www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

X.garren OTOITZ-GAIA

GUREKIN GURE JAUNGOIKOAK EGITEN DUENA

 

 

A.

Eman dizkigu Jaungoikoak:
zeruaren berria;
zerua irabazteko denbora ta tokia;
ta bizitzeko bear deguna

 

        1. Gauza guzietarako da gure Jaungoikoaren letarta edo probidenzia; baña, gure ona baizik gogoan ezpalu bezala, artuak daduzka bere neurriak, eta egin izandu ditu, ta egiten ari da, guri dagozkigun gauzak. Egin gintzaken gu, berak nai izatera, emen beti bizitzeko; ta egin izandu gaitu bere zerurako. Ara igaten garanean, arki ditzagun guk geren gogora, edo ongi-ongi ta gerok nai bezala, ezinobeki apainduak daduzka ango toki guziak; edo apaindurik daduzka, guk asm-al baño agitz eta agitz ederkiago. Arako gogoa guri sar-erazi naiez, eman digu Jaungoiko berak zeruko gauzen zerbait berri: ta, Jaunaren berriak dionaz, ta egia dio, urrea, zillarra, kristalak, perlak eta diamanteak gauza loi itsusiak dira, ango gauz ederren aldean.

        Zeruari, ta zeruko apaintz ederrari dagokan bezalakoa da zeruko maia. Bakea, atsedetea, atsegin ta kontentu utsa da ango janaria ta edaria. Maiaren erakoa da etxekoen bizitza; bada da ezinobea. Ez da an otzik, ez da an berorik, ez da eritasunik, ez da nekerik, ez da kezkarik; ez eta iltzerik ere. Betiko bizitza, betiko osasuna, ta gau ta egun, ta beti nai bezala bat arkitzea da zerukoen lan guzia. An ez da ekusten begitarte ona baizik: ez da alabaña Aingeruak, Santuak, Jesusen Ama, ta Jaungoiko bera besterik. Beren biotza bezain maite dute elkar ango guziak; eta alere oztasuna da ango guzien elkar maitatzea Jaungoikoak bakoitzari dion maitatze ta amorearen aldean.

        Ekusten dute zerukoak elkarren, ta beren Jaunaren maitatze au. Ekusten dute zein ona, zein ederra, zein maitagarria den guzien Jaungoikoa. Jaungoiko berari begira-begira daude, liluratuen eran, ta amorez urtuak beti ta beti; ta berebat egoin dira beti-beti, ta sekula guzian. Zerurako bada, ta zeruko bizitza naigarri onetarako, egiñak gara lurrean garan guziok. Egin gintzaken gu gure Jaungoikoak gauz obetarako? A, Jaun ongille nere maitari ezin andiagoa! Zorionekoak gu, uts-egiten ezpadegu, egin diguzun arako bidean!

        2. Gauza andiegia, ta baliotsua da, gure Jaungoikoak egin digun, ta apaindurik dadukan, bere zeruko bizitza zorioneko au, guri doairik emateko. Nai du, irabaz dezagun, au guk geren oñak sartu baño len. Baña badakit ezin irabaz dezakegula gerez, ta berak laguntzen ez digula; ta, irabaz dezagun, eman digu irabaztokia bizitzarako bear ditugun gauza guziekin batean.

        Eman digu, bai, beiñik-beiñ irabaztokia. Baña nolako tokia? Zerorrek ekusiko dezu, zere begiak zerbait zabaldu ezkero. Zabal izkitzu bada bat ere luzatu bage, ta begira zazu eguzkira, begira illargira, begira izarrez betea dagoen gañ orretara: begira zazu lurreko laur bazteretara; begira aizera; begira itsasora; ta begira alde guzietara. Orra zure irabaztokia! Orra zein galanta, zein betea!

        Etxe onen tellatuak, izarrez beteak dauden zeruak dira. Etxazpia da, zere oin-pean dadukazun mundu guzia; paretak, elementuak dira; ta gelak erriak. Etxe onetako krisellua edo argia, egunaz eguzkia da, ta gabaz illargia zeruko izar guziekin. Tellatuak ez dira bein ere urratzen; txutik daude beti paretak; eta etxeko argia, Jaungoikoaren kontura dago. Ez dezu ekusten zein ederki apaindua eman dizun zere Jaungoikoak, zerura irabazteko eman dizun tokia?

        Noren kontura ote dago, edo nork zaitzen ote du toki galant, ederki apaindu au? Beraren egille, gure Jaungoiko maiteak. Bai; Jaun onek, Isaias Profetak dionaz, airean bezala daduzka irur erirekin egiak, aldapak, mendiak, itsasoak, eta mundu guzi-guzia. Mundua bezala, daduzka eguzkia, izarrak, bazter guziak, eta zerua. Berak daduzka, zeren berak egiñak diran, eta berarenak: eta daduzka bere eri edo beatz egillekin: ta Jaungoiko egille berak ez idukitzera, ta ark utzi orduko, auts edo ezer-ez egiñak lirake guziak. Orra orretan ere zere Jaungoikoari zuk zor diozun ondasuna.

        Zer dirala uste dezu, Jaungoikoaren eri, edo beatz oriek! Oriek dira ekusi ditugun: Jaunaren jakiundea, ontasuna ta eskua. Noiz, nola, ta zertako gauzak egin, bere jakiundeak erakusi zion gure Jaungoikoari. Bere ontasunak, bere naimenduak edo ongi nai zuzenak eragin ziozkan bear zen garaiean; ta egin zituen, ben bezala bere esku indartsu-ongillearekin; ta utzi zituen gure onari begira. Jaungoikoaren beatz oriekin egiñak dira gauza guziak: oriekin egin zuen gure Jaungoikoak, zor diogun munduko etxe galant au. Baita geren izatea ere, bada gu ere gañerako gauzak bezain ongi, gure Jaungoikoak egiñak gara. Ekusi zazu zenbaterañokoa den, zere egite onegatik, eta, zerua irabazteko eman dizun tokiaren alde zuk zere Jaungoikoari zor diozun amorea! Baña, au ezagutzeko, bada oraindik beste biderik ere. Atoz ekustera.

        3. Egin gindueneko, ekusi dugun bezala, Jaungoikoak eginik apaindua zedukan munduko etxe andi eder au; ta onetan sartu giñan gu, jaio giñaneko. Baña ez giñan sartu, ez, etxe apaind-utsean. Etxea ta gu egin ginduen gure Jaungoikoak bazekien, ezur-aragiz jauntziak egin ginduela gu, ta etxea ez beste gauz anitz ere bearko genituela, luzaro biziko bagiñan gu etxe onetan, ta zerurako irabazi andi onak egiten genituela. Orregatik, etxea egin orduko, egin zituen lurpean urrezillarrak, diamanteak, eta arri fiñak; lur gañean beiak, ardiak, eperrak, ollaskoak, eta, illez ta lumaz jauntzirik dabiltzan egaztiak eta gauzak. Egin zituen iturriak, egin zituen ibaiak, egin zuen itsasoa; ta au, ta ibaiak, edo ugaldeak ere egin zituen, ez utsak baizik arraiez beteak.

        Au guzia ezer-ez bat bailiz bezala, eman zien gure Jaungoikoak lurrari, aizeari, suari ta urari bear adin indar, berez edo laguntzen zaiela, egiteko geren jan-edanetarako, geren soñerako, ta bertze geren gauzetarako bear digun guzi-guzia. Emen, gure bazterretan, arkitzen ez diran, ta Jaun berak egiñak daduzkan gauzak, arkitzen dira besteetan; ta, andik ekartzeko, idorrez ekarri bearrak diranean, badira bideak, badira zaldiak, badira mandoak, eta badira gurdiak; eta itsasoz ekarzekoak diranean, badira ontziak, eta ontziak. Bearrean arkitzen bada norbait, izain da, berak egin gabez egin bear duena: edo zeren ori den orduan, ari ongiena dagokan zerurako bidea: bada, orregatik ez izatera, ez die gure Jaungoikoak ukatzen zerurako egiñak daduzkan bere umei, arrei, txoriei ta mamorrei ere ukatzen ez dien jan-edana ta soñekoa.

        Idikitzazu bada noizbait zere begiak, eta begira zaiezu, lotan bezala zauden gizatxarra, edo emakumea, emen bizi zaran arteko zere Jaungoikoak eman dizun etxeari, etxearen apaintzari, ta etxe onetan, edo mundu guzian, zure onerako egin dituen gauza guziei: ta, orien izatea, egokura ta edertasuna ekusi ondoan, igan zaitez, naiez ta gogoz zeruraño, angoak ere, al dezun eran ekustera. Artzen badezu bide au, bidenabar ezagutuko dezu ezinobea dela zure Jaungoikoaren letarta, gobernua, ta probidenzia, bestegatik ezpaliz ere, zeren eman dizun mundu au bezain zeruaren irabaztoki ederra; ta toki onek adiña apaintze ta onek bezalako gauzak dituena: bada ezagutuko dezu, zure Jaungoikoak adiña ontasun ez duenak, ezin lekizkela onelako tokia, ta tokirako gauzak; ezagutuko dezu, ongi siñetsgarria dela Apostoluak diona, edo asm-al baño gauz andi-eder-apainduagoa dela zerua; bada emengo, onen irabaztoki andi edo beteari, ez dagoka gutiago: ta denbora berean ezagutuko dezu, eroak baizik ezin utz dezakela egin gabe onelako gauza bat, edo zerua irabazteko egin bear duena.

        Ezagutzen dut, bai, nere Jaungoiko maitagarria, ezagutzen dut nik au guzia; ta orregatik, bat ere luzatu bage, asi nai dut (eta ziñez alere), zure zeru ondasundun au irabazteko egiten diran lanetan. Artuko dut orretarako zuk zerorrek, Maisu onak bezala, erakutsi zenigun bide zuzen, bear den erakoa. Bide au artu, ta nere lan orietan nabillenean, ekusiko dut ezin-zuzenagoa dela, ta ezinobea zure gobernua, zure letarta, edo zure probidenzia. Ekuste, ta ezagutze onek berotuko didala deritzat, orain ozturik arkitzen den nere biotz txar eskergabe au; ta, biotzaren berotze onarekin asiko nazala nere gauzak zuzentzen, ta maitatzen Zu alik zinkiena, edo oraindañokoan ez bezala. Indazu zerorrek, nere Jaungoiko maitagarria, lan on onetarako bear dudan zere laguntza ta grazia. Bai arren, bai!

 

 

B.

Bazuen Adanek, eta badute gañerakoak ere,
gure Jaungoikoak emanikako bidea

 

        Ekusi ditugun baño obeki ekusteko, gure Jaungoikoaren letartari edo gobernuari guk zor diozkagun ontarteak, begiratu bear diogu, zeruaren irabaztokiari bezala, eman digun irabazbideari ere; bada zerurako irabazbidea, emengo bizi-tokia bezain ekustekoa da; ta, tokiak baño ere, agitz obeki, gure Jaungoikoari guk zor dioguna agertzen digun gauza: bada bide au ere, bizitegia bezala, gure Jaungoikoaren eskukoa da; ta bidenabar da guztiz zuzena; ta nai duenarendako agitz ondasunduna; bada igialdi oro edo ortik dabillenak egiten dituen gauzetatik bakoitzarekin, zerurako bil dizake ondasun andiak, edo irabaziak.

        Gure Jaungoikoak eman izandu zion Adani, gurea baño zerurako bide leun errazago bat; eta ori Adanek ez galtzera, edo Adanek egin izandu balu, bere bide leun orretatik atera gabe, Jaungoiko beraren erran-manua, aisa ta nekerik gabe sartuko zen zeruan, artarako ordua etortzen zitzaionean; ta, ura an orrela sartzera, aren bide bera izain zen gure guzien zeru berarako bidea; ta gu ere au bertan sar gindezken aren eran, ta ura bera bezain errazki, edo aisa; bada jaioko giñan gu guziok zeruko graziaz ta doaiez beteak; jaioko giñan gaitzerako tirriarik bat ere gabe, ta onerako guztiz jaioak, edo egokiak. Baña etzuen Adanek egin izandu bere Jaungoikoaren errana edo manua; ta, uts egin orduko, galdu zuen berea, ta geretako gure Jaungoiko maiteak zedukan grazia: baita zeruko bide erraz au ere. Orrekin asaldatu ziran Adanen aragia ta pasione gaistoak; baita gureak ere; ta asi ziran, okabilka bezala, anima gaisoarekin; ta ala dabiltza, aldarteak ematen dien guzietan.

        Andik datoz, izan oi ditugun gure eritasunak, nekeak ta gaistoen tentuak. Andik artu zuen sulezekoak gu garaitzeko, len zuena baño agitz esku ta indar geiago; ta Adan, ta gu gelditu giñan Paradisutik sekulako erbestatuak, eta denbora berean, beartuak zeruaren billan, negarrezko bide latz batez, ibiltzera: ta, etsai au ta neke andiak garaituz ezpada, ez da geroz guretzat zeruan sartzerik: ala dio, egia baizik ezin erran dezaken gure Jesus maitagarriak. Ai, au nekea! Ai au galtzea!

        Orduko bide leun errazaren ordez da, orain guk dugun Jesusen Lege berriko bide au. Au ere gure Jaungoiko maiteak emana da. Bide onetan zuzen, ta erori gabe, ibilli nai dutenak garai onean artu bear dute beren pausua, edo dagoten bizi-modua. Orrela ibiltzeagatik, gelditzen dira batzuek ezkondu-gabe; ta sartzen dira bertze anitz paret-artean, edo konbentuetan, aragi gaistoz jauntziak daudela, au egiteko, aragirik ez duten Aingeru garbien erako bizitz on-eder bana. Zorionean jaioak, Jaungoikoak deitzen dituela, bizimodu au artzen dutenak, era onetan garbiro beren egunak bukatzen dituztenak! bada orietatik izain dira, bildots eder Jesus-maitagarriarekin zeruan ibilli bear duten anima garbi, ta birjinetatik geienak edo beintzat anitz, eta asko!

        Gisa berean, edo zuzen ibilli-naiez zeruko bide berri, Jesusen bidean, egiten dira beste anitz eliza-gizon, edo Apez. Orien ibillera, edo biziera (bear bezala bizi dirala) guztiz ederra da, ta Jaunari atsegin anitz egiten diona. Gañerako guziak artzen dute ezkontzako, edo alarguntasuneko bizi-modua. Bata edo bestea artu duenak, egin bear du, zeruan sartzeko, bere bizimoduari dagokana; bada ez da bestela au sartuko sekulan, egin bear diranetatik zenbait gauz on, edo anitz eginagatik.

        Baña oraño artu ez duenak, kontuz begira beza zein ote den, ari dagokan bidea edo bizi-modua; bada bizi-modu, edo zerurako bide guziak, zein ere zuzenak diran, ez dira guzientzat; eta, ez dagokan bizimodu ona artu, ta sulezeratzea baño, obe da ezkondu ta zeruratzea. Ez dakienak zer egin orretarako, edo zein ote den ari dagokan bizi-modua, bijoa bere Jaungoikoagana; bada Jaungoiko berak dio: atozte nigana, nondik artu ez dakizuenak; nik agertuko dizuet etorkizuna, ta bakoitzari erakutsiko diot dagokan bidea, edo bizi-modua.

        Gure Jaungoiko maiteak, bortxarik gabe, eraman nai gaitu guziok bere zeruko atsegin-kontentuetara. Orretarako adirazten dio bakoitzari zein den, guzien artean, ari dagokan arako bidea; ta adirazten dio, berez datorrela dirudien naikunde batekin, edo bertzearekin; ta naikunde au ark ez aienatzera, artzen du, Jaungoikoak bereitzen dion bere zerurako bidea; ta, au ark artzearekin, beartua bezala uzten du bere Jaungoikoa, bere bidearen asieratik bide beraren bukaerañoko egin bear dituen gauzak nola egin erakustera, ta gauzak berak egiten sendorki laguntzera. Baña ez dute orrelako irabazirik egiten bere gogora dabiltzanak; eta, beren biotzean itz egiten dien Jaungoikoari ez-aditu egin, ta gogo gaistoak erakusten dien bideren batean sartzen diranak, or barrena igan uste dute gaisoak zeruko atsegin-kontentuetara; baña ez da erraz, Jaungoikoak erakutsi etzien bidez, edo bizimoduz, oriek ori erditstea.

        Jaungoikoak egiten dien biotzeko edo animako itz eme au aditzen ez dutenak, edo itz onen berri guti dutenak, bijoaz Jaungoiko berak bere lekuan daduzkan gizon jakindun birtutetsuetara. Oriei erakutsiko die zein den artu bear duten bidea edo bizimodua. Au egin gabez, galdu ziran, Isaiasek dionaz, Israeldarrak. Buren buruz, ta Jaungoikoaz kasorik egiten etzutela, artu zuten oriek beren bidea; baña alako bidea! gogo gaistoaren bidea! bide makur-galgarria! bide onez erditsi uste zuten nai zuten guzia; ta erditsi etzuten, ezagunen ista, ta beren lotsa, ta alkea beste ondasunik.

        Zenbati, ta zenbati gertatu oi zaie ori bera egungo egunetan ere? Gazte ariñak arkitu uste du zerurako bere bidea, ez dagokan, edo Etsaiak zuzentzen dion, ezkontzan. Ez du aditzen, ezkontzari dagozkan gauzetan, guratsoen ta ongi nai diotenen erranik bat ere. Egiteko berean Jaungoikoak egiten diozkan itz onak itotzen ditu bere barrenean. Jaungoikoaren lekuan daudenen igesi dabill beti, bere burutik ken ez dezoten, gogoan sartu zaion bere ezkontza galgarria. Sartzen da azkenean kontrako bere ezkontzan, ta ez du gero bere ezkontzan arkitzen kezka, negarra, damua ta loia besterik.

        Aberats-bidea da, diruzalearen iduriz, zerurako biderik zuzenena. Orobat gertatzen zaio ohorezko bidearekin, antustez burua beterik dadukan gizon arroari; baña bide oriek bien galbideak dira, ez zerurako bide zuzenak.

        Ez dela bide zuzena, uste du bearsuak, bearrez, nekez, gabez, lanez, ta izerdiz batea dagoen bidea; ta ori da bide bat, umilki artzen dutenak zuzen-zuzen zerura daramatziena. Jaungoikoa da siñis nazazu, zerurako bideen, ta gure guzien bear bezalako berria duena. Ikas zazu bada beragandik otoitzez, erreguz, bizitza garbiz, ta gald-eginez, zein den zurea, edo zuri dagokizuna; ta beste guziak utzirik, artu zazu au, artu nai badezu berez bukaera on bat dakarren bidea, edo bizi-modua.

        Nai dezu zuk erditsi bide on onen bukaera on au? Bada zabiltza ortik zuzen; edo zabiltza, zere begiak kendu gabe, zeruko zere Lege garbi argi-egilletik. Egizu beti Lege bereko mandamentu guziak diotena; artu izkitzu Jaunak gogargiz adirazten ditzkitzun gauzak, eta Jaun beraren ordez emen daudenen erranak, edo konsejnak; eta azkenean zuk erditsiko dezu zere zeruko bidearen bukaera.

        Emengo bideetan, edo egitekoetan, alkar engaña dezakee gizonak, edo jendeak; baña ez du nior Jaungoikoak engañatuko zeruko bidearen gañean; ez da alabaña Jaungoikoa gizonak bezala, gauza baten lekuan, bertzea erran dezakena: dena, den eran, erakusten dio gure Jaungoikoak ikasi nai duenari. Artzen badugu guk eskergabeko bide makurren bat, ez da ori izain gure Jaungoiko maitagarri zuzenak erakutsia; erakutsia izain da, edo gure etsai galdu amurratuak, edo gure gogo edo naigabe galgarri gaistoak.

        Ez al naz sartuko ni orrelako bide galgarri errebesetan? Ez, nik neronek nai ezpadut, edo ni banabil zeruko argiari begiratuz, ta Jaunaren lekuan daudenen erranak egiten ditudala. Orrela dabillenari Jaungoikoak ematen dio bear duen bizimodua, ta zeruko bidea; baita bere eskua ta laguntza ere. Indazu niri ere, Jaun ongille-maitaria. Bai arren, bai; ta ibilliko naz, gaistoak utzirik, zuk erakutsi didazun bidez, ta bein ere ori uzten ez dudala.

 

 

C.

Ematen digu Jaungoikoak (eta anitz aldetara)
geren biderako bear duguna

 

        Baditu zeruko bideak bere sasiak, baditu bere aldapak, baditu bere mendi gogorrak, edo baditu bere nekeak; eta askotan neke gogorrak. Indar laburrak dira berez gure alegin ta indarrik andienak, orrenbat neketarako. Jesus bat, bear bezala errateko diña ez gara gu gerez, dio San Pablok, Adanen bekatuak azpira ginduenetik; eta azpira ginduen, bizitzen asi orduko. Ez gara indartsuagoak gelditu gerozko geren bizitza txarrarekin; bada, Profetak dionaz, gelditu gara kargatzar andi baten azpian datzan bat bezala, edo erdi-lertuak, eta zauriz ta aztura gaistoz beteak. Gure zauriak, guk artara begiratu gabez, andituz ta ustelduz joan izandu diran zauriak dira. Erakeriz bete da gure burua. Tirrikazio gaistoen suak artu ditu gure giltzurriñak eta biotza; ta lazeri uts-egiñak, eta gaitzera, agurea lurrera bezala, makurtuak gelditu gara. Orra nolakoak gelditu garan gu geren bekatuakgatik! Eta orra zein txarrak gerozko gure indar guziak!

        Nola guk onen indar gutirekin, ta lagunik bage generamake geren legeko uztarri astuna, ta karga guzia? Nola, ta noiz guk egin genezake, zerua irabazteko egin bear den egiteko nekezkoa? Ez eta sekula guzian bizi bagiña ere. Baña, gerez ezin dagikegun lan andi, ta egiteko gogor au, aisa egin dezakegu gure Jaunak laguntzen digula, ta beraren graziarekin batean. Ala dio Jaunak berak: atozte dio, neketan zabiltzen gaisoak: atozte, nik emain dizuet zeren lanean iraunteko bear dezuten janari indartsu, nere grazia. Onen indarrarekin, ariña iduriko zaitzue berez astuna den ta zeren soñean daramazuen nere legeko karga; ta, kargapean ibilliagatik, ibilliko zarazte atsegin, ta kontentuz beteak. Ala gerta dakigula, gure Jaungoiko maitagarria!

        1. Badakizu non edo noiz ematen duen gure Jaungoikoak animako janari indartsu au? Ematen du Elizako Sakramentuetan; baita beste anitz aldi ta lekutan ere. Ematen du, bai Elizako Sakramentuetan; bada edozein Sakramentutan, bear bezala, artzen duenari ematen dio Jaungoikoak artze berean, bere grazia; eta gero beartzen denean, otamen indartsu, edo graziaren laguntza, auxilioaren izena duen bat; eta zuen indarrarekin, nai badu, garai ditzake bere etsaiak; eta bere kargarekin, anitz nekatu gabe, badabilke zerurañoko bere bide guzian. Zenbat geiagotan, ta obeki konfesa-komekatzen den bat, anbat laguntza geiago ta indar andiagoak irabazten ditu, anbat lasterrago doaz dituen, animako zauriak, edo aztura gaistoak; anbat indartsuago arkitzen da, ta ariñago dabil zeruko bere bidean. Orretarako da, Sakramentuetan Jaungoikoak ematen duen animako janari indartsu au.

        2. Janari onen, edo Jaungoikoaren laguntzaren beartzen garan guzietan, ezin goazke konfesa-komekatzera; ta, ori dakien gure Jaungoikoak, ematen digu, eskatu ezkero, bertze anitz aldiz ta lekutan ere; bada ematen digu libru onak irakurtzean, ta predikuetako denboran; ematen digu illberria, ta ill-ezkilla aditzean; iltzen dagoena nekez, kezkaz, ta izerdi otzez betea ekustean; ill-mezan, ill-ortzietan; erraietako, buruko, ortzetako, sabeleko edo bertze edozein miñ datorkigunean; eskuetako gauza gaizki ateratzen zaikunean: naigaberen batekin arkitzen garanean, begitarte txarra egiten zaikunean; esker gaistoak, eta arpegi illuna baizik, ekusten ez ditugunean, ta onelako bertze anitz alditan: bada aldi orietan eman oi digu gure Jaungoikoak bere inspirazionea edo gogargia. Gogargi onek ematen digu batzuetan ondu-nai on bat; eta geienetan beldurtzen gaitu. Egiten du gure Jaungoikoak bata, ta bertzea, guri eskarazteagatik eman nai digun bere janaria, edo graziaren laguntza; ta ematen digu beti, guk au ongi eskatu ezkero.

        3. Orrelakorik ez izan arren, ez dago, ez, geldirik gure Jaungoikoa: billatzen ditu, bai, eman-bide berriak. Badaki gure Jaungoikoak, biotza noizean bein illuntzen, edo berotzen ezpadigu, joain zaizkigula orduak eta orduak ere zerurako deus egiten ez dugula, ta Jaungoikorik den ere oroitu gale. Badaki Jaungoikoak, bai, gu gerez, ta ark zerbait egiten ezpadigu, oituko garala alferkerira ta zabartasunera; ta, orietara oitu ezkero, aisa garaituko galtuela gu, gu galdu naiez dabillen, gure etsai amurratu gaistoak. Gal ez gaitezen bada, ta eme, ta biziro gabiltzan zerurako geren bidean, ematen digu batzuetan bera maitatu nai andi bat; eta bertze zenbait aldiz illuntzen digu biotza, ta uzten gaitu kargapean, edo naigabez itotzen bezala; ala badere dagigun egin bear duguna, edo dagigun, urean itotzen dabillenak eta kargapean lertzen dagoenak egin oi dutena.

        Badakizu zer egiten duten oriek? Oiuz, ta deiez daude bazter aietan dabillena berei laguntzera erakarri naiez. Eskatzen diote negarrez ta umilki, lagun dakiela eskuz, igeriz, ta alde guzietara; ta ez ditzala utzi, arripetik bata, ta bestea uretik atera artean. Orra oriek egiten dutena; ta orra, zuk dagizun, zure Jaungoikoak nai duena.

        Animako premian arkitzen zaranean, ots egiozu zere laguntzalleari, ots egiozu zere Jaungoikoari. Ez dezu arkituko, ez, au baño alderago dadukazun laguntzallerik; ez eta oberik, eta urrikalsuagorik ere. Ez dizu niork ere, onek bezain ongi ta laster kenduko zere barreneko pisutasuna etzaitu, onek bezala, batek ere aterako zere neke-kezkeen ur-petik. Ortik ateratzeagatik zu, ta bidenabar zuk ar dezazun zeruko bidean irauteko bear dezun janari indartsu, graziaren laguntza, ematen dizkitzu aldi orietako berriak, naigabeak, eta biotzaren ukierak; orrela badere zoazkio, biderako janariaren, edo graziaren eske; ta, eskatu ezkero umilki ta bear bezala, emain dizu, gutienean, bear dezun guzia.

        Orra zenbat aldiz Jaungoikoak eman oi duen bere grazia ta laguntza. Bada zenbat ere anitz diran, aguertu ditugun aldiak, ez dira, orretarako bereziak daduzkan guziak; ez eta erdien laurdenak ere. Guziak banaka agertzea gauza luzea lizake: itz bian adiraziko dizkitzut nolerebait.

        Non-nai arki dezakegu guk geren malkortegia, edo amildu-lekua; non-nai urrats, edo pausu gogorren bat, non-nai etsaiaren tentazionea ta zerua galtzeko bidea: baña an bertan arkituko dezu, nor bazara zu, zere erakusle zuzena, esku-emalle ona, ta, etsai guziak garaitzeko diña den Laguna; bada bertan, ta bazter guzietan arkitzen da gure Jaungoikoa; ta Jaungoiko, eskatzen dionari, argia, eskua ta laguntza bertan emateko prest dagoena.

        Malkortzen bazara bekatuaren errekara, itotzen bazara tentazioaren urean, uzten badezu egin gabe egin bear zenuen gauza, izain da, artu naigabez zuk, zere Jaungoikoak eskeintzen dizun janaria, eskua, laguntza, ta grazia; bada eskeintzen dizu etxean, eskeintzen dizu mendian, eskeintzen dizu bidean, sasian, auzoan, urrutian, lanean, atsedentegian, gabaz, egunaz, goizean, arratsaldean, ta ordu ta puntuoro; ta, bear adiña zuri emateko, ez dizu, biotzez eskatzea, besterik eskatzen. Eskatze au askotan zuri zere gogora erakarteagatik, berezi dizkitzu Jaungoiko berak, beste anitzen artean, milla aldetara, ta maiz aski egin ditezken urrikarrizko edo miserikordiazko amalaur gauzak.

        Non arkituko dezu onen usu ta merke bidezkoei bear duten janaria ta edaria prestatu dien erregerik? Non, berez, bearrean dauden guziei laguntzen dienik? Nion ere! Ez da misterio: ez da alabaña, gure Jangoikoa bezalako erregerik; ez da au bezela bazter guzietan arkitzen denik; nai duen guzia egin dezakenik, eta eskatzen zaion, ta gure onerako den, guzia egin naiez dagoenik.

        4. Nai au agertzen digu, erran diran gauzekin ezezik, egiñak daduzkan munduko guziekin ere; bada guziekin deitzen digu, beti prestaturik dadukan bere graziaren maiera. Txoritxo kantariak, aritz mutuak, loreak, iturriak, belarrak, oin-peko arriak, izarrak, eta gañerako gauza guziak adirazten digute beren moduan, Profetak diona. Begira, dio Profetak: Begira, gizona, begira emaztekia: ez zara zerez etorri zu, ez, mundura: zere Jaungoikoak egiña zara. Orretan erraten digu: ez zara etorri, ez, zere Egille onaz azturik bizitzera. Jaungoikoak egiña zara. Egin zinduen, zerua irabazteko. Eman zizun irabaztegia. Erakutsi dizu irabazbidea; ta ematen dizu irabazteko bear den indarra, laguntza, ta grazia.

        Etzaitzala izutu maudamentuen kargak, eta zere legeko gurutzeak. Graziaren janari indartsuarekin, ta Jaunak laguntzen dizula, arinduko da guzia; fite ta laster bukatuko dira zere munduko lanak, eta bideak; eta ez da bukatuko bein ere, bide onez, irabaziko dezun doakundea, edo beti iraun bear duen zeruko atsegiña ta kontentua. Zoaz bada zuzen zere bidean; ta zoaz, noizean bein zere egille on Jaungoikoari agur egiten diozula. Zoaz, ta zabiltza, Jauna serbitu-naia, ta, zor diozun maitatzea gogotik utzi gabe. Orrela bazabiltza, sartuko zara zuzen, ta anitz nekatu gabe, zu zere Zeruan.

        Au guzia, ta anitz geiago adirazten dizu itz bian Profeta Dabidek; eta au berau adirazten dizue, berak egiten dutenarekin, munduko gauzarik mutuenak ere; bada bakoitzak egiten du gau ta egun, ta beti, Jaungoikoak nai duena, edo bere egitekoa; ta egiten du, edo Jaungoikoak eragiten dio, guri eragin naiez gerena, edo egin bear duguna. Gu ez, beste gauzak zuzen dabiltza, zein bere bidean dabiltza, astunak izanagatik eta pisuak. Eguzki bera, ta izarretatik anitz astun-astunak dira, edo lur-mendiak eta itsaso guzia baño, anitz andiagoak dira; ta, luma bat bezain ariñak balira bezala dabiltza, Jaungoikoak bakoitzari eman dion bidez, bein ere gelditu gabe, ta egunoro millaka ta milloika legoak egiten dituztela. Iturrietako, ta ibaietako, edo ugaldeetako urak ez dira gelditzen itsasoan sartu artean, kentzen ezpazaie beren arako bidea. Batetik bestera dabill itsasoa, bere ur ta baga guziekin, Jangoikoak nai duen bezala: ta ez da munduan gauzarik Jaungoikoak nai duena, ta Jaungoikoak nai duen bidez, egiten ez duenik.

        Guziak bada beren itz egite mutuarekin erraten digute, Apostoluaren ezpañez: egizue, gizonak, egizue zuek ere zeren egitekoa. Zoazte, trikatu gabe, zeren bidean, doatsuak izan nai badezue sekula guzian; zabiltzte zuzen, zeren Jaungoikoa ekustera zeruan sartu artean. Orretarako egiñak zarazte, zarazten guziak. Ongi zuzena da zeruko bidea; bidezkoak bear dituzten janariz ta gauzaz ongi beterik dagon bidea da zuen zerurako bide au. Ezin-jakintsuagoa da ekusi dugun bezala, ezin-egilleagoa da, ta ezinobea gure Jainkoaren gobernua, letarta, edo probidenzia: probidenzia onekin guziarekin artu ditu Jaungoikoak, gure onerako diran, bide onetako neurri guziak; eta prestatu ditu jaiotzetik zeruraño bear ditugun gauzak: orregatik zor diogu guk geren Jaungoikoari, al dugun begiratze on, agur, esker, ta maitatze guzia.

        Begira zaiozu bada, esker utsez beterikako begiekin, gauza guziak zure onari begira utzi dituen zure Jaungoiko begiratuari. Egiozu agur ta agur begiz, buruz, biotzez, ta alde guzietara. Zure Jaungoikoa, ezer-ezetik atera zinduen, ta zerurako zaduzkan Jaun ta Jabe ezin-andiagoa da. Emazkiotzu bada eman-al adiña esker, ontartez ta mesedez bete zaituen, ta ontart berriak eta berriak zuri eman naiez arkitzen den zere ongille, ezin-ongilleagari. Maita zazu; baña maita zazu aleginean; bada beti onak maitatzen dagoena, gaisto guziak ondu nai litukena, ta guzi-guziak zeruan sartu-naiez dabillena da zure Jaungoiko ezin-maitagarriagoa.

        Ezin dagikezu maitatze au baño gauza obeagorik; ez eta bearrago dezunik ere. Zorionekoa zu, zuzen ta bear den eran au egiten badezu! bada bidenabar egiñen dituzu zeruko bidean zuzen ibiltzeko egin bear diran gauzak: eta egunen batez sartuko zara zeru berean, an zure Jaunari zuganako bere gobernu ta letart onesgarriagatik, emen ez bezalako eskerrak ematera; ta, emen baño agitz eta agitz garbiroago ta obeki, zor diozun guziagatik, bera maitatzera. Eta non arkituko dezu gauz obeagorik? Non, au baño bearrago dezunik? Ez al dezu zere egiteko au utziko aldebat, oraindañokoan bezala? Ez baldinb-ere! Ez arren, ez! Ez dagoka eskergabetasun txar ori, bere letarta ta probidenzia guziarekin zure onaren billa dabillen zure Jaungoikoari: ez, eta zure onari ere: eskergabetasun orretan bukatzen bazenitu zere egunak, zu izain ziñake zorigaistoko maluras, doakabe bat; bada, zeruan egon lekuan, egon bearko zenuke beti ta beti usteltzen, ta erretzen sulezean.

        Ez, nere Jaungoiko maitea, ez da neke arrigarri au niri ongi dagokidana; ez, eta onara dararaman bide zabal gaistoa ere! Niri dagokidan bidea, zuk erakutsi diguzun bidea da. Au da nik gaurdanik artu nai dudana. Au da nik orain nai dudana, naiz dela berekin dakartzien bere lan ta gurutze guziekin. Guziak eraman uste ditut zure graziaren indarrarekin batean, ta zuk laguntzen didazula. Indazu zere laguntza, indazu zere grazia; ta goazen, nere Jaungoiko maitea, nondik-nai ta zuk nai dezun bezala. Atsekabeen mendiak, naigabeen aldapak, asmazio gaistoen larreak, gorrotuen sasiak, eta gañerako urrats-pausu gaistoak, ez naute izutzen, zure grazia nerekin dudaño, ta zuk eskutik naramazula. Goazen, goazen bada, nere Jaun eskudun maitagarria; goazen nondik-nai: bada ezin eraman nazakezu zuk, ezpada bide zuzenez. Zure letartak trazatu duena da nerezat biderik onena. Au nai dut nik ere. Zurea da oraingo nere nai au ere, nere Jaungoiko maitagarria; bada nere biotz txarrak ez luke berez artuko onelako asmorik. Nai onekin nai dut ibilli, nabillen artean; ta, aai au utzi gabe, nai dut sartu zure probidenzia zuzenak apaindua dadukan zure zeruan. Ala gerta dedilla, nere Jaun on-andia; bai arren, bai!

 

 

Tua autem, Pater, providentia
ab initio cuncta gubernat.

Sap. 12. 3.

 

        Zure gauzak ekusteko, gure Jaun andia, itsuak gara munduko geienok. Berez balebiltza bezala, begiratzen diegu ekusten ditugun gauzei. Guziak dabiltza zure letartaz ta probidenziaz, edo zure probidenziak daramatzien moduz ta bidez; ta ezpaliz baño geiago ez gara oroitzen gu zure probidenziaz! Arritzen gara munduko bazterrak, eta zeruko izar-eguzkiak ekusten ditugunean; ta ez dugu begiratzen ere, guziak egin zituen ta eskutik daduzkan, zure letarta gobernarira. Au gertatuko ote da emendik aitziña? Ez, zuk nai badezu, eskergabe txarra. Nai au gogoan sar dakizun, begira zazu, gizon dongea; begira zazu emakume zentzugabea, begira zazu non arkitzen zaran, ta zertarako zauden tokian! Arkitzen zara Jaungoikoak egin zizun, ta bere letartaz ongi zuzendua dadukan, munduko etxean. Etxe edo toki onetan arkitzen zara, doakundez betea dagoen gain artako toki ederra irabazteko. Eskerrak emanez, ongi biziz, ta lanak zuzen egiñez irabazten da zorioneko toki ura.

        Ai ene! ta nere zoratu galdua! Nigatik egiñak zeru-lurrak, eta munduko gauzak! Jaungoikoaren eskuan gauza guzien gobernua! Nere Aita on maiteari eginik nere Jaungoikoa: Niri begira, niri zeru guzia eman naiez Jaungoikoaren letarta, edo probidenzia: ta ezer zor ezpanio bezain aztua ni nere Jaungoikoaz, ta Jaungoikoagandik arturik dadukanaz! zerurako jaioa ni! Zerua irabazteko Jaungoikoak ekarria ni, nagoen tokira! Ongi bizi bearra ni! lan on anitz egin bearra ni! ta alferkeria, gaizki bizitzea, ta zerua galtzea bailiz bezala nere egiteko guzia, lotan ni geienean, bekatuaren loiean ni, ta zerutik urruntzen nauten gaizkiak eta gaizkiak egiten nituela ni! Non dut nik, non, burua? Non dut nik, non ezaguera? Ez ote naz ni, noizbait-noizbait nere kontura-bearra!

        Baldinbere bai, nere onerako letartaz, ta probidenziaz betea zauden nere Jaungoiko maitagarria! Ezagutu dut, bai, berandu badere, artarako ekarri ninduzula zuk nagoen lekura! ta ezagutu dut, bai, zertako darabiltzan zure probidenziak, darabilzan bezain ongi ta zuzen, munduko gauzak! Guziaz baliatu uste dut gaurgero nere onerako. Bizi uste dut bein ere nere begiak kendu gabe, zure gobernu zuzen-ongilletik. Orri onela begiratze onek eragiñen al dit, zerurako banaz egin bear dudana? Beartuko al nau eskerrak zuri ematera; ta, zerua irabazteko egin bear den guzia egitera? Ori da nere egitekoa. Au negien, egin ninduzun zuk, nere Jaungoiko-egille-gobernari maitagarria. Erakus zadazu, zuzen egiteko, artu bear dudan bidea. Bai arren, bai!

 

 

Misericordia, et veritas praecedent te.

Psalm. 83. 16.

 

        Jaungoikoak egin litzake gurekin ere, beste anitzekin egin dituen kastiguak: baita andiagoak ere: bada kulpa andiz ta obenez, oriek ez bezala, ta askotan, loitu diogu guk zerua irabazteko berez egin, ta onez eman zigun munduko bere etxe galant au. Baña urrikariegi gaitu gu geren Jaungoikoak, eta geiegi nai digu, ori ark gurekin egiteko; ta, era orretako kastiguak egin lekuan, erakutsi digu kastigu guzietatik iges egiteko bidea: bada erakutsi digu nola geren loiak kendu, ta nondik artu, zerua zuzen, ta uts egin bage, irabazteko.

        Kentzen dira gure loiak (gure Jaungoikoak guri erakutsi digunaz), gaizki eginen damuz ta urrikiz: bada gaizkiez urrikiturik, eta egin ditugun txarkeriez damuturik ekusi orduko gu geren Jaungoikoak, urrikaltzen zaiku eta ematen digu, bekatuaren loiak kentzeko bear den ura ta grazia. Gu bekatuen loiera orduko, andik atera gu, ta garbitu naiez dabil gure Jaungoiko urrikaltsua. An sartuaz damutu dakigun, zulatzen dizkigu bere beldur santuz geren biotzak; eta adirazten digu zer bidez artzen den gaizki eginen bear bezalako urriki-damua, ta laguntzen digu artzen ere. Atozea; ta ez da gure Jaungoikoaren erakuste au erakuste ezin-urrikaltsuagoa? Orra bada zuk zere Jaungoikoari zor diozun erakustea!

        Baña ez azkenekoa: bada loietik ateratzen ezezik; erakusten dizu zuri zere Jaungoikoak, nondik bear den artu ere zerua irabazteko; bada bein Predikariz, bein libruz, ta askotan gogargiz agertzen dizkitzu bere Legeko mandamentuak, eta, zuk goiz-arrats, eta egun guzian egin bear dituzun gauzak. Zorioneko umea zu, zuzen bazabiltza, ta bide au galdu bage; ta zuk egitera, ikasten dituzun gauzak! Ala gertatzera, etzara zu, ez, berriz bekatu larrien loierako; txoil, edo txit urrunduko zera zere Jaunaren kastiguetatik; irabaziko dezu zuk zerua; ta an egoin zara beti, Jaungoikoari, bere urrikarizko erakusteagatik eskerrak eta eskerrak ematen. Ala gerta dedilla, nere Jaun maitagarria: ta, gerta dedin, indazu bidea bezala, biderako bear dudan indarra ta laguntza. Bai arren, bai!

 

 

Virtuti brachii tui quis resistet?...
Sed misereris omnium, quia omnia potes.

Sap. 11. 22.

 

        Gure Jaungoikoa baliz, gizatxarren erakoa, gaizki bat egin orduko, galduko luke gaistagillea, naiz lizala den andiena. Bai, dio Eskritura Santak: ez da Jaungoikoak ezin dagikenik; eta nai balu, bidal litzake gaistagiñagana, onek bekatu bat egin orduko, nai adiña artz eta otso, nai adiña leoi, oraingoetatik, edo oraingoak baño ausardi ta irain geiagokoak: bidal litzake, oraingo basurde, ta larretiar izugarriak baño agitz izugarriagoak; baña bidal litzake, aizezkoaren lekuan, suzko atsa edaten dutenak, sudurretatik kea, ta begietatik sua darienak, eta, bere itsustasunarekin, begiratzen liena illotza utziko lukeenak. Ez du orrenbat bear gure Jaungoikoak, nornal ta munduko guziak illak uzteko; bada guziak daduzka eskutik; eta, utzi ezkero, illak dira diranak. Ez da, ez, gure Jaungoikoari besoa biurtuko dionik: ez da ez, egin nai duena oni eragotziko dionik: eta alere ez da, bera bezalakorik: bada bere besoa, ta besoko indarrak gure onerako daduzka, ez gu galzeko.

        Gaistoak gara gu, dakizun bezala; gaizkitik gaizkira gabiltza aspaldiko denboran: sulezea maiz askitan irabazia dadukagu geren oben-kulpekin: utz gintzake gu gure Jaungoikoak bertatik an ondatuak. Ondatu gaitu? Ez egiazki!, ta, ondatu lekuan, lagundu nai digu geren egitekoetan, ta zeruko bide guzian. Urrikari gaitu alabaña, ta, bide au utzirik, sartzen bagara bekatuen sasian, luzatzen du bere beso altsua, andik ateratzen guri laguntzeko, ta gu geren bidera itzulerazteko. Ori ezezik, prestatua daduka, guk geren biderako bear dugun jan-edana, edo zeruko grazia. Bideratzen garanean gurekin da, bai, gure Jaungoikoa; ta eskatzen diogun aldi guzietan ematen digu bere eskua, ta bere laguntza. Esku oni ongi itsatsi ezkero, ez da etrortzerik, ez da, garaitzen ez den pausu gaisto, edo aldapa gogorrik.

        Andia da, bai, gure legeko gurutzea; baña andiagoa da gure Jaungoikoaren laguntza ta graziaren indarra. Kezkaz, ta naigabez beteak ekusten gaitueneko, ematen digu guri geren Jaungoikoak atseden tokia, ta geren barreneko sosegua: bada sartzen digu geren biotzeraño, ezpadiogu guk gerok eragozten, bere gogargia, ta ukiera leuna, gure gaizkien damu beroa, zoruan sartu naia, ta Jaungoiko beraganako amorea. Guri geren illuntasunetan, ta egiteko bakoitzean laguntzeko dago gau ta egun, ta beti, gure Jaungoikoa; ta laguntzen digun baño geiago laguntzen ezpadigu, gure naigabez da, ta guk ori ari eskatu faltaz, bada guzia dezakena da gure Jaungoikoa, ta gu eskalle baño, emalle obea.

        Ala da, nere Jaungoiko maitagarria: ala da! Egin ditudan gauzak, zure laguntzari zor diozkadan gauzak dira; ta, egin bage daudenak, eginkizun arkitzen dira, nik egin naigabez; bada, nik nai izan banu, zurekin batean aisa egin nitzakeen; zu prest zeunden alabaña, nik eskatu ezkero, guziak egiten niri laguntzeko. Laguntz au eskatu gabez, egin ditut nik oraindañokoan egin ditudan txarkeriak; eta, zuk eskutik iduki ezpaninduzu, egiñen nituen egin ditudanak baño agitz eta agitz andiagoak ere. Iduki nazazu, utzi gabe, ill arte guzian, ez dagidan berririk, nere Jaungoiko maitea; lagun zakizkit egiten, zerua irabazteko egin bear ditudan nere egiteko guziak; eta, ariñago noan nere zeru-bidean, ken zadazu egin ditudan bekatu guzien karga. Damuzko naiez beterik eskatzen dizut grazi au, ta, itzez bezala, biotzez erraten dizudala: Nere Jesukristo Jauna, etc

 

aurrekoa hurrengoa