www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VI.garren OTOITZ-GAIA

NOIZKOA DEN GURE JAUNGOIKOA, TA
NOIZ-DANKAKOA JAUNGOIKO BERAK DIGUN AMOREA

 

        Oraindañoko bortz otoitzgaietan ekusi dugu gure ezer-eza ta txarkeria; oraingoan, ta urrengoetan ekusi bear dugu Jaungoikoaren izatea ta ontasuna; ekusirik, bein gugandik Jaungoikoagana dijoana; ta gero gugatik Jaungoikoak egiten duena, ekus dezagun azkenean zein andia, ta zein bazter-bagekoa den guk geren Jaungoikoari zor diogun amorea; baita amore onek ordez gugandik eskatzen duena ere; gure ekuste ta ezagumentu onek eraman gaitzan egin bear duguna zuzen egitera.

 

 

A.

Beti-betikoa da, ta beti bat,
gure Jaungoiko maitaria

 

        Ez da Jaungoikoa, ez, gañerako gauzak bezalakoa: berez dabillen gauza da, ta parerik ez duena. Gañerako gauzak asiberriak dira; bada geiena duenak es ditu oraindik zortzi milla urte; ta Jaungoikoa, urteak baño lenagokoa da; asieraik ez duen, Jauna da; beti ta beti dena da, ta eternidade guzi-guzikoa. Orregatik, bere izenaz galdegin zion batean Moisesek, erantzun zion Jaungoikoak: Ni naz beti-beti nazana.

        Jaungoikoak egiñak dira guk ekusten ditugun, ta zure begietatik gordeak dauden gauzak; eta gauz oriek Jaungoikoak egin artean, etzen mundurik, etzen munduko gauzarik, ez eta besterik ere baña bazen Jaungoikoa; ta Jaungoikoa zen, orain den berbera, ta orain bezalakoa; ta zen gauzen egillea, edo nai zuenean nai zituen guziak egin zitzakena. Oraindik munduak beteak ez ditu zortzi milla urte; ta beste zortzi milla urtez lenagotik ere bazen gure Jaungoikoa; bazen Aita eternoa; bazen Seme Jaungoikoa; bazen Espiritu Santua: edo bazen, irur Persona den Jaungoiko bakar bat.

        Baña ote zen Jaungoikoa, berak mundua egin zuenetik eun milla urtez lenago? Baita lenago ere. Eun milla milloi urtez lenagotik ote zen gure Jaungoikoa? Baita orduan ere. Eta zeruan izar, lurrean belar, itsasoan are-pikor, ganaduetan ille, aritzetan osto, itsasoan ur-tanta adina milloi urtez lenagotik ere bazen gure Jaungoikoa? Baita lenago ta lenago ere.

        Asma ditzakezu, asm-al adiña milloi ta milloi urte: beste anbesteka egin ditzaketzu zere kontuak edo asmazioak; baña zure era orretako asmazioak eta kontu guziak ez dira pits bat adiña Jaungoikoaren egunen aldean. Ez du alabaña Jaungoikoak asierarik; eternidade guzikoa da gure Jaungoikoa; ta konturik bagekoak dira eternidadearen urteak, milloika, ta eun-milloika, ta milloi-milloika, ta nai den eran atereagatik: bada Aingeruak bezain kontari onak balira ere munduko guziak; eta Aingeru ta gizon guziak ariagatik Jaunaren urteak sumatzen ta sumatzen; ta ariagatik bere lan orretan eun milla milloi urtez; ta ariagatik, bein ere gelditu bage, orien guzien sumazioak elkarri iratsiagatik, sumazioko urte guziak ezer-ez bat bezala lirake, Jaungoikoak iraundu duen urteen aldean; bada urteen sumazioak, naiz lizakela sumazio, lizaken baño andiagoa ta andiagoa, izain luke bere asiera ta bukaera; ta Jaungoikoaren urteak ez dute asierarik, ez eta bukaerarik ere: beti-betikoa da alabaña gure Jaungoiko maitaria. Izatearen luzea! Izatearen ikaragarria!

        Baña nola egondu ote zen gure Jaungoikoa orrenbat urtez, edo eternidade guziko urteetan? Oraintxe bezala, ta beti-beti bat. Ez du Jaungoikoak eritasunik, ez du aldarterik, ez du zartzerik. Jaungoikoa naz ni; dio berak Malakias Profetaz, ta ez naz mudatzen bat ere. Beti-beti arkitzen da Jaungoikoa era ta gisa batean; beti-beti berak nai bezala; ta beti-beti atsegin-kontentuz betea. Etzen zerurik, etzen Jaungoiko bera beste gauzarik, berak egin zituen gauzak egiten asi artean, ta eternidade guzi-guzian: ta ala ere, orain zeruan bezain aisa ta ongi zegoen orduan gure Jaungoikoa: zegoen alabaña bere baitan; ta Jaungoiko bera da bere toki, bera egolle, bera da bere atsegin garbi-eder ezin andiagoa; ta bera da, den ta asma diteken guzi-guzia baño anitz eta anitz geiago ta agitz obea.

        Etzuen Jaungoikoak zeru bearrik, ez eta gure bearrik ere, ezin geiagorañoko doatusunez, ta atsegin-kontentuz beterik bizitzeko. Egin baginduen gu, gure onagatik egin ginduen, ta gu atsegin-kontentuz beterik sekula guzian idukitzeko; ta ori guri irabaz-erazi naiez, Jaungoiko berak egiñak dira zeru-lurrak, eta gañerako gauzak ere. Au ongi, ta den bezala, ezagutzen dute, bai, orain zeruan arkitzen diranak, eta, ekusiaz arriturik, zer egin ez dakitela daude, onenbat egite ta ontartegatik eskerrak Jaungoikoari emateko. Ezin kendo dituzte Jaungoiko beragandik beren begiak; eta beti daude Jaunaren laudarioka ta esaten dutela: guztiz ona, guztiz ona ta santua zara, nai dezun guzia dagikezun, ta beti ziñan, gaur zaran, ta eternidade guzian irauteko zauden gure Jauna ta Jaungoikoa.

        Orra: gure Jaungoikoa da bakarrik bere izatea besterik zor ez diona; ta gañerako gauza guziak Jaungoikoari zor diote beren izatea. Bai: Jaungoikoak egiñak dira, dio Dabidek, lurra ta mundua beste gauza guziekin; ta Jaunaren eskuetako lanak dira zeruak; baita zeruan arkitzen diran izarrak, eta edertasun guziak ere.

        Orra: gañerako gauza guziak zartzen diran gauzak dira, ta berez bukatu bearrak; eta, irauten duteño ere, diraute zeren Jaungoikoak eskutik uztera, bertan geldituko lirake ezer-ez eginak, eta, izandu ezpalira baño geiago ageri ez dirala. Ezin buka diteken, ta beti-beti bat dena, eta era batean beti azkitzen den gauza Jauna da, dio Dabidek berak, edo aren ezpañez Espiritu santuak. Ala da, dio san Pablok ere; ez da, ez, Jaungoiko bera baizik, ezin buka diteken gauzarik. Gañerako guziok Jaungoikoari zor diogu geren izatea, ta geren irautea. Ez giñan izaten asiko, Jaunak gu geren ezer-ezetik ezpagindu atera izandu; ta ezer-ez bererako giñake, eskutik Jaunak utzi ezkero.

        An itzez aitortzen du bekatariak, dio san Pablok, baña eskergabe gaistoa da bekataria; ta egiaz, lanez, ta ibilleraz ukatzen du guzia; ta bizi da bere eskukoa bailiz bezala, ta Jaunaren bearrik ez duenaren eran. Jesus! zein guti dion orretan Apostoluak, dio san Bernardok! Bakarrik nai luke bizi, edo Jaungoikorik bage, bekatariak, gaizki ta bere gogora bizitzeagatik; eta ezin eraman du Jaunaren betikotasuna, etorkizunaren beldurrez: ain galdu amurratua da bekatuaren gaistakeria!

        Orrelakoetatik ote naz ni ere? Izandu naz beintzat, bekaturatzen nintzan guzietan; ta ala naz orain ere, orain ere ni bekatutan arkitzera, ta Jaunarekin bakeak eginbagea. Au badakit; eta ez naz negarrez urtzen oraindañoko nere erakeriakgatik? Bekaturik egin ez duten Aingeruak, eta beren Jauna beti ta beti maitatu dutenak ikara daude, ta begiak ezin jaso dituztela, Jaunari begiratzeko! Zergatik ote? Zeren ekusten duten batetik beren ezer-eza, ta asiera berria; ta bestetik Jaunaren izate andi eternidade guzikoa; ta nik, gauza zirtzil, bekatari loiak, bekaturatzen nazan aldioro oinpean bezala dakart, eta begiratzen ere ez diodala, eternidade guziko nere Jaungoiko bera!

 

 

B.

Bera denetik, edo eternidade guzian
bere gogoan iduki gaitu,
ta gaduzka, gu gure Jaungoikoak

 

        Zere txarkeria ta eskergabetasun au obeki ezagutuko dezu, oartzen bazara sekula guzian zuk zere Jaungoikoari zor diozun gauza batera. Zer gauza ote da gauz orren argigille ori? Iduki zaituen bezala, zu zere Jaungoikoak beti bere gogoan idukitzea. Bai: eternidade guzi-guzian, edo asierarik bage, ta beti ta bei gogoan iduki zaitu zu zere Jaungoiko beti-betikoak, bein ere-bein ere bere gogotik utzi bage.

        Jaungoikoa Jaungoiko denetik, ni nere Jaungoikoaren gogoan? Bai: ta denbora pits batez ere aren gogotik atera bage! Ez bide zekien Jaungoikoak? Zein txarra, zein galdu-gaistoa izain nintzan ni, berak egin ondoan? Bai: bazekien ori guzia; ta bazekizkien, egin ditudanean bezain ongi, eternidade guzian nere gaistakeri guziak, nere oben-kulpak, eta nere uts andi ta txikiak! Eta ala ere bere gogoan nendukan ni nere Jaungoiko maitagarriak? Baietz. Zertako ote? Denbora zetorrenean, niri emateko eman zidan osasuna ta grazia: bekaturatzen nintzanean, andik lenbaitlen irteten, edo ateratzen niri laguntzeko; ta gauz onak eraginez, ta egiten lagunduz, ni azkenean bere zerura eraman naiez.

        Baldin bazeneki, gogoan zaduzkala zu zere erregek gau ta egun, goiz-arrats, orduoro, ta beti ta beti; ta gogoan zaduzkala, bere denboran ondasunez zu betezeko, zere gaizkiak zuri itzez ta biotzez barkatzeko, gaizkien barkamentua zuk ziñez eskatu orduko, oriek zuri barkatzean ondasun berriak zuri zerorri emateko, ta azkenean, zu nor bazara, bere erreinuko zaldun, ta prinzipe egiteko: baldin au guzia bazeneki, zer agurrak eginen zeniozke errege onen onari? Zein ziñez serbitzatuko zenuke? Eta zenbat eginen zenuke, naigaberik txikiena ari ez emateagatik; eta nai duen guzia, nai duen orduan, ta alik zuzenena egiteagatik?

        Eta zer lizake zure erregeren oroitze ori guzia, ta ongi naia, zuk zere Jaungoikoari zor diozun, eternidade guziko zutaz oroitze, ta ongi nai aren bazterrean? Zeru guziaren aldean amets bat, edo pitsik txikiena baño anitz eta agitz gutiago. Bada anbat zorko bazenioke zuk zere erregeri, orren gauza txikiagatik, zer zor ez diozu zere betiko Jaungoikoari, adirazi dugun bere ontart andiagatik; eta eternidade guzian zu, iduki zaituen bezala, bere gogoan idukitzeagatik? Munduan denek ezin adirazi dezaken adina!

        A betiko nere Jainko ongille maitagarria! Ni gogoan nadukazula zu beti ta sekula guzian, beste egitekorik ezpazenu bezala! Eta ezpaziña baño geiago zuri begiratu bage ni, geienean beintzat! Gogoan arturik zuk ni, bein ere gogotik ez uzteko, ta noizbait nik zu nere gogoan artuagatik, artu oi, oztasun andiarekin, ta bertan edo laster gogotik uzteko! Zure asmo, ta egite guziak ez naute ni atera izandu zure gogotik eternidadean; ta ni, zu gogotik uzten zaitudala, edozein zikinkeri edo zirtzilleria nere gogoan erabiltzeagatik! Zuk ni zere gogoan beti, niri ongi naiez; ta nik zu ez erabilli nai nere gogoan nere onagatik, eta eskerdun onaren legez bada ere! Ekusi du niork oraindik onelako erakeririk?

        Ni banintz ere beti-betikoa, Jaungoikoa den bezala; ta Jaungoikoa baliz ere ni bezain urte gutikoa, erakeri andia lizake ni artaz, oroitzen nazan baño geiagotan, ez oroitzea. Ekus zazu bada zer erakeri den, izanik ni nazan denborakoa, ta Jaungoikoa Jainko denekoa, edo eternidade guzikoa, Jaungoikoak ni, narabillen bezala, ta beti gogoan erabiltzea; ta nik ura, darabildan bezala bakan ta txarki, erabiltzea!

        Bukatu al da nere oraindañoko erakeri galgarri au? Artuko al dut gaurdanik gogoan maiz, ziñez, ta bear bezala nere betiko, ta beti ni gogoan iduki naben Jaungoiko maitagarria? Bai, nai ezpadut aren gogotik laster atera, ta galdu nazan nere esker-gabetasunak edo oni darraikon bizitza gaistoak! Ala izatera, egin du nereak; eta geroz niri nere Jaungoikoak begiratuagatik, beti ta beti begiratuko dit begirune gogorrarekin, ta nekez ta tormentuz beterik sulezean idukitzeko.

        Ez nere Jaungoiko maitea, ez! Orrela zu nik ez ekusteagatik, artuko zaitut alik maizena nere gogoan: emain dizkizut alik ongiena nere eskerrak: eskatuko dizut zere legearen, ta egin bear ditudan gauzen berria: eskatuko dizut, oriek eskatzen duten laguntza ta grazia; ta onekin batean egiñen dut alegiña, guzi-guziak zuzen egiteagatik. Ala gerta dedilla; bai arren, bai.

 

 

Apud quem non est transmutatio,
nec vizissitudinis obumbratio.

Jac. 1. v. 17.

 

        Lurreko gauzak gauza txarrak dira, ta ez daude luzaro, ez, era batean. Gaur loretan bezala arkitzen diran gauzak bigarko, edo laster, igartuak daude, ustelduak daude, illak dautza, edo ez dira arkitzen leneko eran. Gaur nai dugunaz aspertuak gaude bigar, orain ongi deritzagunari ezin gero begiratu diogu; ta askotan begitan arturik dadukagu len ezin-geiagoraño maitatzen genuena. Eritasunak, edo naigabe batek, illuntzen ditu egunik argienak, edo kezkaz betetzen ditu biotzik ariñenak. Aurtasunari darraiko gaztetasuna, oni urrengo sasoia; sasoiari zartasuna; ta zartasunari eriotza; ta askotan eriotzak urratzen ditu, zartasunerako, sasoierako, edo gaztetasunerako bideak: eta, bizi dedilla bat luzaro, edo ill dedilla lenago, beti dabil aldarteka ta era edo estadu batetik bestera. Asierarik bagekoa, aldarterik ez duena, ta beti ta beti era batean, ta nai bezala arkitzen dena, Jauna da bakarrik, dio Santiagok.

        Zorioneko umeak gu, onelako Jaun baten Legean bizi garanok; bada, lege au zuzen gordetzera, edo egiten badugu bere Legean Jaun onek manatzen digana, eramain gaitu bere Erreinura, ta an idukiko gaitu bere eran, edo eritasunik, zartzerik, eta aldarterik bage, ta atsegin-kontentuz beteak eternidade guzi-guzian! Uste onekin nork ez ditu pozik artuko Jesusen Legeko nekeak eta naigabe guziak? Ni beintzat prest nago, nere Jaun eternidadekoa, zuk nai dituzunak artzeko; ta eraman uste ditut guziak, zerorrek laguntzen didazula. Ala gerta dedilla, sekulako nere Jaungoikoa: bai arren, bai!

 

 

Cogitavi dies antiguos,
et annos aeternos in mente habui.

Ps. 76. 6.

 

        Jaunaren lenagoko egun urrunak, eta beraren eternidadeko urte luzeak goiz aski barraiatzen zuten Dabiden begietako lo guzia, ta orien oroitzapenak, eta iraute arrigarriak zedukaten gau guzian, non arkitzen den ez dakienaren eran. Gisa berean idukiko ninduke ni ere, aren eran nik oriek gogoan erabiltzera, edo urte orietara, ta orien Jaunak egin duenari begiratzen niola, nik erratera: eternidade guzi-guzian nere Jauna ni bein ere bere gogotik uzten ez nabela! Eternidade guzi-guzian ni bage nere Jaun andia, ta ekusten duela ere, ez orduan ta ez bein ere bearko nabela ni pits baterako, nigandik begiak ezin kenduz bezala, ta ni gero, egin ondoan, ondasunez ta ondasunez betetzeko asmoan! Eternidade guzi-guzian ekusten ta ekusten nere Jaungoikoak nik nere denboran eginen niozkan txarkeriak, eta bidebageak, edo nere bizitzako oben-kulpa andi ta txiki guziak; eta alere uzten etzuela ni egiteko asmoa, ta ni ondasunez beterik utzi-naia! Eternidade guzi-guzian Jaunaren gogoan nere berarekiko eskergabetasuna, nere artaz ez oroitzea, nere antuste galdua ta arrotasuna; ta guzi-arren asaldatu bage nere Jaungoikoa, ta, aserretu bearrean, nondik niri eginen zizkidan, eskura nintzaten onak, ongiak, eta ondasun andiak! Ez da au guzia nornai, Dabiden eran arriturik uzteko dina, ta anitz geiago! Ala da, bai, nere Jaungoiko maitea! Baña ez ni oraindañokoan orretara oartu! Ni nere erakerietan oraindañokoan gogoz ta biotzez ibilli izandu! Eta ni lotan egondu gau ta egun ta nere bizitzan, edo bein ere gogoan artu bage, bear bezala beintzat, nere Jaunaren eternidadea, ta eternidade guzian zor izandu diodan ongi naia ta asmoa! Gaurdanik badere ar banitza, ez uzteko nere bizitzan, ez eta eternidadean ere! Ala gerta dedilla. Jaungoiko maitagarria; bai arren, bai!

 

 

Ecce mensurabiles posuisti dies meos,
et substantia mea tanquam nihilum ante te.

Ps. 88. 6.

 

        Ongi ezagunak dira, erran dezaket Dabiden eran, ta ongi laster bukatu bearrak, nere egunak; bada, geien geinaz ere, ez dira eun urte betetzeko diña: ta millaren betegarriak izan arren, zer lirake guziak, eternidade guziko Jaunaren egunen aldean? Ez eta ordu-laurden baten millagarren zatitxo bat ere. Eta ala ere nere gogoan nik nere egunak: nere gogoan nik nere egunetako lan txarrak eta asmoak! eta ez gogoratzen ere nioiz niri eternidade guziko, Jaunaren egunak, eta egun orietan izandu dituen nere onerako asmoak eta asmoak!

        Ezer-ez bat izan ni Jaunaren begietan; ta gauz andi bat banintz bezain arroa ni nere begietan, ta nere ustez! Ez da au, ekus dezakedan erakeririk andiena? Norako nau ni nere antustetzarrak? Zer biilatzen ote dut nik onen ibillera makurrarekin? Zer billa dezaket? Beti-betiko nere Jaungoikoa betiko galtzea! Eternidade guziko nekeak nere gain ditudala, erretzen ta urratzen beti ta beti egotea! Au da nik billatzen dudana nere ibillera galduarekin. Nere erokeria! Ez, nere Jaungoiko maitea; ez gaurgero nik onelakorik! Nik bertan artuko dut beste biderik. Nik artuko dut zure mandamentuen bidea, baita lenagoko nere ibillera gaistoen damu ta urrikimentua ere, erraten dudala: Nere Jesukristo Jauna ta Jaungoikoa, etc.

 

aurrekoa hurrengoa