www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IV.garren OTOITZ-GAIA

NOLAKOA IZAN OI DEN
MUNDUKOEN GAZTETASUNA

 

 

A.

Zorrez betea da
gizonaren gazte-denbora

 

        Zenbat ere gaisto zortiak diran aureen egunak, ez dira izan oi gazteen egunak bezain zortiak eta gaistoak: bada, lar txiki berritik anditura doana, badoa aurren zorretatik gazteen zorretara. Larrak, asi berrian, arantz bakanak ditu, ta dituenak ere, min guti ematen dutenak dira, ta beratxak: baña, andituz doan bezala, betetzen da larra arantzez; ta orduko gogortzen dira guziak, eta odoltzen ta urratzen dute ukitzen dutena. Aurrak ere, aur-denboran ez du gazteak adiña arantz, edo oben ta kulpa; ta, dituenak ere, ez dira gerokoak bezain oben-kulpa gogor gaistoak.

        Gazteen bekatuak, ezaguera osoagoarekin, ta gaistakeriz egiten diran bekatuak dira; ta orregatik dira bekatu gogor itsusiak: baña aurren bekatu-obenak, larrienak diranean ere, aurrenak dira, ta adimentu laburrarekin egiñak; eta zulatuagatik, edo damu ta atsekabe Jaungoikoari emanagatik, ez diote gazteen bekatu-obenak bezalako damurik eman oi.

        Aurrenak baño, gogor itsusiagoak ezezik, geiago ta geiago dira gazteen obenak edo kulpak. Zergatik ote? Zeren aurrak baño su ta indar andiagoak dituen, gaizerako, gaztekiak; eta, urtetan sartuz dijoan eran, arkitu oi den gaztea odol, aurtasunean baño, berotuagoarekin, ta gaistakerietarako griña ta esku, lenagokoa baño, agitz andiagoarekin. Beste alde anditzen asi orduko, emen, ta au, ta bazter guzietan dabil gaztea; ta zenbat geiago dabillen, anbat bide ta zoko geiago arkitzen ditu bere gaistakerietarako. Egiten dituen gaistakeriak anditzen diote gaitzerako bere griña ta makurrera: ta, oni su emanez, eragiten diozka gero bere bakartasunean, beti darraikon etsaiak, al dituen gaistakeri berriak. Lagun arteratzen bada, batzen ditu gazteak au, sulezeko bere etsaiaz bezain etsai gaistoak; eta batak irriz ta farraz, edo bere itz lizunekin; besteak bere eskuz egiten duenarekin, onek alde batera, ta bertzeak bestera, erakusten diote nork daki zenbat gaistakeri edo gaistakeri bide.

        An bertan ez egiñagatik gazteak an ekusten ta ikasten duen gaistakeria, egin oi du gero, bakartzen denean; bada, bakartu ezkero, galtzen du lagun artean artarako izan oi duen alke ta lotsa guzia; ta egin oi du bakartzen denean, zeren lagunarteko gauza gaistoen oroitzapen lizunak nasten dion batetik bere barren guzia, ta bestetik, etsai gaistoak ematen dion suarekin, irakiten dion odolak, eta garaitzen duen atsegin zikinetarako bere naikunde, ta griña gaigarriak: eta, bein orretara ezkero, gazte bekatariak, presa urratu duen ubeldea dirudi; bada ubeldea ur gaziraño bezala, gelditu bage joan oi da gaztea bekatuz bekatu aztura gaistoen osin andira, edo itsasora: anbat dira artara oitzen denetik itzez, eskuz, begiz, biotzez, ta bertze anitz aldetara egiten dituen gaistakeriak.

        A gazte-denbora zoratua! Obenez ta kulpaz beterik arkitzen zaran gazte denbora! Zorigaistoan ikasi nuen nik adin orretan ikasi oi den atsegin gaizto, plazer lizunetarako bide loi likits au! Nik neronek dakizkit gerozko nere ibillerak, eta bekatu zikiñak! Baña ote dakizkit ere? Beldur naz ezetz: ibilli naz alabaña ni anbat denboraz, itsu baten eran, edo non ta zertan nenbillen, bear bezala beintzat, ezagutzen ez nuela. Ejeo deritzan, ta geienean asaldatua dagoen itsasoa bezain asaldatua egondu da nere biotz au, era orretan ni nenbillen denboran; ta aurtasuneko nere obenen bagak gaztetasunaren ondarrera ziraneko, agertu ziran nere biotz txar galdu onetan, gaztetasun bereko nere oben-kulpen bagak; baña bagak, ordukoak baño bizi gaiztoagoak; eta arriz arri, ta perellez perell nere animaren ontzi erdi-urratu au eraman oi zuten bagak.

        Ontzi gaisoa! ta zer egin ziran zuk zere bataioko Indian artu zenituen grazia, ta zeruko ondasun eder andiak? eta zer zere Jaungoikoak geroztik eman dizkitzun gogargi, ta naikunde onak? Ai ene! geiago ta geiago izan balira ere, galduko nituen nik erotzarrak, bein ezezik anitz alditan ere, edo bekatu larriren bat egiten nuen aldi guzietan! eta egin dut nik bekatu, nork daki zenbat eta zenbat aldiz ta bider.

        Sinisten zaitut bai, gazte txar zentzugabeko galdua; indar gutizkoa da alabaña lurrekoen gaztetasuna; konsuelorik bagez eri dagoen sasoia da gaztetasuneko sasoia; bekatuaren sukarrak erretzen dadukan gauza da gaztetasuna; onez erraten zaionik ere ontzat artzea ez duen adina da gaztetasuna: ta orregatik gaztetasuna da atsegin galgarrien izurrizko iturritik edaten, ta edaten ari den egartia. Zer anitz bada, bekatuz bekatu, malurez malur, ta gaitzez gaitz gazte bat, beti ezpadere, geienean edo maiz askotan beintzat ibiltzea!

        Irur gauza dira, gauza guzien artean, erraten du gizon jakintsu errege Salomonek, ezagutzeko gaitzak; eta laurgarrena nik ez dakit, dio, nola den ere. Irur gauzak dira arranoaren edo agilaren aize gañeko egoa, edo egaka; lurreko sugearen ibillera; ta itsasoko ontziarena: laugarrena da gizonaren gaztetasuneko bizia. Ezagutzen dituzu zuk? Begira zaiezu nola dabiltzan, dabiltzanean. Sugea ez dabil zuzen bein ere: ibilliko bada, jiraka dabil, ta aldebat burua, ta buztana beste darabillela. Geienean inguruka dabil arranoa: ta itsasoko ontzia batera darabilte ta bestera, bein bagak, bein aizeak. Orra zein makurra orien iruren ibillera.

        Zuzenagoa ote da gaztearena? Zenbait aldiz ateratzen dute zeruko bidetik gaztea bere griña gaistoak, atsegin-naiak, eta gaitzerako makurtasunak? Non dabil gaztea geienean? Elizan? Eriak ekusten? ta deboziozko gauzetan? A zein guti! Non, bada? Jan-edanean; ongi ez dirudien bazterretan, dantzan, jokoan, izketa ta eskuka zikiñetan, ta bear ez diran lanetan! Zer ateratzen du gazteak bere egiteko ta lan orietan? aldioro, edo askotan beintzat, anima galtzea; ta denbora berean oroitzapen ta gogorazio zikiñak, naikunde loiak, begiratze likitxak, eta asm-al adiña gaistakeri, ta zor!

        Atozea orain: zer du zer-ekusi arrano suge, ontzien ibillera makurrak, era onetako gaztearen ibiltze makurrarekin? Ezinbestezko makurtasuna da sugearena; ta nai ta ez ateratzen dituzte beren bidetik aizeak arranoa, ta aizeak edo itsasoaren bagak ontzia; ta orregatik iruren makurtasunak, ezinbestezko edo bortxazko makurtasunak dira. Berariazko makurtasuna gaztearen makurtasuna da; bada, nai badu, badebilke gaztea bere zeruko bidean zuzen-zuzen, edo bat ere galtz aldera makurtu gabe; ta orregatik gaztearen makurtasuna da eskergabeko makurtasuna; ondotik darraikon sulezeagatik, arritzekoa den makurtasuna! ta makurtasun, Salomon jakintsuak ezin adirazi zuen bezalakoa.

        Bein edo berriz baizik makurtzen ezpaliz bere gaistakerietara gaistakerietan dabillen gazte txarra, noizbait agian zentzatuko litzake, eta egiñaz damuturik, itzuliko litzake eraman bear den zeruko bide zuzenera; baña, makurtzen asitzen denetik, izan oi da aldapa gogor garbi baten erpiñetik erortzen den zunbil edo aitz biribil bat bezala. Gain orrelakotik amiltzen den zunbil andi, edo zur, edo aitz biribilla, erortzen bein asi ezkero, ez da gelditzen azpiko erreka, leku zelaia, edo beste zerbait arkitu artean; ta atsegin-gaistoen mendetik malkortzen den gazte txarra gelditu ez oi da, sulezean sartu arteraño, baldin eritasunen batek bere osasuna, edo ezkontzak eror-bideak eta gaitzerako beatztopak kentzen ezpadioza; edo Jaungoiko maitagarriak egiten ezpadio, noiz edo noiz egiten dituen animako gauz andietatik bat edo bertze.

        Ekusten dezu zein zortsua, zein obendun-galdua den, mundura dotozen geienen gazte denbora, edo gaztetasuna? Ez ote zen era berekoa zurea ere? Zergatik gertatzen dela, deritzazu, gazte zoratuen onenbat itsumen ta onenbat oben-kulpa? Atoz ekustera.

 

 

B.

Nondik datozen gaztearen gaistakeriak

 

        Gaztearen gaistakeriak datoz Jaungoikoaren beldurtasunari lekurik gazteak bure biotzean ez egitetik: Atsegin loien aldapan limurtzen ta irristan asi ezkero, ez du bekatariak, gelditzeko, Jaungoikoaren beldurra ta umiltasuna bertze tokirik; eta gazteak, osasuna duen artean ta indarrak osoak badaduzka, ez du kezkarik edo beldurrik bat ere, S. Anbrosiok dionaz, ez eta umiltasunik ere. Antustez ta eratasunez beterik daduka bere burua; odolak irakiten dio bere zañetan; ta, orrela dabillen artean, ez du gazteak atsegin jostatzeak eta aragi zikiñaren loikeria baizik bere gogoan, ez eta bere biotzean ere. Orien ondoren dabil gazte txarra gau ta egun, ta aldarteak ematen dionetan, edo beintzat anitz eta asko aldiz; ta dabil, bere Jainkoaz ta sulezeaz aisolarik etzaiola.

        Au dakienak bezala, oju egiten die S. Agustinek gazte guziei; ta erraten die: gazteak, begira ongi nora zoazten! Adin guzien artean, zuen adiña da adiñik ederrena; ori da alabaña adin guzien lorea: baña da denbora berean adiñik izugarriena, zeren den adiñ animak errezkien galerazi ditzakena.

        Ala da, Doktore andia, ala da; egia diozu! Min onetan ill bagiña gu, non arkitzen ziran gaur gure anima gaisoak? Arkitzen ziran noski, orduan guk anitz aldiz ta aldetara irabazia genedukan sulezean! bada, Jaungoiko gureak guri orduan emanagatik, orduko geren gaizkiez damuturik gelditzeko lekua, ez dakigu bear den damurik artuko genuen guk orduko geren eritasunean; ez eta ezagutuko, edo siñestuko ote genuen ere, aldi artan ill bearrak giñala: bearbada bizi-usteak, eta sendatu-naiak kenduko ziguten ill gindezkelako uste ta beldur guzia. Eta siñetsiagatik ill-bide zuzena generamala, egiñen ote genuen bear den eran, iltzen diranak azken orduan egiten dutena?

        A, nere Jaungoiko maitea! beldur naz ezetz! sartuegia zegoen nere gogoan adin artako erakeria ta atsegin zikiña, niri orduan orren lan andi on bat egiten uzteko! Begiz, eskuz, ezpañez, belarriz, ezur-zain, aragi-larruz eginak neduzkan, nork daki zenbat oben ta gaistakeri; ta guziak, lotua neudukaten burutik oñetaraño! Nondik nuken nik, ordu ain estuan bear zen indar guzia, lokarri orren sendoak au bertan urratzeko? Zu ziñan bakarrik, nere Jaungoiko maitagarria, lan onetan niri lagun zenizakedana? baña beartua zenduzkadan nik zu orduan orretarako? Zure gogargiari begiak itsirik, eta zure deitze maiteari ez-aditu egiten niola, egiñak ziran nere orduko zikinkeri ta kulpa guziak! Eta zer kulpak? Damuz ta atsekabez zu, Jesus maitea, bete zinduzten kulpak! Bada zer laguntza itxedan nezaken zugandik nik, gisa onetan nik zu zenduzkala?

        Zuri eskerrak eskerren gain nik, nere Jaungoiko maitagarria, zeren nere gazte denbora zorti, bizitza loi, adin obendun artan igorri etzenidan nere eriotza! Bada orduan zuk au igortzera, galdua nintzan ni, bai segurki; ta galdua sekula guzirako! Ez al naute galduko azkenean, orduko nere erakeriak, eta urrats edo pausu gaistoak? Ez baldinbere! Ez arren, nere Jesus maitea, ez! Gal ez nazaten, eman bear didazu orain orduko nere, ta geroztik, nik egin ditudan utsegite guzien ziñezko damu bat eta barkamentua. Ori da bearren dudana; ta gogo guziarekin gaur nik eskatzen dizudana. Ez arren ukatu au, ez, nere Jaungoiko maitagarria!

 

 

Sensus, et cogitatio humani cordis
in malum prona sunt ab adolescentia sua.

Gen. 8. 21.

 

        Gure gaztetasunetik galtzera makurtuak dira gure begiak, gure belarriak, eta gañerako gure animaren lelo, edo sentidu guziak; baita buruko gogorazio, ta biotzeko asmoak ere. Malur doakabe au Adanen bokadutik datorkigu; ta malur onetatik datoz gazte-denborako gure loikeri ta oben guziak! Zorioneko gazteak, malur onen etorkera, edo onetarako griñ gaistoa, garai otean garaitu zutenak! bada garaitu zuten, gogo makurra zuzenduz, ta gauza onetan beren egunak zeramaztela: ta, orrela gaztetasuna eraman dutenak, anitz nekatzen ez dirala, izan dezakee zartze zuzen birtutetsua, ta zeruko bukaera.

        Oriek baizik ez? Baita gañerako nai duten guziak ere; bada birtuterako aski da, aztura txarrak utzi, ta lan onetan ibiltzea; ta au ta ura egiteko, prest dagoen graziaren laguntzaz baliatzea; ta laguntz au ez dio Jaungoikoak ukatzen ongai ta ziñez eskatzen dionari, gaisto-gaistoa izandu badere, bere eskatze on au egin arteko denbora guzian.

        Ori orrela bada: ona ni, nere Jaungoiko ongillea; ta ona ni, gazte denbora galdu bateko nere zor guziekin! Orduko nere aztura gaiztoak anitz geiago gaistatu dira geroztik: eta galdua baño galduagoa dago orain oriekin nere anima gaisoa! Zugana nator ni, nere Jaungoiko maitea, zuzendu naiez nere oraindañoko utsak eta gauza makurrak; eta nator, eman didazulako uste osoarekin, lan onetarako bear den indar ta laguntza guzia. Ziñez eskatzen dizut, eta leneko nere gaizki guziez ongi damuturik. Erdisten badut gaur orien barkamentua, ta orain eskatzen dudan zure laguntza ta indar au, egin uste dut gaurgero, beren gaztetasuna ongi eraman zutenak egin oi duten guzia edo bizitza on, garbi, birtutezko bat. Ala gerta dedilla, Jaungoiko maitea, bai arren, bai!

 

 

Memento Creatoris tui in diebus juventutis tuae,
antequam veniat tempus afflictionis.

Eccle. 12. 1.

 

        Oroi zaitez, erraten dizu zere Jaungoiko maiteak; oroi zaitez zere Egilleaz zere gaztetasunetik, eta nekezko zure egunak etorri ditezen baño len. Oroi zaitez, bai; zere Jaungoiko egilleari, egin zinduen egunetik egungo eguneraño zor diozun guziaz. Oroi zaitez zertako egin ote zinduen zu, edo nora eraman naiez, egiña zaduzkan emen zere Jaungoiko maitagarriak. Baña oroi zaitez, diodan bezala, bertatik eta gerorako utzi gabe oroitze on, gauz onen eragille au. Oraingo zure otoitz onek (bein ta berriz, ta askotan otoitzen zarala) urrundoko zaitu zere Egillea berriro aserretzetik, edo bekatutik; eta zuzenduko zaitu, Egille berak emain dizun graziarekin, egin bear dituzun gauza onak egitera; ta azkenean, oriek zerekin dituzula, zere zerura. Zorioneko oroitza, onetan gelditzen den oroitza! Orain badere nere gogoan sar baledi oroitz on eder ongille au!

        Esker-gabe txarra! Oroitzen zara zu gabaz, egunaz, ta orduan anitz aldiz ere, zure anima galtzeko diran gauzez; ta ez dezu gogoan artu nai, gogotik utzi bear etzenuen zere Jaungoikoaren oroitza! Gauz arrigarria! Ez dezu gogoan artzen, gauza guzietarako bear dezun zere Jaungoikoa; ta, nai dezu erabil zaitzan zu zere Jaun andiak, bere gogotik utzi bage bein ere! Zure Jaungoiko egilleak ez du zure bearrik bat ere ura bage ezin dagikezu zuk, egin diteken gauzarik txikiena: ta ala ere zure Jaungoikoak oroitu bear du zutaz, ta zuk zere Jaungoikoaz ez? Ekusi dezu onelako erakeririk? Utziko dezu? Bai baldinbere, nere Egille, Jaun andia! Lenago ez utziaz dut damu; ta ziñez alere! Etzaitzadala zu gaurgero nik nere gogotik utzi! Ez, nere Jaungoiko maitea, ez! dagidan gaurdanik ill artean, beti egin bear nukena, ta zuri zor dizudan guzia. Ala gerta dedilla, bai arren, bai!.

 

 

Delicta juventutis meae, et ignorantias meas
ne menineris: secundum misericordiam tuam
memento mei tu, propter bonitatem tuam.

Ps. 24. 7.

 

        Ez da, Jaungoiko maitea, ez da zer begiratu, nere gaztetasuneko oben-erakeriei! Gaizki egiñak dira; ez dut ukatzen; baña egiñak dira, gaztearen erakeriz, ta oarkabean bezala: ta orregatik, gaistakeriz egiten diranak baño aisago barka ditezkeenak dira. Barka ditzatzun bada guziak, nik nai ta bear bezala, begira zadazu urrikarizko begiz, nigatik ezpadere, zere bazterrik bageko ontasun ederragatik.

        Gal nazakezu noiznai, orduko nere txarkeri loiakgatik: eta etzenuen orain artean zer itxedan orretarako: baña zer irabaziko dezu ni bezain gauza txar errumes bat galeraztearekin? Geroz ezin eginen liket ongirik bat ere zure urrikaltasunak edo miserikordiak. Ez da bada obe izain, nere Jaungoiko maitea, zuk zere urrikaltasun ongilleari, ni gazte denbora eroko obenpetik atera nabelako, atsegin andi bat egitea? Egiozu bada bertatik; eta bidenabar egindazu niri ere, nik ar dezakedan atseginik andienetatik bat: bada, nik lur gañean ar dezakedan atseginik bada, da bekatuen barkazioa, ta orrekin datorren zure grazia ta adiskidetasuna. Indazu arren bata ta bestea; ta indazu, bat ere luzatu gabe; bada eskatzen dizut damua beterik, eta biotzez ta itzez erraten dizudala: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

aurrekoa hurrengoa