www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Biblia (3)
Jose Antonio Uriarte
1858-1859, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

SAN PEDRO APOSTOLUAREN
BIGARREN KARTA

 

LENBIZIKO KAPITULUA

        1. Simon Pedro, Jesukristoren serbitzari eta Apostoluak, gurekin fede berdiña iritxi dutenai Jaungoikoaren justizia, eta irabaziakgatik, eta Jesukristo gure Salbatzalleagatik,

        2. Grazia eta pakea ugaritu diteztela geiago ta geiago zuekgan Jaungoikoaren ta Jesukristo gure Jaunaren ezagueragatik.

        3. Nola bere eskubide Jaungoikozkoak eman dizkigun doai guzti, kristauen bizitza ta ontasunari dagozkionak, emanak izan zazkigun, bere gloria ta bere birtuteagatik, ots egin zigunaren ezageragatik,

        4. Beragatik eman ere dizkigu Jaungoikoak, eskeñi zituen grazia andi, eta baliotsuak, grazia oien bitartez Jaungoikoaren izatearen partale zuek eginak izateko, munduan dagoan lujuriako gurarien usteltasunetik iges egiten dezutela.

        5. Zuek bada zuen kontu ta arreta guztia ipiñiko dezute, biltzen zuen fedearekin, sendotasuna, sendotasunarekin jakinduria,

        6. Jakinduriarekin, jan edanean begiratuak izatea; jan edanean begiratuak izatearekin pazienzia, pazienziarekin urrikaltasuna,

        7. Urrikaltasunarekin anai amorea, eta anai amorioarekin karidadea, edo Jaungoikoaren amorioa.

        8. Zeren baldin bertute oiek zuekgan arkitzen badira, eta geiago ta geiago aziaz badijoaz, ez da soilla ta frutu gabe geldituko Jesukristo gure Jaunagatik daukazuten ezagera.

        9. Baña ez dauzkana, dago itsutua, eta eskuarekin itsumuka dabil, aztuta nola bere anziñako obenetatik garbitua izan zan.

        10. Argatik, nere anaiak, sendotu zaitezte geiago, eta geiago, eta egin ezazute al dezuten guztia, ziertotzeko zuen bokazioa ta elekzioa obra onen bitartez, zeren, au eginik, ez dezute beñere bekaturik egingo.

        11. Bada onela idikiko zazute zabal zabal sarrera Jesukristo gure Jaun ta Salbatzallearen erreñuan.

        12. Argatik ez naiz beñere aspertuko au bera zuei adiraztzeaz jakin arren ere, zuek ongi dakizutela egia au, eta beratan sendotuak zaudetela.

        13. Bada justoa iduritzen zat, nere erakutsiakin zuek esnatzea, gorputz ilkor onetan nagoan bitartean kanpo etzauntz batean bezela.

        14. Zierto nagoala aurki beratatik irtengo naizala, Jesukristo gure Jaunak onezkero adirazi didan bezela.

        15. Baña nik begiratuta egingo det, ni ilda gero ere gauza oien oroipena maiz iduki dezazutela.

        16. Gañerakoak berriz, ez dizugute ezagutu erazi Jesukristo gure Jaunaren eskubide ta etorrera, ipui jakintsuai jarraitzen diegula, baizik bere anditasunaren begizko testiguak geradela.

        17. Zeren artzean Aita Jaungoikoagandik testigantza gloriaz betetzeko hura, Jaungoikoaren gloria alako argitasunarekin agertu zan odeitik, jetxi zanean boz bat, esaten zuena: Au da nere seme maitatua, zeñgan gozatzen nagoan, berari aditu zaiozute.

        18. Guk ere aditu genduen, zerutik etorritako boz au, eta bere gloria ikusi genduen, berarekin mendi santuan geundenean.

        19. Baña oraindikan gurea baño testigantza sendoago bat daukagu, zeñ dan Profetaena, zeñi arretarekin begiratzean ongi egiten dezuten, toki illun batean argi egiten duen zuzi bati bezela, eguna argitu dezan, eta egunsentiko izarra zuen biotzetan irten dedin bitartean,

        20. Ongi jakinik idukirik aurrena, Eskriturako profeziarik batere, bakoitzaren iritziarekin ez dala azaldatzen.

        21. Zeren profeziak beren jatorria, gizonen borondatetik ez dakarten, baizik Jaungoikoaren gizon santuak Espiritu Santuak argituak izanik, itz egin zuten.

 

BIGARREN KAPITULUA

        1. Egia da izan zirala ere gezurrezko Jaungoikoaren anziñako errian, ikusiko diraden bezela zuen artean erakusla gezurtiak, zeñak sartuko dituzten, iñork igarri ere gabe, galmeneko giza setak, eta ukatuko dute erreskatatu zituen Jauna, beren gañera bengantza bat agudo ekartzen dutela.

        2. Eta asko jendek jarraituko die beren lujurietan, eta argatik egiaren bidea blasfematua izango da.

        3. Eta zikoiztasunarekin, itz labanakin, zuekin saldu erosiak idukiko dituzte; baña denboratsu dala keñatzen dituen juizioa, erraldoeraren pausuetan dator, eta galdu bear dituen eskua ez dago lotan.

        4. Zeren baldin Jaungoikoak ez bazien barkatu Aingeru bekatariai, baizik loturik infernuko kateakin aurtiki bazituen lize illunera, non gogotik oñazetuak diran, eta juizioko eguneraño, gordeak bezela idukiak.

        5. Anziñako munduari ere barkatu ez bazion, gorde bazuen Jaungoikoaren justiziaren predikatzalle Noe, zazpi lagunekin, gaiztoen mundua ugoldean ondatu zuenean.

        6. Baldin auts biurturik Sodoma eta Gomorrako erriak, ondamenera kondenatu bazituen, jartzen zituela gaizki biziko ziradenen oroipengarritzat.

        7. Atera bazuen Lot justoa, zeñ gizon nazkagarri oiek atsekabetzen eta persegitzen zuten beren bizitza gaiztoarekin,

        8. Bada bere begi ta belarriai, garbi iraun erazitzen zien, bizi zala jende batzuen artean, zeñak egunoro aspertu gabe, bere anima garbia obra gaiztoakin oñazkatzen zuten.

        9. Beraz ongi daki Jaunak justoak tentaziotik libratzen, gaiztoak juizioko egunean onazeetarako gordetzen dituela.

        10. Eta batezere aiek, zeñak, beren gura gaiztoak asetzeko jarraitzen dien aragiaren erara bizitzeari, eta nagusiagoak mezpreziatzen dituzten, aizartuak, berak anditzat dauzkatenak, eta blasfematzen dutela, herejiak ereitzeko beldurrik ez daukatenak.

        11. Aingeruak eurak, izanik anbat andiagoak indarrean eta eskubidean, ez dituzte kondenatzen beren erikoak birao ta madarikazioko itzakin.

        12. Oiek berriz, abere zentzugabekoak bezela, lazo eta ilkintzarako jaioak, ez dakizkiten gauzakgatik blasfematzen dute; galduko dira beren gaiztakeria lotsagarrietan, zeñaetan ondaturik dauden,

        13. Beren gaiztakeriaren ordaña artzen dutela; beren zoriontasuna egun bakoitza gozotasunetan iragotzean ipintzen duten ezkero, izanik urdakeria ta zikinkeria bera, atseginetan nastau ta ondaturik dabiltzala, erakusten dutela beren zabarkeria, zuekin egiten dituzten jateketetan.

        14. Begiak adulterioz, eta aspertu gabeko bekatuz beteak dauzkatela. Berak ekartzen dituzte balakuakin anima aldakorrak, idukirik biotza oitua zikoizkeriako asmazio guztietan, madarikazioaren semeak dirade.

        15. Utzi dute bide zuzena, eta bide artezetik alde egin dute, jarraitzen diela Balaam Bosorren semearen bidetxidorrari, zeñak gaiztakeriaren ordaña maitatu zuen.

        16. Baña iduki zuen nork errierta egin bere asmazio gaiztoagatik. Abere mutu batek, zeñaen gañean zijoan, itz eginik gizon batek bezela, errierta egin zion profetari bere txorakeriagatik.

        17. Onelakoak dira iturriak, baña ur gabekoak, eta aizebunbadakin batetik bestera dabiltzan lañoak, zeñaentzat illuntasuneko lizea gordea dagoan.

        18. Zeren eginik izketa arro, urgulluz beteak, ekarten dituzte lujuriako aragizko guraen zeboarekin, puntuan iges egin zutenak, gezurrezko sinisteai jarraitzen zien lagunakgandik.

        19. Aukera ta libertadea eskeñtzen ziela, berak usteltasunaren mendean zeudenean, zeren beste batek garaitua dana, garaitu duenaren mendeko gelditzen da.

        20. Zeren bein alde egin munduko zikinkeriakgatik Jesukristo gure Jaun ta Salbatzalleagatik, au da bere ezageragatik, berriz beretan nastuak badirade, gelditzen dira garaituak. Beren geroko egoera lenbizikoa baño gaiztoagoa da.

        21. Zeren obeago zitzaien ez ezagutzea justiziako bidea, ezagututa gero, emana izan zitzaien lege santa utzitzea baño.

        22. Kunplitzen dala beretan, esangi egiazko hurak adiraztzen duena: Jan zuen txakurrak, errebesatu zuena. Eta: Urde garbitua, zingiran irabiatua.

 

IRUGARREN KAPITULUA

        1. Ona emen, nere maiteak, bigarren karta da eskribitzen dizutedana, aleginak egiten ditudala bietan, nere erakutsiakin bizkortzeko zuen gogo tolesgabea.

        2. Oroitu zaitezten, len esanak dauzkadan itz, Profeta santuenakin; eta gure Jaun ta Salbatzalleak eman dizkizuten aginteakin gure bitartez, zeñak bere Apostoluak geran.

        3. Aurrena dakizutela, atzeneko denboretan etorriko diradela engañatzalle asmaziotsuak, beren aragiaren gura gaiztoen erara dabiltzatenak,

        4. Esaten dutela: Non da eskeñtza, edo bere etorrera? Zeren gure gurasoak ilda gero, gauza guztiak asieran eginak izan ziran bezela irautzen dute.

        5. Eta au da, ez dakitelako, ez dutelako jakin nai asieran zerua egina izan zala Jaungoikoaren itzarekin, nola orobat lurra ere, zeñ agertu zan uretik irtenda, eta bere erdian irautzen du.

        6. Eta alako gauzakgatik orduko mundua ugoldeko uretan galdu zan.

        7. Eta orain diran zeruak eta lurra, itz hurak berak zaitzen ditu, suak erreak izateko, juizioko eguneko, eta gaiztoen ondameneko egunean.

        8. Baña zuek, nere maiteak, ez dezute egon bear gauza bat jakin gabe, eta da, egun bat Jaungoikoarentzat dala milla urte bezela, eta milla urte, egun bat bezela.

        9. Ez du bada bere eskeñtza luzatzen, batzuek uste duten bezela; baizik Jaunak pazienzia andiarekin itxedotzen du zuen amorioagatik, jueza bezela etortzea, ez duelako nai iñor ere galdu dedilla, baizik guztiak penitenziara itzuli ditezela.

        10. Gañerakoan Jaungoikoaren eguna lapurra bezela etorriko da, eta orduan zeruak dunbots ikaragarri batekin aldamen batetik bestera iragoko dira, eta munduko gauza guztiak suaren berotasunarekin desegingo dira, baita lurra eta bertan dauden obrak izango dira erreak.

        11. Gauza guzti oiek bada deseginak izango diran ezkero, zelakoak izan dezute zuek zuen bizitzako santutasunean, eta oituren ontasunean,

        12. Itxedotzen dezutela antsiarekin, eta korrika joaten zeratela Jaunaren etorrerako eguna zaitzera; egun bat, zeñean zeru erazekiak desegingo diran, eta urtu ta desegingo diran munduko gauza guztiak suaren berotasunarekin.

        13. Alaere bere eskeñtzen araura itxedotzen ditugu zeru berriak, eta lur berria, nun beti justiziak erreñatuko duen.

        14. Argatik, nere maiteak, alako gauzak itxedotzen dituzuten ezkero, egin ezazute al dezutena, Jaungoikoak oben gabe, aitzakia gabe, eta pakean arkitu zaitzaten.

        15. Eta sinistu ezazute, gure Jaunaren itxedopen luzea salbaziorako dala. Gure anaia txit maite Pablok ere eskribitu zizuten bezela, emana izan zaion jakinduriaren araura,

        16. Egiten duen bezela bere karta guztietan, beretan gai onen gañean tratatzen duela, zeñaetan dauden gauza batzuek, gaitzak aditzen; zeñatan adiraztzen diran gauzaetan esan nai dana, jakinduria gabeak, eta fedean lokatuak dabiltzanak gaitzera aurtikitzen duten, beste Eskriturak ere gaitzera botatzen dituzten bezela beren galmenerako.

        17. Ala bada zuek, nere anaiak, onen berria daukazuten ezkero, zaudete beillan, zentzugabeak eta gaiztoak enganatuak izanda, zuen sendotasunetik erori etzaitezen.

        18. Baizik aziaz joan zaitezte grazian, eta Jesukristo gure Jaun eta Salbatzallearen ezageran. Berari gloria emana izan dakiola oraindandik betiko irauneko egunean. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa