badiogu atzeneraño, beñere galdu gabe, gugan ipiñi duen, bere izate berriaren asierari.

        15. Esaten diguten bitartean: Baldin gaur aditzen badezute bere boza, ez itzatzute gogortu zuen biotzak, Israeltarrak aup artako denboran egin zuten bezela.

        16. Bada aditu zutenetatik zenbaitek, Jaunari aserretu erazi zioten, ez baziran ere Moisesen bitartez Egiptotik irten ziran guzti aiek.

        17. Baña, zeñtzuen kontra egon zan Jauna aserretua berrogei urtean? Ez al zan izan bekatu egin zutenen kontra, zeñaen gorputz illak eremuan etzinik gelditu ziran?

        18. Eta, zeñai juramentu egin zien, etziradela beñere sartuko bere atsedenean, sinisgogorrak izan ziradenai baizik?

        19. Egiaz ikusten degu ezin sartu al izan ziradela sinisgogortasunagatik.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. Beldur izan gaitezen bada, gure artean bat edo bat egongo dala, ez jakona utziko sartzen Jaungoikoaren atsedenean, ezkeñtza mezpreziatu zuelako;

        2. Guri ere aiei bezela adirazi zizagun ezkero; baña aiei etzien balio aditu zuten itzak, aditu zutenen fedearekin lagunduta joan etzalako.

        3. Kontrara, gu, sinistu degunok, atsedenean sartuko gera, esan zuenaren araura: Alakoa da nere aserrean egin nuen juramentua, beñere ez dirade nere atsedenean sartuko; eta da, Jaungoikoa bizi dan atsedena, mundua egin zuenetik bere obrak bukatuta.

        4. Zeren toki batean, zazpigarren egunagatik onela itz egin zuen: Eta Jaungoikoak zazpigarren egunean, bere obra guztietatik atseden zuen.

        5. Eta onetan esaten du: Beñere ez dirade nere atsedenean sartuko.

        6. Baña nola oraindikan badiraden zenbait, an sartu gabe daudenak; eta aurrena berri ona adirazia izan zatenak, beren sinisgogortasunagatik etziran sartu.

        7. Argatik, berriz izendatzen du egun bat, eta da Gaur, esaten duela, anbeste denbora iragota, Dabiden aoz, goian esan zan bezela: Gaur bere boza aditzen badezute, ez itzatzute zuen biotzak gogortu.

        8. Zeren baldin Josek eman balie, beñere gero beste egunen gañean etzuen itzik egingo.

        9. Beraz, oraindik badago geroago atseden txit andi bat, Jaungoikoaren erriarentzat.

        10. Ala atseden onetan sartu danak, bere obra guztietatik atseden du, Jaungoikoak bereetatik bezela.

        11. Agudo ibilli gaitezen bada, atseden artan sartzeko, len aitatu dan sinisgogortasuneko ejenpluari, iñork ere ez dizaion jarraitu.

        12. Jaungoikoaren itza dan ezkero bizia eta eragillea, eta ao biko edozeñ ezpata baño obekiago sartzen dana, eta sartzen dana, eta eltzen dana, animaren, eta espirituaren izurretaraño; gorputzeko giltz eta muñetaraño, eta ezagutzen ditu biotzeko gogorik eta asmaziorik ezkutuenak.

        13. Ikusi ez litekean gauzarik ez dago bere aurrean, gauza guztiak daude billosik eta agirian Jaun onen begietan, zeñgatik itz egiten degun.

        14. Idukirik bada Apaiznagusitzat Jesus Jaungoikoaren semea, zeñ alleagatu zan zeruko tokirik goratueneraño, eta bere ateak idiki zizkigun, profesatu degun fedean sendo egon gaitezen.

        15. Bada ez da alakoa gure Apaiznagusia, ez ditekeana urrikaldu gure eritasunakin, berak beragan irago zituen ezkero tentazio guztiak, eta argaltasunak, bekatua ez, baña bai beste guztiak, gurekin zeukan irudiagatik gizon izatean.

        16. Allegatu gaitezen bada, itxedopen sendo batekin graziako tronura, urrikaltasuna iritxi dezagun eta denbora egokian graziaren laguntasuna arkitu.

 

BOSGARREN KAPITULUA

        1. Zeren Apaiznagusi guztia, gizonen artetik artuta, gizonen onerako ipintzen da, Jaungoikoa alabatu eta onratzeko gauzaetan; doaiak eta opariak bekatuakgatik eskeñi ditzan,

        2. Zeñak jakin dezan sufritzen, eta pena artzen ez dakitenakgatik, eta uts egiten dutenakgatik, zeren bera ere gaitzez ingurutua arkitzen dan,

        3. Eta argatik eskeñi bear du doaña bekatuakgatik, ez gutxiago bereakgatik, non errikoakgatik.

        4. Ez du ere iñork diñade au beretu bear, Jaungoikoak ots egina ez bada, Aaron bezela.

        5. Ala Kristok ere etzuen arrapatu, Apaiznagusi bera izateko gloria, baizik eman zion esan zionak: Zu nere semea zera, nik zu gaur sortu zaitut.

        6. Beste toki batean ere esaten duen bezela: Zu zera Apaiznagusia beti betiko Melkisedeken aginduaren araura.

        7. Zeñak bere aragi ilkorraren egunetan, eskeñtzen zituela erreguak eta eskariak, deadar andi eta negar malkoakin, eriotzatik salbatu zezakeana bere lotsa ta errespetoagatik aditua izan zan.

        8. Eta ziertoa da Jaungoikoaren semea bazan ere, ikasi zuen, gizona bezela, padezitu zituen gauzakin obeditzen.

        9. Eta ala bukaturik eta sakrifikaturik gurutzean, beragatik etorri ziran, obeditzen dioten guztiak, betiko salbazioa iritxitzera.

        10. Izanik Jaungoikoak izendatua Apaiznagusitzat Melkisedek-en aginduaren araura.

        11. Zeñaen gañean esan giñitzazkizutekegun asko gauza eta andiak; baña dirade gauza batzuek gaitzak adiraztzen, zuen nagusitasunagatik eta gogo gutxiagatik aditzeko.

        12. Zeren erakusleak izan bear zendutenak, denboragatik, berriz bear dezute, erakutsi dizazkizutela zuei zeñ diran, Jaungoikoaren itzaren lenbiziko asierak; eta alako estadura allegatu zerate, non, ezin eman lezakezute esnea baizik, baña ez janari gogorrik.

        13. Baña esnearekin azitzen dana, ez da gai aditzeko justizia oso, eta bukatutako baten izketa, Jaungoikoaren dotrinan aur bat dalako.

        14. Berriz janari sendo ta gogorra da, gizon perfekzio andi ta osokoena. Arako gizon, oitura luzeakin dauzkatenak beren espirituko zentzunak ekandutuak jakitean zeñ dan ona, ta zeñ gaiztoa.

 

SEIGARREN KAPITULUA

        1. Utzi ditzagun aldamen batera, Jesukristogan sinistzen azitzen diradenai ematen zaiezten erakutsiak, eta altxatu gaitezen gauzarik oso, ta goratuenetara, gelditzen ez gerala berriz itz egiten zimenduak jartzen, obra illaen penitenziaren gañean, edo Jaungoikoagango fedearen gañean.

        2. Eta bataioaren gañeko dorinaren gañean, eskuak buruan jartzearen gañean, illaen biztutze berriaren gañean, eta betiko juizioaren gañean.

        3. Eta ona emen, Jaungoikoaren laguntasunarekin, egitera goazena.

        4. Zeren ez diteke gertatu, bein argituak izan diradenak, zeruko doaia probatu dutenak, Espiritu Santuaren partale egin diradenak,

        5. Jaungoikoaren itz santuarekin, eta geroko gizaldiko mirarien itxedopenarekin bazkatu diranak,

        6. Eta oien guzioen ondoren, erori diradenak; ez litezke, esaten det, penitenziarekin berriztatuak izan, berakgan danez, gurutziltzatzen duten ezkero Jaungoikoaren semea, eta lotsatua izateko agirian jartzen duten.

        7. Zeren arako lurrak, zeñak artzen duen beragan, maiz bere gañera erortzen dan euria; eta ematen duena belar mesedegarria goldeatzen dutenentzat, Jaungoikoaren bedeikazioa artzen du.

        8. Baña ematen dituena arantza eta sasilarrak, da bere jabeak utzia, eta madarikazioa dauka aldean, eta urrean; eta atzenean errea izatera etortzen da.

        9. Gañerakoan, nere anaia maiteak, onela itz egiten badizugu ere zuen gañean, eta zuen salbazioaren gañean, iritzi obeagoak dauzkagu.

        10. Zeren Jaungoikoa ez da gaiztoa, aztutzeko egin dezutenarekin; eta bere izenari begiratuta erakutsi dezuten karidadearekin, lagundu diezutela, eta laguntzen diezutela santuai.

        11. Alaere nai degu, zuetatiko bakoitzak erakutsi dezala, orainarterañoko berotasun santua atzeneraño, bere itxedopena kunplitu dezakeon.

        12. Etzaitezten egin nagiak; baizik arako Aita aurren santu, beren fede ta pazienzia luzearekin, zeruko eskeñtzen primuak izatera allegatu diranen imitatzalleak.

        13. Argatik Jaungoikoak Abrahami egin zion eskeñtzan, nola etzeukan andiagorik, zeñgatik juramentu egin, beragatik juramentu egin zuen,

        14. Bereala esaten zuela: Zaude ziertotzat daukazula, nik bedeikazioz beteko zaitudala; eta txit ugaritasun andiarekin izango dituzula.

        15. Eta ala, pazienzia andiarekin itxedotzen zuela, eskeñtza iritxi zuen.

        16. Ala gizonak juramentu egiten dute, berak baño andiagoak diradenakgatik, eta juramentua da eman al lezaten ziertotasunik andiena, beren ezbaiak erabakitzeko.

        17. Argatik nai izanik Jaungoikoak erakutsi osotasun andiagoarekin eskeñtzaren primuai, bere erabakia aldatu eziña dala, juramentua bitartean jarri zuen.

        18. Aldatu ez litezkean bi gauzarekin, eskeñtza eta juramentuarekin, zeñatan ez lezakean Jaungoikoak gezurrik esan, atseden txit andi bat iduki dezagun, begiratzen diogunok gure igestokiari, eta nai ditugunak iritxi, itxedopenak eskeñtzen dizkigun ondasunak.

        19. Zeñak balio dion gure animari, aingura on, eta sendo batek bezela, beloaren barrenen dagoan santuarioraño sartzeko,

        20. Non sartu zan Jesus gugatik aurrena, gure aurretiko ibiltaria bezela, jartzen zala Apaizburu eginik, betiko iraunerako, Melkisedeken aginduaren araura.

 

ZAZPIGARREN KAPITULUA

        1. Egiaz Melkisedek Salemgo errege au, Jaungoiko txit goratuaren apaiza, da bidera irten zitzaiona Abrahami, itzuli zanean garaipenez betea, lau errege deseginda gero, eta bedeikatu zuena,

        2. Zeñi eman ere zion Abrahamek, arrapatu zituen gauza guztien amarrena, zeñaen izenak aurrena, justiziako erregea adiraztzen du, gañera zan Salemgo erregea, zeñak esan nai duen, pakeko erregea,

        3. Iruditua aita gabe, ama gabe, jatorri gabe, ezagutua izan gabe bere egunen asiera, ez bere bizitzaren atzena, baizik izanik au guziagatik Jaungoikoaren semearen irudia, beti apaiz gelditzen da.

        4. Begiratu ezazute, zein andia dan au, zeñi Abraham Aitaleenak berak, arrapatutako gauzarik onenaetatik berezitutako ondasunetatik amarrenak eman ziozkan.

        5. Ziertoa dan gauza bat da, Lebiko Tributik apaiztzara eregiak diradenak, legez agintea daukate artzeko erriaren amarrenak, au da, beren anaienak, berok ere, aiek bezela Abrahamen odoletik etorri arren.

        6. Baña bere jatorria aien artean ez daukanak, Abrahamen amarrenak artu zituen, eta eskeñtzak artuak zeuzkanari bedeikazioa eman zion.

        7. Eta kontraren piskarik ere ez dagoala, gutxiago danak, andiago danagandik bedeikazioa artzen du.

        8. Ez da ziertotasun gutxiagoa, emen amarrenak artzen dituztenak, dira iltzen diran gizonak; an berriz esaten dute, bizi dala.

        9. Eta (ala esateko) Lebik ere, zeñak amarrenak artzen dituen, pagatu zituen amarrenak Abrahamen bitartez.

        10. Bada oraindik bere Aiton Abrahamgan zegoan, Melkisedek-ek Aitaurren oni bidera irten zizaionean.

        11. Eta baldin perfekzioa Lebiren apaiztzagatik ematen bazan (erriak legea bere denboran artu zuen ezkero) zer premia zegoan gero, jaiki zedin beste apaiz bat, Melkisedeken ordearen araura izendatua, eta ez Aaronen araura?

        12. Zeren aldaturik apaiztza, premiazkoa da legea ere aldatua izan dedilla.

        13. Eta gauza oiek esan diradena, beste tribu batekoa da, zeñatatik batek ere etzuen aldarea serbitu.

        14. Izanik bada, dan bezela, gauza jakina, Jesukristo gure Jauna Judaren tributik jaio zala, zeñi beñere Moisesek apaiztza etzion itsatsi.

        15. Eta au ere oraindikan argiroago erakusten da, ateratzen dan ezkero argitara beste apaiz bat Melkisedek-en irudira.

        16. Zeñ egina izan zan, ez aragiaren agintearen legearen araura, baizik bere bizitza illezinaren eskubidez,

        17. Eskritura santak adiraztzen duen bezela, esaten duela: Zu zera apaiza betiko, Melkisedek-en ordearen araura.

        18. Apaiztza bada aldatua gelditzen da, eta argatik lengo agintea desegina, bere argaltasun, eta gaieztasunagatik,

        19. Bada legeak etzuen zuzendu gauzarik batere perfekziora, baña artara zuzentzen duena da itxedopen obeago bat, bere tokian jarria, zeñaen bitartez Jaungoikoagana alderatzen geran.

        20. Eta gañera Jesukristo apaiz au, ez da jarria izan juramentu gabe (zeren ziertoro besteak izan ziran jarriak apaizak juramentu gabe;

        21. Baña au juramentuarekin izan zan, esan zion huragatik: Jaunak juramentu egin du, eta etzaio damutuko: zu betikoiraunerako apaiza zera.)

        22. Argatik aski obeagoa da testamentu hura, zeñgatik Jesus fiatzalle eta bitarteko irten zan.

        23. Gañera apaiz aiek asko izan ziran, zeren eriotzak beti irautzea galerazitzen zien.

        24. Baña onek, nola beti irautzen duen, apaiztzaren jabe beti da.

        25. Emendik dator, beti salbatu ditzakela bere bitartez Jaungoikoaren aurrean jartzen diranak, beti bizirik dagoana bezela gugatik erregututzeko.

        26. Egiaz au bezelakoa bear zan izatea gure apaizburua, santua, obenikan gabea, kutsugabea, bekatarietatik berezitua, eta zeruen gañera jaso ta eregia,

        27. Zeñak ez daukan premiarik, beste apaizak bezela, eskeñtzeko egunoro doañak, aurrena bere bekatuakgatik, eta gero erriarenakgatik, zeren au bein bakarrik egin zuen, bera eskeñtzen zala.

        28. Bada legeak jarri zituen apaiztzat gizon erkiak: baña Jaungoikoaren itz, legea baño geroago egindako juramentuarekin sendotuak, jarri zuen Apaizburutzat, bere seme Jesukristo, beti santua eta onosoa dana.

 

ZORTZIGARREN KAPITULUA

        1. Itz gutxitan, esan degun guztia sartzen da: Daukagu alako apaizburu bat zeruetan, Jaungoikoaren anditasuneko Tronuaren eskuiean eseria dagoana.

        2. Eta da, Zeruko Santuario, eta tabernakulo egiazko, Jaunak eta ez gizonak egindakoaren ministroa.

        3. Zeren baldin Apaizburu guztia, doaiak eta opariak eskeñtzeko ipiñia badago, premiazko gauza da, onek ere idukitzea zerbait eskeñtzeko.

        4. Zeren bera lurraren gañean biziko balitza, apaiz ere etzan izango, egonik jarririk onetarako Lebiko Tribuko semeak, zeñak legearen araura doañak eskeñtzen dituzten.

        5. Eta serbitzen dute zeruko gauzaen irudi eta itzala. Moisesi erantzuna izan zitzaion bezela, tabernakuloa egitera zijoanean. Begira, (esan zion Jaungoikoak) guztia egin ezazu, mendian erakutsi zazun irudiaren araura.

        6. Baña gure Apaizburu Jesukristok, iritxi du langintza bat anbat argitsuagoa, testamenu estimagarriago baten bitartekoa dalako, zeñ eskeñtza obeago batzuekin ipiñia izan zan.

        7. Bada baldin lenbiziko hura, uts gabekoa izan balitza, iñolaere etzan billatuko bigarrenaren tokia.

        8. Alaere errierta egiten diela anziñako legearen ausleai, esaten du: Ona non etorriko diran egunak, esaten du Jaunak, emango diedana Israelko etxeari, ta Judako etxeari testamentu berri bat;

        9. Ez beren gurasoakin egin nuen testamentua bezelakoa, eskutik bezela artu nituenean, Egiptoko lurretik ateratzeko, zeren berak etzuten iraun nere testamentuan, eta nik mezpreziatu nituen, esaten du Jaunak.

        10. Prestatuko dedan testamentua, esaten du Jaunak, Israelko etxerako, egun aiek iragota, au da; itsatsiko ditut nere legeak beren adimenetan, eta beren biotzen gañean eskribituko ditut, eta ni beren Jaungoikoa izango naiz, eta berak nere erria izango dira.

        11. Onezkero ez da bearko, bakoitzak bere projimuari, eta bere anaiari erakutsi dizaiola, esaten diola: Ezagutu ezazu Jauna, zeren fedearen argutasunarekin, guztiak ezagutuko naute, beretatik txikienetik nagusieneraño.

        12. Zeren nik beren gaiztakeriak barkatuko diozkadan, eta beren bekatuakin ez naiz berriz oroituko.

        13. Testamentu oni berriaren izena emanik, anziñakotzat eman zuen lenbizikoa. Orain bada anziñakotzat, eta zartzat ematen dana, bere bukaeraren aldean dago.

 

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

        1. Egia da lenbiziko testamentuak iduki zituela Jaungoikoaren adorazioko zuzenbideak, eta lurreko santuario bat.

        2. Zeren egin zan lenbiziko taberakulo bat, zeñatan zeuden kandeleroak, eta maiea, eta proposizioko ogiak, eta aldamen, au da, Santua ots egiten zaiona.

        3. Jarraitzen zion bigarren beloaren ostean Tabernakuloaren aldameneak, zeñi Txit Santua, edo santuen santua ots egiten zaion,

        4. Zeukala urrezko inzensonarioa eta testamentuko kutxa, aldamen guzietatik urrez estalia, eta an gordetzen zan urrezko ontzia, zeñatan zeuden mana ata Aaronen zigor, loretu zana, eta elkartasuneko olak.

        5. Eta kutxaren gañean zeuden Kerubin, gloriaz betak, propiziatorioari itzala egiten ziotela, zeñaen gañean itz egiteko ziatz, ez dan orain denbora.

        6. Gauza oiek onela prestaturik; lenbiziko tabernakuloan beti apaizak sartzen ziraden, beren lantegien eginbearrak kunplitzera.

        7. Bigarrenean berriz, Apaizburua bakarrik urtean bein, ez eraman gabe odola, zeñ bere ezjakineko utsegiteakgatik, eta erriarenakgatik eskeñtzen zuen:

        8. Onela Espiritu Santuak adiraztzen zuela, oraindik etzegoala idikia, egiazko santuarioko sarrera, oraindikan lenbiziko tabernakuloa zutik zegoala:

        9. Au guzi au, orain iragotzen danaren irudia zan, eta iragotzen zan denbora artan, eskeñtzen ziran doañ eta oparietan, zeñak etzitzaketen garbitu, Jaungoikoari adorazioa ematen ziotenen anima, zeñ janarietan eta edarietan zegoan,

        10. Eta bataio, eta aragizko zirimonia batzuetan, zeñak etziraden ipiñiak izan, legeak emendatua izan bear zuen artean.

        11. Baña etorririk gero Kristo Apaiznagusia, geroko ondasunak iritxiko zizkiguna, tabernakulo argitsuago eta perfekzio geiagoko baten bitartez, ez eskuz egina, au da, ez gurearen irudira egina;

        12. Eta agertzen zala, ez akerren, ez idiskoaren odolarekin, baizik bere odolarekin, sartu zan bein bakarrik betiko zeruko santuarioan, gizatasunaretzat betiko erredenzio bat arkitzen zuela.

        13. Zeren baldin akerren, eta zezenen odolak, eta txalen auts kutsutuen gañean zabalduak, aragia garbitzeko, santutuzen baditu,

        14. Zenbat geiago Jesukristoren odolak, zeñ Espiritu Santuaren argitasunez eskeñi zitzaion, bera orbanik gabea Jaungoikoari, garbituko ditu gure konzienziak, bekatuen obra illaetatik, Jaungoiko biziari adorazio egiazkoa emateko?

        15. Eta argatik Jesus testamentu berriko bitartekoa da, bere eriotzaren bitartez, garbitzeko lenbiziko testamentuko denboran egindako gaiztakeriak ere, artu dezaten betiko herenzia, Jaungoikoak ots egin dienai eskeñia.

        16. Zeren testamentua dagoan tokian, testamentugillearen eriotza egiztatzea bearra da.

        17. Bada testamentuak ez dauka indarrik, testamentugillearen eriotzarekin baizik. Bestela ez du balio, testamentugillea bizi dan artean.

        18. Argatik lenbiziko testamentua ere etzan izan odol gabe dedikatua.

        19. Zeren irakurririk Moisesek erri guztiari legeko agindu guztiak, arturik idiskoen eta akerren odola, urarekin nastua, eta lana suteoarekin ganbusia, eta hisopoa; intzatu zuen legeko liburua baita erri guztia ere,

        20. Esaten zuela: Au da odola, zeñak serbituko duen, Jaungoikoak zuen alde agindu duen testamentuaren sillutzat.

        21. Eta orobat, tabernakuloa eta lantegiko ontzi guztiak, eta tresna ta trasteak.

        22. Eta legearen araura, gauzarik geienak, eta esaterako guztiak odolarekin garbitzen dirade; eta odol isuritze gabe, ez da barkaziorik izaten.

        23. Gauza premiazkoa zan bada, zeruko gauzaen irudiak, onela garbituak izan ziteztela; zeruko gauzak berak berriz, oiek baño doañ obeagoakin.

        24. Zeren etzan Jesus sartu, gizonen eskuz egindako santuarioan, zeñ zan egiazkoaren irudia, baizik zeruan bertan sartu zan, gugatik orain Jaungoikoaren aurrean jartzeko.

        25. Eta ez maiz bera eskeñtzeko, sartzen dan bezela Apaizburua urtetik urtera Santuen Santuan besteren odolean,

        26. Bestela munduaren asieratik, maiz padezitu bearko zuen: orain berriz, bein bakarrik gizaldi guztietan agertu zan desegiteko bekatua, bere eskeñtzarekin.

        27. Eta nola erabakia dagoan gizonentzat bein bakarrik iltzea, eta gero juzgatuak izatea,

        28. Ala Kristo ere, bein bakarrik izan da eskeñia askoren bekatuak kentzeko, eta berriz beste bein agertuko da, ez besteen bekatuen zorra pagatzera, baizik fede biziarekin itxedotzen dutenai, betiko salbazioa ematera.

 

AMARGARREN KAPITULUA

        1. Zeren ez idukirik legeak geroko ondasunen itzala baizik, eta ez gauzaen izatea; ez ditzake beñere doañen beren bitartez, zeñak urteoro aspertu gabe eskeñtzen diran, justoak eta onosoak egin, aldarera alderatu, eta doañak eskeñtzen dituztenak,

        2. Bestela geldituko zan onezkero eskeñtzea, zeren sakrifikatzalleak, bein garbituak izan ezkero, etzuten bekatuaren kezkarik idukiko.

        3. Alaere urteororo berak eskeñtzen diranean, bekatuaren oroipena egiten da,

        4. Zeren berez ez ditekean gauza da, zezenen, eta akerren odolarekin, bekatuak kentzea.

        5. Argatik Jaungoikoaren semeak munduan sartzean, bere Aita betikoari esaten dio: Zuk ez dezu nai izan doañik, ez eskeñtzarik, baña neri gorputz ilkor bat neretu didazu.

        6. Holokaustoak bekatuakgatik etziraden izan zure gogokoak.

        7. Orduan esan nuen: Ona emen non natorren, nigatik liburuaren asieran eskribitua dagoan bezela, o Jaungoikoa, zure borondatea kunplitzeko!

        8. Orain bada, goian esaten duela: Zuk ez dituzu nai izan, ez dira izan zure gogokoak eskeñtzak, eta holokaustoak bektuagatik; gauza batzuek legearen araura eskeñtzen diranak:

        9. Eta gañera esaten zuela: Ona emen non natorren, nere Jaungoikoa! Zure borondatea egiteko. Gauza argia da, kendu zituela atzeneko eskeñtza oiek, beste bat jartzeko, zeñ dan bere gorputzarena.

        10. Borondate augatik bada, santutuak gera Jesukristoren gorputzaren eskeñtza, bein bakarrik eginagatik.

        11. Eta ala anziñako legeko apaiza, prestatua badago ere egunoro, goiz ta arratsalde bere lanean aritzeko, eta maiz eskeñtzera doañ batzuek berak, zeñak beñere ez ditzaken bekatuak kendu.

        12. Gure Apaizburu au, bekatuakgatik eskeñtza bakar bat eginda gero, Jaungoikoaren eskuiean betiko eseria dago,

        13. Bitartean itxedotzen duela, oraindikan ikusteko dagoana, au da, bere etsaiak bere oñen aulkitzat jarriak izan ditezela.

        14. Zeren eskeñtza bakar batekin, egin zituen osoz onak betiko, santutu zituenak.

        15. Testigantza ori berori ematen digu Espiritu Santuak. Zeren itz oiek esanda gero,

        16. Ona emen, nik berakin egingo dedan elkartasuna, esaten du Jaunak: Egun aiek iragotzen diradenean, tinkatuko ditut nere legeak beren biotzetan, eta beren animen gañean eskribituko ditut.

        17. Eta bereala gañera esaten du: Eta onezkero ez naiz beren bekatuakin, ez beren gaiztakeriakin oroituko.

        18. Bekatuak bada, barkatuak gelditzen diradenean, ez da onezkero bekatuagatik doañik bearko.

        19. Oiek ala izanik, nere anaiak, idukirik itxedopen sendo bat Sankta Sanktorunean kristoren odolagatik,

        20. Zeñarekin idiki zigun bide berria, eta bizitza, sartzeko belotik, au da, bere aragitik,

        21. Idukirik ere Apaizburu Jesukristo, Jaungoikoaren etxearen gañean jarria.

        22. Allegatu gaitezen beragana biotz zintzoarekin, fede betearekin, garbiturik biotzak konzienzia gaiztoaren zikinkerietatik, eta garbiturik gorputzean bateoko ur garbiarekin.

        23. Iduki dezagun sendo, aitortu degun itxedopena (zeren leiala dan eskeñtza egin duena).

        24. Eta jarri ditzagun begiak batzuek besteakgan, karidade eta obra onetara elkar mugitzeko,

        25. Utzi gabe gure batzarrea, batzuen oitura dan bezela, baizik kontrara, alaitzen degula batak bestea, eta anbat geiago, zenbat alderago eguna ikusten dezuten.

        26. Zeren bekatu egiten badegu jakiñaren gañera, egia ezagututa gero, onezkero ez zaigu gelditzen doañik bekatuakgatik eskeñtzeko,

        27. Baizik juizioaren, eta Jaungoikoaren etsaiak iretsiko dituen su erretzallearen zai egon bearra, beldurrez izuturik.

        28. Ausitzen badu batek Moisesen legea, eta idolatra egiten bada, bi testigu, edo irurekin probatzen bazaio; nai ta ez, eriotzara kondenatua da.

        29. Orain bada, zenbat pena andiagoen diña izango ez da, Jaungoikoaren semea oñazpian darabillana, eta gauza zatartzat idukiko balu testamentuko odola, zeñaen bitartez, bera santutua izan zan, eta Espiritu Santu graziaren emallea irainduko balu?

        30. Ongi bada, ezagutzen degu zein dan esan zuena: Neretzat gordea dago bengantza, eta ni naiz artuko duena. Baitaere: Jaunak bere erria juzgatuko du.

        31. Gauza izugarria da Jaungoiko biziaren eskuetan erortzea.

        32. Oroitu zaitezte arako anziñako egunakin, argituak izanda gero, sufritu zendutenean persekuzioen guda txit andi bat.

        33. Aldamen batetik, munduarentzat farragarri eginik lotsari ta atsekabeakgatik; bestetik alako bidegabetasunak iragotzen zituztenen penaen partale egiten ziñatela.

        34. Zergatik eze, kateetan zeudenen urrikaltasuna iduki zenduten, oroitzen ziñatela gordeak zeudela zuentzat ondasun ugariagoak, eta iraunkorragoak.

        35. Ez ezazute bada alperrikan galdu zuen itxedopena, zeñaentzat sari andi bat gordea dagoan.

        36. Zeren pazienzia zuentzat premiazkoa dan, Jaungoikoaren borondatea eginik, eskeñi zazutena iritxi dezazuten.

        37. Zeren denbora txit labur batean, esaten du Jaungoikoak, etorriko da, etorriko dan hura, eta etzaio luzatuko.

        38. Bitartean nere Justoa, esaten du gañera Jaunak, fedez biziko da, baña iges egiten badu, ez da nere animaren gogokoa izango.

        39. Baña gu, nere anaiak, ez gera fedetik iges egiten dutenen semeetatikoak, galduak izateko; baizik leial, eta sendoetatikoak, toki seguruan anima jartzeko, eta beretzat betiko gloria iritxitzeko.

 

AMAIKAGARREN KAPITULUA

        1. Da bada fedea, itxedotzen diraden gauzaen fundamentua; eta ikusten ez diraden gauzaen berria.

        2. Ala beragatik anziñako justoak, alabantzaren testigantzaren diñak, Jaungoikoaren aldamenetik izan ziran.

        3. Fedea da erakusten diguna, mundu guztia Jaunaren itzaz egina izan zala; eta ikusi ezina izanik, ikusiala egina izan zala.

        4. Fedea da, zeñarekin Abelek eskeñi zion Jaungoikoari doañ bat Kainena baño ederragoa, eta justotzat emana izan zan, Jaungoikoak berak testigantza ematen ziola, bere eskeñiak ontzat artzen zituela, eta fedeagatik illa zegoala ere itz egiten du.

        5. Fedeagatik aldatua izan zan Henok mundu onetatik il etzedin, eta etzan berriz ikusia izan, Jaungoikoak eraman zuelako beste, iñork ere ez dakian toki batera, baña eramana izan baño lenago, euki zuen testigantza, nola izan zan Jaungoikoaren gogokoa.

        6. Bada, federikan gabe, ez diteke Jaungoikoaren gogokoa izan, zeren Jaungoikoagana allegatzen danak, sinistu bear du, badala Jaungoikoa, eta bera billatzen dutenen sariemallea dala.

        7. Fedeagatik, kontuan ipiñirik Noe Jaungoikoak, oraindik ikusten etziraden gauzaen gañean, beldur santu batekin zijoan kutxa eginaz bere familiaren salbaziorako; eta egiten zuela, mundua kondenatu zuen, eta fedearekin irabaztzen dan justiziako primu egina izan zan.

        8. Fedeagatik, Jaunagandik artu zuenak Abrahamen izena, Jaungoikoari obeditu zion, irtenik, herenziaz artu bear zuen errirontz, eta bidean jarri zan, nora zijoan etziekiela.

        9. Fedeagatik bizi izan zan, eskeñia izan zitzaion lurrean, erri arrotzetan bezela iragotzen zutela bizia kanpo etxetxoetan, egin ere zuten bezela Isaak, eta Jakobek, eskeñtza beraren primu lagunak bezela.

        10. Zeren itxedotzen zuen zimendu sendoak zeuzkan erri artan: zeñaen asmatzallea ta egillea Jaungoikoa bera zan.

        11. Fedearen bitartez ere Sarak berak soilla izanik, seme batez aurdun gelditzeko bertutea artu zuen, onezkero edade iragoa izan arren, zeren sinistu zuen, leiala zala eskeñtza egin ziona.

        12. Argatik gizon bat bakarragandik (eta ori iltzeko zorian zegoana, bere zartza andiagatik) irten zan jatorri bat, alako moduan ugaria, nola zeruko izarrak; eta itsaz bazterrean dauden, kontatu ezin adina ondar bezela.

        13. Santu guzti oiek etorri ziran iltzera, beti sendo beren fedean, eskeñiak izan zizaiezten ondasunak artu gabe, aspertzen ziradela, berai urrutitikan begiratzearekin, eta agur eginarekin; denbora artan, lurraren gañean arrotzak eta bideanteak nola ziraden aitortzen zutela.

        14. Egiaz onela itz egiten dutenak, ongi adiraztzen dute, beren erriaren billan dabiltzala.

        15. Eta baldin oroitzen baziran beren erriarekin, nondik irten ziran, ziertoro bazeukaten denbora bertara itzultzeko.

        16. Beraz gauza argia da, beste oba bat billatzen zutela, au da, zerukoa. Argatik ez da Jaungoikoa lotsatzen, aien Jaungoikoaren izena bere buruari ematen, zeren berentzat erria prestatua zeukan.

        17. Fedeagatik Abrahamek, Jaungoikoak bere leialtasuna probatu zuenean, Isaak eskeñi zuen, eta eskeñtzak artu zituenak berak, eskeñtzen zuen bere seme bakarra,

        18. Esana izan bazaion ere: Isaakgandik irtengo da, zure izena eramango duen jatorria.

        19. Baña gogoratzen zuen bere barrenen, Jaungoikoak illda gero ere, biztu zezakeala. Argatik artu zuen beste gauza baten irudia bezela.

        20. Fedeagatik ere Isaak-ek bedeikatu zituen Jakob, eta Esau, bere bendizioa fundatzen zuela, anaia biai gertatuko zitzaiezten gauzaen gañean.

        21. Fedeagatik Jakob, iltzeko zorian zegoanak, bedeikatu zituen Joseren semeetatik bakoitza, eta Josek zeraman gobiernuko zigorra adoratu zuen.

        22. Fedeagatik Josek, iltzen zanean, Israelko semeen Ejiptotik irteera aitatu zuen, eta bere ezurrakin zer egingo zan erabaki zuen.

        23. Fedeagatik Moises jaio zanean, bere gurasoak ezkutatu zuten, iru illabetean, zeren ikusi zuten bere aursemea txit ederra zala; eta ala etziraden erregearen aginduaren beldur izan.

        24. Fedeagatik Moisesek, andia zala, bera zala Faraonen alabaren semea, ukatu zuen,

        25. Aututzen zuela, lenago izatea atsekabetua Jaungoikoaren erriarekin, bekatuaren atsegin iragokorretan gozatua izatea baño,

        26. Uste izanik, Jesukristoren lotsaria zala tesoro andiagoa, Ejiptoko aberastasun guztiak baño, zeren bere begiak ordañean jartzen zituen.

        27. Fedeagatik Ejipto utzi zuen, erregearen aserrearen beldurrikan gabe, zeren ikusten ez danagan, onezkero ikusiko balu bezela, itxedopen sendo bat iduki zuen.

        28. Fedeagatik Pazkoa zelebratu zuen, eta bildotsaren odolarekin egin zuen intzatze hura, bereai ukiturik egin etzitzaien Aingeru ondatzalleak, zeñ, Ejiptoko seme lenbizisortuak illaz zijoan.

        29. Fedeagatik irago zuten itsaso gorria, lur legorra bezela, eta au probatzera zijoazela ijitoak ondatuak izan ziran.

        30. Fedeagatik Jerikoko murruak erori ziran, beste gauza gabe, baizik egitea jira bat zazpi egunean beren inguruan.

        31. Fedeagatik Rahab emakume galotsa etzan galdu beste erritar fedegogorrekoakin, Josek bialdu zituen aztertzalleai ostatua eman, ta berak gorde zituelako.

        32. Eta zer geiago esango dit oraindikan? Denbora aituko zat, adiraztzera banoa Jedeonen, Barak-en, Sansonen, Jepteren, Dariaen, Samuelen egitadak,

        33. Zeñak fedeagatik garaitu zituzten erreñuak, egin zuten justizia, iritxi zituzten eskeñtzak; hoien aoak tapatu zituzten,

        34. Suaren bizitasuna itzali zuten; ezpataren puntatik iges egin zuten, eritasun andiak sendatu zituzten; gerran sendo, errutsu ta azkarrak egin ziran, guraditegi ta ejerzitu arrotzak desegin zituzten.

        35. Baziraden emakumeak, artu zituztenak bizirik beren seme illak. Beste batzuek berriz, arat egon ziran oñazkaian, etzutela nai zaitu emengo bizitza, biztze berrian beste oba bat idukitzearren.

        36. Beste batzuek berriz sufritu zituzten lotsariak, eta azoteak: gañera kateak, eta karzelak:

        37. Egin zien arrika, izan ziran serratuak, tentatuak, illak ezpataren puntaz; ibilli ziran jiran batetik bestera; ardi ta auntzen larruakin estaliak, iñoren laguntasun jebe, atsekabetuak, gaizki tratatuak.

        38. Zeñaen diña mundu etzan, zebiltzan galduak bakartadeetatik, eta kobaetan, eta lurruspetan etzaten ziran.

        39. Alaere santu guzi oiek, ain alabagarriak beren fedearen testigantzagatik, eskeñiaren frutu guztia etzuten artu,

        40. Erabaki duen ezkero Jaungoikoak, guri egin digun berarizko mesede batgatik, etzatela artu, gurekin batean baizik, gorputzean eta animan beren zoriontasunaren betetasuna.

 

AMABIGARREN KAPITULUA

        1. Arkitzen geran ezkero bada testiguen odei andi batekin inguruturik, utzirik bekatuen zama guztia, eta urraturik bekatuaren lazoak, zeñakin gauzkan lotuak, joan gaitezen korrika ta sendo, aurrean jarri zitzagun atzen eta itura.

        2. Jarririk beti begiak Jesusgan, fedearen egille, ta bukatzalleagan, zeñak jarririk begien aurrean, glorian beretzat prestatua zegoan gozotasuna, sufritu zuen gurutzea, lotsaria mezpreziaturik, eta ordañtzat Jaungoikoaren tronuaren eskuiean eseria dago.

        3. Erabilli ezazute bada arretaz zuen gogoetan, Jaun ark bekatarien aldamenetik bere kontra sufritu zuen alako kontradikzioa, desalaitu etzaitezten, zuen gogo biziak gudarako galtzen dituzutela.

        4. Bada oraindik etzerate aurkeztu, odola isuritzeraño Jesukristo bezela, bekatuaren kontra gudan ari zeratela,

        5. Baizik aztu zerate onezkero, Jaungoikoak zuzentzen dizkizuten gozotasuneko itzakin, semeai bezela Eskrituran esaten duela: Ene semea, Jaunaren korrekzioa ez ezazu mezpreziatu, eta etzaite ere desalaitu errierta egiten dizunean.

        6. Zeren Jaunak, maitatzen duena, kastigatzen du: eta bere semetzat artzen duen guztia, azotatzen du.

        7. Sufritu bada korrezioa. Jaungoikoa, zuekin, semeakin bezela portatzen da. Zeren, zeñ da semea, bere aitak kastigatzen ez duena?

        8. Baldin bazaudete korrekziorikan gabe, zeñaen partale diran justo guztiak, ongi ikusten da ixillumeak zeratela, ta ez ezkontzakoak.

        9. Bestetik berriz, iduki bagiñituen aragiaren aldameneko gurasoak, kastigatzen ginduztenak; eta alaere errespetatu eta maitatzen bagiñituen; aski justoago ez al da, obeditu dizaiogula espirituen Aitari, betiko bizitza iritxi dezagun?

        10. Eta egiaz, aiek egun gutxi batzuetarako kastigatzen ginduen, beren guraen araura, baña onek erakutsiak ematen dizkigu, santuak egiteko serbitzen diguten gauzaetan.

        11. Gauza ziertoa da, kastigu guztiak ez dakartela berarekin orain bein gozotasunik, baizik atsekabea, baña gero emango ditu, berarekin landuak diradenakgan, justiziako frutu txit eztitsuak.

        12. Argatik, berriz jaso itzatzute zuen esku eroriak, eta zuen belaun erkituak, sendotu itzatzute.

        13. Eta pausu sendo ta alaituarekin bide zuzenetik joan zaitezte, norbait fedean urrunago ibillita, beragatik alde egiten duela bidegabetua gelditu ez dedin, baizik sendotu.

        14. Egin itzatzute aleginak, guziakin pakean egoteko, eta idukitzeko bizitzako santutasuna, zeñ gabe Jaungoikoa iñork ere ez dezake ikusi.

        15. Begiraturik iñork ere Jaungoikoaren graziatik ez dezala alderik egin, mingoiztasuneko sustrai batek ere irtetzen duela kanpora, eta bere besangak zabaldurik, ito dezala azi ona, eta sustrai artatik asko izurritu diteztela.

        16. Iñor ere ez bedi fornikaria izan; eta ez ere beste gauzaen alperrik saltzallea Esau bezela, zeren katillu bat bete janarigatik, lenbizisortutasuna saldu zuen.

        17. Jakin ezazute bada, gero alegin guziak egin bazituen ere, bendizioko primu izateko, aurtikia izan zala, ezin egin zuela, bere aitak bein egina, aldatu zezala, negar malko jarioan eskatu bazion ere.

        18. Gañera, etzerate zuek alderatuko lurreko mendi andira, su erazekira, aize bunbadara, eta odei beltxera, eta ekaitzera.

        19. Eta tronpeta otsera, eta boz ain izugarriaren dunbotsera, non, aditu zutenak eskatu zuten mesedez etzitzaiela berriz itzik egin, Moisesen bitartez baizik.

        20. Bada ezin sufritu zuten esaten zitzaienen gogortasuna. Pisti batez mendiari ukitzen badio, arrika illa izango da.

        21. Eta ain ikaragarria zan ikusten zana, non, Moisesek esan zuen: izutua eta beldurtua nago.

        22. Baña zuek alderatu zerate Siongo mendira, eta Jaungoiko biziaren errira, Jerusalen zerukora, millakada asko aingeruen korura.

        23. Lenbizisortuen Elizara, zeñak zeruan eskribituak dauden, eta Jaungoiko, guztien juezagana, eta justo perfektoen espirituakgana.

        24. Eta Jesus elkartasun berriaren bitartekoagana, eta odol aren intzatzeagana, zeñak Abelenak baño obekiago itz egiten duen.

        25. Begiratu ezazute ez dezazutela aurtiki, itz egiten dizutena. Zeren ez bazioten kastiguari igesik egin obeditu etziotenak Jaungoikoaren serbitzari Moisesi, zeñak lurraren gañean itz egiten zien, aski geiago kastigatuak izango gera gu, aurtikitzen badegu Jaungoikoaren semea, zeñak zerutik itz egiten digun,

        26. Zeñaen bozak orduan lurra dardaratu zuen; baña orain geiago eskeñtzen du, esaten duela: Oraindik beste bein agirian itz egingo dizutet; eta nik mugituko det, ez bakarrik lurra, baita zerua ere.

        27. Baña esanaz: Oraindikan aldi batean, adiraztzen du, mugikorrak diraden gauzaen aldakuntza, denboratsu baterako egindako gauzak bezela, mugitu ez litezkenak iraun dezaten.

        28. Ala bada guk, nere anaiak, begiratzen diogula bakarrik, mugimendurik batere ez daukan erreñu ari, grazian iraun dezagun, bere bitartez Jaungoikoaren gogokoak izanik, beldur eta erreberenziarekin serbitu dezagun.

        29. Bada gure Jaungoikoa, su iretsitzalle bat bezelakoa da.

 

AMAIRUGARREN KAPITULUA

        1. Zuen anaiakganako karidadeak beti iraun beza.

        2. Eta bideante eskaleak ostatuz artzeaz etzaitezte aztu: bada onela batzuek, jakin ere gabe, Aingeruak ostatuz artu zituzten.

        3. Oroitu zaitezte lotuta daudenakin, zuek ere berakin karzelan arkituko baziñate bezela: eta atsekabetuakin; zuek ere gorputz erikorretan bizi zeratenak bezela.

        4. Izan bedi guztietan, matrimonioa garbia; eta eztai oea orbanik gabea: zeren Jaungoikoak fornikariak eta adulteriogillak kondenatuko ditu.

        5. Izan bitez zuen oiturak zikoiztasun gabekoak, oraingoarekin aspertzen zeratela: bada Jaungoikoak berak esaten du: Beñere etzaitut utziko, ez lagundu gabe idukiko.

        6. Alako moduan, non, alaikiro esan genezake: Laguntzen didana Jauna da: ez naiz izango, gizonak nere kontra egiten duten gauzaren beldur.

        7. Oroitu zaite zuen elizgizon andiakin, zeñak Jaungoikoaren itza predikatu dizuten: zeñaen fedeari jarraituko diozuten, beren bizitzaren atzen doatsua gogoan erabiltzen dezutela.

        8. Jesukristo atzo zana izango da gaur ere: eta izango da mendez mende.

        9. Ez ezazute bada alderik egin bide zuzenetik dotrina desberdin eta arrotzakgatik. Beste guztiak baño geiago balio duena da, Jesukristoren graziarekin biotza sendotzea: ez arako janariakin, zeñak berak bakarrik utsa balio izan zien, berakin itxedopen uts bat zeukatela ibilli ziradenai.

        10. Aldare bat daukagu, zeñatatik ez dezaketen jan, tabernakuloa serbitzen dutenak.

        11. Zeren arako abereen gorputzak, zeñaen odola apaizburuak santuarioan bekatuakgatik eskeñtzen duen, dirade guztiz erreak etzauntzetatik kanpora.

        12. Argatik Jesusek ere, bere odolarekin erria santututzeko, erriko atetik kanpora padezitu zuen.

        13. Irten gaitezen bada beragana erritik kanpora, eta jarraitu dizaiegun bere aztarnai, bere lotsariarekin zamatuak gaudela.

        14. Ez daukagun ezkero emen erri aldakorra ez danik, eta ala etortzeko dagoanaren billan goaz.

        15. Eskeñi dizaiogun bada Jaungoikoari bere bitartez aspertu gabe alabantzako doañ bat, au da, bere izen santua bedeikatzen duten ezpañen frutua.

        16. Bitartean berriz etzaitezte aztu mesede egiteaz, eta zuen ondasunak besteenak ere izan bitez: zeren alako eskeñtzakin, Jaungoikoaren borondatea irabaztzen da.

        17. Obeditu zaiezute zuen elizetako buruai, eta beren mendean egon zaitezte; berak beillan dauden ezkero, zuen animen kontua Jaungoikoari eman bearko diotenak bezela, egin dezaten bozkarioarekin, ez penatzen diradela: gauza bat zuentzat mesedegarria ez litekeana izango.

        18. Orazioa egin ezazute gugatik: zeren zierto gaude, ezertan ere konzienziak ez gaituala salatzen, gauza guztiak ongi egitea nai gendukeala.

        19. Batezere orain erregutuzen dizutet, egin dezazutela, Jaungoikoak zuekgana anbat lasterren itzuli nazan.

        20. Eta pakeko Jaungoikoak, zeñak biztu zuen illaen artetik ardien artzai andia, Jesukristo gure Jauna, betiko testamentuko odolaren bertute, eta irabaziaren bitartez,

        21. Egin zaitzatela gauza on guztirako gai; beti bere borondatea egin dezazuten: egiten duela berak zuekgan bere begien gogokoa dana; Jesukristoren irabaziakgatik: zeñi gloria emana izan dizaiola mendez mende. Ala izan dedilla.

        22. Orain, nere anaiak, erregututzen dizutet, ontzat eraman dezazutela esan dan guztia, zuei erakutsi onak emateko, eta zuek bozkariotzeko, itz gutxitan eskribitu badizutet ere.

        23. Jakin ezazute, gure anaia Timoteo onezkero askatua, eta bere aukeran dagoala: berarekin (aurki badator) zuek ikustera joango naiz.

        24. Eskumuñak eman zaiozkazute zuen apaizburu, eta apaizai, eta santu guztiai. Italiako anaiak eskumuñak ematen dizkizute.

        25. Zuekin guziokin grazia izan bedi. Ala izan dedilla.

 

aurrekoa hurrengoa