www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (I)
Sebastian Mendiburu
1759, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai, Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

I.ko OTOITZ-GAIA

NOLAKOAK DIRAN GURE GORPUTZ-ANIMEN
ASIERA TA GURE JAIOTZEA

 

 

A.

Berria ta txar-itsusia da
gure gorputzaren asiera

 

        Asi berriak diran, ta asi orduko zikinduak arkitzen diran gauzak nai, ta ez, denboraz laburrak dira, ta asiera txar itsusia duten gauzak. Orrelakoetatik gara gu guziok; eta orregatik labur-txar itsusia da gure asiera. Orrelakoetatik gara, bai, munduan garan guziok: bada ezin uka asi berriak garala gu; ez-eta orduko alde guzietatik zikinduak geundela ere.

        Ez, ezin uka dezakegu beinik bein asi berriak garala gu. Errazu ezperen munduan noiz agertu zinan zu, edo noiz izandu zen lurreko zure asiera? Baziñan zu orain zazpi milla urte, edo Adanen denboran? Baziñan andik bi milla urtetara, edo Jaungoikoak mundua ubeldez bete, estali, ta ito zuenean? Baziñan zu Jesusen jait-orduan? Ez oraindik. Baziñan S. Ignazio Loiolan jaio zenean? Ezta orduan ere. Baziñan orain eun urte? Ez-eta geroz, ta geroz are. Noizdanikakua da bada zure izatea? Jaio zinanetik bederatzi illabetez lenagokoa. Eta, zer dira gerozko zure urteak, illak, eta egunak, Jaungoikoaren betiko izate, ta eternidadearen aldean? Ezer-ez bat adiña, edo ez beintzat anitz geiago.

        Orregatik dio lurreko guzien izenean Job Santuak: atzokoak gara, garan guziok. Ekusten dezu zein asi berriak? Lenbizitik, eta lenbizi aldean mundura ziran gizonen bizitza, fit aski ta laster bukatu oi zen bizitza zen; baña agitz lasterrago bukatzen dena da geroztik etorri diran gizonen ta emakumeen bizitza; ta arere lasterrago, azken alde onetan lurreratzen diranena: bada orain bakan-bakanak dira, naiz gizonak izan, ta naiz emakumeak, larogei urtetaraño bizitzen diranak; eta lenbizian, ta lenbizi aldean, izandu ziran bederatzi eun urtez ta geiagoz irauten zutenak, Orrenbat ezpazen ere, azken aldekoak baño agitz geiago iraun oi zuten Joben denborako gizonak eta jendeak; eta alere, egun batekoa, edo atzodanik egundañokoa, dirudiela zion Job Santuak aren beraren ta arekin bizi ziranen bizitzak. Eta zer ote dirudi Jaungoiko ekuslearen begietan urte gutizko gure bizitza labur txarrak?

        A galdu zoratuak adiñetan guti bat sartu orduko, arrotasuna ta antustea besterik etzarazten gizon ta emakumeak! Eta, ez ote naz ni ere orietatik bat? Beldur naz baietz: bada, neronek ekusten dudan bezain laburra da nere bizitza; ta, norena nai adiñakoa, nere antuste galdua ta arrotasuna! Ni ez diñakoei, dakidan bezala, nik ez diet begiratzen ere. Munduko guziak, nai nuke nik, legidazten al diran ongi etorri ta agur guziak. Erretzen nan ni gazteagoaren edozeiñ utsek, edo ez-ekusi egiteak. Guzia zor zaiela deritzat nik nere adiñari, nere urtei, ta nere izate ta eskuei: ta ezin eraman ditut bein ere ni utzi, ta besteri egiten zaizkan agurrak, edo begitarte onak. Ai, au aur-kontua! Oraindik ez ditu munduak zortzi milla urte beteak. Zer dira, orien aldean, nik ditudanak? Eta zer nere guziak, eternidade guzitik onaraño joan diranen, ta konturik ez duten urte guzien aldean? Ordu laurden bat bezala, ta alere agitz eta agitz gutiago!

        Ekusten dezu zein asi berria, zein laburra den, munduan arkitzen den zarren-zarrenaren bizia? Ezagu bazeneza berandu, edo orain badere, aurrak garala, zu ta ni biok, baita mundu guzian arkitzen diranak ere; ta asi berriak izanen garala munduan garaño; bada au guk bear den eran ezagutzera, aur batez baño kaso geiago gutaz ez egiñagatik gurekin bizi diranak, ez genuke guk asaldaziorik, ez eta sumintzerik ere; bada aurrak orrelako gauzakgatik ez dira sumintzen, ez eta asaldatzen ere; ta aurren gisa utzi bearko ditugu guk emengo erakeriak, igan nai badugu zerura, Aingeruen lagun izatera. Jaungoiko maiteak digula, ekuste on au egiteko on den argia ta laguntza. Bai, arren, bai!

 

 

B.

Zein itsusia da gure guzien asiera

 

        Aisago zuk eskura dezazun lurreko gauza galduetarako zere gogo galgarri eroa, zere asiera txarraren berritasuna ekusi ondoan, ekusi zazu asiera beraren zikintasuna; bada orretarako, asieraren ekustea bezain ona da, ta agitz ere obea, zere asierako zikintasun loi-galdu onen ekustea. Ez dezu siñisten? Begira egiozu kontuz, ta ekusiko dezu.

        Zenbat ondasun zenituen zuk, zere ezer-eza utzi, ta izaten asi ziñanean? Edo zenbat gauza zirala deritzazu zuri zere Jaungoikoak emanikakoak, eman zizunean dezun izatea? Orain elkar arturik arkitzen diran, baña fite, ta laster elkar uzteko dauden zure gorputz-animak. Bietatik zein zen lenbizikorik zuri zere Jaungoikoak eman zizuna? Gorputza, edo anima? Gorputza.

        Zertazkoa zen zure gorputza au, edo zer oialez, edo zer gaiez eginikakoa? Etzenekien? Autsez ta loiez moldaturikakoa, edo lur utsez egina; bada gai onekin egin zuen gure Jaungoiko iakiutsuak lenbiziko gizon Adanen gorputza; ta Adanen gorputza baño, segai obezkoak ez dira zure ta nere gorputzak. Eta, au ongi dakienak bezala, Elizak erraten digu bakoitzari auster-egunez, edo Garizumaren lendabiziko goizetik, len Jaungoiko berak Adani esan izandu ziona, edo: autsa zara, ta autsetan gelditu bearra.

        Baña zer autsetan? Aldia datorrenean, agertuko zaitzuna bezain zikin loi itsusi galduan; edo bere gaiari dagokan bezalakoan. Orain zuk, zere gogoeta arin-galduak galerazteko egin bear dezuna da: zere gorputz usteldu bearraren asiera ustel zikinari, edo auts edo lur loituari begiratzea. Orduoro zuk, edo egunean zenbait aldiz badere, begiratzen badiozu, ez dizute nekatuko, ez, nekatu oi dizuten adina zure gogo txar ori zere barreneko antuste arro galgarriak. Eta alere gutiago nekatuko dizute, gorputzaren asiera zikinari begiratzean, begiratzen badiozu zere animaren asierari ere.

        Nolakoa zela, uste dezu, zere gorputz orretan arkitzen zaitzun anim-orren asiera? Gorputzarena baño ere agitz zikin loi itsusiagoa. Ori ere artu zenuen zuk, gorputza bezala, zere Jaungoikoaren esku emalle onetatik. Eta zorionekoa zu, zuk artu orduko, ori ez egotera zegoen eran, edo egondu baliz ori, egoin zen bezala, bizitzera Adan bekataria bizitu zen bezala!

        Ezer-ezetik egina, ta espiritu uts berez garbia, zen gure Jaungoiko ezin-altsuagoak guri emanikako gure anima. Badu gure anima onek bere adimentua, edo gauzak ezagutzeko burua; badu bere naimendua, edo nai duena maitatzeko edo ez maitatzeko; ta, bere Jaungoikoak laguntzen diola, gauz anitz on eder egiteko bear den indar ta esku guzia. Jaungoikoak eman dio gure animari au guzia, gorputz berean bizi den artean, zuzen egiteko gure lege onak erakusten diguna; ta gero eternidade guzian dagoen zeruan, Jaungoiko berari begira amorez, atsegin, ta kontentuz betea. Eta au guzia deusez bat bailiz bezala, eman zion Jaungoikoak gure animari bere iduria ta antz ederra.

        Baña (gauz arrigarria!) Jaungoikoak egin orduko, arkitzen zen gure anima, zenbat ere berez ederra den, zikinkeriz ta itsustasunez betea; bada arkitzen zen gorputzean sartua; ta, gorputzean sartu zeneko, bere bekatu etorkiarekin, edo Adanegandik datorkigun bekatu orijinalarekin; ta orregatik arkitzen zen bere Jaungoiko egillearen etsai egina.

        Baña zein zikin itsusia utzi ote zuen orduan zure anima bere bekatu etorkia edo originalak? Nork au adirazi? Ongi beintzat ez niork. Guk dakiguna da Jeremiasek diona, edo gau illuna baño illunagoa dela, ta ikatza baño beltzagua uzten duela edozein bekatu larrik anima. Zer? Beltzagoa baizik ez? Ikatzak elurra dirudi, ta illunberik andienak eguzkiaren argia, animako illunbe ta belztasun onen aldean; ain zikin itsusia da, bekatuan arkitzen den anima! Au badakit nik; baña nere jakite au guzia deus ez jakite bat bezala da, itsuskeri galgarri onen gañen jakin ditekenaren aldean. Alakoa da gure asiera! Ain loi zikln beltz izugarria!

        Nola-ere-bait au barruntatzeko, zaude emen apurtxo bat, eta erradazu zer erakoa, edo norañokoa ote zen zure gorputz ori, zere Jaungoikoak eman zizunean orain dezun anima? Geienaz ere okabil bat adiñakoa, ta ori ere baldan, loi, itxura gaistozkoa. Eta, gorputz txar orretan sartu zenean, zure anima (ta anima orren zikin loi beltz itsusia) nolako ekuskarria gelditu ote ziñan zu zere Jaungoikoaren begietan?

        Bil bitez leku zabal batean lurreko mamorro zikin, armiarma beltz, apo begi gorri, zakur ustel, dragoi andi, suge, basurdetzar, ta gañerako animal izugarri guziak. Bebiltza gainbera: urra bezate elkar atzapar-orzekin: bete bezate lurra izerdiz, ta odolez, ta aizea aunkaz, orroz, marraskaz, ta txistuz. Zer deritzatzu? Ez lizake au ekuskari ederra? Bada anitz, eta askoz itsusiagoa ziñan zu zere Jaungoikoaren begietan, zure anima-gorputzak elkargana ziraneko. Orra nolakoa den zure asiera! Orra zein ederra!

        A nere Jaungoiko maitagarria! Onen itsusia nintzan ni zure begietan lenbiziko nere asieratik; ta alere ez ninduzun ito, ez ninduzun bertan ill, ta ondatu, orrela iltzen diranentzat dagoen linboan! Zein ona zaran zu, ta zein maitagarria! A zorigaistoko Adanen bokadu, nere bekatu etorki-galgarria! A bokadua, zere ialea ta gure animak onen zikinduak, onen loituak, onen beiztuak, ta onen itsusiak utzi zenituena! Etziñan nonbait usteldu bearra, Adanen ortzetara baño len! Usteldu baziña, etzen arkituko, ez, gure anima, arkitu den bezain itsusi galdua, ez eta gure Jaungoikoa ere ikuskai onen itsusi-zikin gaistoarekin!

        Begiratzen ezpanio zure ondoren, zu nigandik kenzera, etorri zaidan nere Salbatzalle Jainko maitagarriari, aski ziñake zu, bokadu loi, bekatu beltz itsusia, niri ezezik, biotzik andiena duenari ere bizia kentzeko! Ez zuri eskerrak, zeren bataioan utzi nazun! Eskerrak, bataioko iturrian zure beltztasun loi-galdua kendu zidan nere Jesus maitagarriari; ta eskerrak orain, ta beti, ta sekula guzian!

 

 

C.

Txar itsusia da gure jaiotzea

 

        Goazen asieratik jait-ordura; ta ekusiko degu zein elkarren idurikoak diran bata ta bestea. Bai, asieraren erakoa izandu zen gure jait-era edo gure jaiotzea: txar-zikin-loi-galdua zen ura; ta au ez bat ere obea! Bekatu etorkiarekikoa, ta loiez betea izandu zen gure asiera; ta bekatu-loi-odol artekoa gure jaiotzea!

        Gizakiak eta emakumeak dira jaiotzen diran guzien artean, beren jait-egunean bekatuz loiturik arkitzen diranak; baita nekerik geiena izan oi dutenak ere. Arraiak ezkatatuak jaiotzen dira, ta animaliak beren soñekoarekin; gu gara, gu bakarrik, larrugorrian edo soñekorik bage jaiotzen garanak. Animaliak jaio bezain laster oin gañean daude; ta badabiltza batetik bestera oriek, eta itsasoko ta edozein urpeko arrai jaio berriak: baña gu jaio giñanean, norbaitek ez jasotzera, ezin igituz lurrean etzain giñan, ill artean. Aiek bertatik dakite nola billatu, bizitzeko bear dutena: aur jaio berriak, jaio berrian ezezik, gero ta gero ere ez daki billatzen bear duenik; eta artaz urrikaldurik, garbitzen ezpadu norbaitek, aur jaio berria darion loiak eta duen bearrak au bertan laster bukatu bearra da. Orra zer den mundura datorrenaren jaiotzea, naiz izan dedilla gizonik aberats andienaren semea.

        Egia au aitortu zuen lurrean izandu den erregerik andienak, eta gizonik jakintsuenak. Badakizu zein den au? Salomon. Jaio zen Salomon bere aita errege Dabiden etxean. Agertu orduko, egin zioten eginala emagiñak eta erregindarrak, izan etzezan aur jaio berriak izan oi duten nekerik, edo aren orduko nekeak arindu naiez: «baña lur-loiezkoa izan ni (dio berak) besteak bezala; ta asi bear nik ere, nai ta ez, gañerakoen eran. Orregatik artzen asi orduko ni, guziak artzen duten lurreko aize au, asi nintzan ni ere negarrez ta karraisiz, besteak bezala: orduan nik ezin negiken au besterik; au da alabaña Erregeen, ta gañerakoen asiera. Ez da zertan ibilli (dio azkenean): onetan ta bukaeran bat dira ta berdin, batak eta besteak». Sapient. 7.

        A zein txar-itsusia zen (erran dezakegu orain guk) gure jaioberriko ezer-eza, ta aurkeri loia! bada, naiagatik, ezin egin genuken ezkalu jaio berriak eta mamorroak ere bertatik egiten dutena! Eta, a zein andia den (erran dezakegu denbora berean) Jaungoikoari gure jaiotzetik guk zor diogun amorea! Ekusten zuen zein ezer-ez galduak giñan gu, jaio giñanean: ekusten ginduen loiez ta zikinkeriz beteak: ez ginduen deusetako ere bear gu: ta gauza andiren bat bagiña bezala, edo gure bearrean egon baliz bezain begi onekin begiratu zigun gure Jaungoiko maiteak geren jaiotze txarrean ere!

        Nornai arritzekoa da (ezin uka dezakegu) gure Jaunari guk ordutik zor diogun begiratze ona, ta amorea. Ez lizake orren gauz andia gure Jaunaren begiratze on au, ekusi ezpalu gure jaiotzean ekusi zuen gure gorputzeko zikinkeria ta loia beste loirik, baña ekusi zituen gure gorputzeko zikinkeriekin batean, gure animako loiak ta bekatua ere; ta zikinkeri guzien artean, bekatuarena da Jaungoikoari geienik begitan ematen dion zikinkeria. Orregatik, arrituak baño arrituagoak utzi bear gaituen gauza da, Jaungoikoak guri geren jaitorduan begiratu zigun bezain ongi begiratzea; ekusirik, orduan ekusi zuen bezala, gure animak zuen itxura gaisto beltz izugarria.

        Ken dezoke bere emagiñak aurrari aurrak dakarren gañeko printza ta zikinkeria; ta utzi dezake, arpegira begira dakikeon bezala; baña, bere garbitze ta apaintze guzien ondoan, uzten du Jaunarekiko len bezain beltz zikin itsusia; bada uzten du bere bekatu etorkiarekin; ta, au kendu artean, guztiz arrigarria da Jaunarentzat aurraren itsuskeria. Alere urrikaldu zen gutaz gure Jaungoiko maitea; ta utzi zigun kendu gabe, nai izatera kenduko zigun bizitza; ta au da gure gauza guzien artean gu geienik arritu bear ginduzken gauz ikuskaria.

        Zergatik uste dezu, onen itsusiak gu ikusita ere, utzi zigula gure Jaungoikoak oraindik irauten digun geren bizi au? Zeren, zenbat ere andi-galdua zen orduko gure itsuskeria, andiago zen Jaungoikoak guri zigun ongi naia ta amorea: ta amore onek garaiturik gure Jaungoikoa, itzul-erazi ziozkan gugana bere begi onak, urrikal zakigun ta utz gaintzan bizirik, edo geren bizia kentzen etzigula.

        Ongi: ta, ez ote da aski gure biotzak garaitzeko, Jangoiko guzia garaitu duen beraren amore-bazterrik bageko au? Aski ezezik, sobera, ta sobera da! Bada, noiz garaitu bear ote ditu gure biotzak? Noiz zuzen-erazi gure asmo-gogo-begiak Jaungoiko maitagarriagana? Berandu noski, ta bear bada sekulan ez, oraindañokoan baño geiago begiratzen ezpadiogu, ta orain artean bezain aztuak bizi bagara geren asiera txarraz ta jaiotze galduaz. Lenbaitlen, bada, zuzen ditzan nere begiak eta biotza zure amore bazterrik bagekoak, indazu, Jesus maitea, amore beraren ekuste bizi argi bat; bada, ongi-ongi ekusi ezkero, batetik nere ezer-eza ta txarkeria, ta bestetik zuri zor dizudan amore ezin-andiago au, asiko nazala deritzat bear den era zuzenean, ta zuk eskatzen dezun gisan, egiten zure ume on batek egin bear duen guzi-guzia. Ala gerta dedilla. Bai arren, Jainko maitea, bai!

 

 

Putredini dixi... mater mea, et soror mea vermibus

Job 25. 4.

 

        Autsa, usteltasuna ta lola da nere gurasoa, ta arrak dira nere senideak. Auts-loietik egiña da, ta autsetan ta arretan gelditu bearra nere gorputza. Gorputz txarra, begira zaiozu zere asierari, begira zere bukaerari! Maiz begiratzen badiozu, aisa utziko dezu zere autustea ta arrotasuna: aisa artuko dituzu, zuri dagozkizun asmo ta gogoeta umil-garbiak. Artu-izkitzu bertatik, geiago luzatu gabe. Prest dago, bai, zure Jaungoikoa, zuri laguntzeko, zenbat ere loitsu zikiña zaran, ta usteldu bearra.

 

 

Nunquid potest... apparere mundus natus de muliere?

Job. 25. 4.

 

        Geren asitzean artu genuen loiarekin jaio giñan guziok. Loi-utsa zen gure orduko asiera; ta loi-odoltua gure jaiotzea. Orra, guk geren amaren sabeletik atera genuen edertasuna! Orra, Jauna, guk geren jaiotzean agertu genizun ekuskaria! Onen txar loi-itsusia izanik ere, begiratu zenion zuk, bai, gure Jaungoiko maitagarria! Baña nola ote? Urrikaltasunez ta amorez beterikako begiekin! Zorionekoak gu, amore onen ondasunak galtzen ezpaditugu! Ez ditugu galduko, garbituz bagoaz egunoro, ta birtutez apainduz, geren animak. Ala gerta dedilla, gure Jesus maitagarria, bai arren, bai!

 

 

Ecce enim in iniquitatibus conceptus sum,
et in peccatis concepit me mater mea.

Ps. 50. 7.

 

        Zikinkeriz, ta bekatuz betea nengoen ni, nere anima-gorputzak elkargana ziraneko. Bakarra zen orduko nere bekatu etorkia, edo bekatu originala; baña beste anitz bekaturen sustrai gaistoa zen orduko nere bekatu au. Onek nastu zituen nere oroimentua, nere adimentua, ta nere naimentua, edo borondatea: onek asaldatu ta berotu zituen nere pasioneak; ta bekatu galgarri onen zikintze, naste, asaldatze ta berotze gaistotik asi zen nere maite ta neke guzia! Zorionekoa ni, asi banintz nere bizitzan obenik gabe, ta pekatu etorkiaren kutsurik ez nuela! Txarra izain zan alere, bai, nere asiera, txarra nere jaiotzea; baña etzen izain, izandu den bezain beltz-itsusi arrigarria!

        A! baña etzen orduan ageriko, orain adina, nik nere Jaungoikoari zor diodan amore andia ta bazterrik bageko ongi naia! Besterik ezin dudanean, elduko natzaio nere Jaungoiko maitatzalle maitagarriari; ta errain diot: Jauna, ez begiratu nere asitze loi, beltz, gaisto-galgarriari; begira zaiozu zere izate eder-andi bazterrik bagekoari; begira egiozu izandu didazun zere amoreari; ta, amore onegatik indazu arren ongi, bizi nazaño, bizitzeko ta obeki nere egunak bukatzeko bear dudana. Damuz nago, bai; ta ziñez alere, oraindañoko nere txarkeriez; ta eskatzen dizut guzien barkamentua, erraten dudala itzez ta biotzez: Nere Jesukristo jauna...

 

aurrekoa hurrengoa