www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa  

XXVII.garren OTOITZ-GAIA

KANDELARI EGUNEKO GAUZAK;
ETA ORIEK ADIRAZTEN DIGUTENA

 

 

A.

Simeoni, ta Ana profetiari Kandelari egunean
Jesusekin gertatua; ta Jesusen gogoa
ezagutu nai dutenak egin bear dutena

 

        Jendez ongi beterik arkitzen zen Jerusalengo erria Kandelari egunaz Jesus ara zenean. Ango elizan ere anitz izain ziran, Jesus an bere presentaziora sartu zeneko; ta alaere etzuten ezagutu nor zen Jesus, bik baizik. Orien izenak ziran Simeon ta Ana: ta orien bizitza, Ebanjelio santuak diona.

        Arkitzen zen orduan Jerusalenen, dio Ebanjelio santuak, Simeon zeritzan gizon bat. Gizon au, bati ere bidegaberik egiten etzion gizona zen; ta denbora berean Jaungoikoaren beldurtia, ta Jaungoikoren legeko gauz andi ta txiki ziranak zuzen egiten zituena: ta orregatik zen gizon santua ta, Espiritu Santua berekin zedukan gizona; edo grazi anitz, eta zeruko argi ta atsegin andiekin arkitzen zen gizona.

        Gizon on oni, egun au etorri baño len agertu zion Jaungoiko maitagarriak egun onetako Jesusen presentazioa; ta Jesus elizara zeneko, an zegoen Jesusen begira. Apaiza zen gizon santu au; ta, Jesus an agertu orduko, ezagutu zuen berak uste zuen Jesus bera zela. Artzen du bereala bere besoetan (zenbat atsegin ta kontenturekin, nork adirazi?) ta, erraten dio biotzez, nork daki zer? Ekusi zazu zer erran zezaken onelako aldian gizon santu batek; eta gizon, bere bizitza guzian, edo nork daki zenbait urtez, Jaungoiko-aur onen begira zegoenak!

        Jaungoiko-aur au bada bere besoetan ekusi zueneko, asi zen Simeon itzez erraten, Ebanjelio santuz guk dakiguna: Ez dut Jauna, zion, ez dut zer ekusi lur gañean, edo mundu guzian, ekusi ezkero besoetan dadukadan nere Salbatzailea. Onen begiera nengoen ni, joan den aspaldiko denboran; etorri da nik au ekusteko denbora; ta au ekusteak eman dit, munduan izan nezaken atsegin ta kontenturik andiena. Balekite munduko jendeak nor den, nere besoetan dagoen Jaungoiko-Gizon aur-egin au! Au da, mundu guziari argi-egi egitera datoren gure Redentorea; ta au, artu nai dutenen onra ta gloria.

        Ordu berean agertu zen an Ana profetisa; ta ezagutu zuen onek ere, gizon santu Simeonek bezala, bere Redentorea; ta eman ziozkan eskerrak eskerren gain bere etortze era ain maitagarrizkoagatik, eta, ezin idukiz, edo ezin gordez bere Salbatzalle-Jesus ekuste onek eman zion atsegin-kontentua, asi zen itz egiten, ta agertu zien an arkitzen ziranei, nor zen an orduan guziak ekusten zuten aurtxoa.

        Zer andre zen zorioneko andre ekusle au? Au zen, zazpi urte baizik ezkontzan egin etzituen andre bat. Au zen, laur-ogei laur urteko alargun, bizitza garbizko bat. Andre alargun onen lenbiziko egitekoa, edo egitekorik andiena, izandu zen baruz ta nekez bere burua, edo bere pasioneak eskuratzea; eskez, ta otoitzez bere Jauna palakatzea, gau ta egun, ta beti bere Jauna serbitzatzea; al zuen guzian, ta guztiz maiz elizaratzea, ta ango gauzak zuzen egitea. Gisa onetan irabazi zuen andre on onek, Jesus elizan agertzen zenean, au ezagutzeko argia.

        Ekusten dezu zeintsu diran, edo nolakoak, Jesus ezagutzen dutenak? Ekusten dezu nondik artzen duten, zuzen dabiltzanak, Jesus ezagutzeko bidea? Orien bide on zuzen onez ibilli ote zara zu ere oraindañoko zere denboran? Ez ote diozu zuk norbaiti egin izandu bein ere, niork zuri egin dizazun nai etzenuken gauzaren bat edo bertze? Eta zer eran ote zabiltza zu, egungo egun beretan ere? Ongi zatoz zu zere auzoarekin, ta lagun-urko guziekin? Beti ere zuk ez diozu nioiz egiten bidegaberen bat edo beste? Zurekin arkitzen diran, ta zu beren begietan zaituzten guziak kontent arkitzan ote dira zure pausu guziez, edo zure ibilleraz? Niori ere egin ez diozu zuk nioiz, ongi ez dirudien zer edo zer?

        Bistan dituzu beti zuk, eta beti zere begietan, zere uts egiñak, zere obenak, eta kulpa guzi-guziak? Damutzen zaitzu zuri, oriek ekusten dituzunean, oriek bezain gauz itsusi gaisto galgarriak egin izanduaz? Berriak egiteko, edo lenakgatik zerua galtzeko beldurrez zaude zu gau ta egun, edo noizean bein badere?

        Zere Jaun ona gogoan dezula, ta ari atsegin egiteagatik, egiten dituzu zuk zere gauzak? Guziak dira zuzenak? Guziak ongi diruditenak? Guziak garai onean, ta bear den eran ta denboran egiñak?

        Espiritu Santua zerekin ote dezu zuk beti? Maitatzen dezu zuk ziñez zere Jaungoiko maitagarria? Galtzen ez dezu zuk bein ere zere Jaungoikoak emanikako grazia; edo bizi oi zara zu bekatu andirik beintzat, egiten ez dezula; ta, txiki bat egin orduko, eskatzen diozu zere Jaungoikoari bere barkamentua; ta erne zabiltza gerozko denboran, berririk ez egiteko? Zere gogoz, ta Elizaren manurik ez denean ere, barutzen zara zenbait aldiz, edo kentzen diozu zuk zere buruari, ar lenezaken janaritik, edaritik, lotik, edo asedetetik, zer edo zer?

        Egiten dituzu goiz-arratsetako zere otoitz onak? Bazoaz elizara egunoro, edo al dezun aldi guzietan? Elizan, etxean, edo non edo non ekusten dituzu zuk zenbait denboraz zere zorrak, Jesusen nekeak, eta zuganako zere Jaunaren ontasuna?

        Ori zuk egitera, izain zara zu, bai, zere Jaunaren ekusle onetatik bat; izain zara, bai, Ana profetisaren, ta gizon santu Simeonen zeruko laguna; ta zuk errain diozkatzu Jesus maitagarriari, ara baño lenagotik ere, ta komuniatzen zaranetan, nork daki zenbat gauz eder, ta ederki; ta zuk egiñen dezu, alegiña, ezagutzen dezun zere Jesusen berri ona banatzeagatik; ezaguturik, zuk bezala maita dezaten gañerakoak ere: ta zuri bere denboran gertatuko zaitzu, Jesus onarekin dabiltzanei gertatzen zaiena, edo beraren glorian zuzen sartzea. Ala gerta dakizula. Bai arren, bai!

 

 

B.

Jesusen Amari egun onetan gertatua;
ta Jesusekin dabillenari gertatu oi zaiona

 

        Etzen kendu oi Jesusen aldetik Jesusen Ama maitagarria. Jesusen aldean arkitu zen, Jesusek, Aingeru batek emanikako berriarekin artzaiak billatu zituenean. Jesusen aldean zegoan Ama Birjina, Zirkunzisioko Jesusen nekeei begira. Bere Jesusekin zen Ama Birjina, goiztar irur erregeak Jesus ekustera agertu ziranean; ta an zen Ama Birjina Jesusen Presentazioan ere.

        Begirozu, Ama maitagarria! Begira, zer egiten dezun! Orrela bazabiltza, ta Jesusen orren aldean beti zu arkitzera Jesusek ezezik, izain dezu zuk ere zere kezka ta naigabea!

        Au adirazi zion, gizon argitu san Simeonek, Kandelariko, edo Jesusen Presentazioko egun onetan; bada, oraindik Jesus bere besoetan zedukala, erran izandu zion Ama Birjinari: Ekusten dezu, zere Seme Jaungoiko-gizon, Jesus maitagarri au? Bada au dela medio, edo onegatik anitz izain dira Israelko jendeetatik (bai, ta mundu guzikoetatik ere) zerurako diranak; baña bertze anitzek zein ere den ez ezagutu egiñen diote: ta, ori deusez bat bailiz bezala, guztiz begitan artuko dute, zenbaitek beintzat; eta egiñen diozkate munduan diran bidegabe ta txarkeri guziak.

        Zuk zere Seme on onekin ibilli naiko dezu, oraindañokoan bezala; ta ekusi bearko dituzu Semeari egiñen diozkaten kontrako gauzetatik zenbait badere; ta maiteegi dezu zuk zere Seme au, ekusten diozkatzun nekeak zeretzat ez artzeko. Andiak dira, bai, onek eraman, ta zuk ekusi bear dituzun txarkeri-neke-tormentuak; eta oriek ekuste berak utziko du zure anima ezpataz bailiz bezala, damuz, urrikariz, ta penaz josia.

        Au da gizon ark Jesusen Amari aldi artan erran izandu ziona; ta au gero denboraz Jesusen Amari gertaturikakoa. Bai: Jesusen Amari gertaturikakoa; bada Jesus badoa bere Aitaren manuz Ejipton gordetzera, bere Amarekin doa; ta bidean dabill Ama, ta Ejipton dago, Jesusen bideko, ta ijitarteko penak ongi penatzen dutela. Andik datorrenean, ta gerozko denboretan ere, Jesusen Amak ekusten ditu Jesusen nekeak; eta, bereak bailitu baño geiago illuntzen diote Amari bere biotz minbere maitaria.

        Elkarrekin itz egiten zutenean Ama birjinak eta Jesus maitagarriak, zenbat aldiz agertuko ziozkan Semeak Amari bere Pasioneko neke-izerdi, odol-isurtze, ta gañerako tormentuak? Eta nola adi zitzaken Ama Birjinak bere Seme maitearen neke-tormentu, onen arrigarriak, biotza guztiz penatzen etziotela, ta negar ederrak isuri gabe? Birjin-Amak ekusi zuenean, eskribak, fariseotzarrak, eta beste anitz gizatxar galduk onik etzutela, aren Seme Jesus galdurik edo illik utzi artean, zenbat illuntasunek artuko zioten bere biotza, zenbat estutasunek eta zenbat naigabek?

        Judasen Jesus saltzeak; eta saltzea Jesus ezer-ez batean, edo ogeita amar diru zikiñetan, nola estutuko zion Amari bere anima? Aditu zuenean Ama berak, Jesusi gaizki nai ziotenak loturik zekartela Jesus Jetsemanitik Jerusalena; ta ekarri zuten gau berean juezez juez, ta tribunalez tribunal zerabitela, lenbaitlen, gaistagin arrigarri bat bailiz bezala, bizia kendu naiez, zer dardarak, zer ito-naiak, orduko Birjin-Amaren barreneko itonai-dardarak? Aditu zituenean, gau artan Jesusi egin ziozkaten irriak, istak, eta txarkeriak; aditu zituenean bigaramun goizeko azoteak, eta arantzez burua urratzea, ta nola, Jesus utzirik, artu zuten Barrabas Jerusalengo jendeak, zer penak, zer kezkak Jesusen Amarenak?

        Atozea: goiz berean etzuen Amak ekusi bere Seme maite Jesus maitagarria, aranzazko koroak bere loak eta buru guzia urratzen ziozkala, odola zeriola, indarrik gabe, gurutzetzar bat soñean zuela, an jaiki, emen erori, ta borreroak tiraka zeramatela? Etzuen ekusi izandu, Kalbarioko mendira zeneko josten ziozkatela iltzez Jesusi gurutze batean bere bi eskuak eta oñak; eta gurutze berean goiturik utzi zutela, nork daki zenbat milla personen artean, orietatik anitz istaz, ta blasfemiaz zegozkiola? Etzuen ekusi izandu, nola zegoen an irur orduz oñazez betea, odolez ustutzen, ta, gizonek eraman dituen tormentu ta agoniarik andienetan? Eta, au guzia ekus zezaken Amarik maitarienak, Semerik maitagarrienari begira zegoela, penaz erdiratzeko puntura gabe?

        Zer izain zen bada, Ama berak ekusi zuenean gero, soldadu batek Jesus berari lanzaz urratzen ziola bere bularra; ta, biotza zulaturik, atera ziola an gelditu zen odol gutxitxo bat? Zer izain zen, gurutzetik jaitsi, ta bere besoetan ekusi zuenean bere Seme maitagarriaren gorputz illotz-urratua?

        Ta zer, au ere obian sartu, ta itzuli zenean bere zokotxora, an Semearen neke izerdiak, tormentu gogorrak, eta eriotz arrigarria gogoan zerabiltziela, bere naigabeak, bere aiak, eta bere penak eta penak berritzera?

        Zer izan ziteken, Jeremiasek diona baizik? Itsasoan ur gazi adiña oñaze damu ta pena arkitzen dira (dio Jeremiasek) onen anima maitalarian! Orregatik ez deritzat anitz san Bernardok diona, dionean, Martire baño, geiagokoa dela Jesusen Ama, Jesusekin zebillela, bere animan ekusi zuenagatik.

        Eta zer diozu zuk, Jesusen umetzat zere burua dadukazuna? Zer diozu bada, edo zertan zaude? Jesusen ondoren bazabiltza zu, Jesus beraren Ama bezala, izain dezu, bai, zuk ere zer eraman ta zer ekusi! Mundu eroarentzat erakeriak dira Jesusen gauza guziak; eta ista ta burla du munduak orietan sartzen diranendako. Etsai galgarri-galduak ezin ekusi du Jesusen gauz orietatik bat ere. Alegiñean urratzen ditu, gauz orretarako bide guziak; eta, besterik ezin duenean, gogortzen ditu egin bear diran gauzen gaiak; eta kentzen die, berez ekarri lezakeen ezti ta kontetu guzia. Lurreko gaistoak irriz egoin dira, ta ista, ta ista, zu zere Jesusen gauzetan ekusten zaituztenetan: ta gañerakoetatik, edo on beretatik ere, zenbaitek beintzat, onez ustean, emain dizute bein ta berriz, ta askotan ere, zer-ekusi edo naigaberik asko. Ekusi zazu bada zertara zoazen.

        Ekusia dadukat, bai nere Jaungoiko maitagarria; ta aspaldi alere, ta guztiz ongi: ta, au ekusi ta ere, Jesusen ondoren ibilli nai dut nik, bizi nazaño; naiz neka nadilla nekatu alean, ta nere indarrak eraman ala. Nere nekeak gañez egin baño len Jesus berak emain dit, bai, bere eskua ta laguntza; bai, ta noiznai ere, nik eskatu ezkero; ta berak orduan aterako nau ni (ta aterako nau guztiz aisa) nere neke, ta lan-pena guzien artetik. Eta, Jesusen ondoren nabillela, garaitzen banau ni nere nekeren batek, pozik emain diot nik Jesus nereari nere bizia; ta emain diot ordañez bezala; edo len nigatik berak (eta niri orretarako deus zor etzidala) eman izandu zuen bere biziaren alde. Zorioneko umea ni, egiten badut au, orain diodan eran, ta ill arte guzian.

 

 

Fili, concupiscens sapientiam, conserva justitiam,
et Deus praebebit illam tibi.

Eccli. 1. 33.

 

        Jakin nai dituzu zuk, Jesusen umea, zere Jaunaren gauzak? Nai dezu zuk, dizun zuri zere Jaungoiko maitagarriak bere zeruko gauzen zerbait berri? Zabiltza bada zuzen-zuzen zeru bereko zere bidean, edo zabiltza ongi ta garbiro; ta orretan ibilli gogo badezu, ez da besteri zer-egin, zuk zeretzat naiko etzenuken gauzarik batere: ta, egiten dituzunak, egizkitzu zere Jaunaren gogora, ta alik ongiena. Ori zuk egiten badezu, izain dezu, bai, nai dezuna: ta zere Jaungoikoak emain dizu argi eder, ta jakinde garbi luzea.

        A, baña itsu bat bezala bizitu naz ni oraindañoko nere denboran, nere Jaungoiko maite argigillea; ta bizitu naz, zu nere gauzetan ekusi ere bage! Bada nik ez ditut artu izandu bein ere nere naigabeak, nere txar-aldiak, nere eritasunak, eta gañerako nere malurrak bear zen eran, edo nere Jaunagana zeramaten urratsak edo pausuak bezala! Ez nabil berez, bear den bidez ta zuzen! Uts egiten dut berez lagun urkoekin, edo nere Jaungoiko maitagarriarekin!

        Bai noski; ta, nik uste baño anitz geiagotan ere! Zentza banendi ni orain badere! Egin banitza gaurgero nik, nere Jaungoiko maitagarria, zuri dagozkizun nere gauza guziak, eta nere auzoko ta lagun guzien gauzak ere! Orduan bai, zuk, nere Jaungoiko maitea, agertuko zeniket, ongi izateko nik jakin bear nuken guzi-guzia! Au ikasi naiez nago, nere Jaungoiko maitagarria, nere gaurgeroko gauza guziak era orretan egiteko. Erakus zadazu arren, dagikezunak bezala; ta indazu, nere gauza guziak zuzen egiteko ta zu ziñez maitatzeko, zere laguntza ta grazia. Bai arren, bai!

 

 

Humiliare Deo, et expecta manus ejus.

Eccli. 13. 9.

 

        Jaungoikoak ezin ekusi ditu biotz arrozko gizonak eta jendeak. Oriei gordetzen diezte gure Jaungoikoak, agertzeko daduzkan bere gauzak. Gizon umillak dira, gauz oriek ikasten dituzten gizonak. Jerusalengo fariseotzar ta eskriba arroak, eta antuste eroz beren buruak beteak zeduzkaten orduko gizonak, etzuten ekusi Jesus bere Presentazioan, Simeonek eta Ana profetisak bezala? Bai; baña ez nor zen ezagutzen zutela, Ezagutu zuten Simeonek, eta Ana profetisak? Oriek bai. Zergatik ote? Zeren baruz, otoitzez, ta Jaunaren beldurrez umildu zituzten beren buruak.

        Oraindañokoan ez bezala, nai dezu zuk orain ezagutu zere Jaungoiko maitagarria? Orretarako beititu bearko dezu zuk zere burua. Begiratu bearko diezu bein ta berriz zere obenei. Ekusi bearko dezu zer dan orien alde zor zaitzuna, edo zer sulezea. Begiratze au zuk zuzen egitera, ekusiko dezu nor den, zein ona den, ta zein maitagarria zure Jaungoiko Jesus ezinobea; bada zu galdu-lekuan, zure oben galgarriei zegokeen bezala, zure zorren alde sartzen da gaur Jerusalenen aur egiñik, eta elizara doa, Aita Eternoak zer manatzen dion aditzera.

        A! nere Jesus, ona baño obea, ta umilla baño umillagoa! Alketurik nadukate ni, ta lotsaz beterik oraindañoko nere arrotasunak, ta antuste galgarriak! Lurpean sarturik egon bearra nintzan ni aspaldietako denbora guzian, nere bizitza lizun ta ibillera gaistoagatik; eta, anbat bekatu loi izugarri egin ondoan, deusez bat egin banu baño lotsa gutiagorekin agertu izandu naz ni zure begietan, ta ibilli naz gero ere arro ta zuzen! Ez dakit, nola ondaturik ez nadukazun, nere Jaun andia, lenbiziko nere bekatu itsusitik! Zure onegia, nere Jesus maitagarria! Berandu bada ere, ezagutu dut nik gaur nere oraindañoko erakeria! Indazu arren onen barkamertua: ta indazu, umil, ta zuk nai bezala, gaurgero bizitzeko grazia. Bai arren, Jaungoiko maitea, bai!

 

 

Vide, Domine, quoniam tribulor...
Subversum est cor meum in memtipsa:
quoniam amaritudine plena sum.

Thren. 1. 20.

 

        Begira, Jaungoiko maitagarria, begira Jesusi! Ekusten ez dezu zuk non arkitzen den, edo nola dagoen, zure Ama maitagarria? Zuri ongi naiez, au zurekin dabil beti: ta orra ortik datorkiona: gurutze gogorra, kezka, ta nekea! Bai, dio Profetaz; arazo andiak dira, ta naste gogorrak, nere barrenak ekusten dituenak! Gain-bera biotz au irauli balirate bezain oñaze ta neke andiekin arkitzen naz ni; ta miñez, ta naigabez beterik nago, nazan guzi-guzia! Zure nekeak dira, nere Seme maite Jesus, zerorrek dakizun adiña penatzen nauten nekeak; eta dira, neke barreneko kezkez ta urrikarriz, erdi bi egiteko eran nadukatenak!

        Penen gogorrak nonbait, Jesusen Amaren penak! Nondik datozkio, baldin badakizu, obenik bageko Birjin-Ama maiteari onen pena gogorrak? Bere Seme Jesusi laguntzetik! Jesusek alabaña ekusi nai ditu, bera bezala, bere lagunak; eta Jesusi lagun egiten dionak zerurako bizitzan, eraman bearko ditu Jesusen nekeen erako nekeak. Bai; artzen badezu zuk, Jesusen bizitzaren erako bizitza, beraren Amak bezala, izain dituzu zuk ere arenen erako zenbait neke ta kezka. Baña ez da zer izutu orien etorreraz: bada aituko dira noizbait emengo neke andi-txiki guziak; eta artzen badituzu zugatik Jesusek eraman zituenen alde, ekarriko dizkitzute betiko kontentuak, betiko atsegiñak, eta beti-betiko gloria. Nork utzi naiko ditu bada, galdu txar ero bat ez izatera, onenbat irabazizko kezka-nekeak? Nik ez beintzat!

        Naiz bai, bada, Jesus maitea; naiz neka nadilla neka al adina, zarekin nabillenean, zurekin ibilli nai dut nik bizi nazaño. Ala lenago ez ibilliaz; ta, ez-ibiltze onetatik etorri diran nere utsez, dut damu ta urriki, ta ziñez alere! Barka bazentza guziak! Eman bazenezat, berriz bat ez egiteko grazia! Ori eskatzen dizut, itzez ta gogoz erraten dizudala: Nere Jesukristo, etc.

 

 

Cui comparabo te, vel cui assimilabo te,
Filia Jerusalem? Cui exaequabo te,
et consolabor te, Virgo Filia Sion.

Thren. 2. 18.

 

        Non arki dezaket nik zure parerik, Jerusalengo Alaba-eder, ongi mindurik arkitzen zaran Ama birjina? Tristuraz beterik sartu zen lengo batean Belenen Noemi, bere erraña Rut alargunarekin. Baña aren tristurak ez dute zer-ekusi oraingo zure tristur-min andiekin! Tristatu zen Noemi bere bi seme galduagatik; eta zuk galdurikako Jesusek balio du, bi milla semek eta munduko seme guziak baño anitz eta agitz geiago; ta, ama guziak beren semeak baño, askotan maiteago zenuen zuk galdu dezun zere Seme Jesus maitagarria!

        Non idiroko dut, naigabez, ta nekez beterik arkitzen zaran Ama birjina, zure penak zerbait arintzeko, atsegin, belar, edo bideren bat? Ez eta mundu guzian ere! Emengo arin-bideak eta gauzak baño luze-andiagoa ta zabalagoa da zure biotzeko pena; pena da alabaña, Jaungoiko-gizon ill baten Amari dagokan bezalakoa!

        Bada, penatzen zaran ezkero, Ama maitagarria, ta dakizun ezkero nik, naiagatik, ezin dagikedala deus bat zure penak arintzeko, egizu zuk nere alde ta gure onerako egin dezakezuna; ta zere penakgatik sar gaitzazu gu ere zure ta Jesusen penetan, edo utz gaitzatzu, geren bekatuz penatu zaituztegulako damuz ta penaz beteak; bada bein neke-penak dira gure oben ta kulpa gaistoakgatik!

        Ai, nere Ama maitea! on au atera baneza nik, nigatik izandu dituzun zere neke-pena gogorretatatik! A, bidenabar ar baneza nik, zu nigatik penatu zaralako pena andi ta naigabe bat! Geroz usteko nuke, bizi bear dudala uts-bideetatik urrun, ta pena berrietarako gairik ematen ez dudala. Ar nazazu bada arren, Birjin-Ama maitagarria, bere gaizkiez urrikiturik arkitzen den ume txar bat bezala; ta lagun zakizkit erdisten orain nik adirazia; ta, zuzen bizitzeko bear dudan zeruko grazia; baita orain itzez ta biotzez erraten ere: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

aurrekoa