www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (3)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

SANTIAGO APOSTOLUAREN
KARTA KATOLIKA

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Santiago, Jaungoikoaren eta Jesukristo gure Jaunaren serbitzariak, erreñuen artean barreiatuak bizi diran kristau fielen amabi tribuai, osasuna.

        2. Bozkario guztia daukazutela uste ezazute, nere anaiak, atsekabe askotan erortzen zeratenean.

        3. Jakinik zuen fedearen proba pazienziak egiten duela.

        4. Eta pazienziak obra osotzen duela: onela etorri zaitezten izatera perfektoak, eta on osoak, ezertan ere utsik egiten ez dezutela.

        5. Baña baldin zuetatikoren bat jakinduriaren premian arkitzen bada, Jaungoikoari eskatu bizaio, zeñak guztiai ugari ematen dien, eta ez dio iñori ere itz gaiztorik esaten: eta emana izango zaio.

        6. Baña eskatu bizaio fedearekin, dudaren itzalik ere batere gabe: zeren dudan dabillana da, itsaso nastu, eta aizearekin onara ta ara mugituaren bagaren antzekoa.

        7. Ala bada onelako gizon batek ez dauka zertan uste izan, Jaungoikoagandik ez asko, ez gutxi artuko duenik.

        8. Gogo biko gizona, iraupen gabekoa da bere bide guztietan.

        9. Berez jatorri beeratukoa dan anaiak, bere anditasun egiazkoan bere gloria jarri beza.

        10. Aberatsak berriz, bere beeratasunean jarri bear du: zeren bera belarraren lorea bezela iragoko dan.

        11. Bada nola eguzki beroa irtetzen danean, belarra leortuaz, erortzen dan lorea, eta bere edertasun ikusgarri guztia aitzen dan, ala aberatsa ere bere ibilleretan sikatuko da.

        12. Zorionekoa bada, tentazioa pazienziarekin sufritzen duen gizona: zeren ala probatua izanda gero, bizitzako koroa, Jaungoikoak bera maitatzen dutenai eskeñia daukana, artuko duen.

        13. Iñork ere, tentatua danean, ez beza esan, Jaungoikoak tentatzen duela: zeren Jaungoikoak ez dezakean iñor ere gaitzera zuzendu: eta ala berak iñor ere ez du tentatzen.

        14. Baizik bakoitza da tentatua, bere gurak ekarria, eta balakatua.

        15. Gero gura gaiztoak, irago ezkero nai txarrak idukitzera, bekatu egiten du: zeñak bein bukatu ezkero, eriotza ekartzen du.

        16. Argatik etzaitezte engañatu gai onen gañean, nere anaia txit maiteak.

        17. Emakai balio andiko guztia, eta doañ onoso guztia, goitikan dator argitasunen Aitagandik jetxitzen dana bezela, zeñgan aldakuntzarik, ez mugimenduaren itzalikan ere ez diteken arkitu.

        18. Zeren bere borondatearen nai uts batekin sortu gaitu bere semetzat egiaren itzarekin, Israeltarrak bere obra berrien primiziak bezela izan gaitezen.

        19. Eta ala gizon guztia izan bedi presta aditzeko: eta atzerea itz egiteko; eta aserrerako berandukorra.

        20. Zeren gizonaren aserrea Jaungoikoaren justiziarekin ez da elkartzen.

        21. Argatik aurtikitzen dezutela zikinkeria guztia, eta gaiztakeriaren ugaritasuna, artu ezazute otsantasunarekin Jaungoikoaren itza, zeñ izan dan zuekgan itsatsia bezela, eta zeñak zuen animak salbatu ditzakean.

        22. Izan zaitezte bada itzaren egingilleak, eta ez aditzalleak bakarrik, zuek zerok engañatzen zeratela.

        23. Zeren Jaungoikoaren itza aditu, eta obrakin kunplitzen ez duena, au izango da, gizon baten irudikoa, zeñak ispillu batean bere arpegiari begiratzen dion, nola daukan orban batzuekin zikindua:

        24. Eta ez duena besterik egiten, baizik begiratu, eta badijoa, berak kendu gabetanik, eta andikan laizter aztutzen zaio nolakoa dagoan.

        25. Baña begiratzen dionak arretaz, Ebanjelioko lege onosoari, zeñ dan aukerako lege, eta beratan irautzen duena, ez dala egiten aztukorra; baizik obraren egillea: au izango da, bere egiteagatik zorionekoa.

        26. Baldin iñork uste badu bera ona dala, bere mingaña ezi gabe; baizik berarekin bere biotza engañatzen duela, bere errelijioa utsa ta alperra da.

        27. Errelijio garbia, ta orbanikan gabea, Aita Jaungoikoaren aurrean, au da: Bisitatzea umezurtzak, eta andre alargunak, eta berai laguntzea, eta gizaldi onetako oitura ustelduak kutsutu gabe egotea.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Nere anaiak, ez ezazute iduki zeñ zeñ danik, gure Jaun gloriaz betetako Jesukristoren fedean.

        2. Zeren sartuko balitza zuen batzarrean gizon bat urrezko erraztunarekin, eta soñeko ederrakin; eta sarturik denbora artan beratan beartsu bat soñeko max, eten eta zarrarekin:

        3. Ipintzen badituzu begiak soñeko ederrakin datorrenean, eta esaten badiozu: Eseri zaite zu emen toki on onetan: beartsuari berriz kontrara, esango baziñio: Zu an zutik zaude; edo emen nere oñetan eseri zaite:

        4. Ez al dezute zuen artean juzgatzen, eta erabaki gaiztoen juezak ez al zerate egin?

        5. Aditu ezazute, nere anaia txit maiteak, ez al da egia Jaungoikoak autu zituela beartsuak mundu onetan, berak egiteko fedean aberatsak, eta bera maitatzen dutenai, eskeñia dien erreñuko primuak?

        6. Zuek berriz beartsua desonratu dezute. Aberatsak ez al dira estutuzen zaituztenak, daukaten eskubideagatik; eta oriek berok ez al dirade, tribunaletara eramaten zaituztenak?

        7. Ez al da berak blasfematua Kristoren izen on, zuen gañera ots egina izan zana?

        8. Kunplitzen badezute errege lege karidadekoa Eskrituraen araura: Maitatuko dezu zure projimoa zu zerori bezela: ongi egiten dezute.

        9. Baña zeñ zeñ dan begiratzen badezute, bekatu egiten dezute, legeak errierta egiten dizutela ausitzen dezutelako.

        10. Bada batek lege guztia gorde arren, aginte bat ausitzen badu, beste guztien obendun dator izatera.

        11. Zeren esan zuenak: Ez dezu adulterioko bekaturik egingo; esan ere zuen: Ez dezu iñor ilko. Beraz adulteriorik egiten ez badezu ere, iñor iltzen badezu, legearen auslea zera.

        12. Ala itz egingo dezute eta obratu, egongo baziñate bezela Ebanjelioko legeak juzgatuak izateko zorian.

        13. Zeren urrikaltasun gabeko juizioak itxedotzen dio, urrikaltasunik egin ez duenari: baña urrikaltasuna, juizioko gogortasunari gañetik jartzen zaio.

        14. Zer balio du, nere anaiak, batek fedea daukala esateak, obrarik ez badauka? Onelako fedeak salbatuko al du?

        15. Baldin anaia bat, edo arreba bat badaude larrugorrian, eta egunoroko janariaren premian,

        16. Zer balio die zuetatiko batek esatea berai: Zoazte ordu onean, berotu zaitezte, eta ase zaitezte, ez badieztezute ematen, gorputzarentzat premiazkoak diraden gauzak?

        17. Ala fedea, obrak laguntzen ez badiote, beragan illa dago.

        18. Onen gañean norbaitek esan lezake: Zuk fedea daukazu, eta nik obrak dauzkat: erakutsi zadazu zure fedea obra gabe: bada nik obraetatik nere fedea erakutsiko dizut.

        19. Zuk Jaungoiko bat dala sinistzen dezu: ongi egiten dezu: demonioak ere sinistzen dute, eta ikaratzen dirade.

        20. Baña nai dezu jakin, o gizon zoroa, nola fedea obra gabe illa dagoan?

        21. Abraham gure aita, ez al zan justotua izan obrakgatik, bere seme Isaak aldarearen gañean eskeñi zuenean?

        22. Ikusten dezu nola fedeak, bere obrai laguntzen zien? Eta nola obrakgatik fedea etorri zan osoa izatera?

        23. Onetan kunplitu zan Eskritura, esaten duena: Abrahamek Jaungoikoari sinistu zion, eta justiziatzat itsatsi zitzaion, eta Jaungoikoaren adiskidearen izenarekin ots egin zitzaion.

        24. Ikusten dezute nola obrakin justotutzen dan gizona, eta ez fedearekin bakarrik?

        25. Ala Rahab bordiona ere, ez al zan obrakin justotu mandatariak artzen zituela, eta bialdu beste bide batetik?

        26. Gorputza espiritu gabe illa dagoan bezela, ala fedea ere, obra gabe illa dago.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Ez ezazute nai izan zuetatiko askok nere anaiak, erakusletzat egitea, jakinik juizio estuagoa artzen dezutela.

        2. Zeren guztiok asko gauzatan beaztopo egiten degu. Baldin norbaitek topo egiten ez badu itzetan: onelakoa gizon on osoa da: eta gorputz guztia bridarekin inguruan erabilli lezakeala.

        3. Nola zaldiai bridak aoan sartzen dieztegun, obeditu ditzagun, eta beren gorputzak nai degun tokira eramaten ditugun.

        4. Begira nola ontziak ere andiak izan arren, eta aize andiak eramaten baditu ere, lema txiki batekin mugitzen dira toki batetik bestera, pilotoak nai duen tokira.

        5. Ala mingaña ere gorputzaren zati txiki bat da, bai; baña etortzen da gauza andien jatorria izatera. Begira nola su piska batek, ze baso andiari erazekitzen dion!

        6. Mingaña ere su bat da, gaiztakeriako mundu oso bat da. Mingaña da gure gorputzeko zatietatik bat, gorputz guztia kutsututzen duena; eta izanik infernuko suarekin irazekia, irazekitzen du gure jaiotzako kurpilla.

        7. Ikusten dana da, pisti mota guzia, egaztiak, sugak, eta beste abere batzuek malsotzen dirala, eta gizonak bezatu dituzte:

        8. Baña ez dago gizonik mingaña bezatu dezakeanik: bera da gaitz bat gelditu ez ditekeana, eta pozoi iltzallez betea dago.

        9. Berarekin Aita Jaungoikoa bedeikatzen degu; eta berarekin madarikatzen ditugu gizonak, zeñak Jaungoikoaren irudira eginak izan ziran.

        10. Ao bat batetik bedeikazioa eta madarikazioa irtetzen da. Ez dirade gauzak ala joango, nere anaiak.

        11. Iturri batek txurru batetik, ur gozoa, eta ur mingoitza ematen ditu?

        12. Edo, al ete litzake, piko batek matsak eman, eta mats aienak pikoak? Ala iturri gaziak ere ur gozorik ez dezake eman.

        13. Zuen artean al dago iñor jakintsutzat idukia, eta ongi ikasia, besteai erakusteko? Erakutsi beza bere izketa onarekin bere biziera, eta jakinduria bat gozotasunez betea.

        14. Baña zelo mingoitz bat, eta erriertako espiritua badaukazute zuen biotzetan: ez daukazute zertan gozatu eta gezurrak egiaren kontra jaso:

        15. Bada jakinduria ori ez da goitik jetxitzen dana; baizik jakinduria bat lurrekoa, abereena, eta deabruarena.

        16. Zeren non dagoan alako zeloa, eta erriertako espiritua, an nastea eta gaiztakeria mota guziak daude.

        17. Kontrara berriz, goitik jetxitzen dan jakinduria garbia eta lotsaz betea izateaz gañera, da paketsua modu onekoa, esanekoa, onera itsatsia, urrikaltasunez eta obra onen frutu ederrez betea, iñor ere juzgatzen ez duena, eta hipokresia gabea.

        18. Eta paketsuak dira, pakean ereitzen dituztenak justizia egiazkoaren frutuak.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. Nondik datoz erriertak, eta auziak zuen artean? Ez al da zuen gurari gaiztoetatik, zeñak zuen gorputzeko aragietan gerra egiten duten?

        2. Nai dezute, eta ez daukazute: gorrotoz iltzen dezute, eta zeloz zaudete: eta alaere ez ditzakezute zuen gurak iritxi: auzitan ari zerate, erriertan ipintzen dituzute, eta ez dezute ezerere iritxitzen, Jaungoikoari eskatzen ez diozutelako.

        3. Eskatzen dezute, eta ez dezute artzen, gaizki eskatzen dezutelako, zuen gura biurriak asetzeko.

        4. Anima adultera eta ustelduak, ez al dakizute mundu onetako amorioa, Jaungoikoaren etsaia dala? Munduaren adiskidea izan nai duen guztia bada, Jaungoikoaren etsai egina jartzen da.

        5. Uste al dezute alperrik esaten duela Eskriturak: Zuekgan bizi dan Jaungoikoaren Espirituak maitatzen zaituzte, eta zuen ondamuz dago?

        6. Baña argatik beragatik, grazia andiagoak ematen diezte ala maitatzen dutenai. Argatik esaten du: Jaungoikoa aurkeztzen zaie urgullutsuai, eta bere grazia, umillai ematen die.

        7. Zaudete bada Jaungoikoaren mendean, eta aurkeztu zatzaie deabruari, eta zuekgandik iges egingo du.

        8. Alderatu zaitezte Jaungoikoagana eta bera zuekgana alderatuko da. Garbitu itzatzute, o bekatariak, zuen eskuak: eta zuek bi borondate dauzkazutenak, zuen biotzak garbitu itzatzute.

        9. Mortifikatu zaitezte, eta negar egin ezazute, eta malkoak bota itzatzute: zuen farra negarrean itzuli bedi, eta zuen bozkarioa tristezan.

        10. Umillatu zaitezte Jaunaren aurrean, eta berak goratuko zaituzte.

        11. Nere anaiak, ez ezazute elkargatik gaizki itz egin. Anaia batgatik gaizki esaten duenak, edo bere anaia juzgatzen duenak, onelako legeagatik gaizki itz egiten du, eta juzgatzen du legea. Zuk legea juzgatzen badezu, etzera onezkero legearen zaitzallea, baizik bere juez egiten zera.

        12. Bat bakarra da lege emallea, eta jueza salbatu dezakeana, eta galdu dezakeana.

        13. Zu berriz, zeñ zera projimua juzgatzeko? Ona non zuek zabiltzaten esaten dezutela: Gaur edo biar joango gera erri artara, eta an urte betean egongo gera, eta ariko gera saldu erosian, eta irabaziak egingo ditugu.

        14. Au esaten dezute zuek, biar zer gertatuko dan ez dakizutenok.

        15. Zeren zuen bizitza, zer gauza da? Lurrinkai bat denbora gutxirako agertzen dana, eta aurki estalitzen dana. Esan bearrean: Jaungoikoak nai badu: eta: bizi bagera, au edo bestea egingo degu.

        16. Baña orain guztia kontrara, gozatzen ari zerate zuen burutazio alperretan. Alako urgulleria guztia kaltegarria da.

        17. Atzenean ezagutzen duenak egin bear duen gauza ona, eta egiten ez duenak, beragatik bekatu egiten du.

 

BOSGARREN KAPITULUA

        1. Ea bada, o aberatsak, negar egin ezazute, jaso ezazute deadarra, ikusirik zuen gañera etorriko diran zorigaitzak.

        2. Zuen aberastasunak ustelduak daude, eta zuen soñekoak, zerrenak janak izan dirade.

        3. Zuen urrea, eta zillarra erdoitu dirade: eta menast oien erdoiak, zuen kontra testigantza emango du; eta zuen aragiak, su batek bezela iretsiko ditu. Atzeneko egunetarako, aserrea gordairutuko dezute.

        4. Jakin ezazute, zuen uztak ebaki zituzten langilleai, pagatu etziñien ordaña zuen kontra deadarrez ari dala; eta beren deadarra ejerzituen Jaunaren belarrien barrenera sartu da.

        5. Zuek lurraren gañean gozotasunetan bizi izan zerate, ta bazkatu zerate, illak izango zeraten egunerako.

        6. Zuek kondenatu dezute obengabea, eta il dezute zuei ezertan ere bera aurkeztzen etzatzutela.

        7. Baña zuek, o nere anaiak, pazienzia iduki ezazute, Jauna etorri arteraño. Begiratu ezazute, nola nekazariak, lurreko frutu baliotsua biltzeko itxedopenarekin itxedotzen duen pazienziarekin. Jaungoikoak bialdu dezan goizeuria, eta belueuria.

        8. Zuek ere bada pazienziarekin itxedon ezazute, eta alaitu itzatzute zuen biotzak: zeren Jaunaren etorrera aldean dagoan.

        9. Etzaitezte nere anaiak ibilli elkarren kontrako erriertetan, egun ikaragarri onetan kondenatuak izan etzaitezten. Begiratu ezazute jueza atean dagoala.

        10. Artu itzatzute, nere anaiak, pazienziako iruditzat gertakari gaiztoetan, eta naigabeetan profetak, zeñak Jaunaren izenean itz egin zuten.

        11. Beinikbein zorionekotzat dauzkagu, ala sufritu zutenak. Aditu dezute Joben pazienzia, eta ikusi Jaunaren atzena. Alaituak zaudete, zeren Jauna urrikaltsua, eta biotz beraa dan.

        12. Beste gauza guztiez gañetik, nere anaiak, ez ezazute juramenturik egin, ez zeruagatik, ez lurragatik, ez beste juramentu motarekin. Baizik zuen izketa izan bedi: Bai, bai: ez, ez, kondenazioan erori etzaitezten.

        13. Bada zuen artean iñor ere triste dagoanik? Orazio egin beza. Poz da? Salmoak kantatu ditzala.

        14. Zuen artean eririk norbait al dago? Ots egin bizaie elizako apaizai, eta beragatik orazio egin bitzate, Jaunaren izenean oleoarekin igortzitzen dutela:

        15. Eta fedetik jaiotako orazioak, eria salbatuko du, eta gozatuko du Jaunak; eta bekatuetan badago barkatuko zaiozka.

        16. Konfesatu zaiozkazute bada zuen bekatuak batak besteari; eta elkargatik orazio egin ezazute, salbatuak izan zaitezten: zeren justoaren orazio jarraitu eta iraunkorrak aski balio du.

        17. Elias zan gizon bat, gu bezela, sentikorra: eta eskatu zuen txit gogotik, ez zezala euririk egin Israelko erriaren gañean; eta iru urtean ta sei illabetean etzuen euririk egin.

        18. Gero berriz orazio egin zuen: eta zeruak egin zuen euria; eta lurrak bere frutua eman zuen.

        19. Nere anaiak, baldin zuetatikoren batek, egiatik alde egingo balu, eta beste batek ekarriko balu bide egiazkora:

        20. Jakin bear du, itzuli erazitzen dionak bekatariari bide galdutik bide zuzenera, bekatarien anima eriotzatik salbatuko duela; eta bere beraren bekatuen taldea estaliko duela.

 

aurrekoa hurrengoa