www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXIII.garren OTOITZ-GAIA

 

 

A.

Erregeei Jesusek eragin zien,
ta guri ere eragin nai digun,
bigarren gauza da: gauza onak asitzea
ta ongi ta zuzen bukatzea

 

VENIMUS ADORARE EUM.— Matth. 2. 2.

 

        Badira mundu onetan jendeak, beren Jaungoikoari, Jaungoikoa deiez egonagatik, ez aditu egiten diotenak; baita, eranzunagatik, eta arganako asmoa artu ta ere, Jaungoikoagana daraman biderik artzen ez dutenak; edo, arako bidea artu ondoan, gibelat edo atzera itzultzen diranak. Ez dira, ez, jende orietatik, zeruan sartu bear dutenak. Oriek guziak betiko galduo diranak dira. Ziñez zerura nai dutenak dira, Jesus onaren ots onak eta deiak aditzen dituztenak. Oriek dira Jesus berak bein erakutsi dien, ta berak aiturikako bidean azken orduraño, edo berak ill arte guzian, irauten dutenak.

        Baña ez dira anitz, ez, Kristo Jaunak dionaz, mundu guzian diranen artean, au egiten dutenak; bada dio anitz dira deituak, eta guti autsetsiak, edo anitzi deitzen diet (izarrez, edo gogargiz, ta inspirazionez badere); baña gutxi dira nigana datozenak, eta zerurakoak: multi sunt vocati; pauci vero electi. Matk. 20. Zorioneko guti berezi orietatik dira, Jesus gaur billatzen duten irur erregeak; eta orien eran ibilli bear dute orien lagun izan nai dutenak.

        Nola dabiltza bada irur errege oriek, edo zer egiten dute, Jesus arkitzeko? Beinik bein, izar berriaren, edo izarraz deitzen dituen Jaungoikoaren deia aditu orduko, prestatzen asi, beren biderako bear dituzten gauza guziak prestatu guztiz laster, ta ezinobeki; bada len baño len beren Jaunaganatzeagatik, billatu zituzten beren biderako, zaldien ordez, dromedarioak (oriek dira, zaldiak baño bizirogo dabiltzan, ta sendorragoak diran ganaduak): eta, oriek bezala, billatzen dituzte gañerako gauzak ere; ta uzten dituzte biderako bear etziran, edo bidean luzarazteko ziran gauza guziak.

        Gauzak prestatu orduko, ateratzen dira irur erregeak itxetik: eta abiatzen dira beren bidez. Eta orra, ori da guri geren biderako erakusten diguten bigarren gauza. Baña noiz atera ote ziran beren errialdeetatik? Negu otzaren erdi-erdian. Nora doaz? Jesusen billa. Nor da Jesus? Aur jaio berri bat. Non jaio da? Ez jakin erregeak berak ere. Eta alere Jesusen billara doaz? Bai bada. Andia zen nonbait orien Jesus ekusi-naia! Andia, bai; baita Jesus berak bereganako bidea erakutsiko zielako ustea, ta esperantza ere.

        Ala da: baña etzitzaien, ez, ustel atera beren ustea; ta ekusi zuten, anitz luzatu gabe, billatzen zutena, edo beren Jaungoiko-gizon, juduen Errege Jesus-jaio berria; ta, ekusi zuten, Jesus berak erakutsirikako bidez arkitzen zutela: bada errege onak itxetik atera ziraneko, asi zen igitzen Jesusen izar berria, ta eraman zituen bear zen bidez, Jesus arkitzen zen tokira; ta, obeki ara oriek eramateagatik, etzebillen izar au, izar zarrak adiña; bada izar zarrak egiten dute ogeita laur orduz, ta egunoro mundu guziaren inguru osoa; ta izar berri au, erregeak adiña zebillen, ez geiago; eta orregatik egunean, legoa guti baizik, ez.

        Zenbat ote ziran erregeen egunoroko legoak edo ibillerak? Gizonak zegizkeenak; baña gizon biziro zebiltzanak; andia zen alabaña goiztar erregeak zuten, Jesus ekusi-naia; ta lenbaitlen Jesus ekusteagatik, etzituzten kupide beren buruak, eta bazebiltzan, ibilli-ala. Erregeak baziran ere, egun orietan nork-nai bezain aldarte txarrak eman izandu ziezten beren buruei; ta, bidean zebiltzanean, ez otzaz kasorik egiten zuten, ta ez aizeaz, ta ez elementaz. Ezinbestez gelditzen ziran, apurren bat gelditzen ziranean ere; ta, dromedarioei zaldalea arrerazi, ta berak beren jan-edanak; eta zerbait lo egin orduko, bidean ziran berriz; ta, asiberrian bezain biziro zebiltzan, ta batere beren buruei begiratzen etziela.

        Etzen orien gogoan Errege jaioberria beste gauzarik batere. Onen gain, edo Errege jaio berriari zegozkanak: izain ziran bideko iruren itzketak eta jolasak, non, edo noiz (errain zuten zenbait aldiz beintzat) arkitu bear ote zaitugu, guk, ibilliz, ta gogoz billatzen zaitugun gure Errege jaioberria? Berandetsiak arkitzen gara, ta lenbaitlen zu ekusi naiez ta naiez beteak. Gaur badere arkitzen, ta ekusten bazindugu! Urrun arkitzen bazara gu gauden tokitik, atera zaitez zu gure biderdira, edo labur ezazu, dagikezunak bezala; zuganako gure bide au.

        Baña zer gertatzen zaie, au zioten, ta gelditu bage zebiltzan errege onei? Batere uste etzuten gauz illun bat. Billatzen zuten Jesus arkitu lekuan, arkitzen dira bat-batean argirik bage, edo gordezten zaie Jesusen izar berri bide-erakusle-ederrak; ta gelditzen dira, aren billan nondik artu, edo zer egin ez dakitela.

        Orra, Errege Jaunak: orra zertan gelditu diran egun askotako zuen ibillera ta neke guziak! Besteak, ez bezalako izarra zela zenioten, zuen Errialdean orain azkenik agertu den izar berri edo zar ori: baña ori ere aitu da, edo gorde da, gañerako izarrak gorde edo aitu oi diran bezala. Eta orain? Obeki egiñen zenuten, bai seguru ere, gelditu baziñazte zuek zeren etxeetan, zuen etxeetakoak edo erritarrak gelditu ziran bezala. Itzul, itzul zaitezte bere-bereala. Artu zazue ekarri dezuten bidea; ta zoazte lenbaitlen, zeren etxeetan, artu dezuten eskergabeko neketik atsedetera.

        Ez orise; eranzuten dute, ta ederki alere, irur erregeak. Ekusi bear dugu bein, diote, deitu gaituen Errege jaioberria. Agertuko aigu, bai, gorde digun bere izar gure argigillea, edo erakutsiko digu beste bideren batez, beraganako bidea. Juduen bazterretan arkitzen gara. Ara, non dugun emengo erregeen korte Jerusalen (begietan zuten orduko Jerusalengo erria); emen da agian, edo bearbada emen arkituko dugu, joan diran egun guzietan guk billatzen dugun juduen Erregea: ta emen ezpada ere, emen izain dira non den adiraziko diguten gizonak.

        Begira, errege jaunak; begira! Or Jerusalenen arkitzen da Herodes deritzan errege gaisto bat. Ez dakitzue zuek zer gogoratuko zaion Herodesi, zuek bezalako gizon batzuek batetan or, ta beraren baimenik bage, sartu zaraztela aditzen duenean? Presondegian sarrerazten bazaituzte, an usteltzen uzteko, edo andik atera, ta erriko guzien begietan illerazteko?

        Ez-aditu egiten dute goiztar erregeak. Sartzen dira Jerusalenen, batere beldurrik gabe; ta galdetzen dute, guziak aditzen dutela: non arkitzen da juduen Errege jaioberria? Goiztarrak gara, diote; ta, an agertu den izar batek eman digu Errege onen jaioberria; ta ona, non gatozen zenbait presentekin Erregetzat au, eta geren Jainkotzat, ezagutzera.

        Etzuten arkitu an errege onak billatzen zuten beren Errege-Jaungoikoa; baña arkitu zuten onen arkibidea. Au artu orduko, ateratzen dira Jerusalendik, eta badoaz, len bezain gogoz ta biziro, beren bidean. Bidean sartu orduko agertzen zaie beren izarra; ta, ari darraizkala, atsegin ta kontentuz beteak, arkitzen dute laster, urrun etzegoen Belengo erritxoan, Jesus jaioberria, ta billatzen duten beren Erregea.

        Ekusten dezu irur erregeak egiten dutena? Ekusten dezu nola dabiltzan oriek, Jesusen billan dabiltzanean? Ikasi zutenetik izar berriak, edo izarrarekin batean beren Jaungoikoak, adirazi ziena, gelditu ziran, beren egiteko au egiteko asmoan, ta prestatu ziran zuzen ta laster, au egitera.

        Au egiteko, egin bear zuten bide luze gogor len ekusi ere etzuten bat; eta Jaunak au nai zuela ezagutu orduko, asi izandu ziran, batere trikatu bage, nondik artu, ta noraño ibilli-bearrak ote ziran ere etzekitela; ta asi izandu ziran uste onez beteak, deitzen zituen Jaungoikoak emain ziela, bera arkitzeko bear zuten argi, esku, ta laguntza guzia.

        Zekarten izar gidaria gorde zenean, abiatu ziran beren bidearen galdez; ta, Jerusalengo gizon jakintsuak adirazi zieneko, non jaio bearra zen billatzen zuten Errege au, atera ziran Jerusalendik, eta etziran gelditu, Jesus arkitu artean. Jaunaren gogoa ikasi zutenetik egin arteko denbora guzian, etzuten onik izandu errege onak. Gau ta egun, ta beti lan orretan aritu ziran, munduko perellik eta nekerik andienak garaitzen zituztela.

        Orra goiztar irur erregeak aldi onetan egin izandu zutena, beren Jaun onak izar berriz adirazi ziena, alik ongiena ta len-baitlen egin naiez. Eta orra zuri ere zere Jaungoikoak bereisten dizun zerurako zere lana edo egitekoa. Egin izandu dezu zuk ere, goiztar erregeen eran? Baña aditu ere nai izandu dituzu zuk, lan onen gain Jaungoiko maitagarriak egin oi zizkitzun itzak? Edo, aren itz onak adituagatik zuk noiz edo noiz, egiten zenuen zuk itz on oriek adirazten zizutenik?

        Aldi orietan, nai-ta-ez, erraten zenuen zuk zere buruarekin ziñardukela: Jesusen dei onak ziran, zenbait aldiz nik nere barren onetan nerabiltzan itzak! Ez naz ni, ez, ongi bizi, dei on oriek erraten dutena nik ez egitera, edonik nere ibiltze makurrak zuzentzen ditudan artean! Bizitza loi lizuna zen, ta uts-obenez beterikakoa, len nik nekarren, edo egin izandu dudan, bizitza!

        Eta nolakoa ote da, egungo egunetan dakardan au ere? Galduz ez ote doaz, gauz onetarako nere Jaungoikoak niri eman izandu zizkidan asmo onak eta gogoak? Orain baño agitz obeki konfesatzen ez ote nintzan ni, lenagoko nere denboretan! Maizago bai beintzat, eta kontu ta beldur geiagorekin; bada orain baño biguñagoa zen orduan nere biotz au; ta, len izutzen ninduten gauzak gaur beldurtzen ez naute batere! Len baño agitz laburragoak dira, ta epelagoak (otz-otzak ez diranean ere) gerozko nere otoitzak, eta debozionezko gauzak! Nora noa bada ni, onela nabillen denboran, edo norako naz ni, ni gaurgero nere zeruko bidean ez ibiltzera biziroago, edo beste gisan ta moduz? Jesusen oñetara noa, edo sulezera?

        Mintzoera au, eta era bereko beste zenbait ere nere Jesus onaren itzketak, edo deitze emeak ziran; ta guziak ziran nere onerako, ta ni on-erazi-naiez. Baña ondu naz ni, oriek guziak adituta ere? Ez egiaki, nere Jesus mintzari on-maitagarria! Nik nai izatera, ez lizaiket niri goiztar erregei adiña, ta laurdenik ere kostako zuganatzea; ta alere, aragiaren naikunde galdu ta gogoeta txarrekin, edo antuste arroaren erakeriekin diardukadala, doakit niri, zuk, zerori billazteko ematen didazun, denbora! Egunen batean damutuko zait denbora eder au galtzeaz, galtze beraz damutzen ezpazait denboraz, ta egiten ezpadut nik lenbailen errege onak egin izandu zutena, edo ez ibiltzera ni arin ta lijero zuganako nere bide zuzenean, ta ez egitera nik zure oñetan oriek egin zutena, edo niri dagokidana!

        Artara noa ni, nere ustez, nere Jesus maitagarria; ta noa ongi damuz beterik, lenago au ez eginaz; baita, egin ditudan nere utsegite ta bekatu guziez ere. Indazu orain, nere Jesus maitea, oraindañoko nere uts guzien barkamentua; ta indazu, zuganatzeko, ta zugandik berriz iges egin bage, ta zure amore onean bizi nazala, nere egunak bukatzeko zere laguntza ta grazia. Bai arren, bai!

 

 

Filii tui de longe venient,
et filiae tuae de latere surgent.

Isai. 60. 4.

 

        Zugandik urruti dauden zure semeak, Jesus maitagarria, zu ekustera etorriko dira, bai, onez ta naiez ongi beteak. Au berau egiteko daude emengo ta ango baztarretan banatuak arkitzen diran zure alabak. Zure berria aditu orduko, batak eta besteak utziko dituzte, dituzten lanak, dituzten gauzak, eta beren egitekoera guziak. Zuganatzea alabaña, ta, zurekin egin bear dutena zuzen egitea, da orien guzien egitekoa ta lan andia. Eta ongi doatsuak, ori egiten duten zure umeak!

        Egin ote dut nik au berau, oraindañoko nere egunetan? Anitz nekatu ote naz ni, nere Jesus billatzen? Askotan ote noa ni nere Jesus ekustera? Anitz ordu eraman oi ditut nere Jesusen begietan, Jesusi begira, edo Elizan sarturik, ango bere bakartasunean Jesusi lagun-egiten diodala? Ezpaliz bezain aztua dadukat noski nik nere Jesus maitagarria egunik geienetan; ta jaietan ere kaso guti egiten diodala bizi naz ni aspaldiko denboretan! Ta bizi naz ni, bizi nazan era onetan, nere Jesusen ateetan, edo Jesus nik urbil aski dadukadala. Eta alere Jesusen umea naz ni; ta ume bear bezalakoa, ta, Isaiasek agertzen dituen ume onen gisakoa? Ez, mudatzen ezpanaz ni orain badere, edo obeki ezpadut nik billatzen gaurgero, len, ta beti, ongi naiez ta begira-begira dagokidan nere Jesus maitagarria!

 

 

Trahe me: post te curremus
in odorem unguentorum tuorum.

Cantic. 1. 4.

 

        Zuk nai dezuna egin naiez nago ni, nere Jesus maitagarria. Nai badezu (nai dezu, bai; ta ziñez alere), nabillen ni zure ondoren, lagun zakizkit, dagikezunak bezala; bada zurekin batean, badagiket nik zernai, ta nai dezuna. Arin ta zuzen ibiltzeko ni, zuk nai dezun gauzetan, ez dut nik, ez, izar berri bearrik; aski dut orretarako zure izate ta Jaungoikotasun ederraren zerbait berri. Berri au duena, fite ta laster joaten da zu ekustera, ta zuri bere agur onak egitera, edo nekez egoin da, zu aleginean onetsi ta maitatu gabe: zu zara alabaña, gauz on guziak baño obe maitagarriagoa, ta, ezin asm-al adiña jakiunde, esku, ta edertasunekin arkitzen zaran Jaungoiko-gizon, aur jaioberria.

        Baña nork, nork erditsi nai du, orretarako bear den diña zure berri, ta erdirik ere? Berri au ez billatzeagatik bizi dira zutaz aztuak munduko geienak. Orregatik dabiltza lurreko gauza txarren ondoren, eroen eran, edo liluratuen gisa. Orietatik bat izandu naz ni ere, nere Jaungoiko maitea; bai; ta ala gaizki! Asi naz, berandu badere, berri on onen billan, edo zu zerbait ezagutzen. Nere lan on au ongi bukatzeko, indazu, bertatik al dukedan zere argi edo berririk andiena, ongi ezaguturik nor zaran zu, nere deitzalle guztiz maitagarria, nabillen arin ta biziro zuganako nere bide guzian, naiz dela luzea, ta naiz gogorra.

 

 

Dicit piger: leo est in via, et leaena in itineribus:
sicut ostium vertitur in cardine suo,
ita piger in lectulo suo.

Prov. 26. 13.

 

        Nagia ez da aitzaki ta aitzakia besterik. Alde batetik deitzen zaionean, izutzen dutela, dio, an dabillen leoi aserrearen orroak. Erraten badiote ibilli dedilla, edo doala edozein bidez, artuak daduzkala, erantzuten du, leoi emeak bide guziak; eta ez da igitzen, arkitzen den tokitik, edo bidean asiagatik, laster itzultzen da bere tokira; ta, gertatzen zaio pernioetan sartua dagoen ateari gertatzen zaiona: inguruan ibiltzea, baña bere lekutik atera gabe.

        Eta ez da au bera, oraindañoko guzian zuri gertatu zaitzun lan gaistoa? Anitz ibilli zara zu orain artean zere zeruko bidean? Arkitzen ere ote zara zu zeruko bide on onetan? Utzi ote dituzu zuk zere aztura gaistoak? Garaitu ote dituzu zuk zere naikunde makurrak? Egin ote dituzu zuk askotan zere Jaunaren erranak, eta zere legeko gauzak? Ongiak egin izandu dieztezu, txarkeriz bete zaituzten, zere gaizkigilleei? Birtutez birtute zabiltza zu, ta zerurako irabaziz, zere anima ongi betetzen dezula? Baruz, silizioz, ta zere Jaunaren izenean arturikako nekez ezi izandu dezu zuk zere burua?

        A nere Jesus maitagarria! Zorionekoa ni gaur egin banitu nik oraindañokoan gauz orien erdiak badaere! Leoien igesi nenbillenean, gertatzen zitzaidan niri, Amos profetak diona (5. 19) artzak niri nere bidera ateratzea; ta, orien ortzetan ez gelditzeagatik, itxean sartzen banintzan ni, an niri suge bat eskutik lotzea, ta onen izurriz beterik gelditzea: bada zure legeko lanen igesi, ta nere gogoeta txarrak egin naiez nenbillenean erortzen nintzan ni bein bekatu batean, bein bestean: galtzen nuen nik orduan, zuk niri ongi naiez emanik, nuen zure grazia; ta gelditzen nintzan ni astun ta nagi, nere bide onerako; ta gelditzen nintzan aztura gaiztoz, animako zauriz, ta tirrikazio galduz betea, bear ez diran gauzetarako.

        Eta nola ote nago egungo egunean ere? Zerorrek dakizun bezala, nere Jesus maitagarria! Damuz beterik (nere ustez) orain arteko nere nagitasunaz, ta zeruko bidean arin, ta oñik bein ere batera edo bestera atera gabe, ibiltzeko nai andiarekin! Ai, ala gerta baledi! Gertatuko da, bai, nere Jesus maitagarria, zuk ni nere oraindañoko bekatu guzien kargapetik ateratzen banazu; ta ematen didazula, gerorako zere laguntzarekin batean, bekatu beren ziñezko damu ta urrikimentua. Au eskatzen dizut itzez ta biotzez erraten dizudala: Nere Jesukisto Jauna, etc.

 

aurrekoa hurrengoa