www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XX.garren OTOITZ-GAIA

JESUSEK BERE JAIT-ORDUAN
ERAKUTSI ZIGUN IRUGARREN GAUZA

 

 

A.

Erakutsi zigun biotzaren arrotasuna,
ta antustea garaitzen

 

        Gure irugarren etsaia antustea da, edo biotzaren arrotasuna ta soberbia: Superbia vitae. Antustea, soberbia, edo arrotasun au guzien gañean bat egon-naia da; edo lagunei baño begitarte obea egiten zaiola, guzien gogoan sarturik, eta, orretarako bear diran egiteko, soñeko, itxe, ta gañerako gauz-andi guziekin bizi-naia da. Nai galdu au, lurreko gauzetan sarturik, eta zerukoei begiratzen etzaiela, bizi-naia da ta anitz bekatutarako bidea. Bekatuen bide gaisto au urratu naiez, ta mundukoak zeruko bidean sarreraztera, etorria da, gizon eginik, gure Jaungoiko maitagarria; ta orregatik artu izandu zuen, jaio zen ordutik eta luzatu bage, zeru bereko bide au; ta bertatik asi zen guri erakusten nola garaitu, emendik urruntzen gaituen, irurgarren etsaia, edo geren antustea, biotzaren arrotasuna, ta naikunde makurra. Bai: ordutik artu zuen gure Jesusek etsai galgarri onen kontrako bidea, edo zerukoa; ta bertatik autsi zituen, edo etorri ere baño len, bere baitatik aienatu zituen antuste arroaren naikunde galduak. Nola ote? Goazen ekustera.

        Autuste arroak, edo soberbiak, ukituz adirazi dugun bezala, ezin ekusi du beinik bein aurtasuneko konturik, edo gauza leun-txiki-beratx-umillik: eta zer izandu ote zen, au aienatzeko gure Jesus maitagarriak bere jait-orduan egin izandu zuena? Aur jaio, ta aur gelditu: ta gelditu aur, berak ni zuela. Bai: berak nai zuela: bada jaio zeneko, ta lenbiziko puntutik ere, bazekizkien Jesus maitagarriak, bere azkeneko urteetan zekizkien gauza guziak; eta bidenabar bazegizken nai zituenak, batean ere uts egin bage, ta, ala nai izatera, bertatik geldituko zen gizon andi eginik, eta izain zen diñakoa: bada, lurreko aitarik bage gizon egitea, egin zen bezala; Amaren Donzellatasuna galdu gabe jaiotzea; izaten asi orduko jakindez ta altasunez beterik arkitzea; ta egin zituen beste zenbat gauza bezain erraza zen, bera batetan azirik, edo anditurik gelditzea: baña guri geren arrotasunaren naikunde galduak galerazten erakutsi naiez, aur gelditu zen Jesus jaio zenean, ta aurtasuneko negar ta neke guzien artean. Orra, orretarako gure Jesusen lenbiziko pausuak.

        Bigarren lekuan antuste arroak egon nai luke lekurik onenean, ta guzien gain bezala. Eta gure Jesusek ori eskura-naiez, edo, nola eskuratzen den guri erakusteagatik, artu izandu zuen bere jaitorduan, ar zezaken tokirik txarrena. Jesusek nai izatera, jaioko zen Israeldar guzien Jaun ta errege: ta jaioko zen Dabid erregeren jauregian, edo onen seme Salomonen palazio ederrean, edo orien biena baño eder-obea zen besteren batean. Baña non jaio zen gure Jesus maitagarria? Itxola txar erdi-urratu batean, ta ganadutegian. Orra Jesusen aldi onetako bigarren pausua!

        Irurgarren lekuan, eskupean iduki nai lituke guziak antuste arroak, edo soberbiak. Egin izandu zuen zerbait Jesus maitagarriak bere esku-peratzeko munduan arkitzen ziran jendeak? Bat ere. Zer bada? Aditu zazu. Jaio zeneko, Jesusek, nai izatera, izain zituen nai adina zaldun ta soldadu, ta, nai bazuen, munduan arkitzen ziran jakintsuenak, indartsuenak, eta artarakoenak: bada artara ezkero, erraz erakar zitzaken, oriek ezezik, munduko guziak ere, zeren etzen ori, egun artako, ekusi ditugun, edo beste zenbait gauza baño gauza gaitzagoa; bada Jesus jaio zen egunean, libruak diotenaz (apud Daurout. Catech. hist. t. 4. lil. 29.) agertu zen izar berri bat, eguzkia sortzen edo agertzen den aldetik; eta eguzki beraren sartutokian agertu ziran irur eguzki. Orduan bertan agertu zen arri bat, ura zeriola, ta urte askoz iraun zuen arri artako iturriak. Eta, orduraño munduaz jabeturik zeuden, ta idoloetatik itz egiten zuten sulezekoak, mututu ziran batetan, ta adirazi zuten egun artan jaio zen aurrak, edo Jesusek, lotu zieztela beren miiak, edo mingañak. Onelako gauzak bezain erraz eragin zitzaken bere onerako ziran guziak, eta gizartetik erakar zitzaken, bere zaldun izatera, nai zituenak. Erakarri zituen? Ez. Bada, Jesus jaio zenean, etziran arkitzen Jesusen itxolan, Jesus bera, beraren Ama, ta san Josef besterik; edo gueienaz arkitzen zen animalia bat edo beste.

        Laurgarren lekuan opinione ona nai du antusteak, edo nai du birtutetsuen laguntza, ta serbitzua: ta orrelakoetatik al dituenak beretu naiez dabil, antustez burua beterik darabillena. Eta zer da Jesusek bere jait-orduan egiten duena? Naikunde makur ori lertu, edo guri lertzen erakutsi bere laugarren pausuarekin. Nola ote? Adi zazu.

        Nai izan balu, ar zitzaken Jesus maitagarriak adirazi dugun soldadu ta zaldunen ordez, nai adina Aingeru; ta Aingeru, berak nai zituenetatik; bada au zituen, jaio zeneko, bere aldakan edo aldamenean, zeruko guziak, bere Aitak ara bidalduak, erraten ziela; zoazte, Aingeru guziok, zoazte, nere Seme ta zuen Errege Jesus adoratzera: nereak bezala, arenak zarazte zuek guziok; eta nerearen eran aren nai guziak egin bearrak zarazte: ots bada, zoazte bere-bereala; ta egizue agintzen ta manatzen dizutena, naiz gaitza izan, ta naiz erraza, ark zuei manatzen dizutena.

        Baña artu zituen Jesus jaio berriak Aingeru guzietatik zenbait badere? Ezeta bat bakarrik ere. Eta etzituen igorri edo bidaldu soldadu zenbaiten, edo zaldunen eske, bere zaitzeko, ta, bera ekustera etorzen ziranei, nor zen adiratzeko? Ez eta ori ere. Onen lekuan Jesusek egin izandu zuena zen, mendiko artzai beartsu batzuen eske bere Aingeru andiak igortzea, oriek etorri zitezen ekustera Jesus beraren aurtasuna, itxe txarra ta gabea.

        Au zer da, nere Jesus maitagarria? Zer egiteko da, zuk gaur zere eskutarrean darabiltzuna? Zer egiteko? Guri orain guztiz ederki dagokiguna. Geren arrotasuntzarrak, ta antuste galgarria bertatik lertzen, edo bide zuzenez eskuratzen guri ezinobeki erakustea. Onetarako, bai, agertu zen Jesus, negarra baizik ezin zezaken eran, ta aur egiña. Orretarako, bai, artu izandu zuen itxola txar, edo ganadutegi galdu bat bere jauregitako, edo jait-etxetako. Jesusen etxearen erakoak ziran, etxeko gauzak, etxeko ondasunak, eta bere jait-orduan Jesusek izandu zituen etxetar guziak. Etxe onetan Jesusek izandu zituen gela zabalak, sala apainduak, eta oatze jauntziak ziran ganaduen ezkaratz bat, eta bere estalbia Jesusen ondasunak, estaltzea zuten oialtxo garbi batzuek; eta Jesusen familia, ta zaldun guziak, bere Ama Birjin beartsua, ta onen senar maitagarri san Josef. Non arkituko dezu antuste arroaren galgarri obeagorik? Non bide zuzenagorik?

 

 

B.

Ez da bide au beste biderik,
lurrekoen antuste arroa garaitzeko

 

        Zertako da, nere Jesus maitagarria, zuk zere jaioberrian agertzen diguzun adiña umiltasun, otz, bear neke, ta gabe? Zuei (dio, edo adiratzen digu); zuei, nere ume maiteei lanez bertatik erakusteko, itzez gero bere denboran erakutsi bear dudana. Zer ote da zuk gero, anditzen zaranean, edo bere denboran erakutsi uste diguzuna? Zorionekoak izan nai badugu emen, ta beti, izan gaitezela umill-umillak, edo arrotasunik gabeak: iges egin dezagula, alegin guzian, mundu eroaren ibillera arro ta bide zabaletatik; baldin izaten badugu guk, geren gos-egarriak iltzeko, ta geren soñerako bear duguna, ez gaitezela ansiatu geiago, edo bear ez ditugun beste gauzak biltzeagatik; eta geiagorekin arkitzen bagara, utz ditzagula, gogoz badere, bear ez ditugun guziak eta egin dezagula, oriek beartsu gaisoei emanez, al dukegun ongi edo on guzia; ta denbora berean, geren buruak lanez, baruz, edo beste zerbait bidez nekatzen ditugula, saia gaitezela geren egunak ongi, ta bear den eran, bukatzera.

        Au da guri gero gure Jesusek itzez erakutsi bear diguna; ta au bera da Jesus berak, bere jait-egunetik bere negar ta neke guziekin erakusten duena; ta, lanezko Jesusen erakuste au bage, itzezko beraren erakustea anbat balioko ez luken erakustea litzake. Anitz beartsu arkitzen dira munduan, Jaungoikoak emanik duten beren bearrarekin, edo gabearekin kontent arkitzen ez diranak. Anitz-anitz dira, ori ta gañerako beren nekeak emeki, ta pazienzian eramateko bere Jesus nekatuari begiratzen ere ez diotenak; edo beren neke-bearrak ontzat artzen ez dituztenak, ekusiagatik gure Jesus beren amorez nekatua, edo berei, beren nekeak, eta bearrak ontzat artzeko bidea erakusteagatik, guzia bere jait-ordutik bearrez ta gabez betea. Zertarako lirake bada beartsu oriek, ekusten balute Jesusek, erranagatik oriei ontzat ar ditzatela beren nekeak eta gabe guzia, ez duela berak gabe bizi nai, ta neketan sartua?

        Zer begiratze egiñen liekee orrelakoak Jesusen erranei, Jesusek erraten dienean gurutzeko bidez ibilli bear dutela zeruan sartu nai dutenak, eta betiko galduak izan bear dutela, antuste arroak erakusten dituen urrats galdu, edo pausu ariñetan, ta onren ondoren dabiltzanak, ekusten balute, ori erraten dien Jesus bera onelako pausuetatik eta gurutzeko bidetik, agitz aparte ta urrun dabillela? Zer errain lukee, ori dionean Jesusek, Jesus ekusten balute ondasunez ta diruz betea, lurrera deneko; ta ekusten balute jaio dela Jesus zaldunez beterik dagoen jauregian, sedazko kolgaduraz, ispillu ederrez, indietako maiez, Moskobiako kataderaz ta milla gauza baliosoz apaindurikako gelan, ta, oraindik egin den oatzerik leunenean, ta onenean? Zer errain lukee, ekusten balute, gogoak ematen dion guzia ematen diotela Jesusi bere itxekoak; eta neke, izerdi, oñaze, ta min bage, arkitzen dela Jesus jaiotzen denean, ta bere bizitza guzian; ta denbora berean adirazten diela mundukoei, zerura nai badute, utz ditzatela antustearen gogoetak; eta, oriek garaitzeko, neka ditzatela beren buruak eta gorputzak; eta izerditan urtuak, gose-egarriarrekin, bearraren ta gabearen azpian, eraman dezatela beren bizitza guzia; ta, noizbait izaten badute munduko zerbait ondasun, utz dezatela gogoz ta biotzez, alakorik ezpaliz bezala?

        Au guzia Jesusek adirazten lienean munduko gaisoei, bera balebill aisa ta nai duen eran, bera balebill onraz, urrez, ta diruz betea, jendez ingurutua, ta konbenienzien edo aisatasun guzien artean, atsekaberik egin gabe bere buruari, ta nai dituen atsegiñak egiten diezkala, zer errain lukee onen itzez, edo zer kaso egninen liekee Jesusen erranei? Batere: ta errain lioke noski: Aisa diozu, bai, orain erraten dezuna. Nai badezu zuk, guk dagigun zuk diozun lan gogor au, ots emazu, ta atoz, nola egiten den guri erakustera, ta egizu lenik zerorrek guri aisa erakusten diguzun au.

        Errain zioten Jesusi au guzia, Jesusek lanez lendanik ez egitera, itzez gero erakutsi zuena: baña egin izandu zuen gure Jesus maitagarriak, eta ederki alere; ta egin izandu zuen, itzez erakutsi baño agitz lenagotik, edo jaio zen puntu beretik: bada denborarik galdu gabe, ta orduan bertan, asi zen antuste arroaren ta soberbiaren lan galgarri guziak urratzen; ta manatze-onra, ta lurreko-eroak, estimatzekoak dirala uste duten gañerako gauzak utzi zituen Jesusek aldebat, eta orien lekuan artu izandu zituen munduak oinpean darabiltzan gauzak, edo umiltasuna, itxola txarra, zokoa, mesprezia, bearra, otza, negarra, ta gabea; ta artu zituen, ez uzteko bizi zen artean, ta bere gurutzeko eriotzaraño. Eta orregatik artu zuen gure Jesusek, antustea garaitzeko ta nola garaitzen den erakusteko, artu bear den bidea.

        A nere Maisu eder, Jesus maitagarria! Zeru-lurrak beren gauzekin zureak dira; ta, ezer ez duen errumes bat dirudizu zuk sortu zaranetik! Erregeen Errege zara zu, ta manatzen dutenen Jaun ta Jabe ezin-andiagoa; ta, edozein manatzalleren erranak egiteko dagoena bezala, zabiltza zu sortu orduko; baita lenagotik ere! Mundu guzia zuri agur ta agur egin bearra, ta zu guziei agur egitera etorria bezala, erritik aterea, ta ganadutegian, ta estalbi batean, sortu orduko! Lurreko oialak, urre zillarrak eta gañerako gauzak, guziak zure eskukoak; eta, zuk dituzunak, ezin txarragoak!

        Jainko-gizon nere Jesus, nere amoreakgatik, onen itxura txarrean! Aita Eternoarekin bat den aren Seme maitea, nigatik aur egina! Aingeruz, ta kerubinez bere tronua ingurutua dadukan nere Jaungoikoa ezkaratz batean, estalbi batean, ta ganadutegian! Itsasoak, odeiak, elementak, eta zeru guziak nolanai darabiltzien Jaun andia, eskuak loturik! Aur-oialez ingurutua! ta otzaren igesi zoko txar batean ezarria! Zergatik au guzia? Niri erakusteagatik antuste gaistoa, ta munduaren arrotasuna garaitzen!

        Ez dut au nik ere garaitu bear, nere onagatik ezpada ere, onenbat zor diodan nere Jaungoiko maitagarriagatik? Onenbat berari kostatu zaion erakuste guztiz eder au, gogoan ongi sartua dadukadala Jesusi adierazteagatik? Eta adirazteagatik, zenbat ere itxura txarragoan nigatik dagoen, anbat maiteago dudala, san Bernardok dion bezala: Quanta pro me vilior, tanto mihi charior. Bai, baldinbere! Nai nuke beintzat. Indazu zerorrek, nere Jesus maitagarria, orretarako bear dudan zure laguntza ta grazia; ta bertatik, batere trikatu gabe, artara noa.

 

 

Qui mollibus vestiuntur in domibus regum sunt.

Matth.11. 8.

 

        Zer da au, zer da, nere Jesus maitagarria? Jaio orduko zuk zeretzat artzen dituzun lagunak otza, estalbi txarra, ta gabea? Ez dira ordu orretarako obeak oatze berotu bat, olandak, eta sedak, eta jauregi eder-berriak? Gaistakerietako bai, dio Jesusek; ez zerurako. ederki jauntziak, eta nai duten eran bizi diranak itxe andietakoak dira; ta orrelakoetan arkitu oi da, bai, arrotasuntzar, antuste, soberbia franko. Au guzia gal-eraztera datorrenak (artara nator ni: jakin ezazu, bai) artu bear du, nik ordu, ta aldi onetatik artu izandu dudan bide au; ta nere ondoren etorri nai dutenak egin bearko dute nekezko bizitza, edo bizitz umil naigabez beterikako bat; eta bizitz onetarako lagunik onenak, nik orain artu ditudanak dira.

        Izan bitez bada gaurgero nereak ere, nere Jesus maitagarria; ta otzak bere aldietan ingurutzen nabenean, izan dedilla, zuk zere jait-egunean izandu zenuenaren izenean. Nere soñeko erdi-galduak, edo txarrak garai dezatela oraindañoko nere biotz arroaren antuste galgarria: ta oberen bat jauntzen badut noiz edo noiz izan dedilla ezinbestez, ta burua batere arintzen ez didala; ta izan bitez nere itxe-gelak, eta gañerako gauzak, zure eskolan dabillen ume onari dagozkanak, eta zure gauzetan obekiena lagunduko didatenak. Bai, arren, nere Jesus maitagarria, bai!

 

 

In die honoris tui ne extollaris,
quoniam mirabilia opera Altisimi solius,
et gloriosa, et absconsa, et invisa opera illius.

Eccl. 11. 4.

 

        Zeri dagokala, Jesusen umeak, gure arrotasuna ta antustea? Zer dira gure gauza guziak, oriekgatik arrotzeko gu, ta antustez beterik gelditzeko? Igitzea bera lana kostatzen zaiku: betazal bat, askotan beintzat, ezin goititu dugu; ta, egiten ditugun gauzarik andienak ere, zer gauzak dira, gure Jaunaren gauzen aldean ezarri ezkero? Aur illarenak dirudite, edo, arrastan dabillen ar txarrarenak; eta andienak ere, egun bian bukatzen diranak dira, edo izatez txiki-txarrak dira; ta irautez guztiz laburrak. Gauz andiak, gauz ekuskariak, Jesusen gauzak dira: ta, guzien artean, aurtasunekoak: oriek dira alabaña, gañerakoak ez bezalakoak, eta gauz umil, gord-estaliak.

        Bai, Jesus maitea, bai, zure aurtasuneko gauzen berria dutenak, geiago arritzen dira orduko zure umilltasunaz ta gabeaz, lenagoko zure zeru ta lur egite, ta gañerako gauz andiez baño: zeren, len zuk egin dituzun bezalako gauz andi-arrigarriak egitea, ta orietatik bakoitza bere tokian ezartzea, an idukitzea, edo nai dezun eran erabiltzea, zere aala, anditasuna, ta eskua guri agertzea den, guri, oriek ekusi ondoan, eragin naiez, zuri guziagatik zor zaitzun agur, eskumuin, ta esker emate guzia: baña aurtasuneko zure gauzak, guztiz txikiak diruditen gauzak dira, ta zure gloria, eskua, ta aal guzia agitz gordetzen duten gauzak; eta, zor zaitzun estimaziorako kanpotik laguntzen ez duten gauzak: eta, estimazioa galtzeko bidean bat berariaz jartzea, estimazio dakarten gauzak egitea baño agitz arritzekoagoa da.

        Onenbat nigatik, eta nere antustea niri garaitzen erakusteagatik egin dezun nere Jesus-aurtxoa, zer egin dezaket nik, zuri atsegin geiena emain dizun gauzaren bat egiteko? Aur baten eran, ta inozenzian bizi? Mundu arroaren gauzak utzi, ta zure ume umillarenak egin? Zure izenean, ta eme-emeki artu, eguraldiak, buruko miñak, auzoko norbaitek, edo nornaik emen ta bertzetan ematen dizkidan aldarte txarrak? Ori da, bai, milagroak, ekuskariak, edo lurreko gauz andi guziak baño geiago zuk estimatzen dezuna: ta ori bera da, zuri atsegin egiteagatik, eta nere onerako, nik gaurgero egin nai dudana. Indazu zerorrek, nere Jesus aurtxoa, nik orretarako eskatzen dizudan zere laguntza ta grazia; au bage alabaña, ezin dagiket nik, dakizun bezala, orrelakorik, ez eta besterik ere. Eskatzen dizut au, zere aurtasuneko amore andiagatik. Ez arren ukatu, ez!

 

 

Vae, qui sapientes estis in oculis vestris.

Isai. 5. 21.

 

        Urrikari zaituztet (dio Isaiasek, lurreko arro guziei itza zuzentzen diela) urrikari zaituztet, bai, zeren buruei begira zaudezten arrotzar galduak! Zuek, zerekiko gizon andi-jakintsuak zarazte. Zuei, zuen iduriz, munduan den agur, eskumuin, ta begitarte guzia zor zaitzue: ta, zuenak dirala deritzazue zuek, edozein aldetan arkitzen diran gauzarik onenak. A ero txar gaisoak! beldur naz, baita, agitz alere, erran dakizuen zuei egunen batean, len bein Luzifer, sutan datzanak, damuz ta naigabez beterik aditu zuena.

        Au zer da, Luzifer (erran zitzaion oni bein) au zer da? Orrela galduko zenuen zuk zere Zerua, ta zerutik eroriko ziñan, erori zaran bezain aisa? Artizarrak baño, argi, ta edertasun geiago zenuen zuk, Jaungoikoak egin zindueneko. Zere asitze berean graziaz apaindua, ta naturalezaren doaiez betea zeunden zu, ta, bear zenuen esku guzia zerekin zenuela, edozein gauzetarako. Baña zure Jaunarena izan, zuk orduan zenuen guzia; ta ale-re, zuk zerorrek zerez irabazia izandu baliz bezala, arrotu ziñan zu, zere burua ain ederki ekusi orduko, ta, deusez baten eran izandu zen zuretako, zu-ez bestea, ta zerua, ta zure Jaungoiko-gizon ere: ta, zere buruari begiratzearekin, berotu zekizun zere biotza; ta asi ziñan, eroaren eran erraten; Igan bear dut nik Aingeru guzien gañera, ta nere Jaungoiko beraren parera, andik errazki eragiteko zeruko guziei, ta lurrean arkitzen diranei, nere edertasunari dagokan agur, eskumuin, ta begitart on guzia. Baña zer gertatu zaitzu zuri, Luzifer arrotzarra? Zertan gelditu dira, ta non, zure antuste galduak uste zituen agurrak, eta gañerako gauzak? Keetan ta sulezean! Or, bai, or arkitzen zara zu, aspaldiko urteetan. Or bertan, or erretzen zaude zu gerozko urte guzietan. Or bertan egoin zara eternidade guzi-guzian ere; ta or egoin zara, bai, ikatz itsusi, su, ta gar egiña!

        Orra antuste galduaren, orra soberbiaren bukaera illun-galgarria! Au dakidan ezkero, orain nik dakidan bezala, arrotu bear ote zait nere burutxarra, leneko eran, nere Jaunaren kontra? Ez baldinbere! ez, nere Jesus maitea, ez arren, ez! Au gerta ez dakidan, oroituko naiz noizean bein badere, zure jait-eguneko umillera nekez beterikakoaz! Oroituko naz, orduko zure agertze, ta ibillera gorde-estali arrigarrizkoaz: eta zuk orduan, nere betiko onagatik egoin zenuenaren alde, ontzat artuko ditut nere bizitzan egiten zaizkidan naigabe ta txarkeri guziak. Baña nerez nik, eta bakarrik, ezin dagiket au ere. Bear dut orretarako zure laguntza, ta lagun zakizkit zere graziarekin, nere Jesus aurtxo maitagarria; baita orain, oraindañokoan au nik egin-gabeaz damuturik, erraten ere: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa