www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIV.garren OTOITZ-GAIA

NORAÑOKO DEN GURE JAUNAK,
GUGATIK GIZON EGITEAN,
EGIN IZANDU ZIGUN ONTARTEA TA FABOREA

 

        Gauz onak, etorri orduko, atsegin-kontentuz betetzen dituzte, orien begira zeuden biotzak: baña, etorkizun arkitzen diran denbora guzian naikunde utsa ta desira, besterik ez dakarte; ta dakarten desirkundea, edo beren naia, anbat andi biziagoa da, zenbat andiagoak diran, ta obeak, uste diran gauzak edo ondasunak. Leneko jendeak onelako deseoz ta naikundez beteak bizitu ziran, Jaungoikoa gizon-egin arteko denboran: ta, orien desirak adirazten dutenaz, guztiz andia zen Jauna gizon-egitetik oriek uste zuten ontartea. Nola-ere-bait orain guk ekusteko, norañokoa den oriek uste zuten, ta guk eginik ekusten dugun ontarte au; ta, ontarte onegatik guk geren Jaungoiko-gizonari zor diogun esker-amorea, ekusi bear degu nolakoak izandu ziran, Jaunak au egin arteko denboran, gaude oriek, eta orien artean zenbait Patriarkak, Erregek, eta Profetak izandu zituzten Jesus ekusi-naiak. Asi gaitezen Patriarken ta Erregeen ekusi-naietik.

 

 

A.

Lege zarreko patriarken,
ta errege zenbaiten Jainkoa
gizon-eginik ekusi naia, ta desira

 

        Bederatzi eun, ta ogeita amar urtez bizitu zen Adan Paradisutik kanpoan. Zenbat bere bekatuaren damu ta naigaberekin? Berak daki, ta beraren jabe Jaungoiko maitagarriak. Bazekien lendabizitik Adanek (ekusi dugun bezala) etorkizuna, edo Jaunaren gizon egiteko asmoa. Bazekien Adanek, aren gaizkitik, datozen kalteakgatik eta nai dutenen onerako zela gure Jaunaren gizon egitea. Ekusten zuen Adanek, anbat denboraz berak bese beingo utsagatik zeramana; ta aren ume gaisoak orduko aren uts beragatik eraman bearko zutena. Etzen brontzezkoa, ez; etzen burdinezkoa; ez eta arri gogorrezko ere Adanen biotza: aragi bera-minberezkoa zen, ta damuz erdira zitekena. Bada, Adanek orduan zituenak bezain ekuste gogorrak, ekuste egunorokoak, eta ekuste, egunean askotan berritzen ziranak, zertaratzen etzuten aren biotz beratx minbere au? Zer negarrak, bere biotzaren aldi orietako estutasunagatik Adanen begiak isurtzen zituztenak! Zer aiak, biotz berak bere naigabeekin gau ta egun maiz aski, ta anitz aldiz Adan gaisoari idarokitzen ziozkanak! Zenbat bider, egiñaz damuturik, asi ote zen Adan gizajoa bere kontra, ta Jaunari deitzen?

        Deituko zion, bai, Adanek bere Jaungoikoari; ta eskatuko zion (nork daki zenbat aldetara), zetorkiola lenbaitlen, lertzen zuten bere barreneko kezkak arintzera, urratzen zuten bere nekeak leuntzera, ta, erdi bi egin nai zuten bere biotzeko naigabe astun-pisuak kentzera. Deituko zion, ekusi naiez bere ta gure Salbatzallea, berak galdurikako gauzen Arkitzallea, ta ontasun guziak berekin dituen Ongigillea. Deituko zion bein, ta berriz, ta askotan ere: deituko zion egunoro, goiz-arrats, eta, nork konta-al zenbat aldiz ta bider? Baña, bere deitze guziekin etzuen ekusi, ekusi nai zukean gauz andi au: ta, anbat urteren buruan, atera zen mundutik Adan, mundua, bere bekatuagatik, bere ezkero lanez, izerdiz, negarrez, kaltez ta kaltez. Oriek dira, Adanek guri, bere umeei, utzi dizkigun ondasunak eta bazterrak; bazter ta ondasun, ez izateko obeak!

        Seth zeritzan Adanen semetik Abrahan mundura zeneko, izandu ziran errenko, umez ume, emezortzi, edo emeratzi familietako Nagusi ta Patriarka. Ez dakigu norañokoak ziran, orien Jesus ekusi-naiak. Andiak zirala, bai, ta besterik ez digu adirazten Eskritura Santak. Abranek izandu zituenak adirazten dizkigu Kristo Jaunak; baña itz bian, ta guztiz laburki. Jerusalengo elizan erran zien bein Kristo Jaunak, au arkitzen ziranei: zuen Patriarka Abran, gizon andi ark ekusi nai izandu ninduen ni, nagoen bezala, gizon eginik; ekusi ninduen len fedez edo siñistez, ta Profetaren begiz; ta gero, gizon egin nintzaneko, (Aita Maldonadok dionaz) bere Linbotik; eta Linboko bere ekuste, edo ni gizon egin nintzalako berri onek, bete zion atsegin-kontentuz biotz guzia.

        Berak nai bezain aldetik ezpazen ere, Abranek baño alderagotik begiratu zion onen Illoba Jakobek; eta iltzeko zegoela, erran zien onek bere semai: Egun au ekusi naiez noa mundutik Abranen linbora; ta an egon bear dut nik, eta egon bear dute ill on guziak onen begira; ta egon bear dago suspirioz, naiez, ta gogoz beteak, etorri dakigun artean, gu andik aren, ta bere zerura zuzenduko gaituen gure Salbatzallea.

        Orra nolakoak ziran, noizean bein Patriarkak erakusten zituzten Jesus ekusteko desirak, eta naiak! Ez dira uztekoak Erregeak ere erakutsi oi zituztenak, Dabidenak beintzat, eta onen seme Salomon gizon jakintsuarenak. Badira Eskritura Santan eun ta berrogeita amar Psalmo, edo zeruko kanta. Irur-ogeita zazpigarrenean agertzen du Salmariak Jesusen etorrera, ta Jesusek berez ta bere Apostoluez munduan egin bear zuena. Bigarrenean agertzen du, mundu guzian banatu bearra dela Jesusen Ebanjelioa, doktrina, ta legea. Onetan berean, ta beste zenbaitetan, agertzen ditu Kristo Jaunaren neke-izerdiak, Judasen txarkeriak, Pasioneko penak, Gurutzeko tormentuak, eta au erran zituen itzak; baita ondoan gertatu ziran gauzarik txikienak ere. Bere nekeak agertzen ditu Dabidek zenbait aldiz; baña begietatik utzi bage Jesus maitearenak; eta, oriek agertzeagatik agertzen ditu bereak; edo, zuzenago erran dezadan, bereak bailira bezala, agertzen ditu bere kantan edo bere Salmoetan, Jesus maite Jaungoiko-gizonak ekusi zituen bidegabeak, injuriak, eta neke arrigarriak.

        Salmo beretan agertzen ditu Dabidek, irugoiztar Erregeen etorrera, ta Jentillen, ta mundukoen konbersioa, edo gure legeratzea. Agertzen ditu, Apostoluak, eta bere Legeko bertze anitzek eraman bear zituzten neke-martirioak, Juduen, Errege gaistoen, Enperadoren, ta gañerako etsaien eskuz ta manuz. Jesusi darraiko Dabid bere Bizitzan, bere eriotzan, ill ondoan, ta, munduak iraun bear duen denbora guzian; baita azken juizioko egunean ere; bada agertzen ditu orduko Jesusen kontu-artzeak, eta gañerako gauzak; eta, onik ez duela dirudi Dabidek, Jesus gogoan, arpan, ta miian ez duen ordu ta puntuan: ta guzia da Dabid Jesus ekusi nala, suspirioa, ta anitz aldetara ojuz erratea: Zertako da, nere Jaun andia, zuk dezun eskua ta indarra? Noiz artean egoin zara zu zauden bezala, geldirik, eta gugana igorri gabe, igortzeko zauden zere Seme, Jaungoiko-gizona? Noiz ekusi bear ote dugu guk gure Jesukristo Jauna gurekin, gure artean, edo gure eran aragiz jauntzia, ta gure onerako zerutik jaitsia, ta jaioa? Egizu gaur bertan lan andi au, ta atoz, luzatu gabe, gure bekatuaren karga gaistoa guri kentzera; atoz, arren, emengo gure etsaiak garaitzera; ta atoz, atoz, zeruan gu sar gaitezen, gañeko ate, eternidade guzian iraun bear dutenak, guri idikitzera.

        Nonbait andia da, Dabid Errege, orretan zuk uste dezun ontartea ta faborea! Bada, ain andia ez izatera, etzeunke zere gogoan orren sarturik erabilliko, ta orren itz bero biziz, ta orren ziñez eskatuko. Zer dio zure seme jakintsu, errege andi, Salomonek? Onen erranak, zuen jakindeagatik, beste asko erregerenak baño agitz geiago balio du edozein gauzetan. Adi zazu bada bein berak, egiteko onen gain, Aita Eternoarekin ziardukela, adirazi izandu ziguna.

        Zurekin egoin da beti, ta gizon egin bage, zion bein errege Salomonek, gauza guziak dakizkiena, ta, egiten dituzunetan laguntzen dizun zure Seme bakar, jakiunde utsa, ta sekulako sabiduria? Betor, betor zeru orretatik; eta, bere Jaungoikotasun andia galdu gabe, ar beza lurrean lurrezko gure izatea, edo naturaleza; bebil gurekin emen, emen gu gabiltzan bezala; neka bedi emen gure artean; ta neka bedi gure izenean, gure onerako, ta guri erakusten digula nola bizi; bizitz on banatan laguntzen digula, eraman gaitzan bere ondoren; ta sar gaitzan, berekin batean, bere ta zure zeru doatsu orretan.

        Ez dezu aditzen zer zion gizon jakintsu Salomonek? Ez dezu aditzen zer zion Dabidek? Ez dezu aditzen Patriarkak erraten zutena? Orien erranak, orien ansiak, orien Jaungoikoa gizon eginik ekusi-naiak, ez dute ongi asko adirazten fabore ta ontarte onen balio, ta ontart au egiten digun gure Jaungoikoaren maitagarritasuna? Etzaitzu kostatu, ez, oriei adiña, gure Jaunaren lan andi au; ta ez dezu ezagutu ere oriek bezala! Zu sortu baño len, bekatari txarra, egiña zegoen, zure onerako, ekusgarri on andi, Ontartegille ori: baña zuk, zuri zor zaitzun gauzari bezala begiratzen diozu, ta anitz estimatzen ez dezula. Beste begiz begiratu zioten, urrutitik begira zegozkan Erregeak eta Patriarka andiak; baña gerozko Profetak ere, orain ekusiko dugun bezala.

 

 

B.

Isaias Profetaren Jesus ekusi naia

 

        Isaias Profetak, begiz ekusi balitu bezala, adirazten dizkigu Jaunaren gizon-egitea, Jesusen jaiotzea, Jesusen bizitza ta eriotza: baita ortik datozen on, ta ondasun guziak ere. Bizitu zen Profeta, errege gaistoen egunetan. Erregeen eran bizi ziran orien pekoak. Egiten zuen Profetak alegiña itzez, mandatuz, ta milla aldetara, guziak beren Jaunagana zuzentzeagatik: baña gaistoak etzuten egin nai aren erranik, eta aitzina zoazen beren bide makur galduetan.

        Etzuen onik Profetak, ezpazen Jaunaz oroitzen zenean. Oroit-aldi orietan agertzen ziozkan Jaunari bere naigabeak, eta kezkak: eskatzen ziozkan oriek kentzeko bideak eta erremedioa; eta, agertu zionetik andiena, edo Jesusen etorrera, gelditu zen arritua bezala, ta etzekiela, nola etorrera onetatik bere begiak kendu edo gogoa aldaratu; ta, bertze egitekoetan ziardukanean ere, etorrera onetara zetorkion bere asmo guzia, ta itzketa. Gauz onen gain itz egiten zuen: batzuetan erakusten zuen nolakoa zen Jesusen etorrera; besteetan, zertako zen etorrera au; eta bertze batzuetan agertzen zituen, etortze onetatik datozen onak eta ondasunak. Au guzia, ta etorrera oni zegozkan beste anitz gauza idarokitzen ziozkan Isaiasi, bere barrenen zuen Jesus ekusi-naiak; eta agertzen zuen noizean bein bere nai bizi au itz bero-labur-ederrekin.

        Nolakoa zen, Isaiasek dionaz, Jesusen etorrera? Nornai arritzekoa, ta dena milagroz betea! Orra Israeldarrak, gaiztoak izanagatik, Jaunari noizbait zorko dioten ekustekoa! zion bein Profetak. Birjiña bat aurdun izain da, gizonik gabe: erdiko da, ta izain du seme bat, Birjiña dela; bada erditzean, erdi baño len, ta erdi ezkero, ta beti Birjina izain da, ta Birjinen Birjina. Au berau adirazten du berriz; ta adirazten ditu bidenabar zenbait Jesusen gauza ta birtute: etorriko da, dio, Jesseren sustraietik zigor bat, eta Aren sustraetik lorea; edo etorriko da egunen buruan Dabiden odoletik Donzela garbi Birjin Ama bat Ama onen Semea, Aita Eternoaren Semea izain da; ta Seme Jangoiko-gizon, lore eder birtutez, doaiez, ta graziaz dena jauntzia.

        Emen Aitarik ez duen Sema onen etorrera au ekusi naiez, asitzen zaie geto zeruei ojuz: ta, agertzen duela nondikakoa den, edo noren birtutezkoa etortze au, erraten die, al duen indar guziarekin, ta Profetaren itzez, urrengo nere itzak adirazten dutena: Zertan zaudezte, zeruak, orrek idorrak? Noiz urtu bear dute zuen odeiak? Noiz Espiritu Santuak, odei eginik, egiñen du? Birjin Amaren lur garbian, bere birtutez egiteko dagoen lan andia? Betor, betor lenbaitlen ta gaur bertatik, lan au egitera. Artean guk ezin dukegu, uste dugun Salbatzallea; ez eta, onek dakarren Justizia, ta zuzenbidea ere.

        Trinidadeko bigarren personak, eternidade guzian, gizatasunik bage, Aitarekin ta Espiritu Santuarekin egondu denak, artu, denboren buruan, gizatasuna? Ta artu bestek ez bezala, ta milagroz Donzella garbi bategandik? Au da Profeta Santu au arritzen zuen, ta nornai arritzeko gauza; ta au zen lenbaitlen Isaiasek ekusi nai zukena. Nai ona segurki! ta zuzen zebillena! Sar baledi gure biotzetan ere! Emen nai au sartzera, artzen dugun baño geiagotan artuko genuke guk Jesus etorria geren barrenetan, edo, egiten dugun baño geiagotan komuniatuko giñake; bizi ez garan bezala biziko giñake; ta biziko giñake, gure Jaunak bere gizon egite onetan egin digun ontarte ezin-geiagorañokoa gogotik uzten ez genuela! Emendik aitziña badere dagigun, oraindañokoan egin ez duguna; ekus dezagun Isaiasekin batean, zertako egin izandu zuen gure Jaungoikoak era onetan egin zuen gauz andi au.

        Zertako da, Profeta Santua, Jaunaren Gizon egitea? Zertako? Oraindik ekusi diran gauzarik ekustekoenak zuri ta mundu guziari agertzeko: bada, Jesus datorrenetik ekusiko dezue (dio bere eran Profetak, nik gurean orain diodana); ekusiko dezue, nola dabiltzan elkar arturik bildotsak, eta otsoak, antz-umeak, eta orien etsairik andienak, leoiak eta ardiak, artzak eta aretzeak, edo zekorrak; eta ekusiko dezue, dio, nola aur batek zaitzen dituen guziak, ardi utsak balira bezain aisa, ala larrean elkarrekin dabiltzanean, nola korralera biltzen diranean, au elkarren ondoan gaba pasatzeko; ta zaitzen dituela, elkarri gaitzik egiten utzi gabe. Ez dira gauza ekustekoak, aditzen dituzunak? Aditu dezu ekustekoagorik? Oriek eragiteko bada, ta beste orrelako anitz gauzetarako da gure Jangoikoaren gizon egitea.

        Baña, oraiñ gañerako gauzak aldebat uzten ditudala, zer da, Profeta santua, itzketa illun onekin adirazi nai diguzuna? Zuk orain emen ikasi dezakezuna. Aur zaille, gugatik aur egin zen au, gure Jaun andia da. Zaitzen dituen otsoak, tigreak, artzak, eta leoiak dira gizon lapurrerietan zebiltzanak, begiratze makurrak, eta biotz tolestuz beteak zituztenak; arinkeria ta animako loia baizik etziranak, edo antustez ta arrotasunez beterik zebiltzanak: eta bildotsak, aisuriak, auntz-umeak, ardiak eta zekorrak dira aberats onak; maliziarik gabeko jendeak, jende garbiak, jende umillak, eta jende zuzenak. Oriek elkarrekin gau ta egun bakean ta ongi bizitzea ez da besterik, baizik Jesusen erakusteak eta graziak eskuratzea gizon gaistoak; eta oriei onen bide on zuzena ar-eraztea.

        Etzaie guti kostako, ez, dio Profetak, ontaratzea, gaitzera oituak dauden jende gaisoei: baña, oriei ori eragitera datorren beren Jangoiko-gizonak errain die: Ez da zer-beldurtu, ez, mundu ta infernu guzia zuek galdu naiez, ta lan on au zuei eragozten, ibilliagatik; zerez ezin dezutena, egin dezakezue nik laguntzen dizutedala; ta ni, zuei laguntzeko nago noiznai, ta nai dezuten guzietan. Au berau Jangoiko berak erraten digu guri egun ere; ta beraren erranak adituz, ta geren lanak eginez ontzen ezpagara, dezakegunak bezala, gurea izain da oben ta kulpa guzia.

        Adirazteko gero Profeta berak, Jesusen erakuste ta laguntze onetatik datozen onak, itz egiten du, oi duen eran, ta oraingo gure itzketak adirazten duena: orduan ekusiko dezue zuek, nola ekusten duten itsuak, aditzen duten gorrak, eta itzketan dauden mutuak; ekusiko dezue zein arin dabiltzan urgunak, zenbat lan egiten dituzten mainguak, eta eskurik etzutenak. Orduan agertuko dira bazter agorretan putzu berriak, eta putzu urez beteak; eta agertuko dira, erreak ziduriten mendietan, ta aldapa gogorretan, iturri ederrak eta urezko errekak: baña dragoien zoko galduetan ere kañabera luzeak, eta ii bear bezalakoak.

        Edo orduan ekusiko dituzue Jesusen milagro oriek guziak, eta anitz geiago; baña oriek baño ekustekoagoak diran animako gauzak ere; bada ekusiko dezue, nola jentillak, nola turkoak, eta oriek bezain gaistoak, eta gaiztoagoak ere, siñesten dituzten Jesusek agerturikako misterio andiak; nola artzen dituzten misterio berak agertzen diezten bideak, nola egiten dituzten, Jesusek laguntzen diela, egiteko ta lan arrigarriak; eta nola, utzirik leneko beren bide gaistoak, arin dabiltzan, ta gelditu gabe, Jesusek agertu dien ta berak onez artu duten zeruko bidean. Ekusiko dezue nola Jesusek aterako dien, nai dutenetan, biderako bear duten jan-edana, edo Komunioneko sustentoa ta graziaren ur ederra. Ekusiko dezue nola, len etsaien leze loi-galduak ziran biotzak, dakazten asmo garbizko loreak eta birtutezko lirio zuri ederrak; ekusiko dezue nola jai-igandeetan, egun artuetan, ta anitz orduz, sartuko diran emen, Sion deritzan lekuan, Jaunaren Elizan, Jaungoikoari dagozkan egiteko garbiak zuzen egitera; ta, ekusiko dezue nola sartuko diran gero, graziaren ondasunez ta irabaziz beteak, atsegin utsa ta kontentua besterik ez duen zeruko glorian. Zorionekoak egun oriek ekusten dituztenak! Ezin ekus nitzake nik ere? Bai, Jaungoikoak nai balu! Nai dakiola, nik ekusten ezpadut ere, nere ondotik etortzeko daudenak lenbaitlen, edo anitz luzatu gabe, egun au ta egun onetarako gauz andiak ekustea!

        Orra aldi onetan Profetak adirazten diguna. Baña etzen au azkeneko Isaiasen erranaldia: agertu zuen geroz ere bere gogo bizia, ta Jesus ekusi-naia: ta a nonbait! (erran zion Jaunari era berean, nik gurean orain diodana, ta urrikal bazenkiotza, galduz, ta galduz doan mundu txar nastu gaisoari! Urra bazenitza lenbaitlen zere zeruak, lurrera gizon egiñik etorri, ta emen egiteko, gure onerako egin uste dezun gauza andi au! Orduan guk aisa garai-gintzake munduko gaistoak, eta sulezeko etsai gogor amurratuak; eta zuk ekarriko zenuken amoriozko suan garbituko genituke geren biotz loiez beteak, eta arkituko genuke, zu serbitzatzeko, zu maitatzeko, ta gure gauzak bear bezala emen egiteko bear den berotasuna ta argia.

        Bidenabar (dio berak) ezagutuko lukee lurrekoak norañokoa den zure eskua, zein on maitagarria zaran zu, ta zuk gure ta guzien onerako aldi onetan egin bear dezuna. Zuk au egin artean, ona gu nekez ta bekatuz ingurutuak: eta, bekatuak kentzeko orain ditugun gauzak orra zein balio gutikoak, orduko erremedioren aldean! Orain guti dira zure izenaz oroitzen diranak; eta alere gutiago Sionko errian, ta Jerusalengo elizan sartzen diranak. Au guzia zuk badakusazu, gure Jaungoiko maitagarria, ta ala ere luzarazteko zaude zere etortzea, zere gizon egitea? Ai! au lana! au nekea!— Orra nolalzoak: orra zein andiak Isaias Profetaren Jesus ekusi-naiak. Nolakoak ote ziran gañerako Profetak izandu zituztenak? Goazen ekustera, obeki ekusteko zein andia den, bere gizon egiteagatik, gure Jaungoikoari guk zor diogun amorea.

 

 

C.

Bertze Profeten Jesus ekusi-naia

 

        Isaiasek ezezik, bertze Profetak ere izandu zituzten Jaungoikoa gizon-egiñik ekusteko desir andiak; eta desir, gogo edo naikunde, bideak zekarrenean, agertzen zituztenak. Agertzen zituen Profeta bakoitzak, agertzen zituenak, zegokan lana egin bage ez uzteagatik; edo berotu naiez munduko guzien biotzak Jesusen uste onarekin; oriek ere beren onagatik eska zezoten labur zitzala, laburtu ala, bere otoi-denborak, eta ager zedilla lenbaitlen, agertu uste zuen eran, ta aragiz jauntzia, edo gizon egia. Orain guk ekusi bear ditugu orietatik zenbaitek beñ edo berriz agertu zituzten beren naikunde, edo Jesus ekusi-naiak; eta ekusiko ditugu orien aldi orietako mintzoerak, edo itzketak, Lirak, Alapidek, eta beste interprete andiak adirazten dituzten eran, ta gutiren bat luzatzen ditugula.

        Jesus ekusteko naikundez ta deseoz beterik arkitzen zen batean, izandu zuen Ajeo Profetak onen etorkizunaren gain atsegin ta kontentuzko berri eder bat. Berri au, Jaunaren manuz agertu zien. Profeta berak Zorobabel zeritzan Gobernariari, Josodek Apez Nagusiari, ta gañerako jendeei, pozez ta gustoz beterik erraten ziela: egizue, bai, beldurrik gabe, egin bear dezuten zeren egitekoa: egizue zeren Jaunaren Jerusalengo Eliza, ta gaurgero beude aldebat, oraindañokoan anbat estutu zaituzten zuen beldurrak, eta kezka guziak. Orra Jaungoikoak, niri, zorioneko aldi onetan adirazi didana, gerta diteken, ta guk aspaldian uste dugun, gauzarik andienaren gañean. Denbora da, bai, begira daudela jendeak noiz ote datorren gure Jaun etorkizuna: joan diranen aldean laburrak dira, orretarako joateko dauden, edo falta diran urteak.

        Urte orien buruan, Zeruak aterako dira beren pausutik, edo izan oi duten eratik, eta agertuko dute, lenak ez bezalako, Izar guztiz eder bat; eta Izar, gau-ta-egun argi egiñenen duena. Lurrak, itsasoak eta bazterrak: galduko dituzte leneko beren nagusiak, eta geldituko dira Romako Enperadoreen eskuetan. Orien manuz ibilliko dira jendeak bere jait-etxeen, ta errien billan. Errian errikonak, eta bazter bakoitzean, ara datozenen izenak artuko dituzte, orretarako romatarrak bereziko dituzten gizonak. Lan au eragiñen du Romako Enperadoreak, ikasteagatik, zenbat milla ta milloi diran aren eskupekoak, eta bere premietan lagundu dezoketenak. Jendeak onetan dabiltzanean, agertuko da mundu guziak eskatzen duena; edo onak eskatzea dutena, ta guziak bear dugun gure Jaungoiko-gizon egiña. Etorri, ta laster, sartuko da Jaun au zuen Jerusalengo elizan; ta onen sartzearekin geldituko da Eliza, Salomonek egin zuena diñakoa ez izan arren, ark egiñikakoa, ta ark ura urrez, ta zillarrez apaindu zuenean baño ere agitz ederragoa, ta ekusteakoagoa: Et implebo domum istam gloria. Zorioneko euskaria! Zorioneko etorrera! Eta nork au astiz ta luzaro begiz lekusken, orain siñistez bezala!

        Zakarias Profetak era berean itz egiten die Jakoben umeei, bada erraten die: Noiz artean biziko zarate bizi zaraten eran, edo dituzuen bezain asmo ta ibillera eroetan? Babilonian bizi diranak bezala, bizi bear dezute zuek, edo angoen eran ibilli uste dezute, idoloz idolo, ta gaizkiz gaizki? Ez, ez: bakarrik, edo zuek bage, erre ta lertu bedi bere sulezean, ara zuek era orretako lanekin eraman naiez, zuen ondoren dabillen etsai gogor madarikatu galgarria. Ez da zer galdu, ez, zeren zuzenbidearen ustea, edo geroko esperantza. Ez da bat ere zer berandetsi zeren Jaunaren etortzeaz: banator, dio berak, zuen artean gizon izatera. Or biziko naz, bai, zuetatik bat bainintz bezala; ta biziko naz, zuei bizitzen, ta gauz onak egiten eragusten dizuedala. Zuen artekoak, edo Israeldarrak ezezik (dio gero) mundu guzian banatuak dauden jendeetatik ere neretuko ditut anitz, eta asko; ta neretuko ditut, zuen artean erakusiko dudan dotrinarekin. Nere dotrinarekin batean emain dut emen, ta emain dut mundu guzian ere nork-nai edo bakoizak ongi bizitzeko bear duen laguntza ta grazia; ta, nai badu, ta ongi eskatu ezkero, agitz geiago ta geiago. Eta bere denboran emain diet nik ongi bizi diranei beren irabazia, ta, beti-betiko gloria. Baña begira bezate nola ta zertan dabiltzan, gaizki dabiltzanak; bada lurrez, ta aragiz jaunzia egonagatik, edo zuen gizatasuna artuagatik lena izain naz ni, dio Jaungoiko berak, etsaiak eskuratzeko, ta nori bere penak, eta dagozkan neke ta kastigu guziak emateko.

        Zertako da orrenbat itz ontzikeri? Erraten, edo adirazten die jende berei Malakias Profetak. Berandetsirik arkitzen zarazte, zeren zuek nai baño geiseago luzatzen duen gure Jaunaren etorrerak. Gure ondoan, edo gure aldean bizi diran jentil itsuak, gaizki biziagatik (diozue), gu baño aisago bizi dira, ta nekerik gabe: ta gu ongi ta zuzen bizi garala; ta gu egonagatik, gauden bezala, gau ta egun ta beti geren Jaunaren ustean, geren Jaungoiko-gizonaren begira, ta deiez ta deiez, lenbaitlen datorkigula, beti nekatuak gu, beti kezkarekin gu, ta bein ere atsedeten ez dugula! Nola dabiltza gauzak? Edo non gorde da, guri ez laguntzeko, gure gauzen Zuzentzallea?

        Orra zuen erakerial Orra zuen itzketa ero bururik bagekoa! Itxozue, zoratuak zenbait denboraz, dio Profetak, eta adi zazue Jaungoikoak erraten dizutena. Igorriko dut, dio, ta anitz luxatu gabe, bideak zuzentzera, Aingeruen gisan biziko den S. Joan Bautista: ta onen ondoren agertuko da zuek uste dezuten Salbatzallea. Jesus Salbatzallea dator Lege berri bat lurreko guziei ematera. Lege onetan arkitzen dira, ongi ta gaizki bizi diranen paguak. Utzatzue, utzazue; zuen bazterretako gaistoak, zenbat ere doatsu-aberatsak diran, egunen batean artuko dute zorigaistoko beren irabazia: ta orduan onak, ongi dabiltzala bizi diraño, neketan ta arrastan emen ibilliagatik, artuko dute Jesus onagandik beren irabazia, ta sekulako gloria.

        Orra Profeten itzketa ta mintzoa; edo orien misteriozko mintzo-itzketak adirazten duena. Orra zein naituak Profetak, eta mundu guziko ta Lege zarreko jende onak, zetorkien lenbaitlen, uste zuten beren Jaungoiko-gizon Jesus maitagarria. Etziran, ez, orren naituak anbat denboraz biziko, oriek jakin ezpalute etortze onen balioa. Ote dakizu zuk ere? Ez dut uste, bear bezala beintzat. Bada zuk jakitera, edo zuk ezagutzen bazenitu Jesusen etortze onetatik datozkizun ondasunak, etziñan izain, ez, izandu zaran bezain eskergabea: billatu dituzun baño gogozago billatuko zenituen Jesusen ondasunak eta laguntzak; eta gaur izain ziñan, zaran baño obea ta birtutetsuagoa. Berari nai dakiola bertatik zuk zere begiak idikitzea, ekus dezagun, oraindaño baño begiratze argiagoarekin, Jaunaren gizon egitea; ta gizon-egite onegatik zor diozun ontartea, ta amorea; onen amore andiari, al den amorerik andienarekin erantzuteko orain ta zere bizitzan, edo zere ill-arte guzi-guzian.

 

 

Beati oculi, qui vident quae vos videtis;
dico enim vobis, quod multi Profetae et Reges
voluerunt videre quae vos videtis,
et non viderunt; et non audierunt.

Luc. 10. 23

 

        Zorioneko begiak ekusten dutenak zuek orain ekusten dezutena (erraten zien bein Kristo Jaunak berekin zerabiltzanei); bada ekusten dezue zuek, anitz erregek eta profetak ekusi nai izandu zutela, ekusi etzutena; ta ekusten ezezik, aditzen ere dezue, ekusten dezutenaren aotik, oriek berak aditu nai izandu bazuten ere, aditu etzutena: ekusten nazue alabaña ni gizon egiña, ta nigandik aditzen dezue nik mundura dakardan nere lege berria.

        Erran dakikegu guri beste onenbeste? Bai, begiratzen badiogu guk geren Jaungoiko-gizonari, ta aditzen badugu Jaun onen legea, Jaun beraren Apostoluak bezala. Nola begiratzen zioten gure Jesusi bure Apostoluak? Biotz onez, ta begi garbiekin: bekatuetatik, eta bekatuen bidetik beren gogoa kentzen zutela; ta beti, ta biziro maitatzen zutela beren Jesus. Nola aditzen zituzten Apostoluak Jesusen itzak eta Jesusen legea? Aditzen ziotena zuzen egiteko naiez beteak zeudela; ta au berau, al zutenei, eragiteko gogoarekin gelditzen zirala. Onela begiratzen diozu zuk zere Jaungoiko-gizon, Jesus maitagarriari? Onela aditzen dituzu zuk zere Jesusen itzak? Ez dira itzultzen zure begiak, ez dira makurtzen bein ere lurreko gauzetara zure asmo-gogoak? Nolakoa izan oi da zure ibillera? Nola ibilli oi zara zere legeko gauzetan? Guziak egiten dituzuzu zuzen, bear den eran, ta uts egin bage? Zuzentzen dituzu, ta alik lenena, noizbait egiten dituzun zere utsak eta makurrak? Uts egin bage ibilli uste dezu bizi zaraño; ta lan onez on ibiltzeko asmoan arkitzen zara? Ala bada, zorioneko begiak dira zure begiak; eta zorioneko bearri-biotzak zure biotz bearriak. Oriek zuk gaitzen ezpadituzu, edo ori bera zuk egitera ill arteko zere denboran, zuk gero eternidadean ekusiko dezu Jesus, Sakramentuko estalkirik bage, ta argiz ta Aingeruz inguratua. Ala gerta dakizula: bai arren, bai!

 

 

Beatus ero, si fuerint reliquiae seminis mei
ad videndam claritatem Jerusalem.

Tob. 13. 20.

 

        Egunen batean agertuko da gizon eginik gure Jaun maitagarria: ta nork lekusken zorioneko egun eder au! erraten du Tobias zarrenak bere azken aldean. Zorionekoa ni, nik egun au ez ekusiagatik, ekusten badute nere ondorengoen batzuek! A, zer ekuskarria orduan Jerusalengo Elizan agertzeko dagoen Jaungoiko-gizona! Jainko-gizon onek, au sartu orduko, utziko du den guzia, ekustekoz, argiz, ta erakustez betea; ta, begiak ez ertsitzera, an orduan arkitzen diranak ekusiko dute, Israeldar onak, eta, guziak baño gogotikago Errege zuzenak eta Profetak beti ta beti eskatzen zuten ekustekoa.

        Zer egiñen zenuen, zuk bekatari txarrak, ordu artan au arkitzera zu Jerusalengo elizan, Jerusalendarren artean, ta Jesusen begietan? Eskerrez beterik Jesusen oñetan belaunikatu, ta amorez urturikako biotz bat an ari erakutsi? Au guzia zuk egiñagatik, egiñen etzeunen bere orduko agertzeagatik zor diozunaren laurdenik ere. Atotzea, ta gutiago zor diozu zuk gaur Jesus berari, zeren etorri zaitzun alderagoko gure elizetara, ta sartzen zaitzun zere biotzeraño, komuniatzen zaran guzietan? Eta egiten diozu zuk orregatik zor zaion bezala? A! ta zein guti! Eta orrela, edo geiago egiten ez dezula, izan nai dezu zuk zorionekoa, ta zeruko doaiez betea? Ez da erraz, ez! Izan nai badezu, bada emendik aitzina ta beti, idiki bearko dituzu animako zere begiak, ongi ezagutzeko Jesusi, bere lenbiziko etortzeaz ta geroz egiten dizkitzunakgatik, zor diozun amorea; amore onen ezagumentuak eraman zaitzan, zor zaion eran, Jesus onari amorez ta lan zuzenez erantzutera; ta gero, bere orduan zeruko gloriara. Jaunak digula orretarako bear dugun argi ta laguntza guzia. Bai arren, bai!

 

 

Si morara fecerit, expecta eum,
quia veniens veniet, et non tardabit.

Abach. 2. 3.

 

        Profeta Abakuk egondu zen bein, begira bezala, nondik ekusi zezaken ekusteko andi au, onen luzatzeaz gaizki mintzatzen ziranei bear bezala erantzuteko asmoan. Onetan zegoela, aditu zuen bere Jaunagandik, eskriba zazu orain ni zuri erratera noana, jakin dezaten geroko irakurleak nik gezurrik erraten ez dakidanak, orain adirazten dizudan guzia: luzatzen badu ere, ez da orregatik zer berandetsi: itxozu; zaude begira, ta ekusiko dezu nola, ibilliz bezala, ta anitz luzatu gabe, agertzen den gure guzien onerako, guk guziok uste dugun Jaun Andia.

        Mintzoera ta itz egite onetan ageri da zein andia zen Lege zarrekoen Jesus ekusi-naia: ta ageri da orietatik zenbait beintzat etsiak bezala bizi zirala Jesusen etortzeaz: baita Jaunaren aldetik aditu zutenaz ere. Nola ote zaude zu, bekatari txarra; edo zertan ote dabill zure asmoa, zenbait nekeren edo kezkaren batzuek artean arkitzen zaran orduetan? Ordu orietan eskatzen ote diozu zere Jaungoikoari datorkizula lenbaitlen, ta atera zaitzala orien artetik, edo dizula ongien dagokizun eran, orduko zere naigabe ta pena guziak, eta berak nai bezala, eramateko bere laguntza ta grazia? Eskatzen diozu ager dagizula, ongi ta zuzen zere gauzak egiteko, bidea? Eskatzen diozu datorkizula, zuri zere gaitzerako makurtasunak garaitzen laguntzera, zere aztura gaistoak kentzera, ta gauz anitz on egiteko, bear dezun guzia zuri ematera?

        Komunione, ta otoitz askotan au guzia bein, berriz, ta anitz aldiz eskatu diozu noski zuk zere Jaungoikoari; baña erditsi bage eskatzen zeniona; ta orrekin iduritu izandu zaitzu, etzaituela zere Jaunak aditu nai zandu. Bai? Bada ez dituzu zuk zere eskaerak bear bezala egin izandu, edo nekepean oraindik zenbait denboraz bizitzea da zuri dagokizuna. Eska zaiozu bada Jaungoiko berari berriz, ta berriz ere; ta eska zaiozu, alik ongiena, eskatzen diozun guzia. Eska zaiozu, bizitza txar au iragotzeko, ta betiko zerua irabazteko, bear dezuna; ta, zenbait denboraz zure Jaunak luzatuagatik ematea zuri zuk eskatzen diozun gauza, ez da zer berandetsi: gutiena uste dezunean izain dezu eskatzen dezun ori, edo orren ordez, ori baño obeki dagokizun zer edo zer: bada aspaldian bere itzez orretara beartua arkitzen da gure Jesus; ta mundu guziagatik ere ezin auts dezake Jesus maitagarriak bere itzetatik den txikiena, edo bat ere.

        Orretan nago, bai, nere Jesus maitea; ta orretan egin naz sekula guzian. Ni nor banaz, eta nik eskatu ezkero eskatu bear den eran, zugan arkituko dut nik nere gauza guzietarako bear dudan guzia; baita geiago ta geiago ere. Ekusi baditut nik oraindañokoan, ekusi ditudan bearrak eta premiak, nere kulpaz izandu da, ta nik egin bagez egin bear nuena. Garbitu banu nik, neronek nere naiez loitu nuen nere biotza, eta oben gaistoak, orien bide makur ta aztura galduekin, beste indar artuko zuten oraindañoko nere eskaerak, eta beste moduz adituko zituen gure Jaun andiak. Ongi ar ditzan bada, gaurgero egin bear diozkadanak eta izan dezadan nik eskatzen diodan guzia erdisten dudalako atsegin ta kontentua, orain nai dut egin, len egin ez dudana: orain garbitu nai ditut nere biotz-animak; beraren graziarekin erraten diodala damuz ta negarrez! Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

aurrekoa hurrengoa