www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXV.garren OTOITZ-GAIA

 

A.

Erregeei Jesusek eragin zien,
ta guri ere eragin nai digun,
laugarren gauza da:
Berak nai duen bidez ibiltzea

 

        Andiak ziran, onak ziran, ta biotz onez emanak, irur goiztar erregeen presentak. Baña agitz andiagoak, agitz obeak, eta biotz edo amore obearekin emanikakoak izan bear zuten, errege berak Jesusen eskutik artu zituztenak: bada emanean garaitzen ditu Jesusek emalle guziak; eta, artzen duen baño geiagokoa da Jesusek ematen duena. Ezpañak geldirik idukiagatik, itz eginen zien Jesusek erregeei biotzez, ta inspirazionez edo gogargiz; ta, adiraziko zien ontzat artuak gelditzen zirala ekarri zituzten presentak; baita bideko nekeak, eta lenbizitik orduraño erakutsi zioten ongi naia ta debozionea ere.

        Denbora berean egiñen zuen Jesusek, berari zegokana; ta emain zion bakoitzari, zituen ondasunak eta Indietako urre, zillar, perla ta diamante guziak baño geiago balio zuena, edo, ekarri zion urrearen ordez, emain zion zeruko jakiunde garbia, ta bertako karidadea; inzensoagatik emain zion otoitz ederrerako grazia, ta atsegiñezko debozionea; ta mirragatik, bekatuaren usteltasun loiera gabe, garbiro bizitzeko bear zuena.

        A zer Indiak arkitu dituzuen or Belenen, goiztar errege onak! Ongi nekatu zarazte, bai, joan diran egunetan! Bide luzean etorri zarazte, Jaungoiko-gizon Jesusen billan; ta, Jesus arkitu artean, izandu dezue zenbait egiteko ta arazo! Baña zorioneko arazo-bide-nekeak, zuen neke-bide-arazoak; bada bertatik irabazi dezue, Jesusen eskutik artu dezuten adiña zeruko ondasun ta doai; ta, gerorako eternidadeko gloria! Onak ziran, bai, ta ongi naiez emanak, zuen urrea, zuen mirra, ta zuen inzensoa; baña Arabiako inzensoa eta mirrak, eta Indietako ta mundu guziko urreak baño, milla ta milloi bider geiago balio du eman zaitzuen zeruko ondasunaren zatirik txikienak! Pozik itzuli zaitezkee, bai, zeren errialdera, ta alkerik gabe; ta, eskerdun onak izan bearko dezue, nola-ere-bait eskerrez eranzuteko deitu zaituzten, ta orrelako ondasunez bete zaituzten zeren Jaungoiko-gizon, Jesus maitagarriari!

        Bertatik asiko ziran irur erregeak beren egiteko ta lan eskerdun onetan; ta, lan au obeki egiteagatik, galduko zioten Jesus berari, zer zen egin zezakeena, edo berari atsegin egiteko egin bear zutena: bazekiten alabaña, ongilleak nai duen eskerrik onena dela, nai dituen gauzak zuzen egitea. Adiraziko zien Jesusek orretarako egin bear zutena: ta manatu zien denbora berean, utz zezatela Herodes gaistoaganako bidea; ta ar zezatela beste bat, etxera itzultzean. Eta, kasorik egiten ez dutela Herodes erregez, itza len eman bazioten ere itzuliko zirala beragana, juduen Errege jaioberria arkitu ondoan, artzen dute Jesusek erakutsi dien beste bide au. Badoaz andik beren etxeetara: ta, etxera orduko, agertzen die beren goiztarrei arkitu duten ondasuna. Egiten dira Jesusen Apostolu edo Predikari; ta, al dituzten guziak Jesusen legera ekarri ondoan, ematen dituzte Jesus beragatik beren bizitzak, eta odol guzia; ta Santu ta Martir egiñik, igaten dira ill orduko zerura; an atsegin ta kontentuz beteak betiko bizitzan bizitzera.

        Zorioneko errege doatsuak zuek; bada lendabizitik azkeneraño egin dezue, eta ezin ederkiago, Jesusek adirazi dizutena! Jesus maiteak deitzen zaituztelako siñu bat ekusi orduko, artu dezute zuek Jesus billatzeko gogo bero bat, eta asmoa. Asmo au artu, ta laster atera zarazte Jesus bera billatzera. Arkitu dezute, bai; baña milla neke ekusi ondoan. Arki-toki berean egin diozkatzue zeren agur on, eskumuñ umillak, eta zeren presentak. An bertan utzi zenituzten zeren jentil-kontuak; eta artu izandu zenuten zeren Jaungoikotako, Jaungoiko-gizon Jesus jaio berria: ta artu izandu zenuzten, bein ere ez iuzteko, edo zuek ill arte guzian ziñez, zuzen, ta biziro bera maitatzeko. Eta, Jesusi zegokan zeren lan on andi au egin ondoan, igan izandu zarazte, orrelakoentzak Jesus berak dadukan tokira, edo zeru eder orretara; or Jesus beraren amorez urtuak, eternidade guzi-guzian, edo beti-ta-beti egotera.

        Bukatu zen, goiztar errege onak; bukatu zen, zuen emengo erresuma, edo erreinua; baña, bukatuko ez den Erreinua da zuek, zeren Jesus maitearen erranak edo adirazte onak egiten dituzuela, irabazi dezuten zerukoa. Bukatzen ez den zeren zeruko Erreinu onetan zarazte zuek, eta izain ere zarazte beti-betiko Errege andi, edo Prinzipe. Or Erreinu orretan, or zuek izain dezue, bai, nai adiña atsegin ta kontentu, ta izain dezute atsegin-kontentu atsekabarik batere gabekoa. Zorioneko erregeak bada zuek irurok; eta milla ta mill aldiz zorionekoak! Eta nor legoken or bertan, zuen eran, ta zuenaren erako atsegin-kontentuan! Baña zer erakeria, zuk orain, zer siñisten dezun, ezpazeneki bezala, darausazuna? Nor legoken, diozu, goiztar errege onak dauden lekuan, ta, orienak bezalako atsegin-kontentuen artean? Nornai, nai badu, egon diteke, bere arako ordua etortzen zaion ordu beretik; aski du orretarako, irur errege beren, oraindañoko ibillerari, ta gerozko denboran oriek egin zutenari, ongi ta kontuz begiratzea; ta, orien eran, ark ere bere gauzak egitea.

        Zer ibillera da, diozu, goiztar erregen ibiller oraindañokoa? Otoitz-gai onetan, ta lenagoko iruretan zuk zerorrek ekusi dezakezuna. Eta zer ote da, beren ibillera onen ondoren errege berak egin zutena? Jesus maitagarriak adirazi ziena? Zer? Herodes gaistoaganako bidea iutzi, ta Jesusek adirazi zien beste batez zuzen etxeratzea. Eta, orra, orien eran zerura nai dutenak egin bear dutena: arkitu artean, Jesus billatzea, edo benik bein zer ote den gugandik gure Jesusek nai duena, ongi ta garbiro ikastea; ta gero, ikasten dugun au kontuz ta zuzen egitea.

        Egin izandu dezu zuk bata, ta bestea, zere oraindañoko denboran? Beldur naz ezetz! Esazu ezperen, zenbat eta zenbat aldiz, edo zela elizan, zela itxean, zela bidean, zela lagun artean, edo zela bakarrik arkitzen ziñanean, eman izandu dizu zuri zere Jaun maitagarriak zere biotzaren ukitze edo beldurrera bat, iratzar zindezen zu zere atsegin txarren, edo lurreko gauzen loo gaistotik, eta kontuz adi zenezan ordu barean bere gogargiz edo inspirazionez Jaungoiko berak adirazi nai zizuna? Zenbat aldiz era orretan adirazi dizu zuri zere Jaungoiko maitagarriak utz ditzatzula zere barrena zikinerazten dizuten ibillera makurrak, dantza galgarriak, jostatze loiak, jokatze kaltezkoak, amiltegiak dituzten itxeak, jan-edan lizungarriak, edo era bereko beste zenbait gauza ta leku? Baña zuk bein ere benaz, guztiz, ta txoil utzi izandu dituzu?

        Atozea: ta zenbat aldiz, era berean, edo nola-ere-bait, adirazi dizu zuri zere Jaungoiko berak itzuli diozazula (ta alik lenena) nori berea, edo zor zaion ondasuna; atera ditzatzula, ta luzatu bage, zere zorrak, ez dela zer zugatik kaltear ta naigabeturik iduki nior, edo neketan ta penan: ez dela zer-egin bidegaberik txikiena ere munduan denik, naiz dela zure etsairik andiena. Baña egin izandu dituzu zuk oriek guziak, eta gañerako, Jaungoiko berak adirazi dizkitzun gauzak? A! noski, oriek egiteko artu bear zen bide zuzena zuk artu lekuan, gelditu zara zu leneko zere bide galgarri gaistoan!

        Ortik zu ater-erazi naiez, ta sar zindezen zuri zegokizunean, adirazten zizun noiz edo noiz zere Jaungoiko maitagarriak, edo predikuz, edo libruz, edo beste zerbait aldetatik, egin zenezala konfesione jeneral bat, edo zere bizitza guziko konfesionea. Baña zer egin diozu zuk aldi orietan zere Jaungoikoari? Ez aditu. Adirazi dizu zoazela maiz Komunioneko maiera. Zenbat aldiz urbiltzen zara, ta nola? Zerorrek dakizu. Adirazi dizu igande-jaiak dirala, mezak, sermoiak eta bezperak enzuteko, libruan egoteko, etxekoei doktrina ta otoitzak erakusteko, ta beste zenbait gauza ta lan on egiteko. Egin dituzu? Zenbatetan, ta nola, edo zer moduz ta eran?

        Anitzek uste dute nolanai beren mezan egon ezkero, egin dituztela jaieko lanak, eta beren egiteko guziak. Uste dute, konfesatu ezkero, egin dituzten gaizkiak, edo beren bekatu guziak, bertan gelditzen dirala barkatuak; eta artu dutela zerurako bide berri on zuzena; baña anitz eta asko konfesatzen dira, edo beren gaizki egiñen urriki onik gabe, edo berrien bideak galtzeko asmorik artzen ez dutela; ta argatik gaizki; ta andik laster arkitzen dira bekatu berrien artean, ta beren leneko bide galgarri beretan.

        Au da, Jesusen umeak, Jesusek erakusten dizuten bidea, ta goiztar erregeak egin zutena? Onetarako billatzen dezue, gau ta egun elizan arkitzen den, ta bere aldaretik deitzen digun gure Jesus maitagarria? Ez egiteko guk, gure Jesusek guri adirazten dizkigun gauzak, zertako da gure ta gu bezalakoen elizaratzea? Zertako da an gu gure Jesusen begietan agertzea? Zertako da aren oñetan gu an belaunikatzea? ta zertako dira beste zeinbait orrelako gure itxur-eria? Ez gure onerako, ez! Ez gu zeruan goiztar erregeen lagun gure Jaungoikoak egiteko!

        Galdu nai dugu berez, ta ori guk gerok dakigula? Baietz dirudi! Ez da au erotzar utsen, ta zenzurik ez dutenen egitekoa? Egiteko onetan nekatuko naz ni berriz ere, ta alferrik, edo nekatu ondoan kaltear gelditzen nazala? Ez baldinbere, guganako amorez urtzen zauden gure Jesus maitagarria! Eta, gerta ez dedin, argi egizu oraindañokoan ez bezala, edo argiroago agertzen diguzula, guk, gero zure zeruan sartzeko artu bear dugun geren bidea; ta iguzu bidenabar, bide bera artzeko, ta bide on onetan biziro ibiltzeko bear den zure laguntza ta grazia. Onekin batean ibilliko gara gu, goiztar erregeen eran, arin ta zuzen. Ala bagenbiltza; ta bagenbiltza, trikatu gabe, ta zeruraño! Zorioneko umeak orduan gu, ta atsegin ta kontentuz beterik beti bizi bearrak.

 

 

Vigilia honestatis tabefaciet carnes,
et cogitatus illius auferet somnum.

Eccli. 31. 1.

 

        Zere otoizetan, ta libru onak irakurtzen dituzula, billatzen badezu zuk zere zerurako bidea, zuk arkituko dezu: ta zu, bide au arkitu orduko, asten bazara bideko zere lanetan, ta irauten badezu zuk zere lanak bukatu artean, garaituko dituzu, bai, aragiaren naikunde txarrak, eta onerako zere nagitasuna; bada oriek garaitzen dira, ta eskura datoz aragiaren naikunde makurrak, nork bere buruari, bear ez duen loa kenduz, ta egin ditzaken baruak, ildurak, eta beste nekezko lanak egiten dituela. Au da orain bere Eskritura santaz gure Jaungoiko jakintsuak adirazten digun egitekoa.

        Nagitasuna garaitu gabez, ta beren buruak ez nekatzeagatik, gelditu ziran beren errietan, deitzen zituen Jaungoikoari ez aditu egiten ziotela, irur erregeak ez, beste goiztarrak. Orobat egin izandu zuten Herodes gaistoak, eta jerusalendar guziak. Zeñekin ibilli naz ni oraindañokoan; goiztar irur erregeekin, edo gañerako nagi-alferrekin? Eranzun dezala oraindañoko nere bizitzak!

        Egin izandu dut beti nik nere Jaungoiko maiteak adirazi oi zidana? Askotan galdetu diot nik nere Jaungoiko erakusleari zer ote zen nitaz nai zuena, edo nik egin-bearra? Edo bizitu ote naz ni aisa, lasai, ta nere gogora? Garaitu ote ditut beti nik nere naikunde makur-galduak, edo garaitu ote naute berak ni bein, bitan, berriz ta berriz ere? Egunen batean ageriko da, ta guziok ekusten dugula.

        Ez, nere Jesus maitea, ez: orduan ezezik, bertatik ere aitortuko dut nik, egin dudan nere gaizki guzia. Nagitzar galdu-gaisto bat izandu naz ni oraindañoko nere denbora guzian! Nere gogoari atsegin egiteagatik, ez diet begiratu nik, bear bezala beintzat, zure izarrei, edo igorri dizkidatzun gogargiei! Ez aditu egin izandu diet nik zure oju meei, edo deitze maitagarriei; ta, nigandik zuk zer nai zenuen nik jakinagatik, gelditzen nintzan beti ni nengoen lekuan, ta nere bizitza gaistoan; edo, igituagatik noiz edo noiz, nengoen tokitik, itzultzen nintzan laster nere naietara, edo nere bizitza txarrera; ta arrastan erabilli nau nere gogoak, edo nere aragi sutuak bere aztura ta kostunbre galgarriekin.

        Onela biziko naz ni emendik aitziña, edo gaurgero? Nere deiez egoin da beti nere Jesus? Niri erakusten ibilliko da Jesus nere ibilbidea, ta ni Jesusen igesi ta gordeka? Ez al dut eginen berriz onelakorik? Entzunen al ditut gaurgero nere Jesusen itzak? Ibilliko al naz zeruko bidean erne ta bizi? Nai nuke beintzat; eta orain orretan nago. Jaunak didala, entzun-ibillera onek eskatzen duen laguntza ta grazia. Bai arren, bai!

 

 

Vidisti virum velocen in opere suo?
Coram Regibus stabit, nec erit ante ignobiles.

Prov. 22. 29.

 

        Ez da norako-nai egiña bere Jaunaren bidean arin dabillen anima. Onela dabillen animak egiten ditu bere Jaunaren gogara bere gauza guziak; eta, aren gogora gauzak egiten dituen anima leku onerako jaioa da, ta berari dagozkan lagunen artean bizi bearra. Noren artean, ta non ote? Sulezean; ta ango galdu-txar erre zikiñen artean? Ez bada. Bada non? Erregeen artean, ta zeruko glorian.

        Nora bearra ote naz ni, edo noren artera bearra? Nere eskuan dago, nere Jaunaren laguntza ta graziarekin batean, nai dudan lagunen arteratzea. Birtutezko bidea da niri, zeruko lagun-arterako, nere Jaunak berezi didan bidea. Urrats jakiñak dira, bide orretako urratsak edo pausuak. Kontuz banabil ni, ta ez-uts egin naiez, ez ditut uts egiñen: ta, uts egiten ezpaditut, zerurako naz ni zuzen-zuzen, irur goiztar erregeen, ta gañerako ara igan diranen lagun izatera.

        Zorionean jaioa ni, ni aratzen banaz, anitz nekeren buruan ara iganagatik! Bada, ni ara ezkero, nereak izain dira sekulako gustoak, eta nik an artu al din atsegin ta kontentu! Ni ara ezkero, neretzat aitu dira lagun galduak, lurreko kezkak, naikunde lizunak, eta min andi-txiki, ta atsekabe guzi-guziak: an ez da alabaña lagun onak, ona, ondasuna, ta atsegin utsa beste gauzarik.

        Ez ote dut bada artuko nik, orain badere, arako bide zuzen ondasundun au? Au utzirik ibilli bear dut nik eroaren eran, sulezeko bide galgarrian, zer penak an, zer nekeak diran ta zar kezkak dakidala? Ez arren, nere Jesus maitea, ez! Aski al dira, orain arteko nere ibillera galduak, eta arako pausuak! Eman ezpanu bat ere, beste lekutan arkitzen nintzan ni gaur, ta zeruko irabazi andiekin! Ots bada, nere anima; gabiltzan zuzen, ta goazen arin zeruko bidez, ango errege, santu, ta aingeru guzien artera. Zenza gaitezen orain badere, ta dagigun gaurdanik, gure Jaungoiko maiteak nai duena. Bai arren, bai!

 

 

Ego, qui loquor justitiam,
et propugnator sum ad salvandum.

Isai. 63. 1.

 

        Ez da zer beldurtu, dio Jesus maitagarriak, agertzen dizudanean nik zuri, uste etzenuen bideren bat edo beste; bada bide au, nekez, kezkaz, ta etsaiez inguratua arkitzen denean ere, badut nik, bideratzen diranentzat, oriek or ibiltzeko bear adiña indar ta laguntza; ta ezin erakuts dezaket nik zerura zuzen ez daraman, ta oriei ongi ez dagoten, biderik; ez-eta bide, errazki ta aisa ezin egin ditekenik ere.

        Au den ezkero, diozun bezala, ona ni, nere Jesus maitagarria, ona ni emen, luzatu bage, ta gaur eskuetan, zuk nai dezuna zuzen egiteko; ona ni emen biderako prest; edo ona ni abian, agertzen didazun edozein biderako. Zuk laguntzen didazula, egin uste dut nik nigandik zuk nai dezun edozein gauza, naiz dela au izan diteken gaitzena edo gogorrena; baita, lenbizitik azkeneraño, izerdia dariedala ibilli bear banu ere!

        Ai! onetan egon banintz beti ni, nik zu ezagutu zindudanetik, nere Jesus maitagarria! Gaur egoin nintzan ni, nagoen baña zure alderago; ta milla ta milla pausu on emanik, zerurako nere bide zuzenean! Anbat denbora galdu dudalako damuak arinduko al ditu gaurgero nere oñak, bizi-biziro nabillen bizi nazaño, ta irabaz ditzadan, oraindañokoan nere nagitasunez galdu ditudan irabazi guziak.

        Andiak dira, bai, ta guztiz alere, nik orain artean galdu ditudan irabaziak; eta oriekin batean galdu dut nik, nere naiez, nere anima. Au da, bai, au galtze arrigarria! Au da, bai, zu, nere erakusle on Jesus urrikaltia, atsekabez bete zaituen nere galtzea; ta galtze, ni sekulako gal-bidean sar-erazi nabena! Atera ote naz, orain badaere, nere galbide gaisto-lizun onetatik? Zerorrek dakizu au, nere Jesus maitagarria! Atera ezpanaz, atera nazazu; ta ez nazazula utzi, nere galbide gaistora berriz urbiltzen, bizi nazaño. Eskatzen dizut, len an sartuaren damu ta urriki andiarekin; ta itzez ta biotzez erraten dizudala: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

aurrekoa hurrengoa