www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (3)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

SAN PABLO APOSTOLUAREN
KARTA GALATAARRAI

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Pablo, Apostolutzan jarria, ez gizonak, ez gizon baten ere eskubideak, baizik Jesukristok, eta bere Aita Jaungoikoak, zeñak illaen artetik biztu zuen:

        2. Eta nerekin dauden anai guztiak Galaziako Elizai:

        3. Zuei grazia eta pakea Aita Jaungoikoaren eta Jesukristo gure Jaunaren izenean,

        4. Zeñ eman zan bera eriotzara gure bekatuakgatik, mundu onetako usteltasunetik gu ateratzeko, Jaungoiko eta gure Aitaren borondatearen araura,

        5. Zeñaena dan gloria mendez mende. Ala izan dedilla.

        6. Mirestzen naiz nola ain erraz utzitzen dezuten Jesukristoren graziara ots egin zizutena, beste Ebanjelio bati jarraitzeko.

        7. Baña ez dago beste Ebanjeliorik, baizik badirade lagun batzuek, nastuak erabiltzen zaituztenak, eta Kristoren Ebanjelioa goibetu nai dutenak.

        8. Baña naiz guk gerok, naiz zeruko Aingeru batek, al balitza, predikatuko balizute, guk predikatu dizugun Ebanjelioagandik desberdina danen bat, madarikatua izan dedilla.

        9. Esan dizutet, eta berriz ere esaten dizutet: Artu dezuten Ebanjelioagandik desberdina dan Ebanjelioren bat adiraztzen dizutena, madarikatua izan dedilla.

        10. Zeren atzenean, billatzen al det nik orain gizonen ongi-iritzia, ala Jaungoikoarena? Oraindik jarraituko banio gizonen gurai oben egiteari, Jesukristoren serbitzaria ez nintzate izango.

        11. Zeren jakinerazitzen dizutet, nere anaiak, nik predikatu dizutedan Ebanjelioa, ez dala gizonen asmazioen gauza.

        12. Zeren ez det nik artu, ez ikasi gizonakgandik, baizik Jesukristoren irakatsiz.

        13. Zeren ongi aditu dezute, nola bizi nintzan ni beste denbora batean Juduen fedean, nolako sumintasun geiegiarekin persegitu nuen Jaungoikoaren eliza, eta ondatzen nuen.

        14. Eta nere erreñuko, nere ideko askoren artean berarizko aurrerapenak egiten nituen Juduen errelijioan, nere gurasoetatik etorritako erakutsien txit zelotsua nintzala.

        15. Baña izan zanean Jaunaren borondatea, zeñak autu eta berezitu ninduen nere amaren sabeletik, eta bere graziarekin ots egin zidan,

        16. Agertzea neri bere senea, nik erreñuai predikatu nizaien, bereala egin nuen, aragiagandik, ez odolagandik konsejua artu gabe,

        17. Ezta Jerusalenera ere irago gabe, ni baño lenagoko Apostoluen billa, baizik bereala joan nintzan Arabiara, nondik berriz Damaskora etorri nintzan.

        18. Andikan iru urteren barrenen joan nintzan Jerusalenera, Pedro ikustera, eta amabost egunean berarekin egon nintzan.

        19. Eta Apostoluetatik besterik batere ez nuen ikusi, Santiago Jaunaren anaia (lengusua) baizik.

        20. Eskribitzen dizutedan guztiaren gañean Jaungoikoa testigutzat jartzen det, ez dedala gezurrik esaten.

        21. Andik joan nintzan Siriako, eta Siliziako alderrietara.

        22. Ordu artaraño ez ninduten begiz ezagutzen Judean zeuden Kristoren elizak.

        23. Bakarrik aditu zuten esaten: Len persegitzen ginduenak, orain predikatzen du, beste denbora batean berak erasotzen zion fedea.

        24. Eta Jaungoikoagana egin nuen biurreragatik, berari eskerrak ematen ziozkaten.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Amalau urte geroago itzuli nintzan Jerusalenera Bernaberekin, Tito ere nerekin eramaten nuela.

        2. Igo nintzan bada Jerusalenera, iduki nuen zeruko argitasun batgatik, eta itz egin nuen ango ikaslakin, Erreñuen artean predikatzen dedan Ebanjelioaren gañean, batezere jakintsuenakin, ez egitearren nere ibilliak irabazi gabe; edo oraindañokoak etzitezen utsak izan.

        3. Baña ez Tito ere, zeñak laguntzen zidan, Jentilla bazan ere, etzan izan zirkunzidatzera beartua.

        4. Ez da begiratuta ere arako anaia gezurrezkoai, zeñak ixiltxorikan sartu ziran jakitera, nolako aukera ta eskubidea gendukan Jesukristogan, anziñako legearen mendean jarri gindezen.

        5. Zeñaen mendean jarri, ez beren esanak egin, ez ginituen nai instante batean ere, Ebanjelioaren egiak zuen artean sendo iraun dezan.

        6. Zerbait ziradela zirudianen gañean berriz, (ez dit pelat bat, beste denbora batean zer izan ziran. Jaungoikoagan ez dago zeñ, zeñ danik) aiek, esaten det, andiagoak ziradela ziruditenak, ezerere gauza berririk etzidaten erakutsi.

        7. Baizik kontrara, ezagutu zutenean, neri eman zidala Jaungoikoak zirkunzidatu gabeai Ebanjelioa predikatzeko agintea, Pedrori zirkunzidatuai predikatzeko bezela.

        8. (Bada Pedrori indarra eman zionak Apostolutzarako zirkunzidatuen artean, neri ere Jentillen arterako eman zidan,)

        9. Ezaguturik, esaten det, Santiago, Zefas, eta Joanek, zeñak elizako abeak bezela ziran idukiak; emana izan zitzadan grazia; eta neri ta Bernaberi eskuak eman zizkiguten, elkartasunaren siñaletzat predikatu giñizaien guk Jentillai, eta berak zirkunzidatuai.

        10. Bakarrik esan ziguten, oroitu gendizala Judeako beartsuakin, gauza bat, gogotik egin dedana.

        11. Eta gero Zefas Antiokiara etorri zanean, arpegiz arpegi aurkeztu nintzaion, erriertaren diña zalako.

        12. Zeren allegatu ziran baño lenago, Santiagok bialdutako lagun batzuek, jentillakin jaten zuen, baña oiek allegatu ziradenean, asi zan atzeratutzen eta alde egiten, zirkunzidatu aien beldurrez.

        13. Eta beste Juduak ere elkartu ziran egiten zuen iduripenarekin, alako moduan, non, Bernabe ere erakarri zuten gauza artara.

        14. Baña nik, ikusirik ez ebiltzala zuzen, Ebanjelioaren egiaren araura, guztien aurrean Zefasi esan nion: Baldin zu, Judua izanda, Jentillak bezela bizi bazera, eta ez Juduak bezela, nola zure ejenploarekin, jentillak Judu izatera beartzen dituzu?

        15. Gu izatez ta jatorriz Juduak gera, eta ez jentil bekatariak.

        16. Alaere jakinik ez dala gizona justotutzen legeko obrakin bakarrik, baizik Jesukristoren fedearen bitartez. Argatik Kristo Jesusgan sinistzen degu, justotuak izateko Kristoren fedearen bitartez, eta ez legearen obrakin, zeren gizon ilkorrik batere, legearen obrakin ez dan justotuko.

        17. Eta baldin Kristogan justotuak izan nairik, bagatoz gu ere bekatariak izatera, anziñako legea ez zaitzeagatik. Ez al da orduan esango, Kristo bekatuaren egille ta gaia dala? iñolako moduz beñere ez liteke.

        18. Baña nik egiten badet, desegin dedana bera, ni nerau egiztatzen naiz, fedeausle bat naizala.

        19. Baña egia da, ni illa nagoala anziñako legearentzat, legeak berak erakusten didanetik, Jaungoikoarentzat biziteko. Kristorekin batean gurutzean iltzatua nago.

        20. Eta ni bizi naiz orain; edo obekiago esateko, ez naiz ni bizi naizana; baizik Kristo bizi da nigan. Ala aragi onetan orain bizi naizan bizia, bizi naiz Jaungoikoaren semearen fedean, zeñak maitatu ninduen, eta nigatik bera eriotzara eman zan.

        21. Ez det aurtikitzen Jaungoikoaren grazia au, zeren baldin anziñako legearen bitartez, justizia iritxitzen bada; beraz Kristo alperrik il zan.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. O Galataar zentzugabeak! Nork llilluratu zaituzte, orrela egiari ez obeditzeko? Zuek, zeñaen begien aurrean Jesukristo izan dan jarria, zuekgan gurutziltzatua bezela?

        2. Gauza bakar bat zuekgandik jakin nai det: Espiritu Santua artu al dezute legeko obrakgatik, ala predikatu dizugun fedearen obedienziagatik?

        3. Alako moduan zentzugabeak zerate, non, espiritutik asitzen zeratela, orain aragian bukatuko dezuten?

        4. Jesukristogatik anbeste sufritu dezute, eta guztia alperrik izango ote da? Baña nik Jaungoikoagan itxedotzen det, atzenean ez dala alperrik izango.

        5. Orain bada, Espiritu Santuaren partale egiten zaituztenak, eta zuen artean mirariak egiten dituenak, egiten ote ditu, legeko obraen bertutez; ala predikatzen aditu dezuten fedearen bitartez?

        6. Ziertoro fedeagatik, eskribitua dagoan bezela: Abrahamek Jaungoikoagan sinistu zuen, eta justiziara itsatsi zizaion.

        7. Ezagutu ezazute bada, fedea artzen dutenak, oriek Abrahamen seme egiazkoak diradela.

        8. Ala Jaungoikoak Eskritura Santan lendanaz ikusirik, Jentillak fedearen bitartez justotuko zituela, aldeaurrez Abrahami adirazi zion, esaten ziola: «Jende guztiak zugan bedeikatuak izango dirade».

        9. Beraz fedea daukatenak, oriek Abraham leialarekin bedeikatuak izango dirade.

        10. Legearen obraetan itsatsiak bizi diradenak berriz, madarikazioaren mendean daude. Zeren eskribatua dagoan: «Madarikatua da, zaitzen ez duena beti Legeko liburuan eskribitua dagoan guztia».

        11. Gañerakoan berriz, gauza argia da, iñor ere ez dala justotzen Jaungoikoaren aurrean legeagatik, zeren justoa fedeagatik bizi da.

        12. Legea berriz ez dator fedetik, baizik bakarrik kunplitzen duena, beratan biziko da.

        13. Jesukristok erredimitu ginduen legearen madarikaziotik, gugatik madarikazio eginik gelditzen zala, zeren eskribitua dagoan: «Madarikatua zur batean esekia dagoan guztia».

        14. Eta au guzia, Abrahamen bedeikazioa irago zedin Jentilletara Jesukristogatik. Onela fedearen bitartez, Espiritu Santuaren eskeñtza artu genezan.

        15. Nere anaiak, (gizonen arteko gertakari bat esango det) gizon batek bear dan bezela testamentua egin duenean, iñork ere ez dezake utsera bota, ez aldatu.

        16. Eskeñtzak Abrahami, ta bere jatorrikoari egin zitzaiozkan. Ez du esaten, bere jatorrikoari, asko balira bezela; baizik bati bakarrik bezela. Eta zure jatorrikoari, zeñ dan Kristo.

        17. Esan nai dedana bada da, eginik Jaungoikoak Abrahamekin elkartasun bat, bear dan bezela, lareun, eta ogeita amar urte geroago emandako legeak, ez dezake eskeñtza utsean utzi, ez indargatu.

        18. Zeren baldin, espirituko bendizioetako herenzia au, legearen bitartez ematen bazaigu; ez da onezkero eskeñtzagatik. Eta Jaungoikoak Abrahami eskeñtzaren bitartez eman zion.

        19. Bada esango dezute: Legeak zertarako balio izan du? ipiñi zan lege ausleakgatik, etorri zedin artean Abrahamen jatorrikoa, zeñi eskeñtza egin zitzaion, izanik aitatu dan legea aingeruen eskuz emana, Moisesen bitartez.

        20. Ez dago alaere bat bakarraren bitartekorik, eta Jaungoikoa Abrahami eskeñtza egitean, bat bakarra da.

        21. Beraz, erantzungo dezute: Legea Jaungoikoaren eskeñtzen kontrakoa al da? Zeren eman balu lege bat, justotu lezakeana, justizia egiaz legetik etorriko liteke.

        22. Lege eskribituak berriz, guztiak bekatuaren mendean utzi zituen, sinistzen zutenai kunplitu litzakieken eskeñtza, Jesukristogan zeukaten fedeagatik.

        23. Ala fedearen denbora baño lenago, geunden zarratuak bezela legearen mendean, artu artean arako fede, agertua izango zana,

        24. Alako moduan, non, legea izan zan gure zaia, ta zuzentzallea, zeñak eraman ginduen Kristogana, fedearen bitartez, beragan justotuak izan gindezen.

        25. Baña fedea etorri zanean, zaiaren mendean ez geunden.

        26. Zeren guziok zerate Jaungoikoaren semeak, Jesukristogan daukazuten fedeagatik.

        27. Zeren Kristogan bataiatuak izan ziñaten guztiok, Kristorekin gañetik jantziak zaudete.

        28. Ez dago onezkero Judurik, ez Griegurik, ez mendekorik, ez aukerakorik. Ez dago desberdintasunik gizasemearen ta emakumearen artean. Zeren zuek guztiok, Jesukristogan gauza bat bakarra zerate.

        29. Eta izanik zuek Jesukristoren gorputzaren aldamen ta zatiak, beraz Abrahamen semeak eta jabegaiak, eskeñtzaren araura zerate.

 

LAUGARREN KAPITULUA

        1. Gañera esaten det, primuak, aurra dan denbora guztian, ez daukala desberdintasunik mendeko batgandik, guztien jabea izan arren;

        2. Baizik gordetzalle, ta zaitarien mendean dago, bere aitak izendatutako denboraraño.

        3. Ala gu, oraindikan aurrak giñanean, munduari emanak izan zitzaiozkan erakutsi lenbiziko eta moldakaitzen mendean gogortasunarekin geunden.

        4. Baña denboraren betetasuna etorri zanean, Jaungoikoak bialdu zuen bere semea, emakume batgandik egina, eta legearen mendean zegoana.

        5. Legearen azpian zeudenak erredimitzeko, seme ordeko eginik gelditu ginaindezen.

        6. Eta zuek semeak zeratelako, bialdu zuen Jaungoikoak zuen biotzetara bere semearen Espiritua, zeñak deadarrez esan erazitzen digun: Abba, au da, Nere Aita.

        7. Eta ala zuetatik batere ez da onezkero mendekoa, baizik semea. Eta, semea izanik, baitaere Jaungoikoaren primua Kristogatik.

        8. Egia da, Jaungoikoa ezagutzen etzendutenean, egiaz, Jaungoikoak etziradenak serbitzen ziñituztela.

        9. Baña orain, Jaungoikoa ezagutu dezutenean, edo obekiago esateko, izanik Jaungoikoak maitatuak eta ezagutuak, nola berriz itzultzen zerate legeko adorazio oietara, zeñak diraden erkiak eta indar gabeak, berriz beren mendean egon nai dezutela?

        10. Zaitzen dituzute oraindik egunak, eta illak, eta denborak, eta urteak.

        11. Zuen beldur naiz, nere lanak zuen artean alperrikakoak izan ote diran.

        12. Izan zaitezte ni bezelakoak, ni ere zuek bezelakoa izan naizan ezkero, o nere anaiak, txit gogotik erregutzen dizutet, ez didazute neri gaitzik batere egin.

        13. Kontrara, ongi dakizute denboratsu dala, Ebanjelioa predikatu nizutenean, aragiaren atsekabeen artean egin nuen, eta nere aragiaren alako estaduan, non, tentazioko gaia zuentzat nintzan.

        14. Ez ninduzuten mezpreziatu, ez zuekgandik aurtiki, baizik Jaungoikoaren aingeru bat bezela, Jesukristo bera bezela artu ninduzuten.

        15. Non da bada orain arako zoriontasuna, zeñean gozatzen ziñaten? Zeren nik zuekgatik testigantza eman nezake, orduan prestatuak zeundela, al izatean, zuen begiak ateratzera, neri emateko.

        16. Beraz, egia esateko, zuen etsai egin al naiz?

        17. Apotolu gezurrezko oiek nai dute, zuekin adiskidetasunean estutu; baña ez gauza onerako, baizik nai dute, zuei gugandik alde erazi, berai jarraitu dizaiezuten.

        18. Izan zaitezte bada beti gauza onaren maitatzalle zelotsuak, gogo zuzenarekin, denbora guzian, eta ez bakarrik, ni zuen artean nagoanean.

        19. Nere semetxoak, zeñakgatik bigarren aldiz, aurregiteko oñazeak iragotzen ditudan, zuekgan Kristo osotoro formatu arteraño,

        20. Nai nuke orain zuekin egon, eta mudatu nere boza zuen premien araura, zeren zalanzan naukazute, itz egingo dizutedan moduaren gañean.

        21. Esan zadazute arren, erregututzen dizutet, anziñako legearen mendean egon nai dezutenak; ez al dezute irakurri legeak esaten duena?

        22. Zeren eskribitua dagoan, Abrahamek bi seme iduki zituela, bata Agar mendekoagandik, eta bestea bere aukerako ta jabe zanagandik, zeñ zan Agar.

        23. Baña mendekoarena aragiaren araura jaio zan; bere jabe ta aukerakoarena berriz, kontrara, mirariz eta eskeñtzaren bertutez jaio zan.

        24. Zeñak irudietan esanak dirade. Zeren oiek bi testamentuak dira. Bata Siongo mendian emana, zeñak mendekoak egiten dituen, zeñ dagoan Agargan iruditua,

        25. Zeren Sina Arabiako mendi bat da, zeñ dagokan emen beeko Jerusaleni, zeñ bere semeakin mendekoa dan.

        26. Baña arako Jerusalen goikoa, Saragan iduritua, askatua da; zeñ gure guzioen Ama dan.

        27. Zeren eskribatua dagoan: Bozkariotu zaite soilla, aurrik egiten ez dezuna, asi zaite bozkariozko deadarrak egiten semeetan ugaria etzerana, zeren asko geiago diraden, soilltzat utzia zegoanarenak, senarra daukanarenak baño.

        28. Gu bada, nere anaiak, eskeñtzaren semeak, Isaakgan irudituak gera.

        29. Baña nola orduan, aragiaren araura jaio zanak, espirituaren araura jaio zana persegitzen zuen; ala orain ere.

        30. Baña Eskriturak, zer esaten du? Aurtiki itzatzu kanpora andre mendekoa eta bere semea, zeren ez dan izango primua mendeko andrearen semea, andre askatuaren semearekin batean.

        31. Ala bada, nere anaiak, oien araura, ez gera gu andre mendekoaren semeak, baizik askatuarenak, eta Jesukristo da, autakera eta askatze au eman ziguna.

 

BOSGARREN KAPITULUA

        1. Zaudete sendo ta azkar, eta ez ezazute utzi berriz ere anziñako legeko mendetasuneko uztarriaren azpian artu eta sakatu zaitzatela.

        2. Begiratu ezazute, nik Pablok esaten dizutedala: Zirkunzidatuak bazerate, Kristok utsa balioko dizutela.

        3. Gañera adiraztzen diot zirkunzidatzen dan gizon guziari, lege guzia osoz zaitzera beartua geldituko dala.

        4. Etzerate onezkero Kristorekin ezertan ere partale, legean justotutzen zeratenak, graziatik erori zerate:

        5. Bada guk, bakarrik fedearen bertutez, itxedotzen degu, justiziako espiritua artzea.

        6. Zeren Jesukristorentzat ezerere ez du balio, zirkunzidatua, edo zirkunzidatu gabea izateak, baizik fedeak, zeñak karidadearen bitartez obrak egiten dituen.

        7. Zuek korrika ongi ibilli ziñaten, nork galerazi dizute, egiari obeditzea?

        8. Alako iritzia ez da ziertoro, federa ots egin dizutenarena.

        9. Legamiaren piska batek, legamiztatzen du ore guztia.

        10. Alaere nik zuekgatik Jaunagan itxedotzen det, ez dezutela idukiko beste iritzirik, nereak baizik, baña zuek nastutzen dabillanak, dana dala, diña dan kastigua eramango du.

        11. Nigan danez, nere anaiak, nik oraindikan zirkunzisioa predikatzen badet, zergatik naiz oraindik persegitua? Beraz gurutzean eskandalua bukatu zan.

        12. Arren bada alde egin eraziko balitzake zuekgandik, zuek nastutzen zaituztenai!

        13. Zeren zuek, nere anaiak, askatuak izateko, eta zuen aukeran biziteko, estadu batera zerate ots eginak, baña begiratu bear dezute bakarrik, aukera ta elekzio au ez dakizutela izan aragiaren araura biziteko bidea; baizik espirituko amorio batekin elkarren serbitzariak izan zaitezte.

        14. Zeren lege guztia sartua dago aginte onetan: Maitatuko dezu zure projimoa, zu zerori bezela.

        15. Zeren baldin elkarri utsikitzen badiezute, eta elkarri ortzka egiten badiezute, begiratu ezazute, batzuek besteak desegin ez ditzatzuten.

        16. Esaten det bada itz batean: Jaungoikoaren Espirituaren araura ibilli zaitezte, eta aragiaren gurak ez dituzute aseko.

        17. Zeren aragiak Espirituaren kontrako gauzak dauzka, elkarri aurkeztzen zaizkan gauzak bezela. Argatik ez dezute zuek egiten, nai dezuten guztia.

        18. Baldin zuek espirituak zuzenduak bazerate, etzaudete legearen mendean.

        19. Aragiaren obrak ongi agiriak dira, zeñak diran adulterioa, fornikazioa, deshonestidadea, lujuria,

        20. Idoloen adorazioa, sorginkeriak, aserreak, auziak, ikusi ezinak, erriertak, eleak, herejiak,

        21. Ondamuak, gizaerioak, moskorrak, asebeteak, eta alako gauzak, zeñaen gañean kontuan ipintzen zaituztedan, esana daukadan bezela; alako gauzak egiten dituztenak, Jaungoikoaren erreñua ez dutela iritxiko.

        22. Espirituaren frutuak berriz oiek dirade: Karidadea, gozotasuna, pakea, pazienzia, otsantasuna, ontasuna, biotzeko sendotasuna:

        23. Biguñtasuna, fedea, modu ona, kastidadea. Onela bizi diradenentzat, beren kontrako dan legerik ez dago.

        24. Eta Jesukristorenak diradenak, beren aragia gurutziltzatua daukate, beren oitura eta gura gaiztoakin.

        25. Jaungoikoaren espirituarekin bizi bagera, espiritu arekin ibilli ere gaitezen.

        26. Gloria utsaren gurarik ez dezagun iduki, batzuek besteai gaitzbidea ematen diegula, elkarren ondamua daukagula.

 

SEIGARREN KAPITULUA

        1. Nere anaiak, baldin norbait, gizona bezela, zorigaiztoan, bekaturen batean eroriko balitza, zuek espirituzkoak zeratenak, onelakoari erakutsiak eman zaiozkazute biguñtasuneko espirituarekin, eta bakoitzak beragatik begiraturik, zu ere tentazioan erori etzaitezen.

        2. Batzuek besteen zamak eraman itzatzute, eta ala Kristoren legearekin kunplituko dezute.

        3. Zeren baldin norbaitek uste badu, zerbait badala, ezerere ez izanik, berak bere burua engañatzen du.

        4. Argatik esaminatu bitza bakoitzak bere obrak, eta ala arkitzen badu, zuzenak dirala, orduan gozatzeko bidea idukiko du, beragan bakarrik, eta ez bestegan.

        5. Zeren bakoitzak, juzgatua izatera dijoanean, bere zama eramango du.

        6. Bitartean fedeko gauzaetan erakutsiak ematen zaiozkanak, eman bizaiozka bear dituen gauza guztiak, erakutsiak ematen diozkanari.

        7. Ez ezazute utsik egin, Jaungoikoa ez diteke isekatua izan.

        8. Eta ala gizon batek eroitzen duena, ori bilduko du. Argatik orain bere aragiarentzat eroitzen duenak, aragiagandik bilduko du gero usteltasuna ta eriotza, baña espirituarentzat eroitzen duenak, espirituagandik betiko bizitza artuko du.

        9. Ez gaitezen bada aspertu, on egiteaz: zeren irautzen badegu, artuko degu ordaña bere denboran.

        10. Ala bada, denbora daukagun artean, guziai on egin dizaiegun; eta batezere, fedearen bitartez, gu bezela, Jaunaren familiakoak diradenai.

        11. Begiratu ezazute, nolako karta luzea eskribitu dizutedan nere eskuz.

        12. Aragiaren aldamenetik zuen gogokoak izan nai duten guztiak; oriek zuek zirkunzidatuak izatera beartu nai zaituzte, ez beste gauzagatik baizik Kristoren gurutzeagatik, berak persegituak izan ez ditezen.

        13. Zeren ez duten legea zaitzen, ez da berak zirkunzidatuak daudenak ere; baizik nai dute, zuek zirkunzidatuak izan zaiteztela, zuen aragian gozatu ditezen.

        14. Nigan danez berriz, Jaungoikoak gorde nazala, gozatu ez nadin, baizik Jesukristo gure Jaunaren gurutzean: zeñgatik mundua illa, eta gurutziltzatua dagoan neretzat, ni munduarentzat nagoan bezela.

        15. Ziertoa dana da, Jesukristo gure Jaunarentzat utsa balio duela zirkunzidatua izateak, edo zirkunzidatua ez izateak; baizik balio duena da, gizon berri bat izatea.

        16. Eta erakutsi oni jarraitzen dioten guztien gañera, betor pake ta urrikaltasuna, Jaungoikoaren erri, Israel egiazkoaren gañera bezela.

        17. Gañerakoan emendikan aurrera, ez bizat iñor ere gogaikarria izan zirkunzisioaren gañean, zeren nik Jaun Jesusen siñaleak nere gorputzean tinkatuak dakarzkit.

        18. Jesukristo gure Jaunaren grazia, nere anaiak, zuen espirituarekin izan dedilla. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa