www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (3)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

SAN PEDRO APOSTOLUAREN
LENBIZIKO KARTA

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Pedro, Jesukristoren Apostoluak, beren erritik kanpora bizi diraden Juduai, Pontotik, Galaziatik, Kapadoziatik, Asiatik, eta Bitiniatik barreiatuak,

        2. Auturik Aita Jaungoikoak lendanaz ikusita daukanaren araura, Espiritu Santuagan santutuak izateko, eta Jesukristori obedezitzeko, eta bere odolarekin intzatuak izateko. Zuen grazia eta pakea ugarituak izan ditezela.

        3. Bedeikatua izan dedilla Jaungoikoa, eta Jesukristo gure Jaunaren Aita, zeñak bere urrikaltasun andiagatik, berriz sortu gaituen betiko bizitzako itxedopen bizi batekin, Jesukristoren biztutze berriaren bitartez illaen artetik.

        4. Iritxitzeko egunen batean herenzia bat, usteldu ez litekeana, eta zimeldu ez litekeana, zeruetan zuentzat gordea,

        5. Zeñak Jaungoikoaren bertuteak zaitzen dituen fedearen bitartez, berai gozatu erazitzeko atzeneko denboretan agertuko dan salbazioan.

        6. Au da, gozotasunaren indarrak zuekgandik aterata jarri bear zaituztena; orain denbora piska batean tentazio batzuekin atsekabetuak izan bear bazerate ere.

        7. Zuen fedea onela probatua izanik, eta naste guzitik berezituago urrea baño (zeñ suarekin sukatilluan garbitzen dan) alabantzaren, gloriaren, eta onraren diña arkitu dedin, Jesukristoren etorrera agirian zuek juzgatzera:

        8. Zeñ maitatzen dezuten ikusi gabe: zeñgan orain orobat sinistzen dezuten, ikusten ez badezute ere: baña sinistzen dezutela, jostatuko zerate, bozkario ezin esandako, eta gloriaz betetako batekin:

        9. Iritxitzen dezutela zuen fedearen ordañtzat, zuen animen osasuna.

        10. Zeñ osasunaren gañean anbeste billatu eta susmatu zuten profetak, zeñak lendanaz adirazi zuten, zuekgan egongo zan grazia:

        11. Aztertzen zutela noizko, edo zeñ denboratarako aditu erazitzen zien, barrenen zeukaten Kristoren Espirituak: aldeaurrez adiraztzen zieztenean, Kristok irago zituen oñazeak, eta jarraituko zien gloriak:

        12. Zeñak zeruko argitasuna iduki zuten, ez berentzat zuentzat baizik profetizatzen zituzten, orain adirazi zatzuten gauzak, Ebanjelioa predikatu zizutenen bitartez, bialdua izanik zerutik Espiritu Santua, zeñi begiratzeko guraz aingeruak dauden.

        13. Argatik ongi prestaturik, eta zuen biotzak oitura onez apaindurik, itxedopen osoa iduki ezazute eskeñtzen zazuten grazian, Jesukristoren agertueraraño.

        14. Portatzen zeratela, Jaun onen seme obeditzalleak bezela, eta etzeratela onezkero iruditzen, zuen ezjakineko denborako gura gaiztoakin:

        15. Baizik ots egin zizutenaren santutasunaren araura, zuek ere zuen bizitzako gauza guztietan santuak izan zaitezte.

        16. Zeren eskribitua dago: Santuak izango zerate, zeren ni santua naizan.

        17. Eta baldin ots egiten badiozute aitari bezela, zeñ zeñ dan begiratu gabe, bakoitzaren obraen araura juzgatzen duenari, ibilliko zerate, berari irainen bat emateko beldurrarekin, zuek bideanteak zeraten denboran.

        18. Jakinik izan ziñatela erredimituak zuen izketa alper, zuek zuen gurasoakgandik artu zendutenetik, ez urrearekin, ez zillarrarekin, zeñak galdukorrak diraden.

        19. Baizik Kristoren odol baliotsuarekin, bildots orbanik gabeko, eta aitzakia gabeko batekin bezela.

        20. Lendanaz ezagutua bai, mundua egina izan zan denbora baño lenagotikan, baña agertua atzeneko denboretan zuen amorioz.

        21. Zeñak, bere bitartez, Jaungoikoagan sinistzen dezuten; zeñak eriotzatik biztu zuen, eta gloriaz bete zuen zuek zuen fedea ere, eta zuen itxedopena jarri ziñitzaten Jaungoikoagan.

        22. Garbitzen dituzutela bada zuen animak amorioaren obedienziarekin, anaien amorioarekin, biotz garbi ta tolesgabeko batekin, elkar maitatu ezazute zuen errai guztietatik.

        23. Berriz jaio zeraten ezkero, ez azi ustelkorretik, baizik usteldu ezindako, Jaungoiko biziaren itzetik, zeñak betikoiraun guztian irautzen duen.

        24. Zeren aragi guztia belar leorra da; eta bere gloria guztia, belar leorraren lorea bezelakoa: leortu zan belarra, eta bere lorea bereala erori zan.

        25. Baña Jaunaren itzak beti irautzen du: eta au da Ebanjelioko itz, predikatu zatzutena.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Argatik bada, utzitzen dezutela gaiztakeria guztia, eta engañio guztia, eta iruditzeak, eta ondamuak, eta gaizki esate guztiak,

        2. Aur jaioberriak bezela iduki itzatzute, esne, engañuaren naste gabeko gura biziak: berarekin osasun eta sendotasunean aziaz joan zaitezten.

        3. Noaski probatu dezute ze gozoa dan Jauna!

        4. Zeñi itsatsitzen zeratela, arri bizia danari bezela, gizonak berakgandik aurtikia bai, baña Jaungoikoak autua, eta onratua:

        5. Zuek ere zerate arri bizien gisakoak bere gañean jarriak, izanik espirituko etxe bat bezela, apaiz santuen aginte bat bezela, aginte berria, espirituko doañak eskeñtzeko, Jesukristogatik Jaungoikoaren gogokoak izan ditezen.

        6. Argatik Eskriturak esaten du: Begiratu ezazute ni noala ipintzera Sionen kantoiko arri nagusia, arri autua eta baliotsua: eta beragan sinistzen duena, ez da lotsatua geldituko.

        7. Ala bada zuentzat, sinistzen dezutenentzat, onra da: sinistzen ez dutenentzat berriz, au da etxe egilleak bertan aurtiki zuten arria; eta alaere kantoiko nagusia etorri zan izatera,

        8. Beaztopo arria, eta gaitzbideko arria, Ebanjelioko itzean beaztopo egiten dutenentzat, eta Kristogan sinistzen ez dutenentzat, onetarako izendatuak baziraden ere.

        9. Zuek berriz kontrara, zerate, jatorri autua, erregezko apaiztza, jende santua, erri, gudan irabazia, illuntasunetatik bere argi miragarrira atera zinduzten aren anditasunak adiraztzeko.

        10. Zuek len erria ere etziñatenak, eta orain Jaungoikoaren erria zeratenak: etzendutenak urrikaltasuna iritxi, eta orain iritxi dezutenak.

        11. Argatik nere maiteak, erregututzen dizutet, arrotzak eta bideanteak zeraten bezela mundu onetan, ez dezazutela iduki aragiaren gura gaizto, animaren kontra gudan ari oi diradenik.

        12. Biziera on bat egiten dezutela jentillen artean: zuekgatik gaizki esaten duten ezkero gaizkillatzat zauzkatelako, erabillirik gogoan zuekgan ikusten dituzten obra onak, gloriaz bete dezaten Jaungoikoa bisitatuko dituen egunean.

        13. Zaudete bada zuen gañean jarriak dauden gizaseme guztien mendean: eta au Jaungoikoari begiratuta: naiz izan dedilla erregea, guztien gañean dagoalako.

        14. Naiz izan Gobernatzalleak, berak ipiñiak gaizkillen kastigurako, eta onai alabantza eta ordaña emateko.

        15. Bada au da Jaungoikoaren borondatea, obra onak egiten dituzutela, gizon barbullen ezjakinari aoa itxi dizaiozutela:

        16. Zuen aukeran zaudetenak bezela, baña ez dezutela estalitzen gaiztakeria aukeraren irudiarekin, baizik Jaungoikoaren serbitzariak bezela.

        17. Guztiak onratu itzatzute: maitatu itzatzute anaiak: Jaungoikoaren beldur izan zaitezte, erregea errespetatu ezazute:

        18. Zuek serbitzariak egon zaitezte zuen nagusien mendean beldur guztiarekin; ez bakarrik nagusiak diranean onak, eta biguñak, naiz gogorrak eta aserrekorrak.

        19. Zeren irabazia dago, sufritzean batek, ikusten duen Jaungoikoari begiratuta, diña ez dan penak.

        20. Zeren, ze alabantzaren diña zera sufritzen dituzunean zure bekatuakgatik ematen dizkizuten kastiguak? Baña obra onak egiten dituzula, sufritzen badituzu pazienziarekin egiten dizkizuten bidegabeak; orretan dago Jaungoikoaren aurrerako irabazia.

        21. Zeren onetarako ots egina izan ziñan Jaungoikoaren semeen diñadera: Kristo gure buruak ere gugatik padezitu zuen ezkero, ematen zizutela ikasbidea, bere aztarnai jarraitu ziñizaien:

        22. Zeñak bekaturik batere etzuen egin, eta bere aoan ere etzan engañiorik arkitu.

        23. Zeñak madarikatzen zutenean, etzuen madarikaziorik itzultzen: oñazkatzen zutenean, etzien keñadarik egiten: eta jartzen zan, gaizki juzgatzen zuenaren eskuetan.

        24. Bera da eraman zuena bere gorputzean gure bekatuen pena, gurutzeko zuraren gañean: gu illak gelditzen giñadela bekatuetarako, justiziarako bizi gaitezen: eta bera da, zeñaen zaurien bitartez, zuek sendatuak izan ziñaten.

        25. Zeren ardi barreiatuak bezela zenbiltzaten; baña orain zuen animen artzai, eta apezpikoagana itzuli zerate.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Orobat andre ezkonduak, beren senarren mendean egon bitez: batzuek ez badute sinistzen Jaungoikoaren itzaren predikazioaren bitartez, au gabe, andraen izketa bakarrarekin izan ditezen irabaziak,

        2. Begiraturik egiten duten bizitza garbiari, eta nolako errespetoa daukaien.

        3. Zeñaen apainduria ez dan kanpotikoa izango buruko ille kiskurrakin, ez urrezko pitxiakin: eta ez dute ere beren bozkarioa soñekoetan ipiñiko.

        4. Barrendiko lagun, biotzean ezkutatua da apaindu bear dana, gozotasun, eta pakeko espiritu ta apaingarri usteldu ezindako batekin, zeñ Jaungoikoaren begietan apaingarri txit eder bat dan.

        5. Zeren anziñako denboretan ere, ala apaintzen ziran arako andre santa, Jaungoikoagan itxedotzen zutenak beren senarren mendean jarriak zeudela.

        6. Nola Sarak obeditzen zion Abrahami, zeñi bere Jauna ots egiten zion: bere alabak zerate zuek, ongi bizi bazerate, beldur batekin ere ikaratzen etzeratela.

        7. Senarrak, orobat zuek ere bizi bear zerate zuen emazteakin tratatzen dezutela onra ta zentzuarekin, erkiagoak diradelako, eta zuekin batean, graziaren eta betiko bizitzaren primuak: zuen orazioen frutua ezerk ere galerazi ez dezan.

        8. Atzenean guziok izan zaitezte biotz batekoak, urrikaltsuak, anai guztien maitatzalleak, biguñak, modu onekoak, umillak.

        9. Ez dezutela itzultzen gaitza gaitzagatik, ez madarikazioa madarikazioagatik; baizik kontrara bendizioak: zeren onetarako zerate ots eginak, zeruko bendizioaren jabeak izan zaitezten.

        10. Ala bada bizitza benetan maitatzen duenak, eta egun doatsuak irago nai dituenak, bere mingañari itz gaiztoetatik alde erazi bizaio; eta bere españak falsokeriarako ez bitez zabaldu.

        11. Alde egin beza gauza gaiztoetatik, eta obra onak egin bitza: pakea gogotik billatu beza, eta bere ondoren joan bedi.

        12. Bada Jaunak bere begiak justoen gañean jarriak dauzka, eta beren eskariak gogo onarekin aditzen ditu. Obra gaiztoak egiten dituztenai berriz, kopet illunarekin begiratzen die.

        13. Eta zeñ da gaitz egin ditzakezutena, obra onak egitean baño pensatzen ez badezute?

        14. Baña gertatzen bada, zerbait irago bear dezutela, justiziaren amorioz, zorionekoak zerate. Etsaien aupadaen beldur etzaitezte izan, eta etzaitezte ere nastu:

        15. Baizik zuen biotzetan Jesukristo gure Jauna bedeikatu ezazute, prestatuak zaudetela beti kontu emateko, bizi zeraten Errelijioaren itxedopenaren arrazoia eskatzen dizuten edozeñi:

        16. Baña egin bear dezute modu onarekin, eta ongi begiratuta, konzienzia ona daukanak bezela: alako moduan, non, zuekgatik murmuratzen dutenak, gaizki esaten dutenak zuen biziera onagatik Jesukristogan, lotsatuak gelditu ditezten.

        17. Bada obeago da padezitzea, (Jaungoikoak ala nai badu) on egiten dala, gaitz egiten dala baño:

        18. Zeren Kristo ere bein il zan gure bekatuakgatik, Justoa gaiztoakgatik, Jaungoikoaren adiskide eginik gelditu giñaindezen, izan zala egiaz illa aragiaren aldamenetik; baña Jaungoikoaren espirituak biztua.

        19. Zeñgan joan ere zan karzelan zeudenai predikatzera.

        20. Zeñak noizbait sinisgogorrak izan ziran, zegoanean berai itxedotzen penitenziarako, Jaungoikoaren pazienzia luze hura Noeren egunetan, kutxa egin zanean: zeñean lagun gutxi, au da, zortzi bakarrik, uraen erdian salbatu ziraden.

        21. Zein zan oraingo bateoaren irudia, zeñak alako era batean salbatzen zaituzten zuek: ez aragiaren mantxak kenduta baizik justotzen duela konzienzia Jaungoikoaganako, Jesukristoren biztze berriaren bertutez,

        22. Zeñ iretsi ezkero eriotza, betiko bizitzaren primu gu egitearren, Jaungoikoaren eskuiean dago: igotzen zala zerura; eta Aingeruak, eta Potestadeak, eta Bertuteak bere mendean daudela.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. Kristok bada iragorik gugatik eriotza bere aragian, zuek ere gogorazio onekin, armatu zaitezte, zeren aragian padezitu zuenak, bekatu egiteari utzi zion,

        2. Alako moduan, non, mundu onetan gelditzen zaion denboran, bizi dedilla, ez aragiaren gura gaiztoen araura, baizik Jaungoikoaren borondatearen araura.

        3. Zeren denbora geiegi irago dezute zuen lengo bizitzan, emanik jentillen gura gaiztoetara beretara, bizi zeratela lujurietan, gura gaiztoetan, ordikerietan, jateketetan, edari geiegietan, eta idolatria nazkagarrietan.

        4. Orain jentillak asko miraritzen dira, ikusirik etzeratela joaten lengo lujuriako tokietara, eta zuekgatik gaizki esaten dute.

        5. Baña berak kontu emango diote, erabakia daukanari biziak, eta illak juzgatzea.

        6. Zeren argatik Ebanjelioa illai ere predikatua izan zaiote, juzgatuak izanik gizonen aurrean aragiaren araura, Jaungoikoaren aurrean Espirituko bizitza artu zezaten.

        7. Gañerakoan, gauza guztien atzena alderatuaz dijoa. Argatik zentzua iduki ezazute, eta orazioetan beillan zaudete.

        8. Baña gauza guztien gañetik, iduki ezazute beti zuen artean elkarganako karidadea, zeren karidadeak bekatuen taldea estalitzen du.

        9. Elkarri zuen etxeetan bizitokia eman zaiozute, gaizki esaka ibilli gabe.

        10. Bakoitzak projimuari grazia eman bizaio, artu zuen bezela, Jaungoikoaren doaien partitzalle onak bezela, zeñak era askotakoak diran.

        11. Itz egiten duenak, egin beza, Jaungoikoak bere aoz itz egiten duela dirudian eran. Elizako lanen bat bere kontura daukanak, egin beza, Jaungoikoak emandako bertute bat bezela, egiten dituzuten gauza guztietan, Jaungoikoa gloriaz betea izan dedin Jesukristogatik, zeñaena dan gloria ta agintaritza mendez mende. Amen.

        12. Nere txit maiteak, Jaungoikoak probatzen zaituztenean atsekabeetako suarekin, etzaitezte ikaratu, gauza berriren bat gertatuko balitzatzute bezela,

        13. Baizik bozkariotu zaitezte, Jesukristoren Pasioaren partale zeratelako, bere gloria agertzen danean, zuek ere bozkarioz beteta, berarekin gozatu zaitezten.

        14. Kristoren izenagatik fama ona kentzen badizute, zorionekoak izango zerate, zeren onra, gloria, eta Jaungoikoaren bertutea, eta bere Espiritua ere, zuen gañean dago.

        15. Zuetatiko batek ere berriz ez beza sufritu gizon iltzalletzat, edo lapurtzat, edo gaizki esaletzat, edo besteren gauzaren gura gaiztoagatik.

        16. Kristaua dalako sufritzen badu berriz, ez bedi lotsatu, baizik argatik beragatik, Jaungoikoa alabatu beza.

        17. Zeren denbora dan, juizioa Jaungoikoaren etxetik asi dedin. Eta aurrena gugandik asitzen bada, norako izango ote dira, Jaungoikoaren Ebanjelioan sinistzen ez dutenak?

        18. Eta baldin justoa nekez salbatuko bada, gaiztoa eta bekataria nora joango ote dira?

        19. Argatik bada, Jaungoikoaren borondateagatik padezitzen dutenak ere, beren animak obra onen bitartez enkomendatu bizaizkiote Kreatzalleari, zeñ leiala dan.

 

BOSGARREN KAPITULUA

        1. Zuen artean dauden apaizai bada, erregututzen diet nik, zuen apaizlagunak, eta Kristoren pasioaren testiguak; nola ere bere gloriaren partaleak, zeñ guztiai gero agertuko zaien,

        2. Jaungoikoaren artalde, zuen kontura jarria, bazkatu dezazutela, eta bere gañean bellan egoten zeratela, ez premiaz beartuta, baizik borondate on Jaungoikoaren araukoa danarekin, ez irabazi zatar batgatik, baizik doan.

        3. Ezta ere iduki nai bazendukete bezela agintaritza apaizen gañean; baizik artaldearen irudiak egiaz zeratela,

        4. Eta agertzen danean artzaien Prinzipea, gloriako koroa zimeltzen ez dan bat artuko dezute.

        5. Zuek orobat, o mutil gazteak, zaudete apaizen mendean. Guztiok elkarri esan zaiozute, umillak izateko, zeren Jaungoikoa urgullutsuai aurkeztzen zaien; umillai berriz, bere grazia ematen die.

        6. Umillatu zaitezte bada Jaungoikoaren esku almentsuaren mendean bere bisitako denboran, goratu zaitzaten.

        7. Beragan ipintzen dituzutela zuen antsiak, zeren zuen kontua berak dauka.

        8. Begiratuak izan zaitezte, eta zaudete beti bellan, zeren zuen etsai deabrua, beti dabil zuen jiran inguruan leoe orroakaria bezela, zeñ iretsiko ote duen billan.

        9. Aurkeztu zatzakizkiote fedean sendo egonik, jakinik atsekabe hura bera padezitzen dutela, munduan dauden guztiak.

        10. Baña Jaungoiko grazia guztien emaleak, bere betiko gloriara ots egin zigunak Jesukristogatik, piskatxo bat padezitzen dezutenean, gero osotuko du, sendotuko du, eta gogortuko du.

        11. Berari emana izan dizakeola gloria eta eskubiderik goratuena mendez mende. Amen.

        12. Silbanogatik, zeñ dan nere iritzian, anai leial bat, laburrean eskribitu dizutet, argiro esan, eta adiraztzen dizutedala, Jaungoikoaren grazia egiazkoa, au dala; zuek sendo irautzea.

        13. Elizak, zeñ, zuek bezela Jaungoikoak autua izanik, Babilonia onetan dagoan, eskumuñak ematen dizkizute, eta Markos nere semeak.

        14. Diosalak elkarri egin zaieztezute musu santuan. Grazia izan bedi Jesus Kristogan itsatsiak zaudeten zuekin guziokin. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa