www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

III.garren OTOITZ-GAIA

NOLAKO IZAN OI DEN
GURE AURTASUNEKO BIZIERA

 

        Ekusi dugu zein txar urrikalgarria den, lenbizitik azkeneraño, gure gorputzaren izatea. Ez dakit bat ere obea ote den, denbora bereko gure bizitza! Gure izate txarrari begiratzeak lagundu digu gure zorrak agertzen. Agertze berriak egiteko, begiratu bear diogu geren bizitzari ere. Begiratzen badiozu urratsez urrats edo pausuz pausu, ta dabillen bezala; edo bein aurtasunean, bein gazte denboran, bein bere sasoiean ta gero bere azken-aldian, ekusiko dezu zer zorrak agertzen dituzun, ta zein andiak! bada ekusiko dituzu zere txarkeriak, eta Jaunaren eskutik arturikako ondasunak. Asi zaitez bada lenbiziko zere pausutik, edo zere aurtasunetik.

 

 

A.

Zorrez betea da gizonaren aurtasuna

 

        Ez dira andienak, ez, aurtasuneko gure zorrak: ez da zordunen zatirik gaistoena aurtasuneko beren zatia: ta alere baditu aurtasunak gizakumearen txarkeria ongi adirazten duten lanak, ibillerak, eta zorrak.

        Barkatzen zaiku geren bataioan bekatu etorkiaren edo orijinalaren zorra; ta kentzen zaiku bekatu berak zekarren loi zikin, ta beltztasun itsusia, baña etzaiku kentzen bekatu artatik datorren gaitzerako griña ta makurtasuna: ta orregatik, adinetara orduko, gertatzen zaiku ate-egaztiari, ibiltzea asi dediñeko, gertatu oi zaiona.

        Atea bere griñak urera darama, oñen gañean asi orduko; ta aurra bekatuaren loiera eraman oi du gaitzerako bere makurtasunak. Ateak ez du onik urean ez dabillenean; ez eta aurrak ere, ezpadabil bere gogora ta bear ez bezala. Zoaz ateari ura utzeraztera; ta ekusiko dezu nola dabillen batetik bestera krazka ta krazka, andik ez atera naiez, edo aterazi badezu, ara berriz itzultzeagatik! Zoaz aurrari aurkeriak eragoztera, ekusi nai badituzu orduko aren naigabeak. Urerako jaioa da atea; ta gaitzerako egiña dirudi aurrak; ain makurtua utzi du gaitz aldera bere bekatu etorkiak, edo bekatu orijinalak. A eskergabeko makurtasuna! zugatik ezpaliz, etzen izain, ez, izaindu den bezain galdua nere aur-denbora, ez eta gañerako nere bizitza ere! Garaituko al zaitut nik datozen egunetan, gal ez nazazun beti ta betiko!

        Makurtasun au aski, ta sobera ezpaliz bezala aurra galtzeko, aurrak, Eskritura Santak dionaz, biotzean, korapilluz bezala, lotua daduka erakeriaren naspilla guzia. Urrikarizko lokarria! ta alere aurrak utzi nai ez duen lokarria! Ez daki aurrak bere lokarri zuen korapillu gaistoak askatzen; ta ez du nai ere aska dezozkan lan ori egiten dakienak: orrekin aur gaisoaz egiten du etsai galgarriak nai duena.

        Ez du nai aurrak, ez, bere erakeriaren korapilluak bestek askatzea: askatzen dira alabaña adituz, ta ikasiz, adituz ikasten diran gauzak; eta erakutsi naiagatik gurasoak, edo gurasordeak aurrak ikasi bear duena, ez du aurrak aditu nai ikas-konturik. Aurrak aurdanik ikasi bear lituke ongi bizitzeko diran gauzak eta egitekoak. Ikasi bear lituk: mandamentuak; baita bertze anitz gauz on ere; baña ori guzia dakienak aurrari erakusi naiagatik, ez du aurrak ikasi nai orrelakorik bat ere; ta, bere jostaerak kentzen badiozka norbaitek orretarako, sumintzen da bertan aur txarra, ta gelditzen da negarrez, edo gutienean illun ta zaputz.

        Erran bezo nai adiña erakusle onak aurrari, sinisterazteko, erakusten dioten guzia dela beraren onerako; naiz erran dezola onez ta palakuz, ez du aurrak siñetsiko; ta siñesten badu ere, ez du naiko ikasten asi. Aurraren nai guzia aur artean da. Ango aur guzien erausia, ango ibillera, ango jostatzea, ango aurkeria da aurrak jakin nai duen guzia; ta ez du aurrak onik bein ere, bere kideen artera iges egin artean. Erakuslearen begietatik gorde orduko, uzten du aurrak aldebat erioaren, sulezearen, zeruaren ta gañerako gauzen gañean aditu duena.

        A, zer asiera, ikaste zuzenak eta gauz on anitz aurrak egiteko! A! zer griña aurraren griñ au, aurrak zorrik gabe bere aurtasun txarra igarotzeko! Zorioneko aurrak, onelako aurkerietara bage, beren aur-denbora eraman dutenak! Egunen batean ezagutuko dute, ori eragotzi zien gurasoai zor diotena, bada ez eragoztera izain ziran, seguru ere, orietan ibilli oi diranak bezain aur zordunak, edo aur gaistoak!

        Zein gaistoak ote dira nai duten eran dabiltzan aurrak? Erran dezala Espiritu Santuak. Andituz doazenean, dio, ageriko da. Nai bezala dabillen aurrak beteko ditu, dio, alkez, damuz ta naigabez, bere Ama ta gurasoa. Gaistoen artean izain da orrela dabillen aurraren bizitza; ta zenbat ere gaist-artean aurra geiago sartzen den, anbat geiago izan oi dira, ta anbat gaistoagoak Jaunaren obenak, lanak, zorrak eta bekatuak: eta arrituak geldituko dira ekusten dituztenak gaizki asi zen aurraren egitekoak ibillerak, eta bukaera gaistoak. Orra zer zion Espiritu Santuak bein aur txarren gaistakerien gain.

        Anitz ote dira, oneiako bizitza txar gaistoa dakarten aurrak? Bai egiakin; ta siñesten ezpanazu, zoaz zerori ekusiz non ta zertan dabiltzan aur geienak; bada, zein diran onak, zein gaistoak, ekusteko, ez dezu, dio Espiritu Santuak, dakazten egitekoetara begiratzea besterik bear. Begira bekie bada aur guziei beren egitekoetara; ta orduan ageriko da, onak diran edo gaistoak aurrik geienak.

        Begiratzen bazaie aurren lanei, ekusiko da orien ona dela sagar, urdarez, goisoz, ta gaitz egiñen dien gauzez, edozein ordutan sabela betetzea, ta denbora berean loiez ta bekatuz anima. Aur batzuek galtzen dute beren osasuna ta bizia aurtasunetik atera gabe; ta, bizirik gelditzen diran aur geienak, edo beintzat anitz, gelditzen dira, adinetara orduko, bekatuz ta zikinkeriz animan galduak.

        Biltzen ikasi orduko, asten dira aurrak kalez kale, baztarrez bazter, ta zokoz zoko. Baña nola? Neska-txar mutikoak nasteka. Ez dakite geldirik egoten: indar gutikoak dira ta moldakaizak: erortzen dira au, ta ura; ta, aldi onetan ta beste zenbaitez, agertzen dituzte estaliak egon bear duten gauzak; eta beren griña gaistoz, ta etsaiak sua emanez, asitzen dira lan txar itsusi gaistoetan; ta galtzen dute bataioko beren ondasuna ta grazia; ta gelditzen dira bekatupean, Jaungoikoaren etsai egiñak, sulezeko nekeak merezi dituztela, ta len baño gaitzerako griña ta makurtasun agitz geiagorekin.

        Geroz etsaiak eragiten diezte, bereei bezala, nork daki zenbat gaistakeri ta lan itsusi. Onik ez dute aurrak, gauz-onetan arkitzen diraño. Ezinbestez doaz elizara, ta lan onetara. Orietan daudenean, ezinegonez daude; sutan bezala daude; ta, geldirik egon bearrean, oñez, eskuz, itzez, ta anitz aldetara bazterrak nasten dituztela. Andik atera bezain laster, beren jostatze, ta egiteko txar lizunetan dira. Gabaz loa, egunez negarra, gaiztakeria, ta bidegabea da aur geienen atsegin, ta egiteko guzia. Orra zein txarra, ta zein zortia mundukoen aurtasuna!

        Ez ote da izandu nere aurtasuna ta asiera ere era berekoa? Joan ote dira nere animatik orduko nere loiak, eta bekatuak? Ez ote dago oraindik konfesatzeko bat edo bat? Noiz eta nola konfesatu ote nituen gañerakoak ere? Zertan arkitzen dira orduko nere kontuak? Bukatuak daude? Zordun nago? Edo nola nago, ta non? bear bezala ote, ta bear den tokian? Ez dakit nik, ez eta munduan denek ere! Jakiñen dut egunen batean! Gaitzerako ote, edo onerako? Ez dakit ori ere!

        Gauza guzien berria dezun nere Jaungoiko jakintsua, atera nazazu arren nere itsutasunetik, erakusten didazula nola arkitzen garan zu ta ni biok. Bakean bagaude, barkatuak daude, bai, nere aurtasuneko gaizkiak; baita gerozkoak ere; ta, aserre bazaude zu, nerea da oben ta kulpa guzia. Zer gerta ere, ona ni prest zuk nai dezuna gaur egiteko. Baña dagidan zure gogara, zuk nigandik gaur nai dezun au, egin ditzagun biok berriro edo bertatik bakeak. Urrikiturik nago, nere Jaungoiko maitagarria, nere aurtasuneko erakeriez! Begitan artuak daduzkat gerozko nere aurkeriak; guziak ematen didate damu ta pena; ta barkatuak ezpadaude, barkatu bear dituzu diranak. Orretarako ez da zer niri begiratu: begira zaiozu zere prestutasunari ta zor dizudan amoreari. Bai, arren: Jaungoiko maitea, bai!

 

 

Tumultuabitur puer contra senem.

Isai. 3. 5.

 

        Ekusi bide zituen Isaias Profetak nere aurtasuneko gogortasuna ta txarkeriak. Asaldatuko zela, zion, aur txarra zarren kontra; ta, orien erranak egin bearrean, beteko zituela bazterrak negarrez ta eskanbillaz. Ez da au nik nere aur denboran egiten nuena? Zenbat naigabe nigatik orduan nere gurasoak! Zenbat kezka ta gau illun! Eta guraso utsak dira, nigatik naigabetu ziranak? Nere aideak, nere auzokoak, eta nerekin ziarduketen geienak, nere aurtasunean ez ote zuten izandu nigatik zer ekusi zer edo zer? Baña nor etzuen mindu orduko nere mukerkeriak, eta gogortasunak? Nor etzuen illuntasunez ta tristuraz bete noiz edo noiz?

        Zorionekoa ni, lurrekoak baizik aserretu ezpanitu orduko nere aurkeriekin! Baziran orien artean, nere Jaungoikoa aserretu zuten txarkeriak ere; ta Jaungoikoaren aserreak dira orain ni beldurtzen nautenak; bada oriek dira betiko nere negar damua, ta sulezeko erretze ta urratze gogorra dakarkeen aserrerak! Ez, arren, nere Jaungoiko maitea, ez! Ez dedilla orrelakorik gerta! Damuturik nago egiñaz; ta, eginkizunak baleude orduko nere txarkeriak, etzeunke ekusiko, ez, nere aurkeri gaistorik! Zuri zor dizut damu au ere, oraingo nere ondunaiarekin batean: ta zorko al dizut, au bezala, nere gaizki guzien barkamentua, ta berririk ez egiteko grazia! Bai arren, Jaungoiko maitea, bai!

 

 

Usquequo, parvuli, diligitis infantiam?

Prov. 1. 22.

 

        Aurrak, noiz artean izain zarazte aur txareroak? Noiz artean ibilli bearrak zarazte zeren aurkerietan? Noizdaraño iraun bear ote dute zuen gogortasunak eta loikeri galduak? Au da nere Jaungoikoak bein baño geiagotan nere biotzari adirazi ziona. Baña Jaunaren adirazte on onek izandu zuen enzulerik? Egin nuen nik, bein batean ere, nere Jaungoikoak aldi orietan adirazi zidana? Utzi nituen nik orregatik nere gogorrerak, nere aurkeri txarrak, eta ibiltze zikiñak? Utzi izandu banitu bein, betiko utziak gertatuko ziran agian, ta onduko nintzan ni bertatik, edo bat ere luzatu gabe; ta gaur arkituko nintzan ditudan aztura gaistoak eta obenak bage.

        Ez ote dit orain ere erraten niri nere Jaungoikoak, aurtasunean erran oi zidana? Ez ote dira, lengo aurkeriak bezain aurkeriak oraingo nere gauzetatik geienak, edo beintzat anitz? Noiz artean iraun bear ote du era onetako nere aurtasunak? Guztiz maitagarria den nere Jaungolkoa nik aldebat utzirik, maitatu bear ote dut gaurgero begitan artu bear nukeen, lenen erako, nere aurkeria? Ez, ongi izatekotz! Ez, Jaungoiko maitea, ez! Ez, zure graziarekin batean! Zorigaistoan maitatu dut oraindañokoan ere! Ez zuen maitatuko, ez, lenago ezagutu banu, orain bezala, gaizki egiñaren itsuskeria! Ezkerrak zuri, palakuz, argiegiñez, eskua emanaz, ta dakizun gisan, onetara nazun ongille maitea! Ez dezazula utzi, artu dezun bidea. Bide onez eraman nazazu zu ziñez emen maitatzera, ta emendik atera orduko, zere zerura. Bai arren, bai!

 

 

Fili mi, inclina aurem tuan,
et audi verba sapientum.

Proverb. 22. 19.

 

        Nere semetxoa, zion bein Jaungoikoak, eta orain ere dio; nere semetxoa, adi zazu zer diodan, ta adi zazu nere ordez dauden jakintsuak erraten dizutena. Nik Eskrituran, ta jakintsuen ezpañez erraten dizudana, ezinobea da, ta guztiz ederra. Egiten badezu, etzaitzu, ez, damutuko. Nik eragin dizudalako, ta zuk zerorrek egin dezulako atsegin andiak mintzaraziko dizu, eskerrak eskerren gain niri emateko. Zorioneko semea zu, finki ta zuzen egiten badezu adirazten zaitzuna, edo egiten badezu gogoz, itzez ta eskuz, egin bear dezun guzia.

        Maite nazun Aitak bezala itz egin didazu gaur, nere Jaungoiko maitea! Erdiratu didate zure itz leunak nere biotz guzia; ta ez dakit zer negiken, seme onaren eran zure erranik txikiena ere ongi ta zuzen egiteagatik! Lenago ori egin bageak ematen dit neke ta damu! Gel bitez barkatuak oraindañoko nere aurkeri eroak, eta gañerako utsak! Barkatu dituzulako pozarekin, saiatuko naz edozein gauzetara; ta den gogorrena izanagatik ere, egin uste dut, zuk laguntzen didazula. Ni onetara ekarri naiez zabiltza zu gau ta egun, ta beti, nere Jaungoiko maitagarria! Ona bada ni, nai dezun guzirako prest, zuk barkatu ezkero, oraindañoko nere utsak eta obenak. Barkatuko al dituzu, nere Jaun maite urrikariz beterikakoa! Bai, arren! Ori da nik orain, nere gaizki egiñen damuz, ta zuk nai dezuna egiteko gogoz beterik, eskatzen dizudana; bein ta berriz erraten dudala: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

aurrekoa hurrengoa