www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIII.garren OTOITZ-GAIA

GIZON EGIN BAÑO LEN AGERTU ZUEN
GURE JAUNGOIKOAK BEKATARIENGANAKO
BERE URRIKALTASUNA

 

        Andia bazen ere, etzen zuzenbiderik bagekoa Adanen ta Ebaren bekatua. Zuzenbidea zen gure Jaungoikoa gizon-egitea, ta, gizon egin ondoan, artu zituen neke gogor ta odolezko eriotzazekin, bekatuaren zorrak ateratzea. Jesusen neke eriotz au izandu zen, jentilen iritziz, erakeria, ta Judu arrotuen eskandaliza: baña bekatuaren zor andiak eskatzen zuten bezalako erremedioa, edo zuzenbidea. Denbora joan zen, Adanen bekatutik gure Jaungoikoa gizon egin zeneko; ta, beren zuzenbideaz etsirik, gal etzitezen Adan bera ta beraren ondorengoak, agertu zuen Jaungoiko berak denboraz, edo bear zen sasoiean, lan edo gauz onetan egin gogo zuena, oraingo otoitz-gai onetan ekusiko degun bezala.

 

 

A.

Bekatariez urrikaldurik,
agertu zien gure Jaungoikoak,
bein Adani, ta gero bertze anitzi,
bere gizon-egin bearra

 

        Urrikari gaituen, gure Jaungoikoak, ekusi orduko Adan ta gu, aren bekatuagatik betiko galduak, berezi zuen, bear bezalako gure zuzenbidea edo erremedioa; au da, adirazi dugun bezala, Jaungoiko beraren gizon-egitea. Gure zuzenbide au etzuen Jaungoikoak gorderik iduki bera gizon egin artean: agertu zuen agitz eta agitz lenago; baita, bein baño geiagotan ere. Agertu zuen, bai, agitz lenago; bada millaka juan izandu ziran urteak Adanen bekatutik, Jaungoikoa gizonegin zeneko; ta bekatuaren ondoren, laster adirazi zuen gure Jaungoikoak egiteko andi, ta zuzenbide guztiz eder au: adirazi zuen alabaña, Ebak eta Adanek bekatu egin zutenetik, Jaun bera bere sentenzia, ta bien desterrua ematen asi bitartean: ta bitarte laburra izandu zen, Eskritura Santak agertzen digun bezala. Eta, orduan ezezik, geroz ere, bein baño geiagotan agertu zien gure Jaungoikoak Adanen ondorengoei erremedio bera, edo beren zuzenbidea; bada agertu zion Abrani, agertu zion Jakobi, ta agertu zien anitz Errege ta Profeta andiri ere.

        Ez dezu ekusten, zein ona den gure Jaun andia, ta zein urrikaltia? Egin orduko Jaunak Adan, Adan Jaunaren kontra; ta alere Jauna Adanen billan ta ondoren bezala! Zergatik uste dezu? Adanen bearrez, edo bere premiaz? Ez bada, baizik Adani ongi, ta geiegi naiez; Adan eroria bere bekatuaren loietik ateratzeagatik; eta sekulako kaltear geldi etzitezen Adan bekataria, ta Adanen ondorengoak. Orregatik bada; ta, ez Adanen edo onen ondorengoen bearrez, billatu zuen gure Jaunak Adan bekataria; ta adirazi zion Adani, Adan beraren ta gure guzien onerako egin gogo zuena, edo bere gizon-egiteko gogo, ta asmo artua. Au beran adirazi zien bein ezezik, askotan ere Adanen umeei, ta umeen ondorengoei, bere gizon egiteko ordua ta denbora etorri artean. Zenbat urtez, uste dezu, egondu zela ordu onen begira gure Jaungoikoa, Adanek uts egin ezkero? Zenbat urtez? Lau millaz ta geiagoz. Orrenbat denboraz, ta eternidade guzi-guzian iduki zuen gure Jaungoikoak, bein ere bere gogotik utzi gabe, gizonen zuzendu-naia: ta nai, Jesusen anitz neke-izerdi ta odol ixurtze erakarri bearra!

        Aitu zaio gure Jaungoikoari gu zuzen-erazi nai andi au, Jesus gugatik gizon egin, jaio, ta ill zen ezkero? Ez egiazki! ta, gure galduak, guganako gure Jaunaren nai on ori ari aitzera! Gerozko denbora guzian, ta denborako gau-egun ta puntuoro ere, arkitzen da gure Jaungoikoa guri begira; ta arkitzen da, gu ongi ekusi naiez ongi betea. Ongi gabiltzanean, ala gabiltza, zeren laguntzen digun gure Jaungoikoak geren egiteko andi ta txiki guzietan, ta, Amak umea bezala, eskutik garamatzien zerurako geren bidean. Kentzen badiogu guk geren eskua, bide au utzi, ta bekatuaren ondoren erotu-galduak ibiltzeko, gure ondotik, eta gure billan bezala, dabill gure Jaungoikoa: bein, berriz, ta askotan deitzen digu, bere amorezko itzekin, ta adirazten digu berez batzuetan, ta bertze zenbait aldiz bere lekuan daduzkan gizon jakintsuz, gure aldez, nagusiz, edo bertze zenbaitez, egin bear duguna, geren bidera berriz itzalzeko, bide berean zuzen ibilzeko, ta doakunde zerukoak aisa eta erraz irabazteko. Eta aldi orietan ez aditu guk egiñagatik, ez da aspertzen bat ere gure Jaungoikoa guri deitzez; ta deitzen, ta deitzen digu berriz eta berriro, aren erranak egin, edo geren buruak txoil galdu artean.

        Eta ez da au len, ta gero, ta beti, guri ongi naiez beterik, gure Jaungoikoa arkitzea? Bazter bageko ontasunez betea dagoen Jaun batek baizik balegike, edo eraman lezake, gu bezain gauza txar baten onerako, era onetako egitekorik? Ez segurki! Noiz kenduko diozu bada bere egiteko arazozko au zere Jaungoikoari? Ken dezokezu, bizitza on bat artzearekin. Bertatik artu bearra zara, nor bazara zu, edo burua txoil galdurik ez arkitzera. Artu zazu bada; ta artu zazu, ill arte guzian ez uzteko asmo osoarekin.

 

 

B.

Nola agertu zuen gure Jaungoikoak
zorioneko berri au?

 

        Agertu zuen, ager zezaken erarik onenean; bada agertu zuen maiz aski; ta bidenabar agertzen zuela guzi-guzizkoa dela guk berari beti zor izandu diogun amorea. Ekus dezagun nori, ta nola. Agertu zion Adani beinik bein berri on andi au gure Jaun maitagarriak; eta agertu zion, den aserrerik andienerako bidea Jaun berari Adanek eman zionean; ta irabazirik zedukan denboran, bere eskergabetasun gaisto ta bekatu arrigarriagatik, bertan ta sulezera aurtikitzea; ta aurtikitzea edo botatzea eternidade guzian erretzen ta lertzen Jaungoiko berak Adan au idukitzeko; ta alere agertu zion urrikaldutik bezala; ta, al ziteken gisan, Adan beraren alde Jaun bera jartzen zela: bada agertu zion, Adanen etsaia erriertaz edo meatxuz betetzen zuela.

        Itzultzen da, onetarako, suge gaisto Infernuko etsaiagana gure Jaungoikoa; ta erraten dio: a madarikatua! egin duk ik, bai, egin ezaken lanik gaistoenal Galdu dituk ik Eba, ta Adan, beren ondorengo-gaisoekin; bada galerazi diek oriei biei, beti bizitzeko, paradisuan egoteko, ta emendik zerura bere orduz igateko, nik oriei eman nien indarra, grazia, ta esku guzia. Kontent arkitzen az, bai, ere lan gaisto ta bidegabeko irabazi galgarriarekin. Baña itxok guti bat, itxok; ez duk au izain, ez, uste dukan diñako irabazia. Badik, bai, orien uts onek bere zuzenbidea ta erremedioa. Andre batez baliatu az i, gizona galerazteko: beste Andre batek gal-eraziko dik iri ere irabazia. Andre etorkizun onek izain dik bere denboran Seme bat, i ta ire infernuko guziak baño esku ta indar geiagokoa. Aren seme onek emain ziek bekatari tristei bear dutena, iri burua autsirik, beren zeruko bidean zuzen ibiltzeko; ta bide onez beren denboran badabiltz, dabilzken bezala, zerurako dituk azkenean; ta au izain dituk beti zorioneko doatsu, atsegin-kontentuz beteak. I arrastan ibilliko az bitartean; ta ere eginal guziekin ezin eragotzi duela orien ibillera: ta, zenbaiti eragozten badiek, beren naiez izain duk ori, ta beren kulpaz: baña ez, ezin-garaituz i ta infernuko ire lagunak. Genes. 3. 14.

        Au beren alde Jaunagandik aditu zutenean Adanek eta Ebak, ezagutu zuten, ta bearbada egin orduko ondasunez bete zituenean baño ere obeki, beren Jaungoikoari zor zioten amorea; bada au aditzean, ezagutuko zuten beren Jaungoikoak berriro agindu ta eskeñi zien fabore au, len beragandik artuak adiña, ta geiago, baño zuen faborea zela; ta fabore, len beragandik artuei berak bekatuz eranzun ondoan, ta aserretzeko biderik andiena ari eman ezkero, eginikakoa; ta bazekiten, onelako orduan egiten den gauzarik txikienak ere, adiskidetasunetako andienak baño obeki agertzen duela emallearen ontasuna ta amorea. Onen ona den, ta onen emeki Adan bekatariarekin dabillen Jaunagandik nork ez du usteko bere gaizkien barkamentua, anitz eta andiak izanagatik egin diozkan gaizkiak, bere barkamentu au eskatu ezkero, guzien damuz ta urrikiz, ta ontzeko gogoz beterik dagoela?

        Era berekoak izandu ziran Jaungoiko berak egin zituen gañerako berri onen agertzeak. Ez luzatzeagatik, agertuko dut orain orietatik bakar bat. Iltzeko zegoenean, Patriarka Jakobek deitu zituen bere semeak; eta, guziak bildu ziranean, erran zien: Adi zazue, nere semeak, denboraren buruan guzien onerako gure Jaungoikoak egin gogo duena (Jaunak emanikako argiarekin ekusi zuen etorkizuna, ta erran zion bakoitzari zegokan guzia). Itz egiten dio bein, Ruben zeritzan, lenbiziko bere semeari; ta erraten dio oni, oni zegokana: bere-bat egiten du urrengo aldian urrengo biekin. Oriek ziran Simon, ta Lebi. Itzultzen da gero laurgarrenagana (Judas zeritzan oni); ta oni, guziak aditzen zutela, ematen dio, eman zezoken berririk andiena; ta erraten dio: Zure semeak, nere seme Judas, jabetuko dira noizbait Promisioko bazterretan, zure izeneko tribu ta erreinu batez. Erreinu onetan iraun bear dute erregeak erregeen ondoren, ta gobernari andiak, mundu guziak uste duen erremedioa edo zuzenbidea datorren artean. Bai: zure odoletik datorrena izain da mundu galduaren zuzenbidea, erremedioa, edo Erremediatzallea. Genes. 49. 1O. etc. 11.

        Berri au eman zien Jakobek bere semeei, edo, orien buruan, eman zien Jaungoiko berak Jakoben ezpañez munduko guziei; ta eman zien, izan zezaten, etorkizunaren uste onetan, Adanen bekatutik zetozkien nekeen zerbait aringarri, bada eman zien Jakobek berezi berri au Ejiptoko erregeen pean bizi ziranean, ta beren jait-bazterratik urruti zeudela: ta orregatik eman zien, ongi nai zielako, ta maite zituelako señalean; ta etorkizunaren uste onarekin eraman zitzaten, bear zen eran, orduko beren lan ta neke guziak.

        Gu, Jaungoikoari eskerrak, jaioak gara Jauna gizon egin ezkerozko denboretan, ta ez gaude lenekoak uste zuten berri on andi onen begira, baña baditugu guk ere geren etorkizunak; eta orien berri onen begira gaude. Lenekoa bera da, egungo gure Jaungoikoa; ta, len baño ere amorio geiago bereei erakusten diena; ta itxedan dezakegu guk, bai segurki, emain dizkigula guri ere, ta lenekoei bezain gogo osoz, uste ditugun geren berri onak. Eta eman ere ez ote dizkigu arkitzen garan egunetaraño? Zenbait beintzat, bai; ta onak alere: bada adirazi digu (ta aspaldi da ori) guri ongi naiez, ta obeki laguntzeagatik, gelditu dela gurekin gure Jesus, bere Redenzioko lan andia bukatu ezkero: adirazi digu prest dagoela gau, egun, ta puntuoro, guri geren txarkeriak eta bekatu guziak barkatzeko; ta guzi-guziak barkatuko dizkigula, guzien barkamentua guk negarrez, ta bear bezala, eskatu ezkero. Adirazi digu gure Jesus berak, beraren nai ta atsegin guzia dela gurekin biotzez biotz itz egitea, ta gu bere graziaz, ta animako ondasun andi-ederrez beterik uztea: ta adirazi, beste anitz gauzaren artean, gu nor bagara, guretzat dadukala bere zerua; ta zeru, sekulako glorian, atsegiñez, ta kontentuz betea. Zorionekoak, onenbat berri onez baliatzen diranak; eta, zeru au irabazteko bear diran, ta Jaungoikoak eskatzen dituen gauzak egiten dituztenak! Bertzegatik ezpaliz ere, onenbat ontarte ta bere faboregatik zor diogu guk geren Jaungoiko maitagarriari eskatzen diguna, ta anitz geiago.

 

 

C.

Zertako zen Jaunaren berri on au ta,
eman zuen bezain maiz, ematea?

 

        Gure Jaungoikoak eman zuen bere berri on au, edo adirazi zuen bere ongi naiezko gizon-egin bearra, len ukituz adirazi degunerako, edo bizi zitezen Adan ta Adanen umeak eta orien ondorengoak Jesusen ustean, ta zuzenduko ziralako beren ustea ta esperautza galdu bage. Gizon jakintsuak bazekiten Adanek eta gañerako guziak etzutela berez indarrik aski, bekatuaren zorrak ateratzeko: ori bezain ongi zekiten, beren zorrak ez ateratzera, galduak zirala zordun guziak beti-betiko: ta jakindun berak, denbora berean jakin ezpalute, eman uste ziela Jaungoiko berak beren zorren atera-bidea, zer egin zezakeen gaisoak? Zer, baizik beren gauzez etsirik, galduen bide galduren bat artu, ta geroz ibilli bekatuz bekatu, ta gaizkiz gaizki; ta beren egunak bukatu etsien eran, edo desesperatuak bezala?

        Orrelakorik egin etzezaten bada, ta ori egin lekuan, ar zitzaten beren obenen alde Paradisutik kanpoan zituzten beren neke-izerdiak, beren naigabeak, beren malurrak, beren gaitzak, beren eritasunak, beren iltzea ta munduko kalteak, agertu zien denboraz beren Jaungoikoak berri on andi au; ta adirazi zien idikiko zirala, egunen batean, orduan ertsiak arkitzen ziran zeruko ateak, edo atariak; eta izain zutela nondik atera ta pagatu bekatuaren zor arrigarriak. Etzien orduan gure Jaungoikoak agertu, noiz argitu bearra zen zorioneko egun ondasundun au, edo noiz agertuko zen gizon egiña onenbat ondasun ekartzeko zegoen gure Jaungoikoa: ta nola berri on au agertu zuenetik, gisa onetan Jesus agertu baño len eunka ta millaka zoazen urteak, gal etzezaten gauza au egiñik ekusteko ustea, agertu zien geroztik ere noizean bein berri bera, ta aldioro siñets ziteken bezala, ta amoriozko bidez.

        Adani berri au eman zionetik, bi milla ta eun, ta ogeita bederatzi urteren buruan bezala, erran zion Jaunak Abrani; ez da zer-etsi, nik zuen alde Adani len adirazi nionaz: eginen naz, bai, eginen naz gizon, gizon-egiteko nere ordua etortzen denean, ta gizon egiten nazanean, zure ta zure ondorengoen odoletik artuko dut nik nere gizatasnua: Genes. 22. 18.

        Andik laur ogeita zazpi urteren buruan au berau adirazi zien Jakoben semeei, araistian ekusi dugun bezala. Andik milla ta zazpieun ta laurogei, ta zenbait urteren buruan egin zen Jauna gizon; ta urte orietan usuago, ta maiz eman oi zuen egiteko beraren berri au: ta eman zien, bertze anitzen artean, Dabid Erregeri, Isaias Profetari; baita Amos, Mizeas, Ajeo, ta Malakiasi ere; baña guziei baño klaroago Profeta Danieli (c. 9. 25.): bada oni adirazi zion zenbat urte ta asteren buruan etorri bearra zen Jesus Jaungoiko-gizon egina, ta noiz izain zen onen eriotza, bere Aitari gure zorrak pagatzeko. Ta oni, ta erran ditugun Profetei adirazi zien, baita Sibilei ere, batzuei bere jait-ordua ta bizitza, ta besteei bere nekezko pasione santa, ta eriotz gogorra; ta adirazi zien, guzia eraman bear zuela amorez ta gogoz gure onagatik, eta irabaz genezan guk Adanek galdu zigun zerurako geren eskua ta deretxa.

        Orra bada zertako zen Jaunaren berri au, ta onen maiz au mundukoei Jaungoikoak adiratzea. Guk badugu orduko gauzen, ta lenekoak egin oi zituzten gaizkien berria. Begitan ematen digu orien itsutasunak, eta aisolakabe ero galdu-galgarriak; eta alere zentzatzen gara? Lenekoakgatik egiteko zedukana, egin du gugatik gure Jaungoikoak; bada egin zen gizon gure guzien onerako: ta geroz ere gugatik egin ditu Jaungoiko berak, leneko gizonakgatik egin etzituen anitz gauza. Baña zer atera du guziarekin gugandik gure Jaungoikoak? Askotatik beintzat, lenekoen gisako aisolagabekeria ta esker gaistoa, besterik ez.

        Eta nora ote doaz, orrela dabiltzanak? Jaungoikoaren juizio izugarri-gogorrera, ta sekulako galduak izatera, lenagoko zordun gaisto eskergabeak bezala! Begira, gizonak, begira, berriz ere etorri bearra da, len etorri zen gure Jaungoiko bera: baña bigarren aldi onetan etorriko da era izugarrian; ta etorriko da, gugatik egin duenaz guri kargu zorrotzak egitera; ta, egiten dugun guziaren kontu zuzenak artzera! Kontu gaistoak orduan guk emain ditugu, baldin Jaun berari, len ta gero zor dioguna gogoan arturik, eranzuten ezpadiogu esker umillez, ibillera zuzenez, bizitza garbiz, ta amoriozko biotzez, ta gogoz. Berak digula orretarako bear duguna; baita anitz eta anitz geiago ere. Bai arren, bai!

 

 

Secundum magnitudinem illius,
sic et misericordia illius cum ipso est.

Eccl. 2. 23.

 

        Gure Jaungoiko maiteak, Adan egin baño len egiten ditu zeru-lurrak, itsaso-odeiak, eguzki-izarrak, eta munduko gauzak. Orien ondoren egiten du Adan; ta, egin orduko, uzten du gauza guzien jabe ta jaun egiña. Baña zer da Adanek egiten duena, onenbat on egin dion bere Egillearekin? Egin zezaken gauzarik gaistoena! Aldebat utzi, ta saldu Jaungoiko bera sagar-bokadu bategatik: edo uts arrigarri ta bekatu beltz itsusi batekin guztiz aserreturik iutzi bere Jaungoikoa. Esker galanta! pagu ederra! Zer zen orduan, Adani Jaungoikoaren aldetik zegokana? Bertan illik gelditzea? Ezer-ez bat bezala zen gelditze ori. Zer bada? Sekulako suan ondaturik Jaunak uztea; au ura kiskiltzen ta erretzen beti, ta beti lertzen ta urratzen au idukitzeko? Etzen geiegi, ez, Adanen bekatuari zegokanaren alde ori guzia. Zer egin zekikeon bada bere esker gaisto, ta bekatu izugarriagatik? Nork jakin? Nork adirazi?

        Baña zer da orduan gure Jaungoikoak Adani eginikakoa? Siñistuko zeunke! ordurañoko guzian egin ziozkanak baño, ontarte ta fabore andiago baten egitea! Ta bere lanez ta egitekoz Jaungoiko maitagarriak mundoko guziei adiraztea, bere esku altsua diñakoa dela duen urrikaltasuna ta miserikordia; izanik ere bazter bagekoa, ta asma al adiña ta geiago ta geiago dagikena, duen eskua; bada kastigu-lekuan, eman izandu zion Adan bekatariari, eman zekikeon berririk andiena, ta adirazi zion egiñen zela bera gizon, ta artuko zuela bere gain aren ta gure zor guzia!

        Zer zen, au bere Jaunagandik aditzean, Adanek egin bear zuena? Zer? Baizik damuz ta negarrez bazterrak beretzea; itzez ta biotzez, ta alde guzietara eskerrak ematea, ontasun utsez betea dagoen, ta ondasunez ta ondasunez betetzen ari zekion bere Jaungoiko maitagarriari. Egin ote zuen Adanek orrelakorik? Etzuen utziko, beintzat ari zegokionaren, ta zor zionaren ezagumentu bagez. Zorionekoak ura, ta gu ere, egin bazuen ark, eta guk orain badaere egitera, egin bear duguna. Eginen dugu guk ori, egin ezkero, gure zor andien, ta Jaunaren ontasunaren ezagumentuak eskatzen duena: ta ala izatera, izain dugu guk lenen barkamentua, ta gure Jaungoikoak ematen digula, bere zeruko betiko gloria. Izan dezagula bada, emendik atera orduko. Bai arren, Jainko maitea, bai!

 

 

Non habent futurorum spem mali,
et lucerna impiorum ex lingetur.

Prov. 24. 10.

 

        Lurreko gaistoak ez dute begiratu nai etorkizunera. Sartuak daduzkee beren buru-biotzak emengo gauza galgarri txarretan; ta lurretik begiak ez goratzeagatik, ez dute kasorik egin nai zeruko argi eder, Jaunaren deitze zuzentzalleez. Beti emen bizi-bearrak bezala bizi dira, edo, iltzen diranean, ilko balira bezala astoen gisan, edo gorputz ta anima. A ero, zeren buruen galgarri-zentzugabeak! Egunen batean etorriko zaitzue, bai, orain aldebat uzten dezuten ezagumentua! Baña ezagumentu eskergabekoa; ta ezagumentu, bekatutik, eta onen ondoren datorren sulezetik, aterako etzaituztena! Orain zuek ezagutzera orduko zuen damua, erraien- erretzea, ta neke arrigarria, bertatik zentzatuko ziñazkee, bai: bertatik kontuz, ta erne begiratuko zenioke, zeruko argiak erakusten duen etorkizunari; ta egiñen zenukee, Jaunak adirazten dizuten guzia. Baña zuek zeren gogo txarrak aspertu nai! Zuek ez utzi nai zeren aurkeri dollor-eroak! Eta zuek nai bizi, geienen gisan, edo gaizki ta gaizki!

        Bertze onenbeste gertatzen zitzaien, lenagotik munduan izandu ziranei. Kontatuak ziran, edo agitz guti, Adanen egunetatik Jaungoikoa gizon egin arteko denboran, bear bezala bizi ziranak, urte ta denbora beretan gaizki bizi zirauen aldean; ta alere adirazten zien guziei beren Jaungoikoak, onak izateko egin bear zutena; ta ematen zien bein ta berriz, ta askotan ere, guzien onerako egin gogo zuen gauz andi onen berria! Onez au guzia, ta guziei ongi naiez.

        Onela guri Jaungoiko berak begiratzen ezpaligu orain ere, non leudezke gaur munduko geienak? Deiez, gogargiz, graziaz geren biotzak ukituz, ta beste milla moduz laguntzen ezpaligu guri geren Jaungoikoak, orain ongi bizi diranak ere nola biziko lirake? Ageria dago: gañerakoak bezala, ta bear bada agitz gaizkiago. Jaungoikoari eskerrak, egiten digun oraingo geren ongi laburraz; bada Jaungoiko berak orretan guri ez laguntzera, ori ere guk egiñen ez genuke. Berak digula geiago ta geiago egiteko grazia; ta, zeruko gauzak gogoan daduzkagula, geren egunak ongi bukatzeko bear duguna. Bai arren, bai!

 

 

Vae dissolutis corde, qui non credunt Deo,
et ideo non protegentur ab eo.

Eccl. 2. 15.

 

        Zorigaistoan jaioak, biotz urratu edo bizitza galdu batekin emen gure artean dabiltzanak! Bada oriek, edo siñisten ez dute Jaungoikoak erraten dienik, edo gogo gaistoak ematen diena da orien gauza guzien eragillea. Beude nai adiña denboraz oju ta oju predikariak, erran bezate erran al adiña konfesari onak, aditzen zaienak, eta munduko guziak: alferrik izain da orien oju ta errate guzia: ez dituzte berdin gaistoak ontzat artuko orien erran-oju oriek. Oriek len izan du diranak izain dira gero ere; ta beti izain dira ero zentzubage galduak.

        Zer nai dezu zuk, gerta dakion, oriek bezala Jaunaren erran onak aldebat utzirik, bere gogora dabillenari? Zeri dagokala (erran ezadazu) eman bear dio Jaungoikoak onelakoari, lenekoei baño laguntza ta deitze andiagoren bat? Eta, ematen ez diola, nola aterako da bere aztura gaistoen erreka ondatu arrigarritik, ara baño len, bide gaistoz gaisto zebillela, erdi-lertua zegoen bekatari arla? Zorigaistoan jaioa bada, gisa onetan arkitzen den edozein anima, beraren Jaunak ez egitera, noizean bein egin oi dituen gauz andietatik bat edo bertze, bada ez du egiñen egin bear duenaren laurdenik ere, ta galdua izain da sekula guzirako.

        Orra zertaratzen den, onez deitzen dion Jaunari erantzuten ez dion anima! Ta orra norinai gerta dakikeona, kontuz ezpadabil, bizi den denboran. Geroko onaren ustearekin, ta maiz agertzen ziela bere gizon egin-bearra, ta andik atera zezakeen ondasuna, ondu nai izandu zituen gure Jaungoikoak leneko jendeak eta Israeldarrak. Ori bera billatzen du Jaungoiko berak, sulezeko berria ta zeruko ondasunen ustea guri geren gogoan sartuz, guri geroi eragin-naiez dabillenean geren legeko gauzak. Lenekoetatik anitz, eta askok baño obeki egiten ezpaditugu guk geren gauz oriek, galduak izain gara gu ere leneko galduekin batean; ta galduak izain gara sekula guzi-guzirako.

        Orretara naiteke ni? Ta orretara, nik neronek nai dudela? Orretara naiteke ni, nigatik gizon egin ezkero nere Jaun on maitagarria, ta Jaun berak geroz egiten zizkidala, egin dizkidan adiña gauz on ta ontarte? Orretara naiteke ni, ta burutik irauzi, edo erotu bage? Au badakit, eta alere bizi naz, bizi nazan bezain aisa, ta aisolarik gabe! Au badakit, eta ez naz saiatzen zerbait badere egitera, gerta ez dakidan malur arrigarri au? Zertan nago ni, nagoen bezala, nere oraindañoko alferkeri ta nagitasun zenzu bagean? Noiz artean iraun bear ote dute oraindañoko nere erakeriak, eta urrats edo pausu makurrak? Noiz itzuliko naz ni, nere billan, ta ondoren dabillen, nere deiez dagoen, ta ni beretu nai ninduken, nere Jaun andi ta jabe Jaungoiko maitagarriagana? Gaurdanik, Jauna, ta bertatik, bat ere luzatu gabe, zuk laguntzen didazula. Biziro zugana noan; ta noan asi ta gelditu gabe, kendu bear didazu zuk zerorrek nere bekatuen karga pisu au. Ziñez eskatzen dizut, eta damuz beterik, erraten dizudala: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

aurrekoa hurrengoa