www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XI.garren OTOITZ-GAIA

NOLA EGITEN DUEN JAUNGOIKOAK GUREKIN,
GURE ONERAKO, EGITEN DUENA

 

        Non garan gu, ta nor den gure Jaungoikoa; ta Jaunarekiko gure txarkeriak, eta Jaunari guk zor diozkagun ontarteak ekusi ezkero, ekusi ditugun bezala, ekusia dago ezin geiagorañokoa dela guk geren Jaungoikoari zor diogun amorea. Ala ere, obeki au ezagutzeko, ekusi bear dugu, nola egiten dizkigun gure Jaungoikoak, egiten dizkigun ontarteak eta faboreak; eta au ekusiko dugu, ekusiz non arkitzen den, ta zer eran gure Jaungolkoa, oriek guri egitean; zer asmoak diran orduko gure Jaunaren asmoak; eta zergatik egiten dizkigun egiten dizkigun onak.

 

 

A.

Gurekin dago beti,
gu diñakoa baizik ezpaliz bezala,
gure Jaungoiko ongille maitagarria

 

        Ez da gure Jaungoikoa, gu bezala, gorputzarekin arkitzen den gauza. Espiritu uts-utsa da gure Jaungoikoa; ta orregatik sar ditekena da gu, geren gorputzakgatik, ezin sar gaitezken lekuetan, tokietan, ta gauzetan ere: bada gu ezin sar gaitezke, Jaungoikoaren milagrorik bage, zulorik ez duen arri oso, edo aritz batean; ta gure Jaungoikoa sarturik dago aritzetan, arrietan, ta arkitzen da edozein gauza txiki ta andi, lasai, estu, zabal, mear, bera, ta gogorren barrenean. Ongi izateko, bear du non-nai gure gorputzak bera diñako tokia; ta bear du toki, beste gauzaz beterik arkitzen ez dena: bada oin bat ere ezin ezar dezaket nik, zuk zerea dadukazun tokian. Or nerea nik ezartzeko, lenik kendu bearko dezu zuk ortik zerea.

        Gure Jaungoikoak ez du bear bera, beste tokirik, ongi, aisa, ta, nai duen eran egoteko, egondu den bezala joan den eternidadean, edo zeru-lurrak eta munduko gauzak egiten asi baño lenago denboran, ta sekula guzian; bada orain amar milla urte, ta geroz ere etzen oraindik mundurik, ez eta Jaungoiko bera beste gauzarik ere: ta bera baizik etzen lenagoko denboran ta eternidade guzian, arkitzen zen gure Jaungoikoa geroko urteetan, ta orain ere, arkitzen den bezain ongi ta aisa.

        Baña, berak gero egiñikako leku ta bazterren bearrik ez izanagatik, ongi, ta bear bezala egoteko, badagoke gure Jaungoiko maitagarria, gauza ta toki edozeinetan; ta, tokiak, bazterrak, eta gauzak egin zituenetik, guzi-guzietan dago. Bai; berak egin zituen, ta dirauten gauza guzietan arkitzen da gure Jaungoiko maitagarria; baita gure baitan ere; ta emen arkitzen da gure anima bere gorputzean bezain barren, ta barrenago ere sartua. Zatirik ez duen espiritu-uts osoa da gure anima; ta, gure gorputzean dagoeño, sartua dago gure ezur muñetan, ta gure gorputzaren gauza ta leku guzietan. Nola uste dezu? Oso-osoa.

        Bai; zure anima guzia dago zure buruan; guzia dago edozein zure eskutan, guzia zure oñetan, ta guzi-guzia zure oñ-eskuetan, buru-besoen, ta zure gorputzeko gauzen zatirik txikien-txikienean ere. Luzatzen ta zabalzen da zure anima, zure gorkutza luzatzen ta zabaltzen denean; ta zure gorputza noizbait meartzen, edo laburtzen bada, au bertan biltzen da zure anima ere; ta arkitzen da beti zure anima, zure gorputzak adiña toki baizik ez duela. Orra gure animaren gorputzeko egoera: ta orra urrutitik, eta gaizki badere, Jaungoikoaren guregango, ta gañerako gauzetan, duen egoera adirazten duen egoera bat.

        Bai; gure Jaungoikoak mundu guziaren anima dirudi; bada gure animak gure gorputza bezain ongi, ta agitz obekiago ere, betetzen ditu mundu guzia ta munduko gauza guziak. Ez da, ez, zeruaren gañetik lurraren ondorañoko guzian gauzarik bat ere; ez da itsaso guzian, ez da iturrietan, ez da ibaietan, ez da nion ere ur-tantarik; ez eta den pits txikienik ere, bere izate andiarekin Jaungoikoak betetzen ez duenik; bada ez du uzten bat ere, naiz dela den txarrena, den txikiena, ta den itsusiena beregana artu, ta bere izatez ezin-geiagoraño bete gabe.

        Gauza arrigarria! Ekusi degun diñakoa, ekusi degun bezain andia izaki, edo ezin andiagoa gure Jaungoiko maitagarria; ta ala ere Jaungoiko, den guzi-guzia, nere animan den guzi-guzia nere gorputzean; ta dena, den bezala, ta deus ere gelditu bage, nere biotzaren erdi-erdian! Jaungoiko guzia, bai: Aita, Semea, ta Espiritu Santua emen nere gorputz txar onetan, nere anima onetan! nere biotzean! ta emen nerekin Jaungoiko, den guzia, bestetan arkitzen ezpaliz bezain osoro! ta au guzia deusez bat baliz bezala, Jaungoiko guzi-guzia nere buruan, nere eskuan, ezur-zañetan, ta nere gorputzeko zatirik txikienean; ta, den guzia nere zati, edo gauz orietatik edozeinetan, besteetatik batean ere arkitzen ezpaliz bezain osoa! da alabaña gure Jaungoikoa zatirik bagekoa; ta, non nai arki dedilla, egon bear du oso-osoa, ta den guzia.

        Ez dezu ekusten zein aldean dadukazun zuk zere Jaungoikoa? Ez dezu ekusten, zere aldean ezezik, zeregan edo zere baitan dadukazula zuk zere Jaungoiko guzia? Ez dezu ekusten guzi-guzia dadukazula zere animan, ta guzi-guzia edozein zure gorputzeko puskan, ta zatitan? Zu, ta Jaungoikoa biok bat ez izatera, ezin dakoke zure Jaungoikoa, dagoen baño zure alderago: ta orrela dago, alderagotik zuri ontarteak eta fabore andiak egin naiez.

        A, nere Jaungoiko ongille maitagarriai Galdu ez nadin ni, ta niri bertatik lagundu naiez, nerekin zu! nere animan zu! nere gorputzean zu! nere biotz txar onen erdi-erdian zu beti, ta beti! ta denbora berean (dakizun bezala) zure igesi ni! bekatuen ondoren ni! ta etsaien atzaparretan ni! Non nuen nik oraindañokoan nere burua? Non adimentua? Adimenturik ez duen baten eran, edo bururik gabeko bat bezala, bizitu naz ni oraindañoko nere denboran! Ai nere Jesus maitea! Orretaz dut damu, ta ziñez alere! Ez al naz berriz sartuko ni era bereko erakerietan! Ez nuke nai beintzat, nere Jaungoiko maitagarria! Nik orain, ta beti, ta gero nai nukena da, zu nere biotzean bezain barren, ni zure gogoan, edo amorean sarturik bizitzea!

        Oraingo nere nai on au nik ez galzera, ez dut bekatu berririk egiñen, ez, bizi nazaño; ta lenik eginak daduzkadanak zuk niri barkatu ezkero, zurea izain naz ni, nazan guzia. Ni zurea naz izatez, dakizun bezala; ta, ongi izateko, zurea bear dut izan alde guzietara. Jabetu zaitez bada nere biotzaz, nere animaz, ta nazan guzi-guziaz, biotz nerean, nere animan, ta ditudan nere zati guzietan sarturik arkitzen zaran Aita, Semea, ta Espiritu Santu, nere Jaun andia: bai arren, bai!

 

 

B.

Gurekin dagoen gure Jaunaren asmoak
gure onerako asmoak dira

 

        Gure Jaun andiak etzuen toki bearrik, ekusi dugun bezala, nolanai, ongi, ta aisa beti bizitzeko. Berak ala nai izanik, egin izandu ginduen garan guziok. Beregana artuak gaduzka egin ginduetik; eta gurekin arkitzen da bera guri ongi naiez, ta guri alderagotik begiratzeagatik; eta begiratzen digu, animak gorputzari baño agitz zuzenago, ta ezinobeki. Anima berandu asten da gure gorputza zaitzen; asten da alabaña, gorputzduna adiñetan sartu ezkero; ta gure Jaungoikoak zaitzen gaitu gu, egiten galtuen puntutik. Bere egitekoak egiñen baditu gure animak, bear du, gorputzean dagoeño, gorputz beraren laguntza ta eskua, ta alere ez du zaitzen bear bezala, beti beintzat, gure animak bere gorputza. Gure Jaungoikoak ez du deus-etako ere gure bearrik; eta, gure bear baliz bezain ongi ta kontuz gau ta egun, ta beti zaitzen gaitu gu geren Jaungoikoak. Naiagatik, ez daki askotan animak zer egin, gorputza sendatzeko, edo, eritzen zaionean, gal ez dezan duen osasuna: ta zenbait aldiz, jakiñagatik, ez du egin nai orretarako egin bear lukena. Ezin-jakintsuago da gure Jaungoikoa. Badaki gure onerako ta gaitzerako den guzia: ta, izandu ezpada zeinbait aldiz, izandu den baño obea gure osasuna, gure kulpaz izandu da ori, edo gure onerako; bada onetarako ematen dizkigu guri geren Jaungoikoak, ematen dizkigun gauzak, naiz leunak izan, ta naiz latzak; jakintsua bezain ona da alabaña gure Jaungoikoa, ta, guri dagokigun eran, bere gauzak egiten dituena. Au onela dala, den bezala, ez da anitz gu geren Jaungoikoak zaitzea, animak bere gorputza zaitzen duen baño obeki, ta obekiago ere.

        Obeki au zuk ezagutzeko, jakin bear dezu, Eskritura Santak dion gauza bat: Eguzkiaren argia baño argiagoak dira (dio Eskriturak) Jaungokoaren begiak; eta ekusten daude beti begi oriek gure bideak, eta itsasoaten osiñak. Bai: bertatik ekusten ditu gure Jaungoikoak, non-nai arkitzen diran gauzak, eta edozein bazterretan gertatzen den guzia; arkitzen da alabaña gauza, ta bazter guzietan; ta begira dago beti-beti gauza bakoitzera, ura baizik ezpaliz bezala; ta ez da, gure Jaungoikoaren ekuste garbia eragoz dezaken illunberik.

        Ganaz bada, ta egunaz, beti ta beti begira dagokie zure Jaungoikoa zure gorputzari, zure animari, zure eskuari, zure oñari, zure biotzari, ta zuri, zaran guzi-guziari. Ekusten du zure Jaungoikoak gaitzerako zure makurtasuna; ta ekusten du, zere bide-txarrak berak galerazten ezpadizkitzu, bilduko dituzula zuk keñada zikiñak, gogoeta loiak, asmo lizunak, eta bear ez diran lanak, obenak, azturak, eta gaizkiak.

        Zure gaizkiak bezala, ekusten ditu Jaungoiko berak zuk egin ditzaketzula, nai badezu, gauz onak eta irabaziak ere. Guziei zure Jaungoikoak begiratzen die, zure gaizkiak eragotzi naiez, ta on anitz zuri eragiteañatik. Orretarako sasoiaren, ta orduaren begira dago zure Jaungoikoa, begiak bein ere zugandik kentzen ez dituela. Ala dio berak; bada dio: begietatik, eta gogotik utz dezake amak besoetako bere umetxoa, baga nik etzaitut utziko zu bein ere nere gogotik eta begietatik.

        Bai, beti ta beti dago gure Jaungoikoa guri begira, ta beti dago gure ona zaitzen bezala. Guk geren esker gabez, edo ekarkeriekin, aragozten ez diogunetan, zuzentzen ditu gauza guziak gure ongira, ta gure doakundera. Au da oraindañokoan guk ekusi duguna, edo, oartu bagiña, ekusiko genuena, ta orain ere ekusi dezakeguna. Begira zazu, siñesten ezpadezu nik orain adirazten dizudana, begira zazu gertatu zaizkitzun gauzetara; ta ekusiko dezu zer erraten dizun zure Jaungoiko maitagarriak zere biotzean; bada errain dizu: Atozea: ta zenbat aldiz adirazi dizut nik egin ditzatzula gauz au, ta ura, edo besteren batzuek? Baña zuk ez-aditu egiten zenuen, askotan beintzat: eta ala ere ez ditut nik zugandik kendu bein ere nere begiak. Nik nai nena, ta zuri zegokizuna, zen zuk bere orduetan egin bear zenuena: baña zu, ori egiteko iratzarriaka erne egon bearrean, egondu zara geienetan, edo anitz aldiz beintzat, lo ta lo zere bekatu galgarrien oatze gaistoan: ta, au bertan nik, zuri bizia kendu-lekuan, eman izandu diozkat kroskadak, eta kroskadak, zure biotz txarrari; ta kroskada oriek ematen niozkan, esna zindezen lenbaitlen; ta, iratzartzen zu, edo konturatzen asi orduko, zuri sartu naiez nenbillen ni sulezeko nekeen beldurra, ta zeruko atsegin-kontentuen gogoa: gogo onek, eta zerua galtzeko beldurrak atera zintzaten zu zere oatze loi gaisto galgarri orretatik. Alere etziñan zu ortik ateratzen; edo, atera ondoan, itzultzen ziñan berriz, ta berriz, ta askotan ere ara bertara, ta zere bekatuen lo gaistora; ta orregatik ere etzaitut kendu izandu nik nere gogotik; ez eta nere begietatik ere: zure barrenean arkitzen nintzan beti; ta beti nengoen ni zuri begira-begira, noiz konturatzen ziñanean, ondu-bidean zu sarrerazi-naiez.

        Orretarako eman izandu nizun (dio oraindik ere zure Jaungoikoak), dezun anima, dezun gorputza, ta dezun izate guzia. Onetarako nik oraindañokoan iduki zaitut, eta orai ere zaduzkat, bizirik. Nik ezpazindut egin zu, etzinan bizitzen asiko sekulan; ta, uzten bazindut, orain bertan-bertan illen ziñake; ta, ill ezezik, izandu ezpalira baño geiago ez lirake geroz ageriko zure gorputza ta anima: bada biak, sua ke-aizetan bezala, ezer-ezean geldituko lirake. Egin dituzun txarkerien ondoan, bizi bazara, niri eskerrak; bada bizi zara, zeren zurekin nagoen, ta, eskutik bezala, dadukadan bein eman nizun zere bizi ori. Zabitzanean, nerekin zabiltza, ta zeren nik, eskutik bezala, zaramatzidan, bada batela bertan illotza eroriko ziñake. Egiten dituzun gauza guzietan ari zara zu, zeren zurekin nagoen ni; zeren nerekin zaduzkadan zu, ta zeren nik zuri kentzen ez dizkitzudan, bein eman nizkitzun izatea, bizia, ta indarrak. Oriek zure onera zuzendu naiez nago beti zurekin ni; ta nago, zu zuzentzeko sasoi on baten begira. Orra Jainkoak ixil-ixiltxorik zure barren orretan diona.

        Ez dezu ekusten zein erne dagoen, ta zein ona den zerekin dadukazun zure Jaungoiko maitagarria? Oartu zara bein ere zu, betiko Jaungoikoaren zure zaitze, zure onari begiratze onetara? Ez dut uste; bada, oartu ezkero, etzen erraz Jaun onekiko izatea zu, izandu zaran bezain eskergabe gaistoa! Badezu nonbait zuk zere Jaungoko idukitzalle, erne, onari adiña zor diozunik? Badezu, au baño bearrago dezun gauzarik? Eta alere gabak eta egunak, asteak eta illak, urteak eta urteak doazkitzu, zere Jaungoikoari zor diozun betiko begiratze onez ta ontasunaz oroitu ere gabe? Edo burutik irauzia zaude, edo arrizko biotza dezu, edo ez dakit, zer dezun zuk! Ekusi zazu zuk zerorrek; eta, gaistoak utzirik, artu zazu ongien dagokizun bideren bat. Orretarako da, zaduzkatzien bezala, zere Jaungoikoak zu bere eskutik idukitzea, ta, begiratzen dion bezala, zure onari begiratzea; baita ematen dizkitzun indar berriak ematea ere.

 

 

C.

Gure onagatik da gure Jaungoikoak
gurekin egiten duen guzia

 

        Bai: izatez, ta begiratzez bezala, esku ta indarrak emanez ere, zurekin da beti zure Jaungoikoa; ta zure onerako da Jaungoikoak zurekin egiten duna. Jaungoikoak egin ezpazindu, ezer-ezean egoin ziñan egun, ta eternidade guzian ere, ta orobat gertatuko zen, utzi bazindu zu egin ondoan, edo edozein orduz ta denboraz. Badaranzu oraindik, eta bizi zara zu, zeren zere Jaungoikoak zaduzkan bere eskutik, iutzi gabe. Zertako egin ote ginduen zu ta ni, biok, gure Jaungoiko maitagarriak? Zertako ote gaduzka gu Jaungoiko berak bizirik gaur? Anitz gauz on egiten ditugula, zerua irabazteko. Gauz oriek ezin ote genegizke geren indar utsekin? Ez. Nork emain digu bada, orretarako falta zaikun, indar-eskua? Bere barrenean, ta eskutik gaduzkanak, edo gurekin arkitzen den gure Jaungoikoak. Bai: guri, bear ditugun indarrak emateko, ta, egin bear duguna guri eragin naiez, arkitzen dugurekin gure Jaungoikoa: ta arkitzen da gurekin, gure anima gure gorputzaren baño, gure on agitz andiagorako.

        Gorputzak deus-bat ezin dagike, ezpada animarekin batean; ta, animak gorputza iutzi ezkero, lurrean datza gorputza; ta lurrean datza, datzan lekutik, arri bat baño geiago igitzen ez dela. Geroz badoazke gorputzagana zakurrak; baita arranoak ere, nai dioten guzia egitera; bada oriek ari bere tripako esteak, bere gibela, bere biotza ta begiak ateratzen ariagatik, ez die, ez, gorputzak eskurik goratuko; ez eta keñatuko ere; ta, zernai oriek ari egiñagatik, ixill-ixill egoin da; ta, txoriaren oinpean dagoen aitza edo zura baño geiago igitzen ez dala. Egiñen badu zerbait gure gorputzak, bear du bere anima ta animaren laguntza: ta onekin batean egiten ditu egiten dituen gauzak.

        Au guzia zor dio zure gorputzak zure animari. Zor andia dela deritzazu? Bada agitz andiago da zuk zere Jaungoikoari diozun zorra. Bai, agitz andiagoa; bada zuk zere anima zere gorputzean idukiagatik, ezin dagikezu keñu bat ere, edo den gauzarik txikiena, orretan Jaungoikoak ez-laguntzera zure gorputz-animei. Berebat gertatuko litzaioke, bakarrik egonagatik, zure animari; bada, animarik gabeko gorputza bezain geldi egoin lizake orduan zure anima, Jaungoikoak laguntzen ezpalio bere gauzak egiten; ta, animak egiten duen guzia, bere gorputzean arkitzen den denboran, ta gero gorputz au ill ondoan, egiten du, ez bakarrik, baizik bere Jaungoikoarekin batean.

        Jaungoikoak laguntzen ezpalizu, ez luke maitatzerik zure biotzak, ez luke ezaguerarik zure adimentuak; ez eta oroitzapenik ere zure gogoak. Dituzun oroitzapenak, ezaguerak, eta maitatze guziak, zere Jaungoiko onak laguntzen dizula, egiñak dira. Oroitzen bazara noizbait aditu zenituen gauzez; ezagutzen badituzu len ekusirikako gauzak, eta gauzak maitatzen badituzu, egitan dezu zuk au guzia, zere Jaungoikoak emanikako indarrarekin, ta berak laguntzen dizula.

        Zerbait ekusiko badute zure begiak, bear dute zure Jaunak emanikako indarra ta laguntza. Jaunaren indar au ta laguntza bage, ez dezu adituko itzik, ez dezu adituko otsik; ez eta soñurik ere. Jaun berak laguntzen ezpadie, ez dute artuko zure sudurrak loreen usairik, edo bertze urriñik; ez dute ortzak txikituko jatekorik; eta ukituko ez dute zure eskuak, munduan diran, gauzetatik bat ere. Guzirako bear dezu zuk zere Jaungoikoaren laguntza ta indarra; ta, indar au datorkizun artean, ura aitu zaion errota bezala, geldi-geldirik egoin zara.

        Bear dezu, Jaungoikoaren indar au ta laguntza, asnasea artzeko, lo egiteko, ta oarturik eta oartu gabe egiten dezun gauza bakoitzerako. Amets bat ere izain etzenuke zuk, zere Jaungoikoak laguntzen ez liola, lotan nastua dabillen zure buruari. Ez lizake zure barrenean janaria bein odol, ta gero ezur-zain, aragi, printz, larru, ezkazal, edo ille egiñen, zurekin batean ari ezpaliz, onetan ere, zure Jaungoikoa.

        Au guzia deusez bat dela deritzat nik, orain erran nai dizudan gauza baten aldean. Oraiñdañokoan ekusi ditugun, ta, zuk egiten dituzun gauz onetan ezezik, gaistoetan ere bear dezu zuk zere Jaungoikoak emanikako bizia, ta indarra; bada au bage, ezin dagikezu bekatu bat ere. Ez die Jaungoikoak gaistoei kentzen indar au, ta bizitza, gauza gaistoren bat egin nai dutenean: lendabizitik egin ginduen gu geren eskukoak, nai dugula, irabaz dezagun geren zerua; ta ez da bere eskukoa, nai duena egiteko, bear duen indarrik bage arkitzen den gizona.

        Ez luke nai gure Jaungoiko maiteak, ez, egin zenezan zuk bekaturik bat ere: baña, egin bear dituzun gauz onak utzi, ta gaistoetara makurtzen bazara, gogoaren kontra badere, ta, bide onean zu idukitzeko egin bear duen guzia egin ondoan, uzten dizu gauz onetarako eman zizun indarraz gaizki, ta beraren kontra, zu baliatzea.

        Idikitzatzu noizbait zere begiak, eta ekusi zazu zere Jaungoikoari alde onetatik ere zor diozuna! Aingeruei, gizonei, ta gañerako gauza guziei laguñtzen die Jaungoikoak beren egiteko andi ta txiki guzietan; ta, zu baizik munduan ezpaliz bezain astiz ta kontuz, laguntzen dizu zuri zereetan. Guziak, nai luke gure Jaungoikoak izan litezen onak, eta zeruan irabazleak; baña egiten dituzunak egin ditzatzun biotzez, ta nai dezula, ez dizu bortxaz eragiten bat ere.

        Adirazten dizu, ongi dagokizuna; adirazten dizu aldioro zer ta nola egin bear zeunken. Alde orretara zuzentzen zaitu biotza ukituz, bidea erakutsiz, ta uts-bideetarako beldurraz ere gogoan sartzen dizula; ta onerako naikunde bat zuk agertzen asi orduko, ematen dizu bertan, ta gogoz alere, ara egiteko bear dezun indarra ta laguntza. Au egin orduko, ta puntuoro ekusiagatik zu zure Jaungoikoak naikunde on berriarekin, ez dizu ukatuko guzi-guzirako bear dezun indarra ta laguntza: au bertan emain dizu, bai; ta ori eman ondoan, arkituko dezu zuk zere Jaungoikoa, grazia ta laguntza berriak eta berriak eman-naiez betea. Nekatzen ez diranak dira Jaungoikoaren indarrak; ezin-emalleagoa da gure Jaungoikoa; ta ematen digun baño geiago ematen ezpadigu, izaten da guk eskatu gabez, ta zeren gure txarkeriak eragozten dioten ematea.

        Arkitzen balu diruzaleak, nai duen guzirako, gure Jauna bezalako indar-emalle ta lagun on bat, aisa aski ta laster aberastuko litzake: bada emallearen indarrekin aterako lituke lurpeko urre-zillar, ta diamanteak; baita itsasoan ondatuak dautzan ondasunak ere, au azitzen diran perla guziekin batean; ta, oriek bildu ezkero, Españako, Franziako, ta munduko errege, enperadore, ta gañerako gizon aberats guziak baño aberatsago izain lizake diru-zalea.

        Ez da munduan orrelako indar-emallerik, eta bere indar-laguntzak artzalleren onerako, besterik bage, ematen dakienik. Ez da, gure Jaungoikoa baizik, bear den guzirako indarrak orrela ematen dakienik. Munduko ontasun guziak baño geiago balio du Abe Maria bat ongi errateak. Goizetik arraseraño erran ditezke, dakizun adiña; edo, orien lekuan, egin ditezke oriek adiña, ta agitz geiago, balio duten bertze anitz gauza. Egunaz bezala, gabaz ere ari zaitezke gauz onak eta onak egiten. Orretan ari nai badezu gau ta egun, ta beti, zere ill-arte guzian, emain dizu zure Jaungoikoak, eta pozik alere, guzi-guziak egiteko bear dezun guzia: ta, zeruko zure doakunderako bear baliz, lurpeko, itsasoko, ta bazter guzietako ondasunak biltzea, oriek bildu-naiarekin Jaungoikoak zu ekusi ezkero, emain likezu, orretarako bearko zenuen indarra ta laguntza; ta emain likezu zure onerako, bada ez du Jaungoikoak zure gauzen bearrik bat ere.

        Orra zertako dagoen zurekin zure Jaungoikoa: egiten dituzun zere gauza guzietan zuri laguntzeko dago, naiz txarrak izan ditezela, ta naiz andiak. Ez luke nai zure Jaungoikoak, egin zenitzan zuk, onak baizik. Egiten du egin bear duen guzia, gaistoak eragozteagatik; baña adirazten dizunari belarriak itsirik, sartzen bazara zu zere gauza gaistoetan, etzaitu uzten zu bakarrik; ez: zurekin da orduan ere zure Jaungoikoa, ta eskutik zaduzka, ta laguntzen dizu, eroturik dabillen semeari amak bezala, edo damu ta neke andiarekin Profetak dionaz: ta ala ere denbora berean, edo laster, ematen dizkitzu gaizki egiñaren damua, biotzaren illuntasuna, ta bere gogargia edo inspirazionea, ezaguturik zere erakeriak eta galbidea, itzuli zaitezen gauz onetara; ta orietako bear dituzun indarrak eman naiez-ta-naiez dago zure Jaungoiko maitea.

        Nai onek daduka Jaungoikoa zure biotzean, zure animan, ta zure ezur-zain ta zatirik txikienean. Nai onek daduka alerta, erne, ta beti zuri ongi au, ta beste anitz gauz on eragiteko, aldi onak eta sasoia galtzeko beldurrez bezala. Ondasun-zaleak ez dio bere aberasteari, Jaungoikoak zuri adiña, begiratzen. Lo datzanean, ta beste zenbait aldiz uzten ditu ark, begietatik ezezik, gogotik ere diruak, gauzak, ondasunak eta aberats-kontuak: baña Jaungoikoak ez du loorik, ez du begiak zugandik kentzeko ordurik: beti dagokizu begira, beti zaduzka eskuik; eta beti dago, nondik arreraziko dizkitzun zere gauzetarako bear dezun indar sendoa ta lagunza.

        Zorionekoak gu, ta doatsuak, gure Jaungoikoak guri bezala, guk begiratzen badiogu geren Jaungoikoa guk ziñez ez maitatzea, ekusi ezkero, nola dagoen gurekin gure Jaungoikoa; zein ongi begiratzen digun guri geren Jaungoikoari, bada ez da erraz gure Jaungoikoa guk ziñez ez maitatzea, ekusi ezkero nola dagoen gurekin gure Jaungoikoa, zein ongi begiratzen digun guri geren Jaungoikoak; eta gurekin gure Jaungoikoak egiten duena: ez eta, egin bear ditugun gure gauza guziak ere zuzen ez egitea, Jaungoiko berak gure onerako eman nai dizkigun indar, ta laguntzarekin batean.

        Indarrez, ta ondasunez ni betetzeko, prest zauden nere Jaungoiko maitagarria, noiz artean izan bear ote dut nik, eroa baño eroagoa? Eroak pozik artzen ditu ongi dagozkan gauzak, gauza dagozkanak eskeintzen zaizkanean; ta ez ditut nik artu nai, zuk eskeintzen dizkidatzun ta ongien-ongien dagozkidanak: bada urtean, illean, astean, ta egunoro; ta, egunean anitz aldiz ere, uzten ditut nik, eman nai dizkidatzun indarrak; eta, emen, ta bertze munduan animak bearren dituen gauzak. Ez da au, ni eroa baño eroagoa izatea?

        Ala da, nere Jaungoiko maitagarria; ezin uka dezaket au nik! Baña ez da izain, ez, orobat emendik aitziña, ta datorren denboran. Nik utziko ditut emendik aurrera oraindañokoan itsutu edo liluratu nauten nere erakeriak. Nik artuko ditut, bai; ta bat ere galdu bage, zuk eman nai dizkidatzun indarrak, laguntzak, eta ondasun guziak. Ez ditut, ez, nik zugandik kenduko nere begiak, oraindañokoan kendu izandu ditudan bezain aise. Ezaguturik biziko naz gaurgero nere egunetan, nerekin zaitudala zu, ta zureak dirala nere izatea, nere bizia, ta gañerako nik ditudan nere gauza guziak. Noizean bein badere sartuko naz ni, naiez ta gogoz, nere biotzean, an zuri agur humillak egitera: sartuko naz, bai, au zuri zor dizudanaren alde, al ditudan eskerrak ematera; bear dudana, ta zuganako amore andi bat, zuri eskatzera, emen bertatik egiten asitzeko, zure zeruan beti egin gogo dudana. Indazu nere asmo on onetan ill arte guzian irauteko grazia; bai arren, bai!

 

 

Domine Deus virtutum, quis similis tibi?

Ps. 88. 9.

 

        Jauna! ta non arkituko dugu guk, zu bezalakorik? Zuk egiñak dira ifarra, ta beste aizeak, zuk eginak itsasoak, eta zuk egiñak munduan arkitzen diran gauza guziak. Guziak dira zureak. Zureak dira lurreko toki, ta bazter guziak; zureak dira zeruak; eta zurea da azken-zeruko Tronua, edo egontokia. Baña zer egontokia, ta nolako Tronua! Eguzkia, ta illargia, ta izar guziak baño milla bider ederragoa. Au guzia dezula, ezer ez duen, ta non egon ez dakien errumes bat baziña bezala zaude nere biotz txar onetan! ta emen zaude, gau ta egun, ta beti! Aski litzake, ni amorez txoil urtua edo ni bertan zoraturik uzteko, zure ontart andi au guti bat ezagutzea. Egin didazun ere ez nekiena bezala, bizitu naz ni oraindañokoan; ta, zure barrenean nengoela, ta zu nere biotzean arkitzen ziñala, oroitu ere gabe! Orregatik bizitu naz ni, bizitu nazan gisan ta eran. Ez berriz, nere Jaungoiko maitea, ez onelako dongekeririk! Ni biziko naz ni, nere Jaun on maitagarria, zu gogoan zaitudala, ta zu bein ere nere bistatik utzi gabe. Nik egin uste ditut gaurgero nere gauzak zure gogora, edo alik ongiena. Indazu arren orretarako bear dudana: bai, Jaun andi on-ongillea, obrari!

 

 

Quis tibi imputabit, si perierint nationes,
quas tu fecisti? non enim est alius Deus
quam tu, cui cura est de omnibus.

Sap. 12. 12.

 

        Gal ditezke, nere Jaungoiko maitea, bai, gal ditezke, zuk egin zenituen gizonak eta bazterrak: baña ez dira galduko, ez, zeren zu izandu zaran orien galtzallea. Ez da alabaña nion arkitzen zu bezalakorik, edo, zuk bezala, gauza guziak zaitzen dituenik. Bai, nere Jaungoiko maitea, bai; egin ninduzunetik orain artean ez dituzu zuk bein ere nigandik kendu zere begiak, eta asmo zuzenak! Zure begiratze onari zor diot nik, egin ditudanak baño bekatu geiago oraindañoko guzian ez egitea; bada, zuk zuzendu ezpaninduzu, makur ibilliko nintzan beti, ta bekatuz bekatu! Noiz ezagutu bear ote dut zuri nik onetan, ta gañerako gauza guzietan zor dizudana? Noiz begiratuko ote dizut nik zuri, zuk niri bezala? edo noiz geldituko ote naz ni bizitz on batean, ta nere gauza guziak zugana zuzentzeko, ta zure gogara egiteko asmoan? Izan bedi bertatik, nere Jaungoiko maitagarria.

        Ai! au gertatzen baliz, orain diodan bezala! A! zein doatsua ni ordutik, eta zein zorionekoa! Nork niri eragotziko dit doakunde ta zorion au, nik nai izatera? Sulezeko nere etsai gaisto galgarriak? Onen lagun mundu eroak? nere aragi loi berotuak? Ez eta, nik nai badut, irurak elkar artuagatik ere; bada zurekin batean, irurak ezezik, irureun balira ere, aisa garai ditzaket nik zurekin batean, nere lagun on Jaungoiko maitea. Garaitu naiez nago, ta orretarako nere aldetik egin bear den guzia egiteko asmoan. Zuk emana da, bai, oraingo nere asmo au ere, nere Jaungoiko maitea: lagun zakizkit bada, gal ez dezadan, len galdu ditudanen eran: edo lagun zakizkit, au galerazi nai didaten nere etsaiak garaitzen: ta bidenabar zai nazazu oraindaño bezala; ta adirazi zadazu bere aldietan, nik egin bear dudan guzia.

        Bai arren, bizirik nadukazun nere zuzentzalle on-maitagarria: bai!

 

 

In ipso onim vivimus, et movemur, et sumus.

Act. Apost. 27. 28.

 

        A nere Jaungoiko andi on maitagarria! bekatuan negoen guzietan (eta ez ote nago orain ere?), ni nintzan zure begietan, munduan den gauzarik itsusiena; ni nintzan zure etsairik andiena; ta alere nerekin ziñan zu! nere animan ziñan zu! nere gorputzean ziñan zu! baita nere biotz ustel gaistoan ere; ta emen arkitzen ziñan zu, beste gauzetan edo tokitan arkitzen ezpaziña bezala; ta emen arkitzen ziñan, ta arkitzen zara, zaran guzi-guzia. Au zer da, nere Jaun andia? Etsaien igesi dabiltza gizonak; eta zu zere etsairik andienaren barren-barrenean sartua? Zertan zaude, ta zertako emen, nere biotz txar onetan; edo zer billatzen dezu emen, nere animan?

        Zer billatuko du, geiegi nai digun gure Jaungoiko maitagarriak, ezpada gure ona ta ondasuna? Gure biotzean dago gure Jaungoiko maitagarria, ta gure animan dago: ta bietan dago, gure onerako diran naikundeak guri gogoan sartzen dizkigula; ta denbora berean dago, sasoiaren begira bezala, guri ontzen laguntzeko, gauza bakoitzerako bear ditugun indar guziak guri emateko; ta, egiten ditugun gauz onakgatik zeruko ondasunez beteak gu iuzteko. Zorionekoak, sasoi naigarri onetaratzen bagara gu! Ez du, ez, galduko sasoi au geiegi nai digun gure Jaungoiko andiak, guk gerok galerazten ezpadiogu: erne dago alabaña; nai duena dagikena da; guk bear ditugun indarrak eman ditzakena da; ta bere jakiunde, ta indar guziarekin guk artu-al adiña ongi egin naiez dagoena da. Ongi eroak gara gu, onelako sasoietatik bat ere galerazten badiogu geren Jaungoiko ezin-ongilleagoari!

        Ez arren, nere biotzean arkitzen zaran nere Jaun andiai orrenbat oraindañokoan zor dizudan ezkero, ez nazazula erortzen iutzi, erakeri onen galgarrian! Indazu, gaurgero zutaz maiz, ta bear den eran, oroitzeko grazia. Indazu nere onerako nai andi indartsu bero bat; eta lagun zakizkit, ongi ta zuzen egiten, orretarako diran nere gauza guziak; eta indazu bidenabar, oraindañokoan ori egin ez dudalako damu ta urriki ziñezko bat. Urriki-damu, ta zure laguntz onen eskean nator, itzez ta biotzez erraten dudala: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa